Fatalismoa
Gure etxea oso zaharra da, egurrezkoa. Ehun urte baino gehiago izango ditu. Gainera, 1937an, Eibarko bonbardaketan, bonba bat jausi, eta lehen desberdin egiten zirenez gauzak, hondatutako zatia berreraiki egin zuten. Etxe historikoa, beraz. Konponketa ugari behar dituena.
Duela hiru bat urte, igogailua eta eskailera berria jarri genituen, eta, orain, fatxada egiten hasi zaizkigu. Egia esan, protesta franko izan da, eta eztabaida batzuk ere bai. Badakigu denok zer den hori. Kontua da aldamioak jarri eta lanak hastean ohartu direla teilatua txarto dagoela. Irailean beste batzar bat eta, ziurrenik, dirua jarri beharko dugu! Ai!
Goizean, auzokide erretiratu batekin egin dut topo, oso arduratuta etorriko zaigunarekin. Teilatuaren konponketa itzela izango dela, habeak ere aldatu beharko dizkigutela, zutaberen bat ere kaltetuta egon litekeela… Sekulako ardura piloa zeukan emakumeak, oraindik jakin gabe benetan zer daukan teilatuak eta zein konponbide (eta gastu) duen. Agian ez da hain apokaliptikoa izango (espero dut!).
Kezka handiak zituen, loa eragozten diotenak. Alferrik, baina. Abuztu osoan arduratuta egoteak ez du balio ezertarako; izan ere, momentu honetan ezin dugu ezer egin. Ez du ezer konpontzen urduri egoteak.
Hala ere, andreak pentsamendu beltz horiek burutik uxatu nahiko balitu, ezin izango luke. Horretarako, urduritzeko gaudelako programatuta. Etorkizunean zer izango ote den. Eta arduratzeak zerbait arinduko balu gure larritasuna, gaitz erdi. Baina ez, umorea galdu, karakterra garraztu eta osasunari kalte egin baino ez du egiten, irtenbidea uneotan ez dagoelako gure esku.
Hala ere, pertsona batzuengan izaera (edota hezkuntza) kontu bat ere badela esango nuke. Sena dela esatera ausartuko nintzateke. Beti ibiltzen dira etorkizunak ekar diezazkiekeen gauza txarretan pentsatzen; zeren hor baitago gakoa: beti da txarra aurreikuspen hori, inoiz ez da ona. Aurreikuspenak egin, eta ia beti fatalistak izaten dira: dena txarra eta kalterako.
Fatalismo horrek galzorira garamatza, putzu beltzera. Aldez aurretik sufritzera. Fantasiaren antidotoa dela esango nuke; edena bera baino pozoitsuagoa sarritan. Baina aldez aurretik sufritze horrek ezertan laguntzen digun zalantzan jartzen dut. Ez dakit gizakiok eboluzioan ikasi dugun zerbait den, historiaurrean erabilgarria zena agian. Baina barru-barruan daramagunez, ezinbestean agertzen da uneoro.
Horregatik, niri Scarlett O'Harak zioena gustatzen zait: «Ez, ezin dut horretan orain pentsatu. Bihar pentsatuko dut; izan ere, biharkoa beste egun bat izango da». Ederra litzateke aurretiaz kezkatu beharrean, arrangura horiek erabakitzeko unean baino agertuko ez balira. Dena alaiagoa litzateke.