Amets prefabrikatuak
Amets prefabrikatuak
"Prefabrikatutako ametsetan / estadistikaren zeruan / borondatea itoa izan da / kontsumoaren ferian".
Akabo hilabete asko iraun duen hauteskunde kanpaina. Iluntzeko 20:01ean alderdiak gutaz ahaztu egin ziren. Bi ordu pasatxo eman zuten bakoitzaren boto-poltsari begira.
Ispiluaren aurrean
"Kristalaren bestaldera bi begiak iltzaturik / jada ezin dut konprenitu zein gaizki sentitzen naizen / Dena aldatu da erabat".
Noiz izango dira hurrengo hauteskundeak? EAEri dagokionez, ezetz aguantatu lau urte gobernuan udaberri honetan lehendakari izendatua denak.
Autokutsatzen
"Automata bat naiz, zarata belarritan / Ez dakit non nagoen baina berandu da".
Ibarretxeri etxera joateko garaia iritsi zaiola dirudi. Bere onerako izango da.
Era berean, EAJri ere komeni zaio Lakuatik urruntzea bolada batez. Hainbeste urte pasa dituzte gobernuan!
Aitormena
"Ez dira betiko garai onenak / Azken finean, gizaki hutsak gara / barearen ostean dator ekaitza / udaberri berririk ez guretzat".
Papeleta ederra du PatxiLok. Ez litzaidake gustatuko bere tokian egotea. Ez dut ezer espero berarengandik, baina gaur Jukeboxek ederki gogoratzen zuen bezala, horrela hartu zuen Donostiako alkatetza Odón Elorzak 1991n... eta bertan jubilatuko dela dirudi.
Gaizki pentsatzen
"Ez pentsa gaizki. / Gaizki pentsatzen hasi naiz betiko lez pentsatzen / zuek beti zaudela pentsatzen / gu beti garela gauza bera pentsatzen".
Demagun 25 eserleku lortzen dituela PSEk (EArekin du eserleku bat jokoan, baina partidu honek 8 boto ateratzen dizkio bakarrik eta atzerrian daudenen botoak kontatzeke daude oraindik). Ederki sufrituko du Lopezek PPkoen menpe geratzen bada. Zer esanik ez UPyDkoak bidaide badituzte.
Zuzen zuzen heriotzeraino
"Zuzen heriotzeraino / ez dago atzeko biderik / Argiak itzali egin dira / bukaera goxoa banoa".
Javier Madrazori norbaitek erakutsi beharko dio dimisioa hitza hiztegian bilatzen. Eta etxerako bidean jar dezala hain ondo ordaindu dugun Kepa Junkeraren lana. Unai Ziarretak egin duen bezala.
Tupeak gora
"Hauxe da ronkanroll jaia / hoixe eroa jaia / rokanrola dantza jaia / hoixe eroa".
Aralarri dagokionez, pena ez kentzea PPri Gipuzkoako azken eserlekua. Euforikoak daudela dirudi. Hori bai, ondo baino hobeto ikasi beharko lukete goiko bi alderdiek larrutik ordaindu duten lezioa: boterea ukitzeak, are gehiago alderdi handi baten arrimuan jartzeak, ondorio larriak izan ditzakeela.
Suaren gainean dantzan
"Etxetik alde egin eta giltza bota, ez nintzan itzuliko legepera / eskaintzen zidatena ez nuen nahi / lehenengo obeditu ta gero jai".
Ezker abertzale ortodoxoa erditik kentzen saiatzen badira ere, ur azpitik bizi-bizi ateratzen da beti. Baina, kontuz, gazte garaiak pasa dira jada.
564
"Hotz amaigabe bat baino latzago / ta urteak egun baino gehio / 564 ohe huts / samina zabaltzen".
Adi, boto biltzaileak! Abstentzioa ere gora doa.
Bi minutuero
"Hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen / hasten baldin bazara / bi minutuero / herrimina".
Atzo ez nuen jarraitu hautesgaua telebistaz: irratia, hauteskundeak.teketen.com, twitter eta Sustatuk montatuko liveblogging-a izan nituen lagun.
Oharra: hauxe da Jolausek egin zuena Aitormena kantarekin.
Galiziako hauteskundeetan gertatu dana nahikoa argi azaldu daiteke botorik emon ez dauan jentea ez PSGk ezta BNGk be erakarri ez dabelako, hau da Fatalismo Galaikoak ("ezin da ezer aldatu, alferrik da borrokatzea") eta Galtzaile Kronikoaren Sindromeak jota galiziar ezkertiar/abertzale asko eta asko dagoala.
Geurean ez da holan gertatzen, borrakazaleagoa da jentea (edo apur bat gehiago behintzat), baina hasten gabilz aurreko bi gaixotasunak pairatzen. Ez da harritzekoa, inola be ez, ETAren jarduna alde batetik eta ilegalizazino eta kriminalizazino gupidagabeek bestetik (eta apatia globalak, eta despolitizazinoak...) panorama osoa aldatu dau errotik. Ikusi besterik ez dago blogetan eta prentsan kaleko jenteak orokorrean erakutsitako axolagabetasuna.
Halandabe, neuri oraindino axola jat lehendakaria bata edo bestea izatea (tamalez, bi aukera baino ez dago), funtsean ia %100ean bat egiten dot Juan Luis Zabalaren "Espainia txakurra" horregaz, eta madarikatzen ditut neure tokaioaren amets prefabrikatuak:
http://www.berria.info/blogak/zabala/index.php?blog=22&title;=espainia_txakurra&more;=1&c;=1&tb;=1&pb;=1