Heriotza auzoan
Ostegunean hil zen Ina G. 52 urte zituen eta gaixo zegoen aspalditik. Ingurukoek bazekiten, baita berak ere, ez zuela urtea bukatuko.
Ostiral iluntzean autobidea hartu eta Irunera abiatu nintzen. Zazpi kilometroko ilarak zeudela abisatzen zuten autobideko letreroek. Irungo bidesaria salbatu eta tanatoriora. Irungo kaleetan barrena ere auto pilaketak. Ondo eta erraz aparkatzea lortu nuen behintzat.
Jende asko zegoen tanatorioan, hainbat hildakoren familia eta lagunak tarteko. Goiko pisuan zegoen Inaren gorpua. Aspaldi ikusi gabea nuen eta gaixotasunaren ondorioak markatuta zituen aurpegian. Familia eta hainbat ezagun agurtu nituen.
Horien artean zegoen OHOko nire maisu izandako Luis Aranburu. Jubilatuta dago jada eta itxura ederra zeukan. Esan zidan 23 urterekin hasi zela klaseak ematen gure eskolan eta Inaren gela izan zela lehenengoa.
Inak abentura asko izan zituen bizitzan. Batzuk hemen kontatzeko modukoak, beste batzuk hobe petit comitéan.
Gogoan daukat 13-14 urterekin (nik 8-9 urte nituen) ihes egin zuela etxetik eta mendian egin zuela lo. Gurasoek hori kontatu zidatenean, erraza da iruditzea 8-9 urteko haur hura nintzenaren aurpegia.
Beste batean, asteburu pasa joanak ziren haren gurasoak, eta aitaren ranroberra hartu zuen (15-16 bat urte izango zituen). Frenoaren pedala zapaldu beharrean azeleragailua zapaldu eta gure etxetik gertu zegoen autobideko zubia baino lehen zegoen ezponda batean “aparkatu” zuen. Arazo nagusiena izan zen auzoko hainbatentzat pasoko tokia zela hura eta denen bistan geratu zela bere azaña. Nire ama, arduratuta, haren bila joan zen etxera. Ate guztiak zabalik eta inork ez zuela erantzuten ikusitakoan, barrura sartu eta gelako ohe azpian topatu zuen.
Drogak bereak eta bi egin zituen auzoan eta bere hainbat adiskidek ezin izan zuten Hiesa gainditu.
Aurrekoan 1985eko paisaia izan nuen hizpide. Luis maisuari aipatu nion ume garaiko gure heroi askok bizitza gogorra izan zutela. Batzuk (Monroy, Mini, etab.) bidean geratu ziren. Inak gehiago iraun zuen.
Horien guztien amek zenbat sufritu duten!
Ez utzi zelaia inpraktikablea (sic)
Gehienetan (beti ez esateagatik) egin duen bezala, ostegun honetan Ander Lipus eta konpainia etorri ziren Donostian duten etxera: Egia Kultur Etxera. Urteak baitaramatza Lipusek lanak Egian erakusten. Orain, Etxekoak antzezlana.
Maddi Mamadouz maitemindu da Afrikan egindako egonaldi batean. Euskal Herrira ekarri nahi du, baina paperak egin behar horretarako. Etxean bi osaba ditu zain Maddik, baita amona ere.
Ez da hau Gerediaga-Lipus bikoaren lanik borobilena, baina nik beti eskertzen ditut beren lanak taula gainean. Jabier Barandiaranen papera goxoki bat da eta aktorearen vis komikoak falta dena osatzen dut. Lipus legeak betetzeko daudela uste duen osaba da, besteak beste. Amonak nahikoa lan du jakiten non dagoen (galtzeimer). Maika Etxekopar kantatzen entzutea zoragarria da, baina hainbat unetan ez da sinesgarri suertatzen aktore lanetan.
Gaua, berriz, Altxerrin amaitu genuen. Joseba B. Lenoir eta Fernando Lutxo Neira ikustera joan ginen. Duela urtebete ez zuten elkar ezagutzen, baina Rafael Berriok elkartu zituen eta orain ematen du betiko lagunak direla. Berriok bi kanta jo zituen bere musikariekin: Mis ayeres muertos eta Niente mi piace.
Durangoko Azokari begira azken aurkezpenak egiten ari dira argitaletxeak. Ostiral goizean Susak Donostiako Liburutegi Nagusian eman zigun ezagutzera Harkaitz Canok idatzitako Beti oporretan liburua, hamalau narrazio labur. Titulua duela hogei urte Xabier Montoiak argitaratutako disko eder batetik atera zuen Canok, aurretik Jim Jarmusch-en Permanent Vacation filma dagoela ahaztu gabe.
Iluntzean, berriz, Zarautzeko Garoan jendaurrean, etxean, aurkeztu zuen Anjel Lertxundik Zu liburua. Juan Kruz Igerabide alboan zuela aritu zen Andu, lepo betetako areto kuttunean. 2012ko uztailean emazteari medikuak esan zion minbizia zuela: pankreatakoa. Urte hauetan “Putakumeak ez digu irabaziko” esalditik abiatuta, “Zergatik niri” nola bilakatu den “Zergatik ez niri” prozesua da paperean irakurriko duguna. Emaztea ez zegoen aretoan, baina ekitaldia samurra, hunkigarria, umoretsua eta alaia izan zen.
Joxe Aranzabalekin gogoratu nintzela esan nion Anduri. Nola aritu ziren Andu eta Joxe Gipuzkoako Foru Aldundian minaren inguruan hizketan, 2009an (Medikuak esan dit minbizia dudala argitaratu zuen aurretik Joxek). Eta gauzak nolakoak diren, duela astebete pasatxo jarri du eskuragarri Interneten Joxek Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea liburua. Arrasaten 90. hamarkadan hiesdunen borroka ikustarazten saiatu zen ekintzailearen figura alboratua gera ez dadin.
Donostiako Garoan, berriz, igande eguerdian zuzeneko saio dotore batekin gozatu dugu. Paperezko kontzertuak zikloan Gorka Urbizu (Berri Txarrak) aritu da zuzenean Nerea arrebarekin batera. Hainbat kanta eta bertsio jo ditu eta Ainhoa Urretabizkaia (B aldea) kazetariaren galderak erantzun ditu Gorkak. Luxu bat. Bete-betean dagoen sortzaile bat bertatik bertara.
Bidean geratu dira aste honetako beste hainbat ekitaldi: adibidez, Neneh Cherry Kursaal-en, Txiki Psych Fest Intxaurrondon, A Bam Bam Boo Loo Ba! aurkezpena Garoan, Gure kabuz ala hil dokumentala Guardetxean, Mueve el bigote Onkologikoan (Pintxos and Blogs), Jupiter Jon Bukowskin, Izaki Gardenak Victoria Eugenia Cluben...
Eta zergatik aipatzen dut hau guztia? Ba ostiralean bertan lagun batek esan zidalako ea irakurri ote nuen DVn Ramon Etxezarretak duela hamar bat egun argiratutako Kortxo izeneko zutabea. Ezetz nik eta atzo irakurri nuenean seko flipatu nuelako. Etorri zitzaidan burura irailean Joseba Alvarezen txio hau. Elastikoa soinean egindako planteamenduak: Bizardunak edo Esne Beltza?, Ahal bezainbeste ala. Aukeratu behar izatea Beatles edo Stones-en artean oso aspergarria egiten zait. Raimundo Amadorrek esaten zuen bezala, "ni Betis eta Sevilla futbol taldeetakoa naiz".
Bai, badakit batzuen ustez modelo hauek kontrajarriak direla. Eta Donostian sare publikoak indar handia duela (txalotzekoa dena) eta aitortu behar dela hori inbertsio potentea izan dela, baina niretzat une honetan oso beharrezkoak dira Kortxoenea, Le Bukowski, Doka, Guardetxea, Dabadaba, Kaxilda, Garoa.... bezalako arnasguneak.
Ez dezala sektore publikoak elefantearena egin eta zelaia inpraktikablea utzi txikientzat. “Donostiak horrelako kultur proiektu herrikoiak bermatu behar dituela uste baitugu. Kultur aniztasuna eta eredu ezberdinen arteko bizikidetza ez direlako marketin eslogan hutsak, gure eguneroko jardun profesionalean hedatzen saiatzen garen oinarriak baizik.”
Las viejas ciudades / donde es grato vivir...
P.S.: aste hau berezia izan da kultur ekitaldiei dagokienez (bete-betean gaudelako). Ostiralean, gainera, jaieguna hartu nuen.
Otrosí: hau guztiau ez dut lan-ordutan egin.
Azkena: irakurri Borja Venturaren Guztiak.
No dejen el césped impracticable, por favor. Este apunte en castellano.
Kontzertu ekonomikoak badu defendatzaile bat: Pedro Luis Uriarte
Estatu espainiarrean gero eta gehiago dira hiru lurraldetako kontzertu ekonomikoaren eta Nafarroako hitzarmen ekonomikoaren kontra altxatzen diren ahotsak. Eta ez da Espainiara joan behar horretarako. Duela urtebete eskas Kepa Aulestiaren hitzak ekarri nituen hona: Euskal kupoa handitu Kataluniakoa konpontzeko.
Carlos Garaikoetxearen gobernuan 1980tik 1984ra Ekonomia eta Hazienda kontseilari ohia eta Francoren ondorengo lehen kontzertu ekonomia negoziatu zuen batzordeko buru izandako Pedro Luis Uriarte kontzertuaren defentsan tematu da. Eta ezagutzen ez dena ezin denez defendatu, azken bi urteak pasa ditu 2.685 orrialdeko liburutzarra (136 MB) idazten. Liburua doan jaitsi daiteke El Concierto Económico izeneko webgunean.
Banketxeen alorrean nabarmendu zen Uriarte eta goi mailako ardurak izan zituen BBV eta BBVA bankuetan. Deustun ikasitakoa, bertako areto nagusian aurkeztu zuen lan mardula pasa den astelehenean. Bi orduko bideo honetan ikus daiteke aurkezpena (erdira iritsi naiz ni).
Kontzertua "ebanjelizateko" tema hau txalotzekoa iruditzen zait, baina ez dakit herri xeheari kontzertu ekonomikoa ezagutzera emateko modurik onena ote den gorbataz jositako toki batean egitea aurkezpena (Bilboko alkatea, Hezkuntza kontseilaria, enpresa eta unibertsitate munduko hainbat ordezkari...). Espero dut beste alorretan eta lurraldetan barrena mugitzea (Gasteizko Artium egongo da azaroaren 26an Ibarretxe lehendakariarekin), zeren bestela zaila izango du hasieratik aitortu duen helburua eta hobe du ELA sindikatuari ematen dioen zaplastekoa bezalakoak ez banatzea.
Obraren aurkezpena (114 orrialde) jaitsi dut eta esaterik daukat jada alderdi honetan behintzat ez duela zehatza izateko trebetasuna, lanaren aurkezpena askoz ere orrialde gutxiagotan egiterik baitago. Bideoan ikus daiteke PLUS ez dela jaio geldirik egoteko eta ez duela ematen 72 urte dituenik. Datu asko ematen ditu, bromak egiten ditu bertan bildutakoekin eta, esan bezala, zaplastekoren bat edo beste banatzen du ere.
Ez omen du inongo alderditan militatzen eta bere kabuz hartu ei du lan hau ezagutzera emateko erabakia.
Ostiralean Javier Vizcaínok elkarrizketatu zuen Onda Vascako "Euskadi Hoy" irratsaioan eta igande honetan Noticias taldeko egunkariek Iñaki Gonzálezek eginikoa argitaratu dute. “El Concierto nos permite hacer políticas diferenciales, pero hay que repensar Euskadi”.
Euskaraz duzue ere ostiralean bertan Berria egunkariak argitaratutako Ivan Santamariaren elkarrizketa: «Armen indarrez inposatu zena ezin da pribilegioa izan» (gaztelaniaz itzuli dut behean dagoen loturan).
Pedro Luis Uriarte o el empeño en la defensa del Concierto Ecónomico Vasco, este apunte en castellano.
Nire ingurua 1985 urtearen amaieran
Pio Baroja Institutuan nengoen unibertsitate aurreko batxilergoa amaitzen (UBI zelakoa egiten). Ez naiz gogoratzen zein zen nire ordutegia, baina bai gogoratzen dudala goiz eta arratsaldez ibiltzen nintzela klasean. Eguraldiak laguntzen zuenean, oinez joaten nintzen klasera. Gutxitan hartzen nuen autobusa.
Goizeko 6ak baino lehen jaikitzen zen aita behiak jeztera. Bi behi izaten genituen etxean. Beranduxeago, baina ez askoz gehiago, jaikitzen zen ama. Garai hartan aitak 53 urte zituen eta amak 48. Aitak errepide nazionalaren beste aldean zegoen Porcelanas Bidasoan egiten zuen lan. 7ak aldera sartzen zen eta arratsaldeko 16:00ak aldera bueltan zen etxean. Amak etxea gobernatzen zuen.
Goizeko 8ak baino lehen etortzen zen ogi banatzailea. Panaderuak Pablo zuen izena. Errepide nazionaletik jaitsi, Lapitzeko Errotan geratu (oker ez banago) eta Altzubide aldera joaten zen. Handik minutu batzuetara jotzen zuen klaxona eta harri txintxarrez beteriko ehun bat metroko maldaxka igo behar izaten genuen (amak, Mañu anaiak edo nik), korrika, ogia jasotzera.
Ordu horretan ibiltzen zen ere etxeko behien esnea jasotzen zuen esneketaria, Pakita. Urte amaiera hartan, bihurritua egin nuen hanka batean eta, garaiko kontuak, hura sendatzeko igeltsua jarri zidaten eskuineko hankan. Urtarrileko egun gehienetan berak eraman ninduen institutura.
Melchora-Enean bizi ziren Juanito eta Merche. Bost seme-alaba zituzten. Zaharrena, Juanjo, 20 urte ez zituela hil zen motor istripu batean, 1980. hamarkadaren hasierako abenduko egun batean. Gainerako laurak: Ina, Miguel, Marimertxe eta Javi.
Lapitzeko Errotan Joxemiel eta Pantxika bizi ziren. Seme-alaba asko zituzten, baina garai hartan Luismariz gain ez dakit beste norbait bizi ote zen beraiekin. Agian, Mila. Joxemielen arreba Isabel bizi zen goiko aldean. Senarrari Valencia esaten zioten, inguru hartakoa zelako.
Hauen aurreko aldean: Berberana ardo almazena zegoen. Lehendik Solbes, gaur egun Iturria etxegintzarako almazena da. Fabrika txiki bi ere baziren inguru haietan: Alapont eta Neofibra.
Nik Ezurriki baserria ezagutu nuen, baina jada ez zen inor bizi bertan. Gogoan dut bota aurretik autopista egitera etorritako langileen almazen gisa erabili zutela. Lurrak, berriz, baratze bihurtu zituzten Irungo hainbat kaletarrek, dozenaka baratze eta txabola. Militarren kuartela ere gertu zegoen eta, batez ere udan, soldaduak aritzen ziren ariketak egiten (ez bakarrik gimnastikoak).
Ugalde izeneko errekatik gertu, iturri bat zegoen. Anaiari edo niri tokatzen zitzaigun ur bila joatea. Errekaren beste aldean: Ugaldeko Errota eta bertan bizi ziren Esteban eta Joxepa. Urtebete lehenago etorri zen Joxeparen anaia, Manuel. Baserri hau eta errepide nazionalaren tartean, hiru etxe, 1950. edo 1960. hamarkadan egindakoak: Quintillán bizi zen lehenean, emaztearekin; Quintillán galiziar honen arreba bigarrenean, Señora Carmen; azkenik, hirugarrenean, Señora Isabel, semeren bat edo bi eta Adolfo izeneko apopiloa. Jabeen izena zuen etxe bakoitzak: Villa Quintillán, Villa Carmen eta Villa Isabel.
Arritene Baserriko Tio Manuelek baratzea zuen, errepide nazionalaren albo batean. Arritene Arretxeko gainean zegoen eta 1970. hamarkadan bota zuten. Arretxen bizi zen Tio Agustin eta Tia Rosario. Bost seme-alaba zituzten: Agustintxo, lehena, 1985ko ekainaren 20an hil egin zen, Donostian. Elkarrekin ari ginen lanean obra batean eta berak istripua izan zuen. Haren anai-arrebak, berriz: Manuel, Mari Carmen, Maite eta Iñaki.
Pakita, esneketaria, Arretxen bizi zen ere. Senarra Joxeantonio eta seme-alabekin. Ez dakit jada denak ote zeuden etxean, baina Txus eta Belen seguru baietz.
Bi taberna zeuden: Arzak bata, Lekuzar bestea. Anton eta Prexenta ziren Arzakeko aiton-amonak; orain ahaztu egin zaizkit taberna eramaten zutenen izenak. Lekuzar-eko jabea Vicente zen. Oraindik ere, makuluak lagun, ikusi izan dut inguruan paseatzen. 90 urte baino gehiago dituela esango nuke.
XXI. mende hasieran gure inguruko baserri, tailer eta baratzez beteriko zonalde hura Industrialde bihurtzea erabaki zuten. 1980. hamarkada hura baino pixka bat lehenago autobideak banatu zuen bailara. Autopistaz haratago geratu ziren Lizardi eta Altzubide biak (goikoa eta behekoa). Okerrena Mendiola baserrikoentzat izan zen: muino batean zuten baserria eta gure etxe alboan, autopistatik honuntzago lursailik onenak, batere maldarik gabeak.
30 urte pasa dira. 30 urte besterik ez. Eta ingurua erabat aldatuta dago. Lizardi, Altzubide, Mendiola, Villa Isabel eta izena galdu duten beste bi etxeak, Carmen eta Quintillán. Berberana orain Iturria da. Eta kitto.
Notarioarena egin nahi nuen gaur. Lekunberri baserritik, akta jaso.
Oharra: ez dut amarekin hitz egin, ez dut ezer irakurri. Memoria-ariketa bat izan da.
Allá por 1985, este apunte en castellano.
Kathrine Switzer, Bostongo maratoia dortsal batekin korritu zuen lehen emakumea
Ez nuen Kathrine Switzer ezagutzen. Hau da, ez nuen Bostongo maratoia dortsal batekin korritu zuen lehen emakumearen izena ezagutzen, baina bai ezaguna egiten zitzaidala gertakizuna, oso gainetik bazen ere. Wikipedian irakurri nuen nor zen K.V. Switzer.
Ondorengo lerro hauek irakurri ditzakezue Jabier Muguruzaren Kathrine Switzer kantua entzuten duzuen bitartean.
Zergatik azpimarratzen da dortsalarena
Roberta Louise "Bobbi" Gibb izeneko emakume batek korritu zuelako Bostongo maratoia urtebete lehenago, 1966an. Kasu honetan, dortsalik gabe aritu zen emakume hau.
1967ko Bostongo maratoia: 261 dortsala
Bere entrenatzaileak esan omen zion Kathrine-ri ezinezkoa zela emakume batek bukatzea maratoia, gogorregia zelako, baina Switzer tematu zen, gogor entrenatu eta atera egin zen lasterketan.
Izena emateko orduan "K.V. Switzer" neutrala erabili zuen; berak dioenez, hori baitzen Unibertsitatean erabiltzen zuen izena.
Lasterketa amaitzea lortu zuen (4 ordu eta 20 minutu), ia Bobbi Gibb-ek baina ordubete gehiago.
Korrika ari zela, Jock Semple komisarioa hurbildu zitzaion esatera hanka egiteko eta dortsala emateko. Switzer-en garai hartako senargaiak, Tom Miller-ek, berarekin batera lasterka egiten ari zenak, lagundu zion eta gainetik kendu zuen komisarioa. Une hori harrapatu zuten argazkilariek eta egunkarietako azal bihurtu zen irudia.
1972ra arte itxoin behar
Switzer eta beste hainbat emakume korrikalarik saiatu ziren Boston Athletic Association konbentzitzen emakumeak onartzeko maratoietan.
Eta lortu egin zuten, baina handik bost urtetara. Izan ere, 1972an onartu baitzuen Bostongo Maratoiak hori. Diotenez, Jock Semple-k paper garrantzitsua izan zuen emakumeak ofizialki onartzeko orduan.
Gero, Switzer-ek maratoi piloa korritu zituen: 1974an New York-ekoa irabazi zuen (3:07:29) eta 1975ean Bostonen lortu zuen bere markarik onena: 2:51:37. Sarean topatutako datuek gezurrik esaten ez badute, 65 urte zituela, 2011ko Berlingo maratoia korritu zuen (hauxe izango litzateke korritu duen azkena).
Telebista komentarista da eta eginkizun horretan aritu da Joko Olinpiko, Estatu Batuetako zein nazioarteko txapelketetan, New York, Chicago eta Los Angeleseko maratoietan. Bostongoa, berriz, 36 urtez jarraian komentatu du.
Pertsonaia publiko ezaguna da eta bi liburu argitaratu ditu: Running and Walking for Women over 40 (1997an) eta bere biografia, Marathon Woman, (2007ko apirilean kaleratu zuena, Bostongo efemeridearen 40. urteurrenean).
Kathrine Switzer, la primera mujer que corrió el maratón de Boston con dorsal, este apunte en castellano.
Jurgi Ekizaren krisi identitarioa
Sustrai Colina: Ama hizkuntza zenuen euskara berreskuratzeko grina ere piztu zizun Negu Gorriak-ek.
Jurgi Ekiza: Oso harreman konplikatua dut euskararekin. Ama hizkuntza dut euskara, lehen mailara arte ikastolan nenbilen, baina arrazoi praktikoengatik karrikan bertan genuen eskola frantsesera pasa eta oharkabean frantsestu nintzen. Izugarria zait Azkarateko ene aitatxiren oroitzapen guziak euskaraz mintzo zela ukan eta bi belaunalditan euskal elebakar batetik frantses elebakar batera iragan ginela pentsatze hutsa. Arras bortitza zen enetzat 10 urteko haur bat bere aitatxiri mintzo irudikatu eta biek hizkuntza berean ez elkar ulertzea. Euskara arras galdua nuenean ezagutu nuen Negu Gorriak. Musikarekiko zein militantziarekiko interesa banuen ordurako eta euskal komunitate horretan berriz sartzeko gogoa piztu zidan. Hala, euskara berreskuratu nuen, euskal ikasketak masterreraino eraman ditut, arras kontent naiz, baina beldur naiz euskara ez ote zaidan sekula hizkuntza naturala bilakatuko. Gaizki bizi dut hori. Aldi berean, euskaraz baizik ez dut kantatzen ahal eta euskaraz baizik ez ditzaket kantuen hitzak idatzi. Are gehiago nahasten nau horrek. Ez ote naizen dena itxura galdetzen diot ene buruari, zergatik pasatzen naizen euskarara pertsonaia publiko bihurtzean ene egunerokoan ez banaiz hala ari, kasualitatea ote den nire alde publikoa izatea alde pertsonal edo intimoena, zergatik idazten dudan euskaraz erran nahi ditudanak ez bazaizkit euskaraz jiten... Batzuetan dena bluf bat iruditzen zait eta krisi identitarioak sortzen dizkit gaiak.
Elkarrizketa osoa hemen: "Aurten ikasi dut Willis Drummond-en kantaria soilik ez izaten". Berandu nabil (duela bi astekoa baita), baina gaur goizean irakurri dut eta, batez ere, goiko paragrafo hori daukat buruan bueltaka.
Bakarkako lehen lana plazaratuko du udazken honetan Ekizak. Bitartean, Zura taldearen Egunkari ezkutua disko berrian kolaboratzeaz gain, zuzenean ere ari da hau aurkezten.
Hegal egiten (II)
1.- Italieraz argitaratu berri dute Javier Ortiz-en José K, torturato antzezlana. Marta Grazianik itzuli eta I Dragomanni-k kaleratu du.
"José K, torturato", traducción al italiano por @martagrax https://t.co/TppYj1epBZ
— javierortiz.net (@jortiznet) October 19, 2015
2.- 2011ko urriak 21. Iluntzeko 19:00etan esan zuen The Organization-ek "Bukatu da, bukatu da, akabo". Uste dut egun hori gogoratzeko beti irakurriko dudala Ana Malagonen apunte hau: Urriko egun haiek.
2011ko urriaren 20a. Iluntzeko 19:00ak. #amaiETA "Urriko egun haiek" @samuraitasuna https://t.co/P9RMDEiSD5
— Mikel Iturria (@iturri) October 19, 2015
3.- Egun horretan bertan, urriak 21, beste bi efemeride. Bata, orokorra: 107 urte bete ziren Jorge Oteiza jaio zenetik. Bestea, pertsonala, 1998an hil baitzen Ibarlako Tio Manuel.
Gaurko egun batez jaio zen Jorge Oteiza handia. pic.twitter.com/a2zbvbhyWQ
— Goizalde Landabaso E (@GoizaldeL) October 21, 2015
4.- Zailagoa dute markek eta erakundeek gaur egungo gizartean. Zorionez. "Gezurra esan nuen Getarian, ni baino lehenago zen atarian". El peligro de la incoherencia en tiempo de redes.
5.- Bitxikeria hau ikusi nuen aurrekoan Oier Gorosabeli esker. Auto Apendictetomia en el Ártico. Con dos pelotas soviéticas. 12 lagun Artikoan eta apendizitisa horietako batek. Arazoa: bera zela mediku bakarra.
Gogoratzen bere besua ebagi zeban eskaladore harena? Ba norbere apendizitisa operatzia be ez da makala https://t.co/8HPJ9gL1jM
— Oier Gorosabel (@Txikillana) October 20, 2015
6.- 1985. Azaroa. Mikel Zabalza orbaizetarra, Donostiako autobus konpainiako langilea, atxilotu zuen Guardia Zibilak. Berarekin batera atxilotutakoak askatu zituzten, baina bera ez zuten bizirik bueltatu etxera. Haren memoria ondratzeko ekimena dago martxan Altzan.
7.- Disko berria, Tonetti anaiak, aurkeztuko du Jabier Muguruzak azaroaren 6an. Eta 13an arituko da zuzenean Lugaritz Kultur Etxean. Badok.info atarian jarri dute jada lehen kanta: Kathrine Switzer (1967an Bostongo maratoia korritu zuen lehen emakumea).
JABIER MUGURUZAren "Tonetti anaiak" diskoaren azala eta kantu zerrenda https://t.co/UQshGvLnz8 Laster berri gehiago! pic.twitter.com/tsGEGia1sL
— Badok (@Badokeus) October 20, 2015
8.- Bizitza batzuetan horrelakoxea da. Errazena huts egin ondoren, bide zailenetik asmatzea. Astea ondo hasi!
Volando voy (II), este apunte en castellano.
"Anda trae que ya la meto yo" pic.twitter.com/ywiZZLdaKG
— David De las Heras (@David_Heras) October 23, 2015
Hegal egiten (I)
1.- Asteartean, Berria egunkariak Mikel Irizar elkarrizketatu zuen: «Bada kezka apalaldian gaudela, eta hausnarketa hasi nahi dugu». Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari izendatu berri dute Irizar.
2.- Valentziako artzapezkikua, Cañizares. Hori bai gizona!
Un saludo al arzobispo de Valencia. pic.twitter.com/1HNI2IuulJ
— Revista Mongolia (@revistamongolia) October 14, 2015
3.- Puerta grande. Jorge Nagorek dakien bezala a/egurtu zuen Yolanda Barcina. Baita Rafa Aguilerak ere:
Sanfermines 2016: ¿Tramo 'Yolanda Barcina'?
— rafa.aguilera (@rafa_aguilera) October 13, 2015
4.- David Fernández Vallekas-en egon zen urriaren 13an (bide batez, urriaren 24an Alternatiben Herria izeneko ekimenean Bilbon). Vallekasen Tele K telebista "mitikoan" egon zen eta hona hemen elkarrizketaren laburpen luzea.
Gauza asko esan zituen Davidek, baina bat ekarriko dut hona. Katalunia hirutan zatituta dago: 1/3 bat ondo bizi den jendea; bigarren 1/3 bat prekarietatean murgilduta; hirugarren 1/3a, berriz, pobrezian.
5.- Hamar urte bete ditu aurten Irutxuloko Hitzak (zorionak!) eta hori ospatzeko Joseba B Lenoir Gang-en kontzertua antolatu zuen Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. Bete egin zuten gunea eta giro ezin hobea jarri. Hiru gonbidatu berezi izan zituen boskoteak: Mikel Larratxe, Anari eta Petti. Hirurek Itoiz taldearen kanta bana abestu zuten bandarekin. Argiakoek jasotako bideoan Petti ageri da Hegal egiten.
6.- Hugo Martínez Abarca ezagutu nuen (birtualki) Javier Ortiz zenaren irakurle talde antolatuan (Patera) zegoelako. IUri agur esan ondoren, Madrilgo ganbera autonomikoan parlamentari da orain (Podemos-ekoa). Aste honetan sonatua izan da José Cabrera PPko parlamentari batek (eta haren alderdikideek) muntatu dutena gizon horrek bere patrimonioa ezagutzera eman nahi ez zuelako. Ovación y vuelta al ruedo apuntean kontatu du Hugok.
7.- Ostaizka Aizpurua eta Antton Alberdik sinatutako gutuna argitaratu zuen larunbatean Berria egunkariak (Jaurlaritzari: erditzeak karrera bat zaputz dezakeenean). Biak ikerlariak dira, baina lehenaren erditzeak oztopatu egin dio karrera. Ez dirudi Jaurlaritzan enpatia handirik dagoenik.
8.- Ederra ere gaurko Berrian EAEko kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako itun ekonomikoari buruz eginiko erreportajea. Burujabetzaren josturak, agerian.
9.- José Mujica again. Iñaki Aramaiok egin dio elkarrizketa eta hori bera argitaratu du Berriak. "Ez dago gizon ordezkaezinik; kausa ordezkaezinetan sinesten dut". Ederra sareratu duten bideoa ere. Gizon jakintsua eta orekatua Mujica.
Volando voy (I), este apunte en castellano.
Zalantzak izanik ere, hobe laguntzea
Ostiral arratsaldean irakurri nion Joni Ubedari Etxe azpiko plaza horretan. Bertan kontatzen ditu etxe azpian dagoen dendaren atarian egoten den eskalearekin duen harremana.
Deserosoak izaten dira beti harreman hauek. Gero eta jende gehiago ari da eskean eta ez dakizu zer egin. Ematen badiezu, ematen diezulako. Ematen ez baduzu eta beste aldera begiratu, okerrago sentitzen zarelako.
Larunbat honetan erosketak egitera hurbildu nintzenean, betiko eskalearekin egin nuen topo hipermerkatuan. Normalean bukaeran ematen dizkiot txanpon batzuk, baina Joniren testua buruan, aldatzea erabaki nuen. Ea zer behar zuen galdetu nion. Ez zekien zer esan. Esnerik bai? Patata frijituak eta Aquarius bat nahi zuela azkenean. Hori eta esnea erosi nion.
Pasa den astean, mezu bat bidali zidan ezagun batek. Arazoak izan zituela paperekin eta hilabete horretan Lanbidek ez ziola laguntzarik emango. 600 euro behar zituen astelehenerako etxeko alokairua pagatzeko, bestela jabeak kanporatu egingo zuela. Mezu batzuk bidali nituen telefono bidez eta igandean egon nintzen berarekin.
Pasa den astean ere izan nuen ezagutzen ez nuen iniziatiba baten berri: Igandeko bazkaria: plater bat berotasunean banatu. Hilean behin (urrian, hilaren 11n egin dute; hurrengoa, azaroaren 8an izango da) Rais Euskadi Fundazioak eta Parte Zaharreko Banda Bat elkarteak etxerik gabeko pertsonentzako bazkaria antolatuko dute.
Horrela planteatzen dute iniziatiba: “Hilaren lehenengo igandean, elkartasunezko bazkari bat eskainiko da 60 pertsona ingururentzat. Goizeko 10etan batuko da taldea janaria prestatzeko eta 13:00etan bazkaldu. Argi utzi nahi da, ekimen hau ez dela asistentzia lana ordezkatzeko proiektu bat, baizik eta elkartrukaketa eta harreman soziala sustatu nahi duen espazioa. Izena emateko edo lantaldean parte hartzeko idatzi e-mail honetara: igandekobazkaria@gmail.com”.
Errefuxiatuak
Zabaldu dezagun fokua: Mariangela Paone kazetaria da (duela gutxi irakurri dut Las cuatro estaciones de Atenas: kazetari lanetan 2012-2013 bitartean Greziako hiriburuko biztanleak ardatz hartuta egindako hainbat erreportaje biltzen ditu bertan). Igandean Lesbos irlan bizi den Eric Kempson britainiarraren eta beren familiaren lana kontatzen duen El buen samaritano de Lesbos artikulua irakurri nion. Familia honek irla horretara egunero iristen diren errefuxiatuak laguntzen ditu (bataz bete, egunero 1.000 lagun iristen dira).
Gaur, berriz, Badalonako GKE baten lanarekin egin dut topo sarean. Bertako kide batek kontatzen du Periodismo Humano webgunean zertan dabiltzan: “Hoy nos tiramos hasta 200 metros a enganchar a gente que cae de la patera y no sabe nadar”.
Taldeak Pro Activa Open Arms du izena eta Bartzelonako laupabost sorosle daude Lesbos-en (elkartearen loturan klik eginez gero, dirua emateko aukera izango duzu). Irailean iritsi ziren bertara, baina jada eguraldia eta itsasoa asko aldatu dira. Okerrera egingo du negua hurbildu ahala.
Nik beti zalantza asko ditut, baina esango nuke hobe dela laguntza ematea, ezta?
Duda todo lo que quieras, pero echa una mano (este apunte en castellano).
Gainbeherak ez dira beti tristeak
Asteazkenean etorri zen Oskar Alegria Donostiara esku artean dituen proiektu batzuk erakustera. Jon Benitok eta Beñat Sarasolak antolatutako #Berrirakurtzen programaren denboraldi berriaren lehen ekitaldia izan zen nafarraren markoa.
Berandu iritsi nintzen KMKra eta galdu egin nuen hasiera. Ulertu nuenez, aitak (Jesus Alegriak) idatzitako Artazu liburua izan zen hitzaldi-performancearen abiapuntua. Aretoan sartu nintzenean belardi baten argazkia zegoen pantailan. Gu bezalakoek belar berdea ikusten genuen fotoan, baina Oskarrek galdetu zuen ea zenbat belar-mota identifikatzeko gai izango ote zen pertsona adindu bat. Belarrak identifikatzeko olinpiadak antolatu behar zirela eta lehiaketa horretarako txapeldun bat bazuela berak: 31 belar mota ezagutzen zituen baserritarraren ahotsa entzun genuen.
Gainbeherei buruzkoa izan zen saioa eta hainbat gauza erakutsi zizkigun. Adibidez, biniloa bezala galbidean dauden txorimaloak (biniloaren arrazoi berberengatik desagertze bidean daudenak, Oskarrek esan bezala: CDengatik).
Gainbeherak gora eta behera, Pirinioetan 1000 metrotan urte luzez bizi izandako hainbat artzainen bordetan pasatutako azken eguna (gaua barne) grabatzen ari dela aitortu zigun. Harrigarriena dela nola altuera horietan hain ondo egokitzen den jendea ze azkar gaixotzen den herrira jaisterakoan.
Ilunpean uzi zuen aretoa artzain batek lotarako kandela itzali zuenean eta euskaraz hasi zen orduan Oskar. Bere ametsa Francisco Albistur Albistur bezalakoa izatea dela. Umetan uda pasatzen zuen herrian bi euskaldun egoten zirela: Francisco eta Oskarren osaba bat. Angelusaren orduan biak ibaiaren albo banatan elkartzen ziren euskaraz mintzatzera. Horregatik euskara garai batean ibaiko hizkuntza izan zela berarentzat.
Francisco duela urte batzuk hil egin zen eta inoiz ez omen zuen dirua erabili, beti trukea erabiltzen baitzuen beharrezkoa zuena eskuratzeko. Argazki bat pantaileratu zuen. Lagun bertsolari bati hura erakutsitakoan "gizon orekatu" baten planta zuela esan ei zion. Alegria bezain orekatua eta jakintsua, seguruenik.
Hau ez zuen jarri, baina hona hemen Filipe Oyhambururi buruz egindako film laburra: Galtzerdi Berdeak.
Ostegunean, Donostikluba jaialdiaren X. edizioa hasi zen Egia Kultur Etxean. Gazteszena inoiz baino gazteago, eszenatokian behintzat. Oier Aranzabalek bataiatu zituen bezala, Eraul izan daiteke gaur egungo Sorotan Bele, zelta baino amerikar kutsukoak. Musikari trebeak eta abeslari-lider sinesgarria. Gaztea emisorak benetako irrati publikoaren papera beteko balu, horrelako taldeak bultzatu beharko lituzke.
Rafael Berrio ez da gaur jaio: urteak daramatza musika egiten. Joserra Senperenarekin crooner eta chanson-etik gertu egindako bi disko borobilen ondoren, rockera egin du salto Berriok (jatorrira bueltatuz). Banda aparta bildu du, gainera: atal erritmiko sendoa (Felix Buff eta Fernando Lutxo Neira) eta labana bezala mozten duten bi hegalekoak (Joseba B. Lenoir eta Rafa Rueda gitarristak). Errepertorioan azken lanak (Paradoja) badu pisua, baina baita karrera luzean ondutako abestiek ere.
Banda osoarekin hasi zen eta gero bakarka aritu zen, bukaeran berriro talde osoarekin gauari amaiera emateko. Paradoja diskoak irabazi egiten du zuzenean, ikusgarria baita boskotea. Bolada batez ez dirudi agertoki gainean elkarrekin ikusteko aukera handirik egongo denik (musikari lanpetuak eta kontzertu gutxi formatu honetan), baina zuen herritik gertu pasatzen bada, zoazte zuzenean ikustera.
Hiruzpalau lagunek grabatu zituzten bideoan egun horretako kantuak, baina oraindik ez dituzte igo. Bitartean, hona hemen Mis ayeres muertos (Angel Aldarondok egindakoa klipa).
Urriaren 9ko eguneratzea: Jon Iraundegik igo du jada bideo bat. Behean itsatsi dut.
No son tristes todos los ocasos, este apunte en castellano.