Justizia
Justizia ez omen da mendekua. Hala errepikatzen digute etengabe zuzenbidearen lanbidea dutenek. Egindako kaltea konpontzeko eta ordaintzeko ei da. Delitu-egile, zigorraren bidez berriz hezteko eta gizarteratzeko ere bai. Kartzelarekin lortu nahi da, antza, hori.
Baina jakinekoa da geurean ez dagoela horrelakorik, erabakiak bengantza hutsa dira, eta benetako Justiziarekin zerikusi gutxi dute. Aste honetan gertatutakoak dira adibiderik argiena. Gertaera bi egoera orokorraren adibide gisa.
Batetik, Aragoiko errepideetan Mikel Egibarren familiak hura bisitatzetik bueltan zetozela izandako auto-istripua. Emaztea eta seme-alaba biak oraindik ospitalean daude, egonkor baina larri. Sakabanaketaren ondorioetako bat, presoak ez ezik, familia osoak ere jasaten duena. Zigorrari erantsitako beste pena bat.
Bestetik, Iosu Uribetxeberriaren kasua. Uribetxeberriak, jakingo duzuenez, gose-greba egiteari ekin dio askatasuna —zaintzapekoa bada ere— eskatzeko. Oso larri egonda, eta ospitalera ekarri badute ere, zelatatzen duten polizien gutizien menpean dago. Eurek erabakitzen dute leihoa irekia ala ez, nola sartu behar diren bisitak (batzuetan binaka, besteetan banaka). Eurek jartzen omen dituzte arauak-eta.
Hau ez bada mendekua, zer da, bada? Badakigu neurtzeko era bi daudena, eta beste batzuei, aitatu nahi ez ditudanei, legea bere horretan aplikatu zaiela, eta askoz gaixotasun arinagoekin etxean daudela. Konparazioak gorrotagarriak dira, baina ezinbestekoak horrelako kasuetan. Mendekua ageri-agerikoa dela adierazten digute-eta.
Hirurogeita hamar urtetik gorakoak ere ez omen dituzte espetxean sartzen. Gaixo larriak ere askatzen dituzte, baina Jose Luis Elkoro, adibidez, adin hori ondo beteta kartzelan sartu zuten, eta, gaixorik egon arren, itzelezko kanpaina egin behar izan zuten Bergaran etxera ekartzeko. Lortu zuten azkenean etxeratzea, baina ez askatasuna: etxetik ateratzea oso murriztua du, zaintzagailua izanda ere, ez dauka noranahi joaterik. Nahiko nuke jakin aipatu ez ditudan horiek zein baldintzatan atera zituzten presondegitik; lepoa egingo nuke baldintzak oso desberdinak izan zirela.
Demokrazia dela diote, baina berdintasun printzipioa urratzen da kasu hauekin. Gainera, euren legeak ere ez dituzte errespetatzen. Legeak bete barik, nola egon daiteke justizia? Zigor eta bengantza hutsak dira!
Nola lortuko dugu horrela benetako bakea? Zelan eraiki zubiak jarrera iraingarri hauekin? Kontu hauek ez diote inori mesede egiten, ez jasaten dituztenei, ez gizarte osoari. Mendekua eta indarraren legea dute helburu. Justizia barik ez dago demokraziarik, ez bizikidetzarik. Hala da.
Espainia Norvegiatik gero eta urrunago eta Turkiatik hurrago!