Foballa eta merengeak
Astelehen iluntze honetan futbolaren kontuekin ibili naiz sarean bueltaka. Escolarrek eginiko aipamenak eraman nau Pierren blogera.
Bertan ikusi dut Diarios de futbol blogaren aipamen bat (El País egunkariko kazetaria den Enric Gonzálezi eginiko elkarrizketa).
Eta itxura ona duten beste bi hauek ere hartu ditut gogoan: Futbolitis eta Notas de fútbol.
Foballa ikustea gustatzen zait, nahiz eta jada ahaztu zaidan nire taldearekin gozatzea zer den. Datorren larunbatean merengeak datoz Donostira eta gustatuko litzaidake jakitea agintariek utziko al dieten hauei merengeekin jolasten? Edo azken bi kartelekin gertatu dena aintzat hartuz, betiko moldera bueltatuko gara?
Erantzuna bihar bertan jakingo dugu.
Loretopetik (XI) El que tiene vespa, tiene neska
Irutxuloko Hitzan otsailaren 1ean argitaratutakoa.
Ilbeltza da urtarrila eta aspaldiko hilabeterik ilunena izan da joan zaiguna. Dena dela, iluntasun horretan beti izaten da argi izpiren bat. Lehengo batean Altzan pasatako tartea, adibidez.
Ander Izagirre idazle eta kazetari donostiarrak motorra erosi zuen 2006ko udaberrian. Nafarroako Bardeetan zehar eginiko hiru eguneko txangoan inutilok ere vesparekin aste batzuetako bidaia egin dezakegula frogatutzat eman ondoren, maiatzaren hasieran Vespaña izeneko abenturarekin ausartu zen. Ipar aldetik Galiziara, handik Madril, Extremadura, Andaluzia, Valentzia, Katalunia… 10.000 kilometro Ondarretako hondartzan eginiko argazkiaren egunera iritsi arte.
Egile eskubideak: Ander Izagirre
Pasa den astean, berripaper honek kontatu bezala, Tomasene Kultur Etxera hurbildu zen. 120 lagun bildu ginen irudiz hornitutako hitz jario aparteko gizona entzutera. Areto betean vespa, kanpin-denda, buzoa, janari latak, motorra saldu zion Eladio, Euskadiko Scooter Club elkarteko motozale batzuk, gurasoak, lagunak eta ni bezalako despistatuak.
Javier Revertek Afrikan barrena bizitakoak haren liburuetan irakurtzerakoan, maleta egin eta bertara joateko gogoa pizten zaizu, nahiz eta koldarroi desio hori handik bost minutura desagertu. Antzeko sentsazioarekin gelditu nintzen Anderrek kontaturiko bidaiaren nondik norakoak entzuten nituen bitartean. Bidaiaren funtsa bigarren mailako errepidetan barrena egin zuen eta errepide horietan murgilduz mila anekdota sortzen dira. Zuzenean aipatu zuen legez, hainbeste kilometro egin ondoren autobidez eginiko laurogeita hamarrak, Antequera eta Granada lotzeko, izan ei dira oroitzapenik utzi ez dioten bakarrak.
Anderrek ohar mordoa jaso zituen koaderno batean eta, ahal zuenean, testua eta argazkiak jartzen zituen abenturaren berri emateko bereziki sorturiko blogean. Gogoan dut bere lagun batek nonbaiten utzitako mezu batetik iritsi nintzela bertara. Pena bakarra dut: bidaia amaitu berritan enteratu nintzela; gainerakoan, polita izango baitzen bere ibilerak sarean kontatu ahala jarraitzea.
Ohar horiek liburu bihurtzeko asmotan dabil orain idazlea. Nahi duenak jaso dezake obra horren aurrerapena datorren udaberrian. Horretarako nahikoa da berari bidaltzea mezu elektronikoren bat.
Hurrengo asteetan jarraituko du hitzaldiak eskaintzen zenbait hiri eta herritan. Ea laster Donostian euskaraz entzuteko aukera izaten dugun.
Zorionak, Ander.
Irakurketak eta film bat
Irakurri dut Euskadi Sariak direla-eta Jon Alonsok Argiaren Urtekarian idatzitako sei orrialdeak. Hautsak harrotuko ditu.
Irakurri dut Gaztesareak publikatutako salaketa, Gregorio Ordóñezen hilobiaren aurkako erasoagatik Auzitegi Nazionalaren aurrera eramandako gazteei buruzkoa. Ez dakit egia izango ote den bertan diotena, baina zaila izango da hori gailentzea "denak balio du" unean.
Irakurri dut Donostiako Udalean PSE-EE, EAJ eta EA korrika eta presaka ibili direla gaur errauskailua Zubietan jartzeko erabakia hartzeko orduan. Moyanok dioen bezala, Reala, kartzela eta errauskailua Zubietan, a zer pagotxa!
Irakurri dut Hasier Etxeberriak idatzi duela pikutara doala liburua, euskal literaturan zaila dela jada liburu batek 1.000 ale saltzea. Gauza on bat ikusten dut: duela zenbait urte baino hobeto gaude, kontziente baikara gauzak gaizki egiten ari garela. Eta hori da lehenengo urratsa. Bigarren urratsa ez da etorriko PVC eta antzeko erramintak diseinatuz. Ez dut plana irakurri, baina inguruan dabiltzan batzuekin hitz egitea nahikoa da hori ez dela bidea jakiteko.
Dena ez da izan irakurketa. Borja Cobeagaren laburmetraia ikusi dut, Oscarretako bidean dagoena. Kalean ikusita, tipo despistatuaren itxura du Borjak. Tipo jatorra dirudi, baina derrepentean atera zaion lagun piloarekin adi egon beharko du Intxaurrondokoak.
Katixak bidalitako memeari erantzunez
Katixak bidali dit enkargua, "nitaz ez dakizkizuen bost gauza" kontatzeko hemen.
Baga: Hamazazpi urte betetzear nengoela, hirugarren lan-egunean, nirekin beharrean zegoen lehengusu bat hil zen lan-istripuz.
Biga: Bizitzaren lehenengo 24 urteak baserri batean pasa nituen. Hau da, jatorriz baserritarra naizela.
Higa: Nire lehenengo taldea Bartzelona izan zela, Johan Cruyff jokalari zen garaian.
Laga: Pasa den mendearen bukaeran, gaur egungoa baino askoz ere atseginagoa zen María San Gil ezagutu nuen.
Boga: A-8an pasa nituen bi uda bidesaria kobratzen.
Eta memea ondorengo boskoteari bidaliko diot: Lo, Patxi Lurra, Leire, Etiam eta lozorroan dagoen Gabiria.
Javier Ortizen hileta-oharra
Aldez aurretik, argi dezagun ez dela hil Ortiz (lasai gera daitezke zaleak, atsekabetuta etsaiak). Ez da hil, baina gaur, 59 urte bete dituen egunean, bere hileta-oharra utzi digu prest sarean.
Goizean mezua bidali diot zorionak emateko eta, segituan, irakurri dut apuntea. Hasieran ez nekien zein aurpegi jarri, baina horrelako gauzekin jolasteko ausardia aitortu behar izan diot gero.
Arratsaldean, Javierrek esan dit ideia ez dela originala, AEBetako editore batek (ustez New York Times-eko kazetariak) egin zuela gauza bera.
Ni baino 20 urte gehiago ditu Ortizek. Berak esaten duen bezala, hiltzen ez zen jendea orain hil egiten den garaian dago eta horrek gauzak ikusteko modua asko aldatzen du. Egoera berdintsuan dago nire ama (10 urte gehiagorekin) eta ez dakit zein bizilaguna, ezaguna edo ezezaguna, hil egin dela esateko deitzen dit askotan.
Gehienok beldurrez begiratzen diogu heriotzari. Ez dugu horretaz gehiegi hitz egin nahi. Juristek gazteleraz esaten duten esaldia bururatu zait egoera laburbiltzeko: "la ignorancia de la ley no exime de su cumplimiento".
Egin dezagun nahi duguna, begira dezagun beste aldera hala nahi izanez gero, baina guri ere iritsiko zaigu egoera horri aurrez aurre begiratzeko tenorea.
Niri dagokidanez, oraindik ez dut batere presarik.
Amen.
Oharra: bihar beteko du ofizialki urtebete Pedradas blogak.
Pentsatzeko gaitasuna, zalantzan
Lok esan zuen duela zenbait egun jokoz kanpo egongo zela hainbat astez. Kontuak ez du zerikusirik euskal aberiarekin, bizimodua aurrera ateratzeko egin beharreko denbora inbertsioarekin baino.
Dena den, hiriko patroiaren jaia ospatzen zen aste bukaera honetan, berriro zabaldu du leihoa eta aritu da zenbait gauza denon bistan jartzen. Asko gustatu zait kartel hau
Realak Anoeta espirituarekin dituen arazoak ikusirik, uste dut Batasunak ez zuela izen horrekin asmatu ezker abertzalearen garai bati amaiera emateko hautatu zuenean.
Rocky gorroto dut, baina asko gustatu zait kartela. Asko gustatu zaidan bezala blog lusitaniar batek nire pedrada bati lotura egitea Elena Odriozolari buruz hitz egiteko aitzakiarekin.
Aipatu blog horren goiko partean ageri den esaldi hau ere esanguratsua iruditu zait:
"Porque nós, caro Presidente Bush, nós, os povos dos países pequenos, temos uma arma de construção massiva: a capacidade de pensar!" - Mia Couto.
Uste dut pentsatzeko gaitasuna badugula pertsonek, baina uste dut ez dagoela boladarik onenean. Hipotesi baikorrenari erreparatuz gero, Realak fitxatu berri dituen hiru jokalarien egoerari buruz Lotinak esan bezala, aurre-denboraldian dago ahalmen hori.
Imanol Murua Uria Menéamen
Tokatu zaigun garai ilun honetan argia ematen duten argiketari koadrilan daukat Imanol Murua Uria kazetaria.
Atzo ere bikaina iruditu zitzaidan Auzitegi Gorenak Haika-Segi-Jarrai auzian eman duen epaiaren analisia.
Nola edo hala gazteleraz jarri eta Pedradas blogean argitaratu nuen.
Norbaitek (eta ez naiz ni izan) Menéamen jarri du.
Nola konturatu naizen? Normala baino mugimendu handixeagoa zegoelako gaztelerazko blogaren komentarioetan. Stat counter zerbitzuaren bidez kontrolatzen dut jendea nondik datorren eta horrela konturatu naiz bisita batzuk nituela Menéame zerbitzutik.
Oraingoz boto gutxi ditu notiziak eta ez dut uste azalera pasako denik, baina ilusioa egin dit zerbitzu horretara ailegatzea nire ahalegina.
Eta horregatik erabaki dut hemen kontatzea.
Revilla populistaren errezetak
Atzo ez zen Moncloara Ibarretxe bakarrik joan. Arratsaldean Revilla agertu zen Zapaterok okupatzen duen etxetik.
Tipo berezia da Revilla. El Paísen irakurri dugunez, Kantabriako presidentea taxian iritsi zen Moncloara eta 12 euro pagatu zituen karreragatik. Ez hori bakarrik, taxista aurkeztu zion Zapaterori (Cope entzuten duen horietakoa ez zuen eramango). Argazkilarien aurrean Espainiako eta Kantabriako banderak musukatu ondoren, antxoak eta herriko beste zenbait produktu oparitu zizkion Leongoari.
Pasa den astean elkarte autonomoetako presidenteen biltzarrean, Zapaterok Barajasko atentatua trágico accidente gisa kalifikatu omen zuen (nahiz berehala zuzendu eta "atentado" esan jarraian). Revillak Errioxako presidenteari egozten dio hori filtratu izana komunikabideetara bilera amaitu aurretik.
Terrorismoarekin amaitzeko errezeta bushzalea du: "Esan diodana da ni Espainiako gobernuburu banintz, zera esango niela: 'egin lerroa hemen, jarri nortasun agiria ahoan eta pistolak eta bonbak alde batera utzi'". Seguru kasu egingo diotela.
Ez dakit Zapaterok kasu egingo dion, baina badirudi antzeko errezetarekin saiatuko dela Auzitegi Gorena Haika-Segi-Jarrai auzia nola konpondu duten ikusi ondoren.
Garai txarrak lirikarako, baina ez dakit lirikak noizbait garai onak bizi izan dituen.
Neka-nazkatuta nago
Gaur arratsaldean goiz atera naiz lanetik. 5etan edo. Etxera iritsi eta tonto moduan aritu naiz telebistari begira: ETBn Pásalo (Javier Ortiz zegoen) ikusten ari nintzela, lo seko geratu naiz. Esnatu eta bi kate pribatu españoletan poligrafoa berriro boladan dagoela ikusi dut. Batean, Aramis Fuster, bestean Poli Díaz boxeolari ohia. Bietan aurkezle lirainak, neska-mutilak, galdezka.
Gero, España Directo, TVE 1eko saioa sintonizatu dut. Madril inguruko poblatu txiro batean sartu dituzte kamerak. Programaren tonua ezin dut orain kalifikatu. Dirudienez, hiru mutikok, ijitoak hirurak, auto bat lapurtu zuten Vicálvaro inguruan eta herriko polizia atzetik zutela ihesari ekin zioten. Harritzekoa bada ere, hiru mutiko horiei elkarrizketa egiten utzi diete ingurukoek eta hipermerkatu batean bezain lasai paseatzen zen kazetaria pobreziaren erreinutik.
Aristik idatzi zuen igandean Berrian "inoiz ez dut onartuko objektuak pertsonen aurretik jartzea. Oso joera arriskutsua da, autoa urratzen badiozu jabea zakur bihurturik hurbiltzen zaizun gizarte batean".
Sentitzen dut esatea Pako, baina objektu bihurtuta gaude jada. Batzuk, Poli Díaz edo De Pedro objektu baino, jostailu izan dira eta orain jostailu puskatuak bihurtuta daude.
Oharra: gustatuko litzaidake beste tonu bat idazterakoan, baina neka-nazkatuta nago.
Autobus eroak
Ostiralean Processblack-ek aipatu bezala, manifestazioak zehar-kaltetu gehiago eragin ditu. Adibidez, inprentakoak: leloa gora, leloa behera, kendu hitz hauek, jarri besteak, tipografia aldatu…
Beste kaltetu batzuk autobus konpainiakoak izango ziren.
Asteartean: Aizue, Donostiatik deitzen dizuet, casa del pueblotik, 10 autobus behar ditugula larunbatean militanteak Bilboko manifestaziora eramateko.
Asteazken goizean: Aizue, gu garela berriro. Oraindik ez dakigu autobusak beharko ditugun edo ez. Dena den, guk erabiltzen ez baditugu, ezker abertzalekoek hartuko dituztela. Beraz, mantendu, erreserba.
Ostegun arratsaldean: Iepa. Bai, gu ez goazela esateko deitzen dizut. Definitiboa, bai. Hitz egin Josebarekin, beraiek hartuko dituztela autobusak.
Ostiral arratsaldean: Kaixo berriro ere. Bagoazela! Ahaztu atzokoa. 10 autobus, beraz, Amarako autobus geltokian, arratsaldeko 15:00etan. Buelta manifa bukatu ondoren. 20:00ak inguruan. Bai. Faktura betiko moduan.