Guatemalan, lagun bati indigena batek esan zion europarrok, zuriok (edo nahiago baduzue "mendebaldarrok", herrialde "garatuetakook", "lehenengo mundukook"), oso era berezia genuela pentsatzeko: dena konpartimentuz josita, kategoria bakoitza kaxa batean dugula, tiraderaz betetako chiffonnier bat balitz legez. Bere esanetan, euren pentsamendua biribila da, zirkularra, gauza bat bestearekin kateatuta dagoelako, continuum baten, denak duelako guztiarekin harremana.
Ez naiz gai esateko horrelakoa ote den batzuen eta besteen pentsatzeko modua. Baina gero eta konbentzituago nago gurea, behintzat, hein handi batean halakoa dela. Halere, sinetsita nago ideia eta kontzeptuen biribiltasunarekin; dena lotuta dagoela, alegia.
Horretaz, lehenengoz Batxilergoan jabetu nintzen. Gure sasoian, aspaldiegi, BUPeko (BBB) bigarren mailan aukeratu behar genuen hirugarren mailan zein bide hartuko genuen: zientziak ala letrak, mistoak ala hutsak. Aukeraketa horrekin bizitza osoan jarraitu dugu: zientzietakoa naiz/letretakoa naiz. Baina hain absurdoa eta gaitza egin zitzaidan orduan sasoian... Beharrezkoa da hain zorrotz jokatzea, mundua matematika eta hizkuntzaren artean banatzea? Letrak zenbakien kontra! Matematika hizkuntza izanik, eta hizkuntza matematika hutsa... Zergatik banatu behar? Zergatik ez aitortu musika, artea, hizkuntza eta matematika mundua azaltzeko moduak direla, hizkera ezberdinak? Zergatik nahi gaituzte elbarri bihurtu arlo batzuetan? Zer dela eta ez argitu alor guztiak lotzen direla eta elkarren arteko beharra dutela?
Biribiltasun eta elkarren arteko lotura horiek, baina, ez dira mugatzen nire ustez, jakintzetara. Bizimodu arruntean, egunerokoan ere ikusten dira hausturak, sailkapena derrigorrean egin beharra, kutxetan jarri eta etiketatu. Esango nuke gizarteak mailakatuta nahi gaituela: umeak umeekin, gazteak gazteekin, zaharrak zaharrekin. Espazio gutxitan dago adinen arteko nahasketa, egoera anitzen arteko amalgama, ideien eta esperientzien elkartruke biribila. Eskolan hasten dira mailaketak. Praktikoa da antolaketa aldetik, baina adin desberdinen arteko kooperazio eta ezagutzan, kale.
Kontu bera gertatzen da adin berekoak izanda ere guraso/umebako dibortzioan: ezin ezer konpartitu egoera batean ala bestean egonda! Horrela iristen dira asko gurasotasunera, sekula umerik tratatu gabe! Hor ere ez dago feedbackik.
Eta zer esanik ez zahar-gazteen arteko elkarreraginaz! Zaharrak jubiletxean gazteez marmarka, eta gazteak lokalean, zaharrak mespretxatzen. Hala ez dago kohesiorik, elkar ezagutzarik. Bakoitza bere tiraderan sartuta, ingurukoei zer gertatzen zaien jakin barik. Dena ondo sailkatuta bakoitza bere taldekoekin.
Biribiltasunean, zirkuluak eta espiralak egitea da gakoa. Indarren batuketa, sinergia, hartu-emana, atzera elikadura, input-a output bihurtuta... elkarreragin infinituan egon beharko genuke sartuta, bilbe bereko hariak baino ez garelako. Baina biribilean jardun gabe lerro paraleloetan dihardugu intersekzio gutxi eginda.