Durangon goiz pasa
Bost urte joan dira Durango Azokatik pasa gabe eta aurten bertara hurbiltzea erabaki dugu etxean.
Autoa inguruko aparkaleku batean utzi eta Landakon sartu aurretik ebakia hartu dugu Plateruenan. Gero, toki batetik bestera ibili naiz, erosten eta jendea agurtzen.
Lehenengo erosketa, Xabier Soubelet, Baztango lapurtarraren Oroitzirriak liburua, Maiatz aldizkariaren postuan, Luzien Etxezaharretaren eskutik.
Bigarren parada, Alberdania argitaletxearen postuan. Bertan, Inazio Mujika agurtu ondoren, bi liburu erosi ditut: Ramón Zalloren "El Pueblo Vasco, hoy" eta Joxerra Garziaren "Kurrin-kurrun vitae. Maisu baten ikarak eta ostikarak".
Hirugarren geldialdia, Susa. Bertan zeuden Patxi Gaztelumendi eta Paddy Rekalde. Paddy-ren "Ragga-ragga dator gaua" erosi eta sinatu dit autoreak. Gainera, Jon Alonsoren "Erretzaileen eremua" erosi dut. Gorka Arrese editoreak Pablo Sastreren "Elurretan hotsak" oparitu dit. Katalogo txukuna ere agertu da paperezko poltsan.
Laugarren geldialdia, Gure Irratiak pairatu duen azken ezbeharrari aurre egiteko sarrera nagusian zegoen Juan Etxenike aspaldiko laguna agurtzeko. Eskerrak Durangoren aurretik gertatu den, bota dit Juanek.
Bosgarren geldialdia, Julen Gabiria idazlea eta Asier Sarasua blogaria agurtzeko.
Seigarren geldialdia, Nabarra aldizkariaren postua. Aspaldian egiteko nuena egin dut: harpidetza-orria bete. Pare bat ale atzeratu eta bibragailu bat eman didate opari.
Etxetik eramandako dirua xahutzen ari nintzen eta, okerrena, musika eremua oraindik zapaldu gabe. Hemen ez dut gehiegi gastatu, baina bai saludatu dudala Jitu, Leire eta Kuki.
Gaztelupeko Hotsaken postuan ezin izan naiz erriprimitu, ordea. Mugaldekoak eta Hauxe erori dira poltsara. Gainera, eskaintza ona aprobetxatuz (katalogoko zaharreko 3 CD 6 eurotan), Txuma Murugarrenen bi eta Kokein taldearen azkena ere erosi ditut.
Centro Palentinora joan aurretik, Pamiela argitaletxearen standean erosi dut autoreak sinatu didan "Hyde Park-eko hizlaria", Jimu Iturralderena. Gustura asko jasoko nuen egilearen sinadura, baina ezinezkoa izan da Joseba Sarrionandiaren "Ez gara geure baitakoak" liburuaren ale sinatua eramatea. Opari gisa, Bernardo Atxagaren "Fontainebleau Hotel, Miami".
Centro Palentinoan tragoa hartzen ari ginela, Julen Gabiriaren deia. Plateruenan elkartu gara Txuma Murugarrenekin.
Txumak oparitu dit "Larrialdietako irteera" liburua eta Xarrak Kataluniako Conxita taldearen Conxita: amb lletra petita diskoa.
Halako batean, atera naiz Landakotik. Atera aurretik, oraintxe gogoratzen ez dudan zein unetan, Erein argitaletxearenetik pasa naiz eta Xabier Etxaniz Rojoren "Nork bere ozeanoa" eskuratu dut.
Musika entzutea ez da zaila, baina, orain kontua da noiz demontre irakurri behar ditudan liburu guzti hauek.
Dena den, gustura bueltatu naiz etxera.
Terrorismoa eta Espainiako komunikabideak
Atzo, Berria erosteaz aparte, La Vanguardia erosi nuen. Asteazkenean kultur gehigarri interesgarria plazaratzen zutela entzuna nuen eta atzokoak, behintzat, itxura ona zuen.
Egunkariaren atzealdeko kontran, Elkarri utzi eta Baketik zentroko zuzendari lanetan dabilen Jonan Fernandezi (eskerrik asko Imanol loturagatik) eginiko elkarrizketa. "Ser humano en los conflictos" (Alianza) liburua aurkezten dabil eta hori izan da Lluís Amigueten aitzakia elkarrizketa burutzeko.
Fernández baikor agertzen da prozesuaren bilakaerari dagokionez. Kazetariak prozesua geldirik dagoela esaten dioenean, berak ezetz: "Informazioa daukat. 25 urte daramatzat gatazka gertutik jarraitzen eta nire iturri propioak ditut negoziazioetan eta ziur egon beraiek baieztatzen didatela prozesuak aurrera darraila, baina, batez ere, ez dagoela atzera bueltarik". Jonanen ustez, euskal gizartea gatazkaren aurretik doa, bost urte aurrerago.
Florencio Domínguezek, berriz, "El campanero" zutabean, tesi askoz ere ezkorragoa maneiatzen du. Honen ustez, ETArekin abian den elkarrizketa saioa gelditu egin zen duela ia bi hilabete. ETAk zein Batasunak, 2004 urtean, rolen banaketa adostu bazuten ere, the organizationek nork agintzen duen jakitera emateko beharra sentitu du.
Gauzak dauden bezala, bi iritzi kontrajarri hauek egunkari berdinean kaleratzeko jarrera positiboa dela uste dut.
Filiak eta fobiak
Astearte gauean Noche H, Eva Hachek Cuatron aurkezten duen saioaren zati bat ikusi ondoren oheratu nintzen. Hasieran badu (ustezko) komentarista politiko bat. Txantxa da nagusi programan, baina euri zaparradak baino gehiago bustitzen dute / dira. Venezuela eta Espainiako gobernuen artean norbaitek haizatu duen azken krisi diplomatikoari buruz ari zirela, ez dakit zenbat ETAko militante ohiren kontura, aipatu komentaristak pare bat aldiz esan zuen: "ETAko abokatuak", pertsona horien abokatua izendatzeko.
Horrelakoetan beti daukat gogoan Antoni Batista kazetari katalanak 1999 urtean argitaratutako "Diario privado de la guerra vasca" liburuan dioena. Euskal Herritarrok sortu zenean, egunkariko nagusiekin izandako elkarrizketa baten zati hau ageri da liburuaren 216. orrialdean:
-Mesedez, gauzak dauden bezala, ez dut nire sinadura duen testu batean banda terrorista edo banda criminal edo proetarra agertzerik nahi. Onartzen dut nahi duenak horrelakorik erabiltzea, baina nik irakurri berri dut tesi bat (Unibertsitatean) hori kaltegarria dela argudiatuz.
-Baina badira, proetarrak dira.
-Eta zergatik ez duzu jartzen, PSOE beharrean, partido pro-GAL?
-Beste gauza bat delako. Beno, batasunos jarriko dugu.
-Izena aldatzen ari badira, albistea izen-aldaketa da. Gainera, informazioa ematen ari bazara, zergatik jarri nahi duzu batasunos, mespretxagarria dena.
Ez dakit non dabilen Antoni gaur egun. Kataluniako aurreko gobernuan, Bargallóren prentsaburu izan zen.
Garai batean, behintzat, Javier Ortiz edota Antoni Batista kazetariek bazuten zer esana El Mundo eta La Vanguardia bezalako egunkari indartsuetan, baina Juan Goytisolok kultur gehigarrian dioen bezala: "Mende erdi egin zen atzera Aznarren garaian". Zoritxarrez.
Tila eta pazientzia.
Diego Vasalloren letra bat
Euskararen Eguna pasa denez, gaztelerari heltzeko prolemarik ez.
Berri Txarrak taldeari eskainia.
Esta luz, este instante
Línea de luz
horizonte de antenas
canciones de cuna
relojes de arena.
Sueños que viajan
en autobuses dorados
sol de la tarde
sobre campos quemados.
Marquesas con alma
de piel de hojalata
y colecciones de amantes
en cajitas de plata.
Estaciones de pueblo
con trenes parados
un ex ministro
con un carrito de helados.
Cielos cansados
paisajes ardiendo
espantapájaros locos
gritándole al viento.
Golondrinas de luto
y tres desertores
de una convención
de enterradores.
Trapecistas cojos
con referencias
corazones rotos
en salas de urgencias.
Una mesa apartada
de un bar en venta
el futuro arrastrado
por la tormenta.
Un parque vacío
un confesor ambulante
este hilo de vida
esta luz, este instante.
Iruñan Donostian baino hobeto
Kontua ez da gaurkoa. Hiru hilabete atzera egin beharra dago. Uste baino gehiago luzatu den uda (naturalaren) amaieran. Igande arratsaldea. Lagun talde bat. Betiko kontuak aipatu genituen, baina badago bat oraindik burutik kendu ezin dudana.
Taldeko batek urtebete darama lanean Gipuzkoan, Komunikazioaren esparruan. Aurretik hiruzpalau urte egin zituen eremu berdinean Nafarroan. Eta nazkatuta zegoen hemen topatu duenarekin.
Laguna, agian Stockholm sindromearen menpe, askoz hobeto zegoen Iruñean Donostian baino.
Baga
Askoz ere hobeak omen dira Sanz-ek eta Barcinak dituzten lan-taldeak; kaskarragoak, diferentziaz, Gipuzkoan dauden agintariak (Udala, Aldundia, Kutxa…)
Biga
Iruñako Udalean abertzaleek uste baino botere gehiago dute. Gai dira behar den tokian Barcinari kontuak eskatzeko, batzarretan estu hartzen omen dute.
Higa
Obreroen bi ekarpen azpimarragarri: lehiakortasuna eta lana eta familia uztartzeko aukera gehiago. Kexatzen zen zaila delako Gipuzkoan aurkitzea Nafarroan lansaioak antolatzeko zituen erraztasunak.
Laga
Kutxa eta CAN. Antzeko-parezido. Murtzian gure diruarekin espekulatzen duen erakundeak apustu berritzaileak laguntzeko duen kemen falta aipatu zidan.
Boga
Hau nirea da: Iruñako kontuak ezagutzen ez baditut ere, Gipuzkoako boterea lau teklajole kaskarren esku ikusteak min ematen dit.
Duela hamar urte Napartheid aldizkariaren leloa gogoan ("Soweton, Euskal Herrian baino hobeto"), nire lagunari jarraikiz esan daiteke, berriz: "Iruñan Donostian baino hobeto".
Ea zer dioen Loretxoak
Duncan Dhu, duela hogei urteko kontuak
Astelehen gauean, Donostiako Udalaren Batzar Aretoan aurkeztu zen Juanra Vilesek idatzi duen "Duncan Dhu. Crónica de un éxito (1984/89)" liburua. Aurkezpen instituzionala erabat: Ramon Etxezarreta, Kultura zinegotzia; Ignacio Casado, SGAEren delegatua; Mitxel Ezquiaga, guardiako kultur kazetaria eta Viles bera. Aurrealdeko eserlekuetan, PNV, PP, EA eta PSEko zenbait zinegotzi. Aulki gehienak beteta. Jende asko.
Berandu iritsi nintzen, baina egileak berak kontatutakoa entzuteko garaiz. Liburua esku artean izan nuen, (Fundación Autor argitalpenaz arduratu dela kontutan hartuz, ez dakit zer nolako zabalpena izango duen), baina ezin izan nuen bat eskuratu. Viles Bankoa banketxeko Prestakuntza arduraduna da gaur egun eta liburuaren solapan alkandora eta gorbata urdina soinean duela ageri da, Donostiako parke bateko aulkian eserita, eguzkipean.
Garai baten kronika dirudi, Juanrak bere buruarekin kitatu beharreko zorra. Denbora asko pasa da eta, haserreak alde batera utzita, taldeko hiru kideen argazkia azaldu zen atzo Gipuzkoako zenbait komunikabidetan. Ezquiagak aurkezpenean aipatu zuen zubiak eraiki behar diren garai honetan argazki ederra osatzen zuela hirukoteak. Berak badio horrela izango da. Amen.
Gazte denboran gorroto nuen talde hau. Irunen Kortatu eta enparauak entzuten genituen. 1986an, errematerako, "Canciones" diskoa oparitu nion nire nobia izandako bati (berriro nire nobia izateko), baina ahalegin ustela izan zen. Ondorioz, gehiago gorrotatu nituen.
Handik urte batzuetara, 90. hamarkadan, diskoa entzuten hasi nintzen. Urte gehiago pasa ziren eta hamarkada horren bukaera aldera, Erentxunek eta Vasallok gidatzen zuten taldeak Victoria Eugenian eman zuen kontzertuan egon nintzen.
XXI. mendearen hasieran ez hori bakarrik: haiei buruzko liburuaren aurkezpenean egon naiz, Vasalloren diskoak erosi eta entzuten ditut, Erentxunen kontzerturen bat edo beste ikustera hurbildu naiz… Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!
Post Scriptum: Hau idatzi gabe ezin dut sosegurik hartu. Musikari ezberdinekin egon nintzen aretoaren atzealdean, paretik pasatzen ziren pintxo eta edalontzi urrien likidoa tokiz aldatzen (barrura). Gogoa ematen zuen Casadorengana hurbildu eta esateko: "Casado jauna, hona hemen Donostiako zenbait musikari". Hari begira, berak musikariekin eta nik Pakistango herriarekin harreman berdintsua dugula baitirudi.
Gazte bortitzak
José Miguel Leo gizarte hezitzailearen hitzaldi batean egon nintzen pasa den ostiralean Donostian. Interesgarria izan zen Bartzelonako irakasle honen solasa entzutea. Oraingoan ere apunteak hartu nituen. Denboraz larri nabil eta ezin izan dut itzulpenik egin. Gaztelerazkoa hemen dago.
Norbait animatzen da euskaraz jartzera?
Hitzaldiaren titulua: Nerabezaroa. Bortizkeria eta gizartea. Joan-etorriko bidaia.
Laburpena: indarkeria jaun eta jabe den gizarte batean zer nolako gazteak sortuko ditu bada?
Estekan zenbait libururen erreferentzia, DVn argitaratutako elkarrizketa bat eta beste zenbait kontu.
Duela ia zazpi urte
1999ko azaroko azken igandea zen. Gaur bezala Donostiako Maratoia hiriko kaleetan. Goizean periodikoaren bila abiatu nintzenean, ojoplatiko geratu nintzen kioskoan egunkari baten azala ikusi nuenean. The organizationek bukatutzat eman zuen orduko su-etena. Azaroaren 29a izan zela esango nuke.
Hainbeste haserretu ninduen notiziak, une hartan bertan erabaki nuela, egoerari buelta emateko, Kursaalen kontzertua eskaini behar zuen Compay Segundo xaharrenera joatea. Sarrera gutxi gelditzen ziren eta garestienetakoa erosi behar izan nuen.
Espero dezagun halako gauzarik ez gertatzea berriro. Irlandako azken egunetako gertakizunek demostratzen dute duela hamar urte abiatutako bake prozesuak han ere arazoak dituela. Hemen, berriz, gehiago. Besteak beste, Espainiako bigarren alderdi politikoagatik (atzo ere manifestazio jendetsua Madrilen, prozesuaren kontra).
Apenas dugu prozesuan ari diren eragileen informaziorik eta jendaurrean egiten ari diren eszenaratzea hirugarren mailakoa dirudi. Kezkatzen nau hemen ez dagoela prozesuaren alde dagoen jendea biltzeko inolako mugimendurik edo liderrik. Hau da, prozesuaren alde egon daitekeen ideia ezberdinetako jendearen bultzada edo presioa behar izanez gero gizartea kalera aterako duen lidergo falta sumatzen dut.
Aurreko su-etenean sarea, internet, ez zen apenas esistitzen, 1.0 zen. Gaur egun 2.0 da. Honetarako ere erabil dezakegu. Ez zait otutzen, une honetan, zer egin horrelako mugimendu boteretsu eta plurala sortzeko, baina komeniko litzateke jendeak horri buruz hausnartzea.
2.0 bake prozesu baten aldeko ekimena.
Millás eta Bestiarium Gastronomicae
Asteartean Juan José Millás idazlea egon zen Donostian argitaratu berri duen Laura y Julio eleberriari buruz hizketan. Goizean Madrilgo aireportutik Hondarribiara etortzeko izan zituen arazoak ederto gaindituz, arratsalde bikaina pasa genuen Millás-ekin egoterik izan genuenok. Aretoa 130 lagunez bete zen eta Eduardo Yáñez kazetariak ez zuen gehiegi zirikatu behar izan, idazlea gai baita lasai asko 15 minutuz jarraian hitz egiteko, tartean une gorenak lortuz. Adibidez, aitak, inflazio garaietan, Espasa entziklopedia erosi zuela kontatu zigunean eta nola bera intelektualki elikatu den aipatu entziklopedia irentsiz; edota botiken prospektuak, autopsiak eta espediente klinikoak literatur generoekin parekatu zituenean (poesia, kontakizun laburra eta eleberria, hurrenez hurren, oker ez banago).
Asteazkenean, berriz, KMra joan nintzen Bestiarium Gastronomicae erakusketaren inaugurazio-ekitaldira: Gyula Madarâsz hungariar ornitologoari buruzkoa da eta José Belmonte, Andoni Luis Aduriz, Usagi Enoki eta Harkaitz Cano aritu dira, besteak beste, dena moldatzen.
Ekitaldira joan aurretik, goizean, Konatxeren blogean irakurri nuen Rafael García Santos kalifikaezinaren Lo mejor de la gastronomía azokari buruzko apuntea. Arzak eta Aduriz sukaldariak feria horretatik kanpo daudela aipatzen zuen Hasierrek.
Bertan utzitako erantzunean Mugaritz jatetxera behin joan nintzela bazkaltzera gogoratzen du eta zorte eskasa izan nuela. Aldameneko mahaian Rafael Pantagruel eta Fernando San Martín erori zitzaizkidalako. Bikote horrek izorratu zidan bazkaria.
Ez da lehenengo aldia Adurizi buruz hemen idazten dudala. Eta ez dut uste azkena izango denik: tipo hau azkarra da eta ez dio hainbeste begiratzen diruari, negozioari. Goi mailan horrelako sukaldariak behar ditugula uste dut.
Oharra: bide batez, bikaina da ere Alberto Moyanok feria hori buruz blogean idatzi duena.
Neneh Cherry Realaren ajeen aurka
Azaroaren 22ko oharra: gune honek arazoak izan ditu azken bi egunetan. Gaur, asteazkena, igo dut sarera, baina astelehenerako aurreikusita zegoen apunte hau.
Realaren martxa hain da penagarria, futbol zelaian egon ondoren eta etxera joan aurretik, beste planen bat egin beharra dagoela astea behar den bezala bukatzeko. Atzoko plana Neneh Cherry abeslariaren kontzertura joatea izan zen. Eta asmo hori ez nuen nik bakarrik izan, 700 lagunek bete baikenuen atzokoan Gazteszena aretoa. Cherryk 42 urte ditu eta senarra eta beste zenbait lagunekin osaturiko CirKus taldearekin batera etorri zen Donostiara. Gustatu zitzaidan emanaldia, baina hobeto egon zen duela zenbait urte Victoria Eugenian eskaini zuena.
Wikipedian begira ari nintzela, Neneh Chelsea taldeko zale dela irakurri dut. Beti irabazten duen talde baten jarraitzaile izatea ez da zaila. Meritua Realeko zaleek dugu.
Bakero etxera bidali ondoren, Lotinaren lehenengo partidan politto aritu ziren txuri-urdinak, baina ilusio hori desagertu egin da. Galtzea merezi ez bazuten ere, Vila-real taldea gailendu egin zen egun hartan ere Anoetan. Atzo ez zen hori gertatu, baina gutxi falta zitzaien Iruretak entrenatzen dituen Betiseko mutilei hiru puntuak Andaluziara eramateko.
Azken aste hauetan, John Toshack ahoberoaren bi zutabe irakurri ditut eta ados nago berak bertan esandakoekin. Realaren kide garen guztiok argi izan beharko genuke zer den talde hau. Ezinezkoa da Getafe, Malaga eta beste zenbait tokietako erdipurdiko jokalariez betetzea aldagela. Kanpotik ekarritako hiruzpalau jokalari onak behar ditugu, beti berdegunean egon beharko luketenak (bere kalitateak hori eskatzen duelako). Gainerako bizkarrezurra etxeko jokalari beterano eta gazteen nahasketa beharko luke. Reala hori dela konturatzen ez den bitartean, gainbeheran jarraituko dugu. Miguel Fuentes eta konpainiak beste Reala dute buruan (edo hori dirudi).
Gainera, ez dut uste oso garbi dutenik nortzuk joaten garen igandero estadiora. Dirudienez elite ekonomikoa garela uste dute. Izan ere, 30.700 euro balio duen auto aleman baten propaganda jarri ziguten domekan eserlekuan. Nori begira ari dira? Realeko jokalariek erabili dituzten autoak salgai ere bazeuden txartelan (42.000-44.000 euro bitartean), baita 3.900 euroko gangaren bat ere, baina azalean 30.700 euro balio dituen autoa.
Hori ez da Reala. Chelsea izango da?
Paule Sodupe eta Eduardo Madina
Bake prozesuaren gorabeherak komunikabideen bidez zabaltzen diren bitartean (ez digute ezer kontatzen, baina hortxe ari dira egunero alde guztiak zipli-zapla, giroa nahasten eta gu denak nazkatzen), gaur goizean irakurri dut Miel Anjel Elustondo kazetariak aste honetako Argian publikaturiko elkarrizketa. Elkarrizketatua hiru presoren ama den Paule Sodupe andre mutrikuarra da.
Auzitegi Nazionalean Eduardo Madinak atentatuaz esandakoak entzun ondoren sentitu nuen antzeko zirrara sentitu dut. Berdin du bakoitzak zer pentsatzen duen, berdin du haiekin ados gauden edo ez, baina zirrara sortzen dute biek ala biek.
Gazteleraz jarri dut jada elkarrizketaren lehenengo flasha. Bihar, edo etzi, gainerakoa jarriko dut.
Zirraragarria da ere Gabriel Arestiren poema hau:
Etarren ama urrikariek / bakea dute merezi / bihotz-ikara izugarrian dardaraz baitira bizi. / Etarren amek asko sufritzen dute. / Andre hauen bihotzean / kabitzen da / munduko min guztia.
(...)
ETArren amek / asko sufritzen dute, / semeak hiltzen dizkietenean / eta batez ere /semeek hiltzen dutenean.
Joxepa Mendizabal Zaldibian