Paco Etxeberria eta Gerra Zibileko gorpuen identifikazio lanak
Irudia Aranzadi elkartearen webgunetik ekarri dut hona.
Etxeberriak berrogeita hamar lagunen aurrean "Exhumando fosas, recuperando dignidades" hitzaldia eman zuen pasa den ostegunean.
Aurkezpenaren ondoren iritsi nintzen eta orduantxe itzali ziren aretoko argiak, El cementerio de las botellas dokumentala, Iñaki Alforja iruinsemeak eginiko hogei minutuko pieza ikusteko. Iñakik Ezkagako presondegian egindako lanen berri ematen du bertan.
Gai honen bi aurpegiak ikusteko aukera dago: alde batetik, hildako senidea topatzen ez duen pertsona bat; bestetik, Kataluniatik etorritako beste familia bat eta, kasu honetan, hirurogeita hamar urte atzerago eraildako senidearen gorpuzkiak identifikatzea lortzen duena. Pacok eta beste lankide batek familiari presondegiaren aurrean hildako horren hezurrak dituen kutxa ematen dionean haren alabari zaila da begiak busti gabe geratzea.
Horren ondoren, Paco Etxeberria irakasleak maisuki erabili zuen power point-a bere ikuspegia jendaurrean ezagutzera emateko. Gaztelaniaz izan zen ekitaldia eta apunte asko hartu nituen.
Aste bukaeran garbira pasa ditut apunte horiek eta gaztelaniazko blogean jarri (Paco Etxeberria: "El 23-F paralizó las exhumaciones de la Guerra Civil"). Izenburu hori jarri diot 1981eko estatu kolpea kabroi hura gertatu zela ahaztu behar ez delako.
Asmoa nuen astean zehar lan hori euskaraz jartzeko, baina uste dut bere horretan geratuko dela nire ekimena.