Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Joseba Sarrionandia Euskal Herriaren bila

Joseba Sarrionandia Euskal Herriaren bila

Mikel Iturria 2007/01/07 17:57

En castellano

1998ko urriaren 21 eta 22an Euskaldunon Egunkaria periodikoan Sarrik argitaratutako artikulua da hau. Titulua: “Euskal Herriaren bila”. Une hartan ETAk su-etena aldarrikatu berri zuen, Aznar presidente eta Mayor Oreja Barne ministro ziren garaian.

Dakigunez, Auzitegi Nazionalaren ekimenez periodikoaren webgunea desagertu zen saretik. Gaur artikulua topatu dut ordenagailuan eta sarean jartzea erabaki dut. Izan ere, Sarriren horrelako material gutxi dago amaraunean. EUSKAL HERRIAREN BILA

Erbesteko pasarte bat. Ama eta alaba ispiluaren aurrean, ezpainak pindatzen. Alabak zazpi urte ditu, gurasoen erbestean jaio zen, gurasoak aspalditik Euskal Herritik urrun eta klandestinitatean bizi dira. Umeak euskaraz egiten du etxean eta erdaraz eskolan, euskalduna dela erakutsi diote euskaraz, baina ez du hitz horrentzat itzulpenik erdaraz, gurasoek inoiz esan ez diotelako. Hala ere nazionalitateaz arduratzen da azken aldian, badirudi hutsuneren bat nabaritzen duela hor. Goiz batez, ama ezpainak pindatzen ari dela, umea alboan eseri zaio logelako ispiluaren aurrean, ezpainak errimelez gorriztatzera, amak bezala. Orduan aita heldu da:

  • Aita, gu espainolak gara, ezta? -diotso umeak logelara sartu berria den aitari.
  • Zergatik? -galdetu du aitak, harrituta.

Eta haurrak:

  • Ezpainak pindatzen ditugulakotz...

Gartzelako pasarte bat. Puerto de Santa Mariako gartzelaraino heldu da ama, aspaldian preso den semea bisitatzera. Trenez, bi eguneko bidaia astuna izan da. Sartzeaz batera abisatu diote semea zigortuta dagoela, bost minutuko bisita besterik ez duela. Sartzeaz batera metaldetektorea pasatu behar izan du funtzionarioen aurrean, lauzpabost bider pasatu behar izan du metaldetektorearen paretik bisitetara sartzeko baimena jaso arte. Bisita kabinara ailegatzean funtzionarioak esan dio:

  • Si hablan en vasco se interrumpe la comunicación.

Zain egon da apur batean. Orduan semea ailegatu da, argala, ilea motz-motza, beltzarana, hala ere irribarrez. Eseri orduko, eskua atzamarrak zabalduta ipini du kristalaren kontra, amak entzun ez duen zeozer esan du mutikoak. Funtzionarioak ez du oraindik ahotsa alde batetik bestera pasa dadin sakatu behar duen interruptorea sakatu.

  • Etxean zer moduz, ama?

Orain bai, entzun du:

  • Ondo, oso ondo...

Eta mutilaren ezpainei begira geratu da, mugitzen ari dira, baina ez du deus entzuten.

  • Queda interrumpida la comunicación por hablar en vasco.

Mutilak atzamarrak zabaldu ditu berriro kristalaren kontra, amak eskua eman nahi dio, kristal lau eta hotza besterik ez du ukitu kristalean...

Bi funtzionario etorri dira semearen bila, eraman dute, atzerunzka begira joan da. Ama, begitik malko lodi bat dariola geratu da kanpoaldeko funtzionarioen zain.

Iparraldeko pasarte bat. Anitz ziren etxean eta II. Gerla Handiaren ondoren Parisera joan ziren lan bila, bakoitza bere aldetik, Parisen topo egin, ezkondu eta seme-alabak izan zituzten. Zahartzaroan ia, erretreta hartu eta sorterrira itzuli dira. Euskaraz hitz egiten dute hegoaldeko mutilarekin:

  • Gerlaondoa gogorra izan zen eskualde huntan -dio gizon zaharrak.
  • Ez jan ez mintza... -dio andereak, esaldia aidean utziz.
  • Guk umetan baginuen zigorra eskuaraz mintzatuez gero, anti deitzen zen, frantsesez bertzerik ezin ginuen egin eskolan...

Bestela, antia ezartzen zitzaion umeari.

  • Eskualdunak ginen etxen -dio andereak-, baina atetik kanpora frantses izan behar...

Handiak eta tipiak

Oztopatutako identitate baten bila dabil pasarteotako jendea. Euskaldunak Euskal Herriaren bila gabiltza aspalditik. Estatu nazionalak eraiki eta finkatu ziren sasoian kanpoan geratu ginen eta hor iraun dugu, estatu propiorik gabeko herrikoak, hiritar espainol edo frantses bihurtzera behartuak.

Munduan badira nazio handiak, nazioi tipiak, eta nazio ikustezinak. Espainia eta Frantzia nazio handiak dira. Nazio handiek biztanle asko dituzte, konkistak egin dituzte historian zehar, El Cid eta Roland, El Duque de Alba eta Napoleon Bonaparte lako pertsonaia famatuak dituzte, nazioartean aintzat hartuak dira eta ez da diren ala ez diren zalantzarik planteatzen.

Nazio tipiek, ostera, biztanle guti dute. Irlanda eta Estonia dira, esaterako, nazio tipiak. Zatituak eta itxuraldatuak izan dira historian zehar, estatu propioa galdu ere egin dute sarritan, halako pertsonaia guduzale ospetsurik ez dute, eta apur bat bildurtuta bizi behar dute nazio handi bat alboan tokatu bazaie, tipitasunaren ondorioz, deskuidatuez gero, nazio diren ala ez diren ere zalantzak planteatuko zaizkielako. Nazioartean, hala ere, aintzat hartuak dira beren maila apalean.

Nazio ikustezinek nazio tipien ezaugarri eta arazoak dituzte, baina estatu propioa ere galdu dute, nazio handiek zapaldu eta tapatu dituelarik, edo ez dute estatu propiorik inoiz izan. Historiarik gabeko herriak dira, historiagile dezimononikoentzat. Nazio diren ala ez diren zalantzak dituzte, baina beren kexu eta asmoek oihartzun eskasa dute nazioartean, nazio handiek ikustezinak eta entzunezinak bihurtzen dituztelako.

Nazio handiak oso harroak dira, badituzte zeremoniak ugari beren larderia erakusteko, baina beren harrokeriarik handiena inkontzientea da: beren nazionalismoa hainbesteko naturaltasunez bizi dute, hain oharkabean ze, sarritan konfunditu egiten dutela beren kultura propioa kultura unibertsalarekin...

Nazio ikustezin eta entzunezinek batzuetan, tranpan erorita, auzoko handiaren kulturara integratzen dira, kultura unibertsalera integratzen direla ustez.

Aranismoa eta unanismoa

Euskaldunoi zaila egin zaigu gizarte modu zaharretik irten eta modernotasunera sartu ahala euskaldun izatea modu natural batez, espainoltasuna edo frantsestasuna inposatu zaizkigu beti aurrerapauso lez. Baina espainol edo frantses ere ezin izan gara bilakatu modu naturalean, gure zati bat abandonatu ezik, bai Espainia bai Frantzia estatu nazionalistak izan baitira beti. Beraz, modernotasunak eta munduan parte hartu beharrak bi alternatiba zeharo desberdinen artean aukeratu beharra planteatu digu euskaldunoi. Momentu historiko kritikotan hor ditugu aukera biak beren gorrian. XIX. mendearen amaiera aldean eta XX. mendearen hasieran esate baterako Sabino Arana eta Miguel de Unamunoren jokabideak nabarmendu ziren, lehenak euskaltasuna aukeratzen zuela konplexuz eta artifizialtasunez betetako proiektu batean, eta bigarrenak euskaltasuna abandonatu eta euskaldunok espainoltasunaren erroa bihurtu nahi ginduela.

Euskal Herrian izan dugun tradizio espainola gutitu eta despreziatu beharrik ez dago. Tradizio aberatsa da, eta, bere eran, euskalduna. Baiona eta Bilbo euskaldunak diren eran behintzat: Miguel de Unamuno, Pio Baroja, Tomas Meabe eta oraingoak. Tradizio euskaldun horrek unerik larrienetan beste aurpegi batzuk erakutsi dituen arren, zeren eta 36an, esate baterako, Miguel de Unamunok ezin izan zuen ezer egin, bere bizitzaren azken egunetan, Salamancan, ahalegindu zen arren, Millan Astray tradizio horren ordezkaririk behinena izan ez zedin.

Alternatiba bikoitz hori hor izan dugu euskaldunon historia estuan zehar batzutan larriago eta bestetan leunago, aspaldiko mendeetatik hona. Gerla lez, frankismoa bigarren alternatiba inposatzeko ahalegin iraunkor bat izan zen, bai aranismoaren eta bai unamunismoaren aurka. Frankismoak bere lana egin zuen euskaldungoa desegiteko, eta, giza-jendeak egiten dituen ekintzak sarritan ustekabeko ondorioak dituelarik, euskaldungoa desegin zuen hein batean, baina berbiztu ere egin zuen, ustekabean.

Jende askok uste zuen, frankismoari esker, sintesi bat lortuko zela bi joera horien artean, azkenerako posible izango zela euskaldun modu natural batez izatea. Bi tendentzien arazoak termino politikoetan autodeterminazioarekin eta demokraziarekin konponbide zibil erraza izango zuela. Euskaldunak ez zuela abertzale izan beharrik derrigorrez, baina ez zen hala izan, euskaldunak erresistente egoskorra izaten jarraitu behar izan du. Eta euskaldun espainiazaleak jarraitu du, hau ere ez zen espero, ez bakarrik Miguel de Unamuno aipatuz, baizik eta, geroago eta gehiagotan, Millan Astrayren kapotepean ezkutatuz.

Orain, uda hondar honetan heldu diren albisteekin, esperantzaz betetako aukera aurkeztu zaigula ematen du. Lehenengo tradizioaren oinordekoek proposatu dute, baina bigarren tradizioaren oinordekoek ere onartu beharko lukete. Bai batzuek bai besteek Euskal Herria bilatzeko proposamena da. Batzuek bakarrik bilatuez gero herri zati bat besterik ez lukete aurkituko. Denon artean igual osoa aurkituko dugu.

Pentsatzekoa da Miguel de Unamuno gusturago sendituko litzatekeela eta batez ere libreago Millan Astrayren konpainiarik gabe. Millan Astray baita, oraingoz, legez, Konstituzio Espainolaren begiralea. Ez Miguel de Unamuno.

Autodeterminazioa

Autodeterminazio hitza apur bat extrabagantea da. Ematen du berezko eskubidea dela, baina eskubideak ez dira berezkoak, baizik eta jendearen lorpen, izerdi eta odol truke atzemanak. Euskaldunok ez genuke autodeterminazio eskubiderik euskaldun lez identifikatuko ez bagina eta euskal herriari tankera politiko bat emateko borondate kolektiborik ez bagenu. Hau da, ez genuke autodeterminazio eskubiderik, egunero autodeterminatuko ez bagina.

Azken batean, nazionalitatea, autoidentifikazio edo autodefinizioan besterik ezin da oinarritu. Bere burua euskalduntzat duena euskalduna da, eta kito. Antropologiak eta historiak ikaragarrizko lana egin ohi du, munduko politikagune guzietan, herritasunaren eta historiaren testigantzak jasotzen, moldatzen eta ber asmatzen. Antropologo eta historiagileen jakituria eta kreatibitatea ukatu beharrik ez da, baina nahiko absurdoa da gaur egungo arazo politikoak erudizio espekulatiboaren eskuetan uztea, gizarte zibilaren eskuetan utzi beharrean, XX. mendean, jendea orohar nahiko kulto eta intelijentea denean.

Utz ditzagun El País-ekoak milenarismoaren ipuinekin, eta euskaldunen gogoa desmitifikatzeko asmatzen dituzten beste mitoekin. Zergatik garen euskaldunak? Arrazoi sinple batengatik, gure burua Espainia delako komunitate horren edo Frantzia delako komunitate horren partaide ezik, Euskal Herria deitzen dugun komunitate ikustezin eta entzunezineko partaidetzat dugulako.

Arrazoi demokratikoa sinplea da, baina, ulertuko ote dute espainiar eta frantses demokratek? Espainolek eta frantsesek, historian zehar, ez dute ulertu inork espainol edo frantses izateko posibilitatea izanda beste edozer nahiago izatea. Flandiarra? Portugesa? Bretoia? Ketxua? Arjeliarra? Tagaloa? Saharatarra? Euskalduna? Hara! Mila justifikazio eman beharko dizkiogu espainolari, benetako espainolari, hau da, espainol normalari, espainola ez zarela sinestarazi nahi badiozu. Nola da posible, gizajo tagalo hori -esango dizu espainol normalak-, normala izateko aukera izan eta anormala izatea aukeratzea? Sarritan jarriko digute oraindik euskaldunoi tonto nombretea, ez da makala izan ere, sute handi bat egin ahal duenak su tipi bat egitea hobestea...

Autodeterminazioa ez da formula nazionalista bat, benetako nazionalistak bere nazioa baturik eta independiente besterik ezin du ametitu. Independentistek lortu behar dute unamunismoa ere integratzea herri lez sortu behar ditugun balio formula politiko amankomunen bilaketa horretan. Autodeterminazioa ez da formula abertzalea bakarrik. Autodeterminazioa, sinpleki esateko, demokrazia behetik gora antolatzea da. Orain arteko errejimen guziak euskaldunoi goitik behera inposatu zaizkigu, demokrazia espainol hau ere bai. Autodeterminazioa formula demokratiko eta ez-nazionalista bat da, autodeterminazioarekin Euskal Herriko tradizio biak aukera berdintasunean jartzen dira, bai independentismoa eta bai dependentismoa.

Ulertuko dute PSEko demokratek, esate baterako, nabarmenkeria hori? Ala Millan Astrayren kapotepean jarraituko dute beren pankartarekin? Autodeterminazioaren aurrean ematen diren jokabideetan, orain arteko atxakiak gabe, azaltzen ari da zein den nazionalista intransigentea. Euskaldun abertzaleak, orohar, eta denborak frogatuko duelakoan nago, nazionalista oso apalak dira espainol sasiunibertsal askoren konparazioan.

Euskal Errepublikaren sua

Autodeterminazioak ez du esan nahi euskaldunok zazpi probintzientzako estatu nazional batu eta independiente bat lortuko dugunik. Euskal Errepublika hori asmoan dugun euskaldunok ere behetik gora hasi beharko dugu apurka apurka eraikitzen. Euskal probintzia gehienetan identifikazio espainolak dira nagusi eta hori ez da aldatzen gauetik goizera. Ene ustez, guk lortu behar dugu bai espainolek eta bai frantsesek onartu behar dutela Euskal Herri izeneko komunitate bat badela, eta komunitate hori errespeta behar dutela termino kultural eta termino politikotan, hau da, euskaldunoi dagozkigun egitura politikoak geuk aukeratzeko eskubidea dugula.

Euskaldunen erabakien ondorioz, artean Euskal Herriaren zatiketa, edota Espainiarekiko eta Frantziarekiko dependentismoa nagusitzen den alorretan, egoera hori ametitu beharko digu eta lurraldetasunaren eta independentziaren aldeko lanean jarraitu, euskaldun espainolzaleek ere berdin, errespetatu egin beharko dute euskal errepublika independientearen proiektua...

Nazionalismo dezimononikoak ez du gaur egun zentzurik, ez dut uste euskaldunen asmoa Espainia eta Frantzia zaharren moduko estatu nazional itsusi bat eraikitzea izan behar denik. Europa eraikitzearekin soberania moduak ere aldatzen ari dira. Europaren kontestuan zaila da, baina lehenago egundo baino naturalagoa eta posibleagoa izango da Euskal Herria komunitate nazional bezala osatzea.

Ederra litzateke, ene ustez, Euskal Herriak bere tipitasunean su propio bat biztea Europan. Gaur egungo munduan, globalizazio eta uniformizazio tendentzia gogorren artean, herri tipien argiak itzaltzen ari dira. Munduko biztanleok zeozer galtzen dugu, kultura benetan unibertsalak zeozer galtzen du, gizajendea izateko modu desberdin horietako bat galtzen denean...

Munduari mesedea egingo diogu, auzoko handien suteak indartu beharrean, su propioa biztu eta mantentzen badugu, herri lez balio orokorrak sortzeko gauza bagara behintzat...

Gerla eta bakea

Azkenengo hogei urteak aro iluna izan dira Euskal Herrian, frankismotik ihalgintzean euskaldunek zituzten esperantza politikoak zapuztu egin zirelako, eta harrezkero urterik urte gerlaz zein bakez, bietara, zapuzketa mantendu delako.

Euskal Herriak onartu ez zuen Konstituzio bat ezarri zitzaion, demokratatzat, Millan Astray begirale zekarrela. Haren kapotepean jarri ziren hainbat Demokrazia pankartarekin.

Baina ez hori bakarrik. Konstituziopeko estatutuarekin, EAJ eta enparauek Baskongadetako errejimenari Autonomía del País Vasco deitu zioten, euskal herriekin pars pro toto ariketa latza eginez.

Fernando Pessoak abisatu zuen: "A civilacacao consiste em dar a qualquer coisa um nome que lhe nao compete, e depois sonhar sobre o resultado...".

Burruka armatuak jarraitu zuen, jarraitu behar zuelako. Euskaldun askok, inposizio eta errepresioaren aurrean, erresistentzia beste biderik asmatu ez zutelako.

Gerlaetabake-ko hogei urte hauetan kondatu ahal diren baino harrokeria, krudelkeria, zentzugabekeria gehiago egin da. Baikorrak gaizki informatua edo tontoa ematen zuen, eta pentsamendu kritikoa ezkortasun arruntera erori behar izan da luzaroan.

Hogei urtez euskaldunok, orohar, okerrak luzatu besterik ez ditugu egin. Ez gara, ez batzu ez besteak, gure herriarentzako balio orokorrak proposatzeko gauza izan.

Gure eginbidea, euskaldun guziona, bai independentistena bai dependentistena, gertaeretatik ondorioak ateratzea da, okerrak eta kalteak errepika ez daitezen. Lizarrako bileran aurkeztu ziren alderdi eta gizarte mugimenduek, dirudienez, ondorioak atera dituzte. ETAk, gero, aparteko umiltasuna eta zintzotasuna erakutsi du protagonismoa herriari eman eta bere burua paper nagusitik apartatu duenean. Aspaldiko ekintzarik ederrena eta eraginkorrena izan da, dudarik gabe. Espainiako eta Frantziako indar armatuek, beren aldetik, ez dute treguarik eman eta desarmatzeko asmorik ez dute, gainera euskaldunek geure herria politikoki antolatzeko dugun eskubidearen aurka badituzte eginbide definitu batzuk. Baina gutienekoa da. Alderdi politikoek eta mugimendu sozialek protagonismoa hartzen duten neurrian militantziaren aspaldiko leloa konplituko da: "Eman dezagun denok apur bat, apur batzuek dena eman beharrik izan ez dezaten". Gerokoaz, berriz, jakituria minimoaren aholkua besterik ez dugu: "Hoberena itxadon, txarrenerako prestatu".

Uda hondarrak argi berria ekarri du gure herriko ortzemugara. Euskaldunek trinkotasuna, zentzua eta batasuna erakusteko sasoia heldu da. Itzelezko itxaropena biztu da, baina itxaropen hori ez dadila izan nahi dugun herria itxaroteko asmoa, baizik eta nahi dugun herria egiteko gogoa.

etiketak: Harrikadak
Jozulin
Jozulin dio:
2007/01/08 21:27

Urteak neramatzan testu honen atzetik!! Eskerrik asko, banoa irakurtzera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter