Oinazea kontatu behar da
Asteazken arratsaldean Diputazioko Tronu Aretoan egon nintzen Anjel Lertxundi eta Joxe Aranzabal bikotearen Oinazea kontatu, oinazez kontatu solasaldian.
Moderatzaile lanetan aritu zen Jaime Otamendik zabaldu zuen ekitaldia oinazearen inguruan berriki gertatutako pare bat pasadizo azalduz. Izan ere, oinazea beti dago gure bizitzan agertzeko prest.
Anjel Lertxundik hitzaldi akademikoa eta jakintsua egin zuen: oinazea literaturan. Hogeitik gora erreferentzia aipatu zituelakoan nago: Bocaccio, Albert Camus, Philip Roth, Sándor Marai... Beti bezala aritu zela esatea, gutxi da, baina ezin dut hobeto adierazi.
Joxe Aranzabal, berriz, argazki sorta batekin etorri zen minbiziaren kontrako bere esperientzia kontatzera. Sustatun haren gaixotasunaren jarraipena egin genuenok bagenuen prozesuaren berri. Seguraski kontatuko zuen bere garaian, baina ez nintzen gogoratu bibotea kendu eta buruko ilea motz-motz utzi zituela minbiziari abisatzeko gerra irabazteko prest zegoela. Izan ere, lehenengo egunetan gaitza bentzutu zuen norbaitek hori esan zion: gerra bat da. Emozionatu egin zen pare bat bider. Bietan alabaren aipamena egiterakoan izan zen. Aurrera jarraitzeko kemena izan zuen (nola ez bada).
Ondo gidatu zuen solasaldia Jaimek, bizi-bizi, eta jendearen artean eserita zeudenek pulamentuzko galderak egin zituzten ere.
Ekitaldia euskaraz garatu zen, bat-bateko itzulpenarekin. Natural-natural egin zuen pertsona batek galdera gaztelaniaz eta bi mahaikideek erantzun. Horrela izan beharko luke beti, baina garesti da bat-bateko sistema hori toki guztietan martxan izatea.
Felix Ibargutxik egin zuen kronika Diario Vascon. Eta, kasualitatez, Karlos Linazasorok egun berean aurkeztu zuen gurasoen heriotza gainditzeko idatzitako liburua. Etxe hutsean du izenburu. Anjelek aipatu zuen, eta orain gogoratzen ez dudan, beste euskal egile baten liburuari gehitzeko modukoa izango delakoan nago.
Gorka Estradak Noticias de Gipuzkoarentzat eginiko argazkiarekin utziko zaituztet. Aranzabal eta Lertxundi ageri dira ezker-eskubi.

Greba orokorra
Gaur Greba Orokorra deitu du Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Hori dela eta grebarekin bat egitea erabaki dut. Grebaren inguruko jarraipena egin nahi izanez gero sartu grebaorokorra.info webgunean.
Espainiako Zuzenbide Estatua
Pasa den asteartean Iñigo Aranbarrik sinatutako artikulu bikaina publikatu zuen Berria egunkariak. Izenburua Kartzelatik landa. Bertan, Karmelo Landa irakasleak eta ezker abertzaleko kideak Cacereseko presondegian jasaten duen egoera kafkiarra kontatzen du Aranbarrik. Hainbeste gustatu zait artikulua, ezen igande goizean itzuli eta gaztelaniaz jarri dut Pedradas blogean: Landa fuera de la cárcel.
Igandean ez dut periodikorik irakurri ganoraz, baina larria iruditu zait Iniciativa Internacionalista hautagaitzarekin egin nahi dutena. Euskaldun adardunei ez bakarrik, langa berri bat gainditu dutelakoan nago eta, orain, euskaldunekin harremanik duen edozer kontaminatua dago.
Espainiako prentsari larunbatean topatu nuen Isaac Rosaren zutabe hau: Cualquier día descubro que soy batasuno. Horrela da, Isaac. Euskal Herrian the organizationen kontra egon arren, jendea atxilotua izan da etakide gisa. Beraz... adi egon.
Eliades
90. hamarkadan Altsasun ikus-entzun nuen lehen aldiz Eliades Ochoa musikari kubatarra. Nafarroako Jaialdiak izeneko aterkipean Noche Santiagueña izenekoa antolatu zuten aipatutako herrian. Abuztua bazen ere, gau hotza tokatu zitzaigun. Gogoan dut Atxaga ikusleen artean.
Eszenatoki gainean azaltzen lehena Estudiantina Invasora izan zen, 1920. hamarkadan sortutako taldea. Zuzendari hiztuna baino hitzontzia zuen gidari. Abesti bat amaitu eta hurrengoa destripatzen zuen gure gizonak (noizkoa zen, zein estilotakoa, egilea, etab). Kontrabaxu jotzailea aurkezterakoan, 20. hamarkadan taldea sortu zutenetakoa zela esan zigun. Interneten begiratu dut eta bajistaren izena Roberto Nápoles ei da (ez dakit oraindik bizi ote den).
Hain zen hiztuna lehenengoa, ezen oholtza gainean Eliades Ochoa (Cuarteto Patriarekin oker ez banago) azaldu zenean, horrela agurtu gintuela: "Nosotros ná más que buenas noches... y a tocar".
2000. urtean hamabost egun pasa nituen Kuban. Bertako musikari asko turistentzat jotzen ohituegiak zeudela pentsatu nuen orduan. Atzo, Eliadesen kontzertuan sentsazio berdintsua izan nuen; hots, turistentzako saioa eman zuela Santiagokoak. Pieza klasiko asko eta berri gutxi. Gehiago espero nuela, alegia.
Halako batean, jendearen artean ahots indartsu bat entzun zen antzokian. "Eliades... Soy de tu barrio... El hijo de Vicenta.... Toca algo nuevo". Eta guajiroak: "Cómo me haces esto... Ya saben aquello de con estos amigos..." Dena den, tipoa, eta berarekin zeuden beste batzuk, dantzan gelditu gabe aritu zen bakanetakoa izan zen.
Agian arazoa nik neukan atzokoan eta musikariak harrapatu ez nuen onda batean zebiltzan. Zaratari, adibidez, gustatu zitzaion emanaldia. Nirekin joan zen lagunari ere gatz gutxikoa iruditu zitzaion saioa.
Aldiz, arratsaldean, Zazpi etxe Frantzian zabaldu omen zuen estreinakoz lagunak eta gustura irakurri zituela lehenengo berrogeita hamar orrialdeak. Apuntatu nuen datua.
Heroi berria
Dear JOR:
Pasa den asteburuan, goizaldean, kabroi batek bikotekide ohia erail zuen Irunen. Malamaneran. Betiko moduan. Auto istripua eragin zuen aurretik, kotxetik aterarazi eta labana sartu ondoren haren biziarekin bukatzeko. Ez da gertatzen den lehen aldia eta, tamalez, ez da azkena izango.
Kontatzen dutenez, pertsona batek aurre egin zion hiltzaileari. Zenbait komunikabide eta agintarik heroi tratamendua eman nahi diote gizon honi. Are gehiago, "heroi bat dugu lantegian" lelodun kartela jarri omen dute fabrikan. Jesús Neira berria ere irakurri nuen igandean.
Gogoan izango duzue Bartzelonan, duela hilabete batzuk beste tipo tontolapiko batek metro-bagoi batean neska gazte bat jipoitzen harrapatu zutela bertako kamerek. Mutil bat ageri da eszenari begira, geldi. Koldartzat hartu zuten askok.
Baina unea iritsitakoan, auskalo zein dagoen plazara ateratzeko pronto: barruko koldar handia edo barruko heroi ttikia? Batek daki!
Zuk idatzita utzi zenuen "Todos no somos Marta" artikulu zentzuzko eta egokia. Komunikabideetan oihartzunik ez duen zenbat injustizia dagoen munduan eta a zer nolako beharra duen gizarte eri honek heroiak sortzeko.
Zaindu!
Javier Ortiz in memoriam, Bilboko Hika Ateneoan
Dear JOR:
Ez naiz ni pasa den ostiralean Bilboko Hika Ateneoan Josu Torrek, Juan Zubillagak eta enparauek antolaturiko omenaldiaren kronika egiteko pertsonarik egokiena seguruenik (ekitaldian parte hartu nuen eta horrek begirada distortsionatzen du).
Ane, Charo eta lagun piloa hurbildu zen lokalera (eta ez ditut izen-abizenak aipatuko, asko eta asko kanpoan geratuko direlako). Taula gainera igo zirenen aipamen soila egingo dut.
Norbaitek zure argazkien muntaia egin zuen, eszenatokiko atzeko aldeko pantailan botatzeko. Gainera, Jamaikarako bidaian eramandako botikinean sartuko zenituen musika kantu ezinbestekoak jarri zituzten ekitaldia girotzeko.
Josu Torre aritu zen aurkezle eta gidari lanetan. Gero, Javier Vizcaíno gonbidatu zuten hitza hartzera. Mikrofonoa oraindik entxufatu gabe zegoen eta ez nituen haren hitzak behar diren bezala entzun, baina tripetatik hitz egin zuelakoan nago. Ez ote zuen bere etorkizun profesionalaz zerbait garrantzitsua esan? Hori iruditu zitzaidan, baina gero ez nion ezer galdetu horri buruz.
Gero ni igo nintzen, zu bezala: papera beti gertu. Bukaeran begiak busti egin zitzaizkidan eta ahots dardartiaz amaitu nuen.
Pedro Garcia Larraganek sentsazio hori areagotu egin zuen Ez nau izutzen negu hurbilak kantaren bertso batzuk abestu zituenean eta ekitaldiaren amaiera Juan Zubillaga aka Zubi handiak egin zuen. Honek kontatu zuen zenbat erokeria egiteko gai zinen gustuko musika eskuratzeko.
Bukaeran, nahi zuen orok izan zuen mikrofono aurrean berba egiteko aukera. Bi lagunek erabilera zuten aukera hori: lehenaren izena ahaztu egin dut, barkatu, eta bigarrena Martin Barriuso izan zen.
Bertan zerbait jan eta edan ondoren, bildutako batzuk Bere Bar tabernara joan ginen: oso ondo hartu gintuzten, nahiz eta esandakoa baino jende gehiago hurbildu. Ezin izan genuen Khalid Amzir agurtu, baina hurrengo batean lehenago abisatuko dugu.
Kronikatxo hau Rafa Berrio lagunaren kanta batekin amaitu nahi dut, ekitaldiak iraun zuen bitartean burutik kendu ezinik izan nuena. Abestiaren izenburua Absolución da. Zuregatik, Javier, baita guregatik ere.
Agur, JOR
Maiatzaren 31ko eguneratzea: aste honetako egun batean konturatu nintzen, kronika honetan ez nuela aipatu Josuk Verónica Portellek bidalitako testu bat ere irakurri zuela, Portellek ezin izan baitzuen joan ekitaldira. Barkatu, Verónica.
Agur Ibarretxe, kaixo López
Dear JOR:
Atzo gertatu zen denok espero genuena: Ibarretxek agur esan zion lehendakari karguari (baita, bolada batez, gutxienik, bere karrera politikoari ere) eta Patxi López izendatu zuten haren ordez. Ez dut astirik izan atzokoa behar bezala jarraitzeko, baina, gauean, egunean zehar gertatukoaren berri izandakoan, burutik pasa zitzaidan lehen gauza izan zen: zer idatziko luke gaur honetaz, Ortizek? Hau da, aurrekoan Jose Saramagok zu agurtzeko idatzitako testuan izandako burutazio bera.
Gero, Ibarretxek politika utziko duela jakiterakoan, pentsatu nuen ea zurekin gogoratu ote den azken egun hauetan. Ez dut ezer idatzita ikusi inon, baina igual niri pasa egin zait eta Juanjo zutaz oroitu da nonbaiten.
Patxi López, lehendakari. Bale. Sustatun irakurri dut Sarrionaindia, Saizarbitoria eta Onaindia aipatu zituela diskurtsoan. Ederki. Garan irakurri nuen, noizbait Kortaturen Sarri, sarri kantarekin dantza egin izan duela. Ondo da.
Pena hartu nuen Ibarretxeren agur hitzak entzundakoan, baina Eneko Olasagastik eta Joserra Garziak Argian azken aste hauetan idatzi dutenarekin bat nator: ez dela munduaren akabera izango. EAJk utzi behar zituen Ajuria-Eneako alfonbrak eta beste bati tokia utzi. Bai, badakigu nola gertatu den hau dena, baina orain esateak ez du balio. Lehenago egin behar zen zerbait.
Portzierto, zure webgunea berritzen ari gara. Bi atal berri sortu ditugu:
"Desde Jamaica", egunero zure testu zaharren bat errekuperatzen ahaleginduko gara.
"Tributos": zutaz jendeak idatzitako testuak jartzeko asmoa dugu, (nahiz eta zuri, agian, izen hori ez gehiegi gustatu).
Besarkada bat, JOR.
Hainbeste maite genuen Javier
Hogeita lau ordu pasa dira jada Javierren heriotzaren berri jaso nuenetik. Mundu honetan pertsona izateko soilik hogeita lau ordu behar baldin badira, beste hainbeste beharko dira ba pertsona hil dela egiaztatzeko, ezta?
Eta bai, horrela da, Javier Ortizen webgunean ez dago jada normalean goizeko 6:00etan egoten zen eguneko artikulua. Joan aurretik idatzitako obituarioa dago, Jamaika-Itakan elkar ikusiko dugula dioena (oraindik irakurri ez dudana) eta Europako hauteskundeei buruz Público egunkarira bidalitako azken artikulua. Beno, eta ia 200 elkartasun mezu. Hauek ere ez ditut irakurri, baina egongo da aukera lasai-lasai irakurtzekoa.
Azken egun hauetan atzoko albiste txarra edozein momentutan gerta zitekeela hasia nintzen barneratzen. Hilabete luze egina zuen jada ospitalean eta haren osasun egoerak ez zuen buelta hartzen. Baina gero desorduetan esnatzen zaituen telefonoaren txirrinak ematen dizu lehenengo abisua: zerbait gertatu da. Eta albisteak ez dira onak.
Atzo gauean Haile Gerima zuzendari afrikarraren Teza film luze eta kitzikagarria ikusten egon nintzen Victoria Eugenian. Zuzendari hau Javierren adinekoa da, gutxi gora behera, eta bere herriaren historia kontatzen digu herrira bueltatu nahi duen medikuaren ikuspuntutik. Haile Estatu Batuetan bizi da, Washington-en. Han bera tokiz kanpo dagoela esan omen zuen prentsaurrekoan, etxeko altzariak sutetik salbatu nahian. Asmo bakarra bere herriaren historia kontatzea omen. Edo bakarrik Hollywood-ek izango al du ba kontatzeko eskubidea?
Javierrik gabe, orain nork kontatuko digu berak bezain ondo gure inguru hauetan, eta munduan barna, gertatzen ari dena? Umezurtzago nago ni atzodanik. Aita bat, osaba kabroi bat, lagun handi bat galtzen dut. Jada ez da berdin izango. Berarekin gozatzeko zientoka artikulu geratuko bazaizkigu ere.
Orain bezala triste gaudenean, beti izango dugu Javier Vizcaínorekin 2004an izaniko solasaldia entzuteko aukera. Gertuko Javier baitago hor. Lagun batekin berbetan. Gertutik ezagutu izan dugunok ikusten genuen bezala. Lastima.
Hainbeste maite genuen Javier. Hainbeste maite zaitugu. Hainbeste maitatuko zaitugu.
Adiorik ez, Javiertxo.Carlinen zurrunbiloan
Asteartean John Carlin idazle eta kazetariaren solasaldi ederra entzuteko aukera izan genuen Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. John aurkezteaz gain, Jesús Torquemadak bertan bildutako jendeak egiteko zituen galderei paso eman zien. Elkarrizketa asko eskaini zituen egun horretan Carlinek. Bat aipatzearren, Hego Afrikako hauteskundeen eta Euskal Herriko gatazkaren harira, Iñaki Sotok egin eta Garak argitaratutakoa.
Carlin beste liga batean dago jada, baina, ikusi nuenagatik, tipo jatorra ematen du. Beste liga batean dagoela diot, bezperan Bartzelonako Lionel Messi jokalaria elkarrizketatu baitzuen eta pasa den hilean zenbait egun pasa baitzituen Hego Afrikan bere liburua oinarri hartuta egiten ari diren filmaren errodajean. Protagonistak ez dira nolanahikoak: Morgan Freeman izango da Mandela eta 1995ean Hego Afrikan ospatutako lehiaketa irabazi zuen Spring Boks talde txapelduneko kapitainaren rola jokatuko du Matt Damonek. Hori gutxi balitz, zuzendaria Clint Eastwood da.
Oraingo planak betez gero, pelikula urte bukaeran estreinatuko da Estatu Batuetan eta bizpahiru hilabete beranduago Europan ikusteko aukera egongo da.
Hori, txerri gripeak edo krisiak (biek ala biek, agian) gurekin bukatzen ez badute...
Amaitu da Erromako oporraldia
Azkenetako mezuren batean aipatzen nuen oporrak hartu eta Erromara gindoazela apirilaren hasieran. Hilaren 2an hartu genuen abioia Hondarribian Madrilera joateko. Handik Fiumicinora. Booking.com zerbitzua erabiliz, ostatu hartu genuen Hotel Brasile izenekoan. Ez dago txarto. Terminiko tren geltokitik eta Piazza Reppublicatik hamar minutura dago, gosaltzeko ugari eta ohe ederra genuen. Garesti samar, hori bai, baina Aste Santuaren atarian Erroman ostatu hartzea ez da merkea.
Aipatu dut ederra zela ohea. Probatu genuen, bai. Apirilaren 6ko gauean lurrikara egon zen L´Aquila herrian. Goizaldean esnatu egin gintuen ohearen mugimenduak, norbait gu kulunkatzen ahalegindu izan balitz bezala, eta armairuko pertxen hotsak (kasu honetan, haizeak mugitu izan balitu bezala).
Seko lo geratu ginen berriro eta hurrengo egunean etxeko deiek eta SMSen bidez jakin genuen zer gertatu zen. Vaticanoan nengoen lehen SMSa jaso nuenean eta lehenengo deia Piazza Spagnatik erantzun genuen. Harritu naiz nolatan gaur egunean ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitzeko abildade landua dugun. Segi diru makinari eraginez.
Gidari lokalak izan ditugu (hemengo lagun bat eta Italiako hiriburuan bizi den bere andregaia) eta horrek aukera asko ematen ditu hiria hobeto ezagutzeko. Asko gustatu zait Erroma: tamaina aproposekoa oinez ibiltzeko alde batetik bestera.
Ostiralean etxera etorri aurretik, azken bi egunak Viterbon pasa ditugu, B&B Dei Papin, bed & breakfast polit askoan. Herria Erdi Aroan Aita Santuen oporgune izandakoa da eta ardo onak edan ditugu hango pare bat tokitan. Jan ere ederki jan dugu.
Argazkiak flickr-eko nire kontura igotzeko komeriak ditut, baina batzuk igo ditut behintzat. Apaiz sotanadun gutxi ikusi ditugu, baina harrobi hori ez da agortzen. Berdin korte kontserbadorea duten Espainiako neska-mutil gazteen harrobia ere. Etxetik uniformearekin ateratzen direla dirudi.
Ah! Apirilaren 4an CGIL sindikatu italiarrak manifestazio nazionala antolatu zuen Erroman krisiaren kontra. Eta guri hotelean ahaztu argazki kamera. Jendetsua, koloretsua, zaratatsua izan zen martxa.
Aurkitu dut bideo bat Interneten apirilaren 4ko manifestazioaren ideia bat egiteko:

