Twitter eta politikariak Europako hauteskundeen ondoren
Denok dakigu hauteskunde kanpainan zein txatxuak izaten diren politikari asko. Amaitzen da kanpaina eta ez dira desagertzen, baina bai albo batera uzten dituztela kanpainan ezagutzera emateko egiten dituzten txatxuen gauza horiek guztiak. Sare sozialak indarrean daudenetik, txorakeriak ere sare sozialetan egiten dituzte.
Elena Mengual kazetari eta blogariak Políticos "tuiteros" por interés sarrera argitaratu zuen hauteskunde eguna pasa bezain pronto, maiatzaren 27an. Batez ere Europako Parlamentura aurkeztu ziren Espainiako bi alderdi nagusietako zerrendaburuak zituen hizpide.
Gaur ia hilabetea pasa da hauteskunde egunetik eta, horietaz gain, euskaldunei ere erreparatu diet nik. Hauxe da atera zaidan argazkia.
Bide batez, erabili nahi baduzue, zerrendatxo bat sortu dut: Europarlamentua.
Euskal Herriko zortzi parlamentari
Izaskun Bilbao, Josu Juaristi, Ramón Jauregui, Eider Gardiazabal, Maite Pagazaurtundua, Fernando Maura, Pablo Zalba eta Michèlle Alliot-Marie dira akta lortu duten zortzi parlamentariak.
Horietatik hiru lagunek ez dute inolako presentziarik twitter sarean: Jaureguik, Pagazaurtunduak eta Maurak.
Pertsonalak dira mezuak edo beste norbait ari da?
Askotan oso garbi geratzen da ez direla beraiek ari sarean, are gutxiago kanpainan daudenean. Nabarmena da inpresio hori iritsi berria den jendearen profiletan. Willy Meyer-ek esaten du kontua berea eta taldearena dela. Arias Cañetek sinatu egiten ditu bere txio apurrak. Pablo Iglesiasek ere askotan aipatzen du talde-lana.
Noiz hasi dira?
Hauteskundeengatik hasi dira batzuk: Arias Cañetek apirilaren 25ean zabaldu zuen profila twitter-en, zerrendaburu izendatu bezain pronto. Elena Valencianok 2013ko hasieran utzi zuen sarea (seme-alabak babesteko, dirudienez), baina Europarako zerrendaburu izango zela zurrumurruak hasi zirenean, profila zabaldu zuen urte amaieran. Josu Juaristi otsailaren 2an hasi zen tuiteatzen. Apirilaren 5ean zabaldu zuen kontua Javier Nartek.
Eta hauteskunde kanpainaren ondoren, zer?
Gehienek nabarmen jaitsi dute jarduna kanpaina amaitu ostean.
Cañetek 92 txio bota zituen maiatzaren 23ra arte eta gainontzeko egunetan beste 10 txio bota ditu. Valencianok 9 tuit bota ditu maiatzaren 25etik.
Kanpaina amaitu ostean 29 tuit bota ditu Josu Juaristik. Azkena, ostegunean izan zen, Hodei Egiluz-en aldeko mezua.
Oso deigarria da akta berritu ez duen Carlos Iturgaizena. Azken txioa maiatzaren 25ekoa du. “A la espera de los resultados” zioen eta Euskadiko popularren presidente den Arantza Quiroga eta beste alderdikide batekin ageri da argazki batean.
Esperientzia dute batzuk sarean
Badira sarean denbora asko daramatenak: horietako gehienek errepikatu egiten dute Europako Parlamentuan.
Aipagarriena da, nola ez, Pablo Iglesias: 2010eko ekainetik dabil twitter-en eta 443.000 jarraitzaile ditu. 7830 txio.
Era berean, Pablo Zalba nafarra: 2009ko martxotik twitter-en: 12.000 txio eta 4.028 jarraitzaile.
Michèle Alliot-Marie 2010eko maiatzetik dabil twitter-en, baina oso gutxi aritzen da: 17.200 jarraitzaile eta 445 txio. Hemen nahiko garbi da ez dela bera ari.
Ez dakit noiztik dabilen Izaskun Bilbao, baina 1957 txio idatzi ditu eta 1092 jarraitzaile ditu.
Eider Gardiazabal 2012ko maiatzean hasi zen: 735 jarraitzaile eta 1.505 txio.
Hizkuntzen erabilera
Oso gutxi egiten dute euskaraz. Euskaraz eta gaztelaniaz ari dira Juaristi eta Bilbao, hura hau baino gehiago. Gehienak gaztelaniaz ari dira soilik eta badira beste hizkuntza batzuk sartzen dituztenak, (ingelesa, batez ere). Alliot-Marie frantsesez aritzen da.
Blogaririk bai?
Batzuk ez dute inolako webgunerik aipatzen beren profilean (harrigarriago Arias Cañete, Elena Valenciano eta Javier Nart zerrendaburuen kasuan); beste batzuk alderdiarena aipatzen dute (Pablo Iglesiasek Podemos, Josu Juaristik EH Bildu eta Alliot-Mariek Le Chêne); badira ere webgune propioa dutenak (Izaskun Bilbao, Willy Meyer eta Pablo Zalba).
Azken hiru hauek errepikatu egiten dute parlamentuan eta albisteen atal bat dute webgunean. Denetarik biltzen dute bertan: beraiei buruzko albisteak, prentsa-oharrak, beste komunikabideetan idatzitako artikuluak, propio edo idatzitako sarrerak...
Políticos en twitter tras las elecciones europeas, este apunte en castellano.
Betiko moduan
Ostiral eguerdia. Bazkaltzera geratu naiz lagun batzuekin Donostiako Alde Zaharrean. Diru bila hurbiltzen gara kutxazain batera. Kanpokoa aukeratzen dut nik.
Halako batean, mugimendua sentitzen dut nire alboan. Andre bat gaztetxo batzuei ozenki hitz egiten. Ez dago bere momenturik onenean andrea. Berrogeita hamar urteren bueltan dabil.
Ez dakit zer esaten dien mutil gazteei. Laupabost lagun dira. Batek bizikleta bat dauka eta harekin tematzen da emakumea.
Halako batean, bakean uzten du mutila eta beraiengana hurbiltzen naiz ni. "Utziozue bakean eta segi zuen bidetik". "Erotuta dago andre hori!". "Eta? Gutako edozein izan zitekeen".
Andrea hurbiltzen zait eta kristoren erretolika botatzen dit gaztetxo horien kontra. Ez dakit zenbat gauza egin dizkiotela, ez dakit zenbat salaketa egin dituela... Gero eta jende gehiago dago guri begira. Eskolak amaituta hondartzarako bidean doazen gaztetxoak gehienak.
Lagunak zain dauzkat, baina andreak kasu egingo dion norbait behar du. Isilik entzuten dut andreak esan nahi duena.
Nire lagun bat hurbiltzen da esanez alde egin behar dugula. Azkenean bagoaz denak. Andrea bere aldetik. Eta laupabost lagun haiek bere atzetik. Zer inpotentzia, dedio!
Gero pentsatzen dut gu ere horrela ibiltzen ginela gaztetxo hauen adina genuenean. Ondo baino hobeto gogoratzen dut eskolan nola egiten genion barre Marianori, askotan etxerako bidean zialdoka pasatzen zenean ingurutik. Gizajoa!
Lagunek esaten didate gertatzen ari zenari begira ari zela gure adineko koadrila bat. "Ya se ha metido el secreta por medio".
Ez dugu ikasten.
Siempre igual, este apunte en castellano.
Juan Carlos eta Felipe
Jordi Grauperak larunbateko La Vanguardian konparatiba polita egiten zuen Felipe VI: oxímoron zutabean (ordainpeko lotura). Juan Carlos erregearen garaiko hainbat Espainiako presidenteen mandatu bukaeran familiek, enpresek eta Estatuak zituzten zorrak, gaur egungoak barne.
Felipe Gonzálezen amaieran:
Familiek, 152.000 milioi euro.
Enpresek, 209.000 milioi euro.
Estatuak, 319.000 milioi euro.
Aznarren amaieran:
Familiek, 539.000 milioi euro.
Enpresek, 650.000 milioi euro.
Estatuak, 389.000 milioi euro.
Zapateroren amaieran:
Familiek, 870.000 milioi euro.
Enpresek, 871.000 milioi euro.
Estatuak, 736.000 milioi euro.
Rajoyren garai honetan:
Familiek, 781.000 milioi euro.
Enpresek, Bilioi 1 euro baino gehiago.
Estatuak, Bilioi 1 euro baino pixka bat gutxiago.
Joxerra Senarrek gaurko Errege "jatorraren" negozio ilunak artikuluan aipatu bezala, iturri batzuen arabera Juan Carlosek 1.780 milioi euroko ondarea ei dauka (Chastened King Seeks Redemption, for Spain and His Monarchy, New York Times).
Europako monarkiak aztertu dituen duen Herman Matthijs irakasleak modu bikainean laburtzen du kontua: "Suposatzen dut bera gutxienez milioiduna dela, baina galdera da: Bilioiduna al da? Zein da bere benetako ondarea?"
Juan Carlos y Felipe, este apunte en castellano.
RSS bidez ilustratzen gera
Esan bezala urtebete pasa da Googlek Google Reader zerbitzua itxi behar zuela iragarri zuenetik eta arrazoi horregatik artikulu luze samarra argitaratu dute Diario Turing blogean (eldiario.es).
Zer dira RSS-ak?
Hasi aurretik, zehaztu dezagun kontzeptu hau. Euskarazko Wikipediak dio: “RSS XMLren familiako fitxategi formatu bat da, sarritan eguneratzen diren albisteen webgune eta blogentzako bereziki prestatua dagoena. Honi esker informazioa elkarbanatu eta beste webgune batzuetan erabiltzea posible da. Honi sindikazioa deritzo”.
Bloglines eta Google Reader-Feedly
Irakurlearen ikuspegitik, RSS-ak ematen dizute aukera zuk nahi dituzun informazio iturriak zehazteko eta banan-banan ibili beharrean webgunez webgune nobedadeen atzetik, denak helbide batean biltzeko informazio batzaileen bidez.
Blogari gisa hasi nintzenean (2004an) izan nuen Bloglines zerbitzuaren berri eta hura erabiltzen hasi nintzen. Garai batean, euskal blogariek zituzten jarraitzaileen berri izateko erreferentzia bat ere bazen Bloglines (2006koa da apuntea). Gero etorri zen zerbitzu honen gainbehera eta Google Reader eta Feedly erabiltzen hasi nintzen.
2013ko martxoa: Google-k itxi egin zuen Google Reader zerbitzua
2013ko martxoan erabaki zuten Google Reader ixtea. Alternatiba bila hasi behar izan zuen jendeak, nahiz eta Feedly erabiltzen genuenok, azalean, ez genuen aldaketa handirik nabaritu.
Google-k bota zituen arrazoien artean nabarmenena da 2005etik 2013ra informazioa jasotzeko ohiturak aldatu egin zirela: smartphoneak eta tabletak, app-ak (aplikazioak), eduki batzaileak, sare sozialak (twitter eta facebook, batez ere).
Baina bazegoen beste bat ere: Google Reader zaharkitua gelditu zela. Hau da, beste informazio batzaileak (Flipboard, Google Reader-en oinordeko den Feedly, Pulse, Taptu eta Reeder bezalakoak) ikusgarriagoak zirela.
Baina hainbeste aldatu al da ba panorama? RSS batzaileek ez dute inoiz izan hasiera batean uste zen arrakasta, baina, dirudienez, haien erabilera ez da hainbeste jaitsi azken urte honetan.
Twitter eta facebook vs on demand zerbitzuak
Jario kopuruari dagokionez, berdin-berdin jarraitzen dut Feedly-rekin (200 bat jario jarraitzen ditut), nahiz eta lehen baino kasu gutxiago egin, twitter bidezko informazio uholdeak asetzen eta nekatzen bainau.
Izan ere, gaur egun paper garrantzitsua baitute informazioa hedatzeko orduan sare sozialek (twitter-ek, batez ere, eta facebook-ek), baina horrelako sareetan dagoen informazio uholdea gehiegizkoa ere bada eta erraza da galtzea. Horregatik oraindik pisu handia dute Feedly bezalako batzaileek nahi dituzun jarioak jarraitzeko nahi dituzun unean eta tramankuluan.
Readability, Pocket eta Instapaper: gero irakurtzeko zerbitzuak
Baina gehiago ere behar da. Dozenaka jarioen dantzan, zer egin jario horiek garbitzeko? Edo zer egin une jakin batean ikusi baduzu twitter edo facebook-en artikulu interesgarri bat eta denborarik edo gogorik ez baduzu une horretan irakurtzeko? Horretarako jaio ziren albisteak gero irakurtzeko aplikazioak eta zerbitzuak. Readability, Pocket eta Instapaper bezalakoek aukera ematen dizute artikulu interesgarrien bildumatxoa egiteko eta ordenagailu aurrean, telefonoan, tabletean edo e-book-ean irakurtzeko.
P.S. Alferkeriagatik nengoen Readability-n, baina hau idazteko Pocket instalatu dut eta uste dut badela garaia aukera bat emateko.
Ah! Ez ditut IFTTT zerbitzuak ematen dituen automatizazioak aipatu, baina hori ere oso kontutan hartzekoa da. Hori bai, RSSn erabilera nahitaezkoa da automatizazioak ahalbidetzeko.
Ahora nos ilustramos gracias a los RSS, este apunte en castellano.
Elefanteek musika amets
Maiatzaren Lehena den honetan goizeko 5:00etan esnatu egin naiz. Ezin lorik hartu berriro. Altxatu, mugikorra piztu eta Cuando los elefantes sueñan con la música irratsaioko azken podcast-ei bistadizo bat bota. Joño! Apirilaren 25eko saioa Zeca Afonso musikagile eta abeslari portugaldarrari eskainia dago.
Zoragarria, aizue! Gaueko isiltasunean eta kaskoekin entzuten baduzue, hobeto. Lerro hauek idazten ditudan bitartean hirugarren aldiz ari naiz entzuten.
Duela hogei bat urte izan nuen Carlos Galilearen berri. Lokua Kanzari buruzko artikulu bat sinatu zuen El Paísen eta geroztik jarraitzen dut kazetaria, nahiz eta hilabeteak pasa ditzakedan haren berririk izan gabe. Munduko musiken alorrean, musika brasildarrean batez ere, da espezialista. Gustuko dut mundu aldrebes honetan edertasunaren bila jotzeko duen gaitasuna, musika ona aukeratzeko abilezia, kantak aurkezteko erabiltzen dituen hitz apur, goxo eta jakintsu horiek.
Grândola, Vila Morena kantaz aparte ezer gutxi nekien Jose Zeca Afonso musikagileari buruz eta Galileak haren obra ezagutzeko gogoa piztu dit.
Erdaraz? Noski baietz
Pasa den hilabete hasieran esan zuen Mikel Irizarrek hastekoa zela gaztelaniaz Radio Euskadiko Boulevardeko tertulian. Hiru tertulia pasa dira jada eta sakondu ditu erabaki hori hartzeko arrazoiak eta testuingurua Erdaraz, bai ala ez? apuntean. Nire jardunari erreparatuta, argi dago zein den nire erantzuna, baina merezi du irakurtzea Mikelen analisia.
Kaleratzeak Eusko Irratian
Ondo hasi gara, baina mikazten ari da apuntea.
Radio Euskadi aipatu dut aurreko paragrafoan eta EITBko irratiekin harremana duen beste gai batek eztanda egin du aste honetan. Arazoa Andoni Ortuzarren garaitik dator: autonomo bihurtu zituen zuzendaritzak 126 langile, langileriarentzako aurrekontua gainditzen zelako. 2008an iruzurra antzeman omen zuen Gizarte Segurantzak Radio Euskadin eta kontratu "mugagabe ez finkoak" egin behar izan zituzten. Egun 79 langile daude egoera horretan.
Hortik aurrera batzuek gauza bat eta beste batzuek beste gauza bat esaten dute. Langile batzuk (Bilboko egoitzakoak direla esango nuke; Radio Euskadikoak, batez ere) sarean antolatu dira Despidos Radio Euskadi Irratia kaleratzeak izeneko gunean.
Zuzendaritzarekin bat egin dute EAJk, EH Bilduk eta LABek. Gainerako sindikatuak kontra daude. Hona hemen LABen bertsioa eta hona hemen ELArena.
Euskara aitzakia gisa erabiltzen ari dira jendea botatzeko? Hori esaten dute kaltetuek eta hori zabaltzen ari da erdal munduan. Ez dakit hori horrela den edo ez, baina ondo esplikatu behar dira arrazoiak. Eta ez bakarrik euskaraz.
Maiatzaren Lehena
Lanpostua defendatzen ari dira Eusko Irratiko langileak eta horretan ari dira ere Diario de Navarrakoak. Duela aste batzuk izan nuen Comité de Empresa de Diario de Navarra gunearen berri. Otsailaren 15ean eginiko agerraldian irakurritako manifestua marko batean jartzeko modukoa da. Badakite borroka luzea dela eta, oraingoz, %50eko soldata murrizketa izan dute. Hona hemen adibide bat. Pilar Morrás-ek ezagutzera eman du bere nomina. 24 urtez kazetari lanetan DNn ibili ondoren, 850 euroko nomina garbia erakutsi du.
Hori da datorrena. Abisatuta gaude.
Bost urte, Javier
Dear JOR,
Bost urte pasa dira eta batzuetan ematen du berrogeita hamar bete direla Jamaikarako bidea hartu zenuenetik.
Bost urte krisi hitza ahotik kendu gabe. Ekonomikoa, politikoa, sistemikoa. Komunikabideetan ere bai, nola ez! Portzierto, Jean Valjeanek ederto kontatzen zuen bezala: zure jefe ohia El Mundoko zuzendaritza kargutik kendu dute. Bera baino botere gehiago zuen batek lepoa moztu dio.
Europako hauteskundeak dira maiatzaren 25ean. Borboiaren eremuan, sei milioi boto beharko omen ditu irabazleak. Boto kopuru horrekin irabazi zituen hauteskundeak Adolfo Suárezek 1977an eta bere kabuz saiatu zenean, Borboiak eta botere faktikoek txikitu egin zuten. Orain hil da Suárez eta ohore handiz agurtu dute. Badakizu...
Sei milioi boto aipatu ditut eta sei milioi pertsona daude langabezian chez Borbón (que nos quiere un montón). Ezinezkoa izango da, baina sei milioi boto horiek batuz gero, zer? Zoritxarrez, ez dirudi oraingoz horrelakorik ikusiko dugunik. Bide batez, gustatuko litzaidake jakitea zer idatziko zenukeen Podemosi buruz.
Bost urte. Sei milioi langabetu. Eta jarraitzen dugu Afrikako gosea eta egarria Melillan edo Ceutan ito nahian. Ez litzateke azkarragoa, inteligenteagoa, zubi bat eraikitzea ihesi joan ahal izateko? Ez beraiek; guk geuk baizik.
Banderak eta ikurrinak. Espainiako Errepublikaren bandera jarri zuen norbaitek Donostiako Udaletxeko balkoian apirilaren 13an (azken hiru urte hauetan bezalaxe). Erraldoiagoa jarri dute ikurrina Gipuzkoa plazan. Ez dut ulertu zergatia. Eta altxatzeko garaian, mareatu egin zen Garitano. Hasiera batean uste zutena baino txikiagoa izan da sustoa. Zorionez.
Tortura. José K, torturadorekin gogoratu naiz gaur eguerdian Ciutat Morta dokumentalari buruzko elkarrizketa hau irakurri dudanean: Este documental no debería haber ganado ningún premio. Ematen du inpunitatea jaun eta jabe dela oraindik eremu horietan. Bere garaian, besteak beste, Gregorio Moránek kontatu zuen La Vanguardian.
Hau ikusi ondoren, zer gehiago idatz dezaket. Ezer gutxi.
Distantzia ahanztura dela esaten dute, baina nik gertu sentitzen zaitut.
Besarkada bat.
Cinco años, Javier. Este apunte en castellano.
Garapen teknologikoak desagertaraziko dituen lanpostuak
Martxoaren erdialdean Bill Gatesek emandako hitzaldi baten haritik tiraka, La Vanguardia egunkariak bi orrialde eskaini zizkion gaiari: ¿Trabajo sin trabajadores? (paperean ikusi nuen nik eta sarean harpidedunentzat da soilik).
Ordubete pasatxoko solasaldia izan zuen Bill Gates-ek AEI institutuan eta bertan esan zuen 20 urte barru software automatizatuak oinarrizko hainbat lan egingo dituela eta gaur egungo lanpostu asko desagertu egingo direla.
Hilabete batzuk lehenago, urte hasieran, The Economistek erreportaje luzea eskaini zion gaiari: The Future of Jobs: The Onrushing Wave.
Desagertzeko zorian dauden lanbideak
Pasa den mendeko 70. hamarkadatik, kutxazain automatikoek bankuetako hainbat langileren lanak egiten dituzte, testu prozesatzaileek mekanografoak baztertu dituzte, ahots-teknologiak telefonistak ordezkatu dituzte, logistika eta kontabilitate software-ak kontableak baztertu ditu eta edizio elektronikoak tipografoak.
Zeintzuk dira desagertzeko aukera gehien duten lanbideak? Kualifikaziorik eskasena dutenak eta makinek hobeto eta merkeago egingo dituztenak, noski: teleoperadoreak, estolden mantenimendu lanak, aseguru enpresetako langileak, erlojugileak eta erloju-konpontzaileak, merkantzien karga eta deskarga lanak egiten dituzten langileak, aholkulari fiskalak, liburutegietako teknikariak, datu prozesatzaileak, saltzaileak, kutxazainak, pakete-egileak, mekanikariak, kreditu-analistak, harreragileak, zerbitzariak (kamareroak), gidariak (Google car delakoak Kalifornian), zaintzaileak, tren-gidariak, etxe-saltzaileak, idazle teknikoak...
1eko eskalan, 0,2tik behera aipatzen diren lanpostuak ondorengo hauek dira. Hau da, lanpostu hauek ez leudeke desagertzeko zorian: Suhiltzaileak, 0,17; editoreak, 0,006; elizjendea, 0,008; kirol entrenatzaileak, 0,007; dentistak, 0,004; aisialdirako terapeutak, 0,003.
Oxford unibertsitateko James Martinek dio hogei urte barru Erresuma Batuko lanik erdienak desagertu egingo direla eta ordenagailu eta roboten esku geratuko direla. Carl Benedikt Frey eta Michael A. Osborne bikoteak AEBetako 702 lanpostu aztertu dituzte eta beraiek diote horietako %47 desagertzeko bidean daudela (The Future of Employment... pdf formatuan; laburpen oso grafikoa hemen, Profesionales que serán sustituidos por máquinas).
Erik Brynjolfsson eta Andrew McAfee irakasleek The Second Machine Age argitaratu zuten urte hasieran (bitxikeria bat: Amazon-en ikusi dut merkeagoa dela papereko liburua, e-booka baino; 17 dolar lehenak, ia 22 dolar bigarrenak).
Liburuan irakasle hauek aipatzen ei dituzte makinen bigarren aro honek dituen arriskuak, baina baita aukerak ere. Beraiek defendatutako tesia da iraultza digitala areagotzen ari dela eta gizarte desorekatuagoa sortzen ari dela, batez ere klase ertainei eragiten diolako.
Ludismoa eta selfactina
La Vanguardiako erreportajeak, ludismoa eta selfactina aipatzen ditu (Eric J. Hobsbawmn historiagileak “errebelde primitibo” deitutakoak).
Ned Ludd 1799an hainbat ehungailu txikitu zituen ehule bat izan zen. Sinbolo bihurtu zen eta haren ekintzak ludismoa sortu zuen.
Selfactinen gatazka izena hartu zuen Katalunian: self-acting makinen kontrako protestak, milaka iruleren lanpostuekin bukatu baitzuen ehungailuak. 1854ko uztailaren 14an istilu galantak egon ziren (hainbat fabrika txikitu eta su eman zieten). Azkenik, negoziazio kolektiboa egon zen nagusien eta langileen artean.
Uber: autoa konpartitzeko aukera Bartzelonan
Irratsaioan ez genuen hau aipatu, baina Motorpasion.com webgunean irakurri dut autoa konpartitzeko Uber zerbitzua jarri dutela martxan Bartzelonan. Lehen zerbitzua apirilaren 11n egin zuten eta debalde atera zitzaien (promozioan daude, lehen 15 euroak debalde).
UberPOP zerbitzua da Bartzelonan abiatu dutena: profesionalak ez diren txoferrekin. Dirudienez, AEBetako enpresa honek eskaintzen du beste hiri batzuetan zerbitzua gidari profesionalekin.
Zeintzuk dira txoferra izateko baldintzak? 23 urte izatea, gida-baimena izatea, autoaren aseguru pertsonala eta lau ateko modeloa.
Ez da dirurik eramaten soinean eta aplikazio baten bidez kontratatzen da.
Ez dago batere garbi legala ote den jarduera hau Espainiako Estatuan. Gozoak daudenak taxistak dira eta Bartzelonakoak hasi dira protestak egiten. Frantziako Estatuan, berriz, istiluak ere egon izan dira Uber dela eta ez dela.
Las profesiones que se llevará por delante el desarrollo tecnológico, este apunte en castellano.
Josetxo Mayorren omenez
Homenaje a Josetxo Mayor, este apunte en castellano.
27 urte baino gehiago pasa ditu Josetxok Uliako bideak garbitzen eta konpontzen. Hasiera batean aste bukaeratan, baina erretiroa hartu zuenetik egunero joaten zen bertara goizeko 7:00etatik 10:00etara. Hilean behin egiten zuen kale: pentsioa kobratzeko egunean.
Josetxo Mayor nor zen Ander Izagirrek kontatu zuen Cuidadores de mundos liburuan. Ulian 25 urte bete zituenean, erlojua oparitu zion Donostiako Udalak (lehendik emana zion herritarrei ematen zaien merezimenduzko domina).
Total: gaur goizean abiatu garela Uliara ekitaldia ikustera. Bizikletan lehenengo partea, oinez bigarrena. Ander Izagirrerekin joan gara lagun batzuk eta berak bertan esplikatu dizkigu Josetxoren hainbat istorio. Eta han bueltaka genbiltzala hara zein agertu den.
Ez esan ez dela polita protagonista eta kronista biak batera horrela ikustea! Iloba batek oparitutako Realaren intsignia zuen jertsean eta Donostiako Udalak emandako erlojua eskumuturrean ("el reloj de Bildu" esaten dio berak).
Eta hona hemen Avenida Josetxo famosoa (argazkia David González Ketarirena da, ekitaldian egon zen beste bat). Atzo jakin genuen badagoela Josetxo Bidea esaten dion jendea (avenida ez zaielako gustatzen).
Gero Ulia Interpretazio Zentrora hurbildu gara eta hantxe egon gara ordubetez Josetxoren istorioak entzuten. Bost bat minutuko bideoa bota dute hasieran eta gero jendearen galderak erantzun ditu omenduak. Anekdota mordoa kontatu du eta solasaldi polita egin dugu lagunartean.
Hilabete batzuk daramatza Josetxok Uliako bazterrak garbitu eta konpondu gabe. Aldakan egin ziotela ebakuntza ulertu diot, baina ari da bizkortzen gizona.
Erakusketa ekaina arte egongo da Uliako Interpretazio Zentroan. Argazki batzuk eta bideoak osatzen dute. Xumea bezain zintzoa, omendu nahi duen protagonista bezalakoa.
Oharra: bihar egongo omen da sarean bideoa. Horrela bada, nik hementxe jarriko dut.
Oyarzundik Oiartzunera
ETAk agur esan zuenean aipatu nuen AmaiETA apuntean the organizationen inguruko nire lehen oroimena 1975eko azaroaren 24an Antonio Echevarria (Etxeberria) alkatearen hilketa izan zela. Ume moko bat nintzen eta ez nekien horrek burrunba sortu zuela Oiartzunen. Hainbesterakoa izan zen burrunba Ander Iriartek une jakin hori baliatzen duela filmari izena emateko. Baina gero alkate ohia ez da apenas ateratzen Echevarriatik Etxeberriara filmean.
Zergatik? Oiartzungo ezkertiarrak eta abertzaleak direlako dokumentalean agertzen direnak. Tartean bigarren Etxeberria bat, Rufi, ezker abertzaleko buruzagi historikoa. Baina jende ezezagunak kontatzen duena egiten zait interesgarriagoa niri.
Ixiar Galardik 19 urte zituela eraman zuten kartzelara 1982an eta 20 urte pasa ondoren askatu zuten 2002an (Pareak bai honetan ageri da laburrean haren historia; zeharka 1998ko tregua garaian Las razones de Itziar honetan ere). Dokumentalaren hasieran tinko agertzen da, gogor, baina kamera aurrean pasatako denboraren eraginez edo, eragindako minaz hitz egiten du, baita berak eta ingurukoek pairatutakoaz ere. Zerbaiterako balio ote zuen min horrek guztiak? Zergatik onartzen da orain Espainiako legeria? Zergatik ez ziren urrats horiek askoz ere lehenago eman?
Ixiarrek kontatzen du Joseba Errekalde txikitako lagunarekin harremanak eten zituela hau Aralarko zinegotzi aukeratu zutenean (ezker abertzale tradizionala legez kanpo zegoela uste dut).
EAko zinegotzi izandako Mitxelenari katu beltza jarri zioten etxeko atarian. Ez omen du ezagutzen inor herrian horrelako abisua izanda bizirik dagoena (Echeverria alkateari ere jarri omen zioten hil aurretik, baita hil zuten beste zinegotzi bati ere). Prest dago gizona garai haiek aparkatzeko (ez ahazteko) eta aurrera egiteko.
Parentesia ireki. Ez da filmean agertzen, baina Xanet Arozenaren izena etorri zait gogora. 90. hamarkadan Egan taldeko musikari izateaz gain, EAko zinegotzia. Udaletxea utzi behar izan zuen 1996an taldearen kontrako boikota zela eta. Itxi parentesia.
Bikilaren semea da Ander eta agertzen da Bikila filmean. Makina bat gauza izango zituen kontatzeko ba zaharrak, baina ez zituen kontatu nahi edo semeak ez zuen ateratzen asmatu.
Martiarenaren alaba izandakoa da Lide urte luzez. Preso baten bikote beste hainbat urtez. Bera izaten saiatu da beti Lide Martiarena. Prentsaurrekoan eta jendaurrean agertu da oraingoan, nahiz eta berak ez zuen agertu nahi. Baina beharrezkoa da enpatizatzeko gaitasuna duen jendeak hitz egitea eta jendaurrean azaltzea.
Gazte jenderik ez da agertzen dokumentalean. Aurpegia ez dute ematen behintzat, baina bai jartzen duela ahotsa gazte batek izandako torturak kontatzerako orduan.
Bi teoriko ere azaltzen dira: Joseba Zulaika (bideo-konferentziaz) eta Ludger Mees.
Chema Herzog zegoen jende artean. Esango nuke semearekin joan zela filma ikustera. Meritua badu tipoak ezker abertzaleari buruzko film bat ikusteko interesa izateagatik. Anderrek gogoratu zuen proiekzioaren ondorengo solasaldian ondo ikusten dugula horrelako pertsonen ahotsak PPn, baina toki guztietan behar-beharrezkoak direla ahots diferente horiek.
Periodiko batzuetan agertu da Anderrek berak gaur egungo Oiartzungo alkateari botatako galdera. Ea Antonio Echeverriaren aldeko oroigarririk ikusteko aukera izango ote dugun egunen batean herrian. Baietz Aiora Perez de San Romanek, beharrezkoa dela min guztiak aitortzea.
Irakurri ditut hortik zehar hainbat komentario filma oso alde batekoa dela eta ezker abertzale anitza agertzen duela. Nire ustez horiek biak dira ba interesgarri egiten dutenak dokumentala. Luzeegia dela? Tira. Inperfektua? Bai, lehen lana du Anderrek eta.
Lagun batek, Joserra Senperenak, esan zidan pelikulak Asier ETA biok filmaren freskotasuna zuela. Agian zuzendariak kanpoan pasatako urteen eraginez.
Espero dezagun Oiartzun bezalako herri batean pelikula honek mingainak eta gerriak askatzeko balio izatea.
De Oyarzun a Oiartzun, este apunte en castellano.
Aldaketak Internet bidezko sarrera salmentan Gipuzkoan
Dirudienez, Kutxabank-ek erabaki du albo batera uztea Internet bidezko sarreren salmenataren negozioa eta, Gipuzkoan behintzat, aste edo hilabete batzuk barru Kutxasarrerak-ek ez du zerbitzurik emango. Orain arte erakunde horrekin kontratua zutenek, hornitzailearekin konpondu beharko dira, hala nahi izanez gero. Ez dakit zein den arrazoia, baina nik behintzat ez dut ulertzen.
Gauzak horrela, Diario Vascok egin du mugimendu bat. Vocentok egin duela esango nuke: oker ez banago, entradas.com webgunea taldekoa baita (oharra: ba ez dirudi Vocentorena denik, albiste honen arabera CTS Eventim talde alemaniarrak erosi berri du).
Ikus dezagun Elkano Browning Cream-en kasua:
1.- Elkarrizketa bat eman dio taldeak El Diario Vascori eta bideo bat ere badago. Alde horretatik ez dago berrikuntzarik.
2.- Baina erreparatzen badiozue, badago lotura berri bat albistean: sarrera salmenta. Orain, Le Bukowski-ko emanaldirako sarrerak entradas.diariovasco.com-en eros daitezke (baita hemendik kanpoko beste emanaldi batzuenak ere).
Sarrera salmentaren lotura hori egunkariaren webgunearen azaleko menuan dago ere.
Urrats estrategiko bat da. Ona, gainera.
Nire zalantza: beste norbait espabilatuko al da?
Cambios en la venta de entradas online en Gipuzkoa, este apunte en castellano.