Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Inor ez da hiltzen

Inor ez da hiltzen

Mikel Iturria 2016/07/05 21:55
Kanposantuak, baserriak, pertsonak, mundua.

Ekainak 29

Asteazkena. Goizeko 7:45. Irungo kanposantuan nago. Hasi berria den uda giroko egun zoragarria. Hilerriko ate guztiak zabal-zabalik daude, nahiz eta kartelen arabera 8:00etan irekitzen den. Bertako bulegora joan beharra daukat, baina zaharrei bisita egitea derrigorrezkoa da, nahi baino gutxiago agertzen bainaiz.

Hildakoen heriotz-datak irakurri ditut eta kalkulatu nola bizi nituen bakoitzarena, non nengoen eta zein adinean harrapatu ninduen.

7:57. Bulego parean jada. Hura ere zabalik. Bertara etorri behar izan dut paper batzuk egitera. Ezin zela beste modu batez egin. Egoera harrigarria bada ere, harrigarriena da ez naizela batere haserretu: ni ere lasai nago, nahiz eta instantzia bat sinatzera etorri behar autoan, joan etorrian, 50 kilometro eginez. Tokia izango da, bertako langileak, autoan ekarri dudan Senperenaren "9 ganbera pieza", nire jarrera: dena bat, agian.

Ekainak 30

San Martzial eguna. Ez naiz alardea ikustera animatu. Amak ere ez du etxetik ateratzeko gogorik eta, beraz, bertan bazkaldu dugu.

Bazkalostean atzokoa komentatu dugu. Langile bat zein baserritakoa zen erakusteko Irungo Udalak 1999an argitaratutako "Irungo baserriak" izeneko liburua zabaldu du amak mahai gainean. Josetxo Riofrío da argazkilaria eta 200 baserriren erretratuak jasotzen dira.

Lekunberri Baserria by Josetxo Riofrío

Hona hemen nire jaiotetxea, 1999aren bueltan eginiko erretratua. Altxatu da ama eta paper batzuk kontsultatu ditu eraispenaren datu eta ordu zehatza emateko: 2000ko apirilaren 17an, goizeko 8:15ean.

Auskalo non nengoen egun hartan, baina orain pena daukat une hori ez bizitzeagatik.

Etxerako bidean, bueltan, Lou Topet-en "Abesti bat gutxiago" diskoa ipini dut. Horien artean "Inor ez da hiltzen" kantua, besteak beste (jatorrizkoa Tweedy aita-semeena da: "Nobody Dies Anymore"; euskarazko bertsioa Harkaitz Canorena).

Uztailak 1

Iluntzean lagun baten ama hil da. Gugan bego! Gugan beude!

Nadie se muere, este apunte en castellano.

 

Xaun
Xaun dio:
2017/03/23 17:28
Itxura ederra zeukan ba! Non zegoen zehazki? (Zure beste testuren batean Arretxe eta Ugalde artean kokatzen zenuen, oker ez banago).
Saldu beharra ala maizterrak izatekotan nagusiek negozioa egin nahia? Nolanahi ere, pena da baserri asko eta asko suntsitzeko eta gure ondare kulturala eta historikoa ez zaintzeko joera hori, Irunen gehiegi pairatzen duguna.

Zuek oroitzapenekin eta denok argazkiekin konformatu beharko. Beste baserri desagertu askoren kasuan ezta hori ere!
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2017/03/25 11:54
Aupa, Xaun.

Mila esker komentarioagatik.

Gaur egun Arretxe-Ugalde poligonoa denaren horren barruan zegoen baserria. Industrialak bihurtu zituzten baserriaren (gurea zen) lurrak eta etxetik joatera behartu.

Eta bai, arrazoi, dena bota eta (ustez) berritu horren pean gaude. Noiz arte?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter