Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (IV): azkena
Hemendik dator: Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (III): Alamoren kontra borrokan.
Parkeak
Bezperan Mariposan hartu genuen hotela eta lehen parkea ezagutzera abiatu ginen urriaren 13an: Yosemite. Hiru parke nazional bisitatu behar izanez gero, US National Park Pass hartzea komeni da (80 dolar auto bakoitzeko) eta urtebetez Estatu Batuetako sare nazionaleko parke guztiak ikusteko aukera ematen dizu. Edozein parketan eros daiteke. Baina kontuan hartu honek ez duela balio estatu bakoitzeko parkeetan sartzeko (soilik nazionalak).
Bi egun eman genituen inguruan eta lehenengoan Bilboko bikote batekin egin genuen topo, AEBetan pasa genuen hilabetean ikusi genituen euskaldun bakarrak: Hawaii-n amaitu behar zuten ezkontza-bidaia ari ziren egiten Kaliforniatik barna.
Urriaren 15ean Amargosa Valley-ra joan ginen, 16an Death Valley egiteko. Longstreet Hotel & Casino izenekoan pasa genituen bi gau. Hotel bitxi hau Nevadan dago, Kaliforniako mugan.
Yosemite parkeko berde kolorea atzean utzi eta desertuan barna sartzea kontraste ederra da.
Bi gau egin genituen, baina nahikoa da bakarrarekin Death Valley ezagutzeko. Maletak autoan hartu eta lasai asko egin baitezakezu egun bakarrean.
Harrigarriena egin zitzaidan Death Valley-n dagoen golf zelaia. Ez zen ikusi genuen astakeria bakarra: hilaren 17an bost orduko bidaia genuen aurretik Arizonako Williams-era, baina luzatu egin genuen Las Vegasekin flipatzeko. Ez genuen gaurik egin bertan, ez zen hori gure asmoa: nahikoa Boulevard-etik autoz pasatzea.
Las Vegas-en geratu nahi izanez gero, aintzat hartzekoa da hoteletako prezioak merkeagoak direla: jokoa baita negozio. Ez dakidana da iragarritako prezioan zeintzuk diren sartzen diren zerbitzuak, zeren guk begiratu genuen plataforman bezero asko kexati zeuden hainbat gauzarekin.
Williams herritik ordubete eskasera dago Grand Canyon. Urriaren 18a berari eskaini genion. Begien aurrean lehen aldiz agertzen denean kanoia, inpresioa itzela da.
Sedona-n geldialdia egin ondoren, 19an Arizonako hiriburura jo genuen: Phoenix. Aireportu aldamenean dagoen hotel bat aukeratu genuen, baina arratsaldean ez ginen bertatik atera: arropa garbitu eta hurrengo astea antolatzeko aprobetxatu genuen.
San Diego
Urriaren 20a larunbata zen. 6 orduko bidea dago Kaliforniako San Diegora, Estatu Batuetako zortzigarren hiririk handiena. Arizonan barna pare bat presondegi ikusi genituen errepidetik: kartzela beti da kartzela, baina halako toki lehor batean preso egon beharra ere...
San Diegon atentzioa deitzeko modukoa da Midway Museoa. Gerra ontzi bat da gaur egun kaian lotuta dagoena, baina 1945etik 1991ra (Golkoko Lehen Gerra) aritu zen alde batetik bestera. Ez genuen bisitatu, baina tira, agian merezi du.
Igandean, hilak 21, Coronadora joan ginen, hamabost minutuko bidaia ferry-an. Hondartza ezin izan genuen behar bezala ikusi, lainotuta zegoelako, baina ez genuen batere problemarik aldamenean dagoen Hotel del Coronado ikusteko. Besteak beste, Some Like It Hot grabatu zuten (gaztelaniaz, Con faldas y a lo loco).
Arratsaldean Old Town San Diegora joan ginen. 1820-1870 urteetako hainbat eraikin daude eta hiriaren lehen urteak nolakoak izan ziren kalibratzeko balio du. Kanposantuan San Diegoko lehen alkatearen hilobia ikusi genuen, baita Jose Antonio Aguirre izeneko gizon bati eskainitako plaka ere.
Los Angeles
Urriaren 22an iritsi ginen Los Angeles-era. Zehatz-mehatz Arcadian geratu ginen motel batean.
23an autoz gainezka dauden LAko autobideetan murgildu ginen. Dolby Theatre inguruan dagoen aparkalekuan utzi genuen (25 dolar eguneko tarifa) Hollywood-eko hiru toki bisitatzeko. Antzoki horretan egiten da oskarretako sari-emate ekitaldia urtero, 2001z geroztik. Alboan Grauman's Antzoki Txinatarra dago eta baita zinema munduko hainbat pertsonari eskainitako izar famatuak eta horietako batzuen esku zein oinetako aztarnak hormigoian egindakoak.
Metroa hartu eta Santa Monicara joan ginen, besteak beste, Route 66-ren amaiera markatzen duen plakan argazkia ateratzera.
Monterey eta Big Sur
24an Malibutik pasa ginen eta, egia esateko, ez zitzaidan hainbestekoa iruditu, baina seguraski ez ginelako behar den tokitik pasa. Lotarako San Luis Obispo (SLO) aukeratu genuen eta, 25ean eta 26an, berriz, Salinas.
Monterey hiria Salinas-etik gertu dago eta bertan egin daiteke autoz 17-Mile Drive izeneko ibilbidea. Sam Morse izan zen inguru hura gaur egun dagoen bezala finkatzeko ideia izan zuena. Natura eta luxua nahasten dituen gune esklusiboa: golf zelaiak, etxetzarrak eta abar.
Carmel-by-the-Sea herritik atera ginen aipatu ibilbidetik. Datu bat: Clint Eastwood bertako alkate izana da.
Kontraste ederra handik ibiltzea eta gero Salinasera bueltatzea, oso herri langilea eta xumea baita. Adibidez, Marriott hoteletako lan gatazkan, irakurri nuen San Frantziskoko hotel batek Salinaseko langileak kontratatu zituela ordezko lanak egiteko. Goizeko 4:00etan hartu eta bi orduko bidea zuten egunero.
Hilaren 26ko plana Big Sur egitea zen eta halaxe izan zen. Abiatu aurretik janaria erosi eta gasolina bota genuen: gasolina ez ziguten kobratu, aurreko autoaren txartelari egotzi baitzion sistemak gurea.
150 kilometro inguru izango dira Morro Bay arte. Baina GPSak egun tontoa zuen eta beti kontrako bidetik bidaltzen gintuen. Hendaia eta Ziburuko bitarteko kostaldeko errepidea edota Deba ingurukoa etorri zitzaigun guri akordura hura ikusitakoan.
Bukaera aldera, mendia lausotu eta arrantxoak agertu ziren. Behiak alde batera eta itsas elefanteak San Simeongo gunean.
Irratia, taxia, telefonoa eta mediku-asegurua
Oharrak errepasatu ditut eta lau kontu hauek ez zaizkit kabitu orain arte esandakoetan, baina aipatu nahi ditut:
1.- Irratia: oso garrantzitsua zen niretzat autoan egin beharreko kilometroak (miliak) egiteko irratiaren laguntza izatea. Toki batzuetan, mendi inguruetan, ez genuen ondo harrapatzen konbentzionala (FM edo AM), baina Alamok Sirius XM satelite bidezko irratia entzuteko aukera eskaini zigun eta dozenaka kanalen artean bi hauek izan genituen gustukoenak:
a) B.B. King's Bluesville. B.B. King musikaria da bertako erreferentea, behin eta berriro entzungo baituzu haren izena. Blues eta R&B musika.
b) Tom Petty Radio: musikari estatubatuarrari eskainitako kanala. Bere kantak, batez ere.
Hortik aparte, FM bidez, Modesto eta Fresno inguruan (Yosemite Parketik gertu) izan genuen Radio Bilingüeren berri: irrati publikoan gaztelaniaz emititzen duen kanal bakarra. Musika eta aholkuak latinoentzat: hezkuntza, osasuna, lan-eskubideak eta paper kontuak.
2.- Taxiak:
Hiru taxi hartu genituen bidaia osoan: lehenak aireportutik Harlem-era eraman gintuen. Ilaran jarri eta tokatzen zaizunean taxi horia hartzea besterik ez dago. 75 dolar pagatu genituen. Horretaz gain:
a) Taxi berdea New York-en: Urriaren 5ean New Yorkeko aireportura joan behar genuen San Frantziskora eramango gintuen abioia hartzera. Bernardok (San Fermin Apartments) konfiantzazko taxi-gidari bati pasa zion abisua: Carlos. 70 dolarreko tarifa finkoa.
6:45ean jaitsi eta hantxe zegoen jada taxi berdea gure zain, esandako ordua baino hamabost minutu lehenago. Hiztun zegoen txoferra. Goizeko 4:00etatik arratsaldeko 16:00etara aritzen omen zen egunero, igandetan izan ezik. 25 bat urte zeramatzan herrialdean 70 urteko gizonak. Gutxi gelditzen zitzaiola esan zigun halako batean. Total, urtebete barru edo hilko zela.
Adina entzundakoan galdera zozoa egin nion. Ea ez ote zuen erretiroa hartzeko aukerarik. Ezetz berak, 400 dolarretako jornalarekin ezinezkoa zela han bizitzea.
Bigarren galdera nire aldetik. Ez ote zuen Ekuadorrera bueltatzeko asmorik. Ezetza oraingoan ere. Hango bataz besteko soldata 400 dolarrekoa zela hileko eta ezinezkoa zela.
Bi seme-alaba ei ditu Alacanten eta Bartzelonan. Hirugarren bat ere aipatu zuen, New Yorkeko iparraldean bizi zena. Azken hau ez zela aberatsa, baina ondo bizi zela. Milioi erdi dolarreko etxearen jabe, txofer omen zebilen mobile home-ak alde batetik bestera eramanez.
b) San Franzisko:
Urriaren 30ean goizeko 4:15 aldera atera behar genuen hoteletik SFko aireportuan goizeko 6:30ak aldera hegaldia hartzeko. Egunez BART hartzea da irtenbiderik onena: erdialdetik 30 minutuko bidaia egiten duelako, baina lehen trena goizeko 5:00etan ateratzen da eta oso justu ibili behar genuen. Beraz, taxi bat hartzea zen egokiena.
Ulertu nuenagatik, taxi kooperatiba asko dago SFn eta Fly Wheel aplikazioa erabiltzea izan zitekeen aukerarik onena. Jaitsi nuen aplikazioa Android telefonora eta bospasei baimen eskatu zizkidan: kontaktuak, argazki-kamera, argazkiak... Hori jada ez zitzaidan batere gustatu. Are gehiago, ez jakitea zenbat kobratuko zidaten zerbitzuagatik. Beraz, desinstalatu nuen eta akabo.
Hurrengo aukera Uber zen, baina ez nuen erabili nahi. SFn bertan sortutako konpainia "guaya" dago: Lyft. Baina Proposition C-ren kontra publiko agertu den erraldoietako bat da konpainia (aurreko sarrera batean adierazi bezala, San Frantziskon dagoen etxerik gabekoen arazoa konpontzeko zerga berri bat ezartzearen alde azaroaren 6an aurrera ateratako proposamena).
Txarra eta okerrenaren artean, txarra aukeratu nuen: Lyft. Goizeko 4:10etarako eskatu genuen zerbitzua bi egun lehenago. 33,66 dolar izango zela esan zidaten hasieratik (propinak aparte).
4:10ak aldera konfirmatu zigun aplikazioak Rafael izango zela gure txoferra eta bi minutu behar zituela guregana iristeko. Volkswagen txiki bat zuen, Golf-a baino txikiagoa, eta maletak justu baina ondo sartu ziren maletategian.
16 minutuko ibilbidea egin zuen aireportura, trafikorik apenas zegoelako ordu horretan. Aireportuan, zain nengoela, telefonoari erreparatu eta Lyft-en abisua nuen ordainketa egiteko, baita propina eta balorazioa egiteko ere. 41 dolar eskas, %20ko propinarekin.
3.- Telefonoa:
Etxean dudan konpainiak (Vodafone) aukera eman zidan AEBetan etxeko tarifarekin aritzeko. Dirudienez, 2018ko maiatza aurretik kontratua indarrean genuenoi ematen zaigu orain aukera. Dena den, informatu, gaur egun oso inportantea baita telefonoa eta datuak eduki ahal izatea.
4.- Mediku asegurua:
AEBetan oso garrantzitsua den beste kontu bat: mediku-asegurua. Niri Insubuy konparatzailea erabiltzea gomendatu zidan lagun batek eta horrela jokatu nuen.
Zorionez, ez dut zerbitzu honen beharrik izan eta ez dakit zer nolakoa zen nik hartutako kobertura.
Kontuan hartu bi kobertura mota daudela: finkoa (konparatzaileak berak mugatutzat duena) eta osatua (gomendatzen duena).
Adinaren araberakoa da pagatu beharrekoa, baina guk 100.000-125.000 dolar arteko kobertura zuena aukeratu genuen. 150-175 bat dolar behar dira pertsona bakoitzeko hilabeteko.
44 argazki ikusi nahi izanez gero, hauxe da Flickr-eko albuma: AEBetako Mendebaldea.
Lau sarrerak osatzen dute kontakizuna. Lehena hementxe dago: Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna.
Eta hauxe da despedidea!
Una vuelta por la Costa Oeste de los Estados Unidos (IV): final, este apunte en castellano.
Itxaropena pena pena
Asteartean Ane Irazabal kazetaria Donostian egon zen erreportariaren ofizioari buruz hizketan beste kazetari batekin, Ander Izagirrerekin hain zuzen ere.
Ane munduko bazter ilunetan ibiltzen ohituta dago eta, gainera, Erroman bizi da; hots, faxismoaren igoera gertu-gertutik bizitzen ari da Italian.
Ernest Lluch Kultur Etxearen egoitza nagusia (Anoeta Estadiokoa) itxita dago (zure segurtasunagatik / ari gara lanean / tralara) eta ekitaldia IESU elizan egin zen. Ez zen soilik tokiaren eraginagatik, baina une batean bazirudien enterru batean geundela.
Xavier Aldecoa eta Alfonso Armada kazetarien Afrikari buruzko solasa plazaratu zuen irailean Revista 5W-k. Bien arteko solasa aurreratu samar dagoela, kontinentean egoerari buelta ematen ari diren hainbat herrialde aipatzen du bikoteak (tartean, oker ez banago, Mozambike). Enterru giro hari iskin egin nahian, galdetu nuen ea ez ote zegoen itxaropenerako tarterik. Pentsakor geratu zen Ane eta aipatu zuen Italiako herri bat non ez dakit zenbat herrialdeko errefuxiatu zein etorkin bizi diren une honetan.
Sarean bilaka, Mussie Zerai apaizarekin (Don Barcone; hau da, Patera jauna) egin dut topo. Habeshia elkartea abiatu zuen 2006an eta 2018 hasieran Madrilen egon zen sari bat jasotzen (Helena Malenori ere eman ziotena, Caminando fronteras ekimeneko kidea).
Irungo egoerari buruz hitz egin genuen, Gari Garaialde fotokazetaria jende artean zegoela aprobetxatuz. Nola herriko hainbat pertsona (emakumeak, batez ere) eta elkarte antolatu den (Irungo Harrera Sarea) Europako iparraldera bidean Irunen dauden Afrikako etorkin eta errefuxiatuei laguntza emateko.
Eta gogoratu nintzen azaroan pare bat pertsonekin eztabaidatu nuela (ez modu txarrean) etorkin afrikarren gaia zela eta ez zela eta nola hemen ere hainbat girotan gailentzen ari den arriskutsu bihurtu daitekeen giro bat.
Hau guztiau buruan nuela txoritxoaren sare sozialean Javier Baeza Vallekaseko apaizaren elkarrizketa bat pasa zitzaidan begien aurrean: «Kezkatzen nau arrazakeriak jende apalaren artean leku egitea» (lotura gaztelaniaz da).
Itxaropena, pena, pena. Chirbes. Irakurle batek esan zion behin (tira, batek baino gehiagok) bere liburuek ez zutela itxaropenerako tarterik uzten eta berak, gutxi gorabehera: «Ez naiz apaiza zeruan bizitza hobeagoa agintzeko, ez politikaria gaur eta hemen promesaren bat egiteko, ez bihotza arinduko dizun psikiatra».
Eta hori da erreportari eta kazetari hauen eginbeharra. Gertatzen dena eta ikusten dutena kontatzea.
Ekitaldiaren ondoren, Ghiaccio izeneko dokumentalaren berri eman zuen Anek. Diru bila ari den dokumental bat egiteko proiektu honetan Afrikako errefuxiatu batzuen historia azaldu nahi da. Africa First Curling Team izeneko taldea osatu duen seikotearena. Esan bezala, goiko loturan lagundu dezakezue proiektua aurrera eramaten. Behean itsatsita laburpena.
Ezin bukatu lerro hauek Javier Ortiz aipatu gabe. Behin baino gehiagotan, Angel Gonzalez poetaren Sin esperanza, con convencimiento liburua aipagai baitzuen. Usteak erdi ustel, txar guztia guri tokatzen zaigula uste baitugu. Eta ez da horrela.
Abenduaren 2ko eguneratzea: Anek aipatutako herria Riace da, Calabriakoa. 400 bat errefuxiatu iritsi dira bertara eta horrek hilzorian zegoen herria berpiztu egin du. Halere, Domenico Lucano alkatea atxilotu egin zuten eta, aske utzi badute ere, ezin du bere herrian bizi. Irazabalen bideo hau udakoa da eta alkatearen atxiloketa urrian gertatu zen.
Esperanza no es un nombre de estación, este apunte en castellano.
Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (III): Alamoren kontra borrokan
Hemendik dator: Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (II).
Internet-en prezioak begiratu
Ez da komeni azken ordurako uztea eta, San Frantziskon geundela, hasi ginen autoak begiratzen. Bush kaleko 750 zenbakian Enterprise Holdings-ek (hiru enpresa batera: National, Enterprise eta Alamo) delegazioa zeukala aprobetxatuz, bertan eskatu nuen aurrekontua, baina oso garestia izan zen eskaini zidatena: 1.474 dolar, 17 egunetarako. Izan ere, joan aurretik Rentalcars.com atarian begiratu nuen.
Bigarren bilaketa bat egin nuen Kayak.com erabiliz eta hantxe agertu zen, Rental Cars-en webgunean, Bush kalean bertan Alamo Rent A Car-ek eskaintza berezia zuela.
Rental Cars atarian 486,58 euro pagatu nituen alokairuagatik, baina gero beste 350 euro Alamori bidaiaren bukaeran (aseguruen kobertura hobetu eta GPS-a). 950 bat dolar, guztira.
Irudian ageri den Chevrolet Equinox automatikoa utzi ziguten. SUV estandarra, beraientzat; bainuontzi handi bat, niretzat. Hots, SUV txikiago bat hartuta ere ondo.
Aseguruen koberturak
Ez da erraza jakitea zer nolako koberturak dituzten aseguruek. Niri behintzat ez zitzaidan batere erraza egin. Aldez aurretik, Estatu Batuetan autoa alokatzeko aholku hauek irakurri nituen.
Oker ez banago, rentalcars webgunean Collision Damage Waiver (CDW) asegurua (karrozeria kalteak estaltzeko) eta beste bat eman zizkidaten. Horrez gain, gomendioa da Loss Damage Waiver (LDW: autoaren lapurreta kubritzeko) eta Supplemental Liability Protection (LIS edo SLP: beste pertsona bati eginiko kalteetarako) aukerak ere kontratatzea.
Autoa jasotzera joan nintzenean Alamo Rent A Car-en bulegoan zituzten kobertura guztiak hartu nituen (tartean errepiderako asistentzia ere). Frankiziarik ez pagatzea saihestu nahi nuen, baina, egia esatea nahi baduzue, hori adierazi bazidaten ere, ni ez nengoen batere konbentzitua. Eskerrak ez dudala izan horren beharrik!
Olio aldaketa bidaian zehar
Death Valleyrako bidean, autoarekin jada bost egun baina aurretik beste hamar gelditzen zirenean, konturatu ginen olioaren bizitza %10ekoa zela. Hau da, olioa aldatu beharra zegoela.
Bi hipotesi:
1.- Konpainiak bazekien hori gertatuko zela, baina ez zidan abisatu.
2.- Ez zuen autoa behar den bezala begiratu.
Lehen aukera txarra da, baina bigarrena okerragoa.
Une hartan, konpainiaren asistentzia zerbitzuarekin hitz egin ondoren, erabaki genuen onena zela guk geuk aldatzea olioa, bueltan faktura eraman eta ordainduko zigutela esan baitziguten.
Erabaki hori hartu genuen Alamoren bulegorik gertuena ia bi ordura zegoelako eta ez geundelako prest asistentziaren zain hotelean edo dena delakoan egoteko.
Kobratzeko komeriak
Utzi genuen autoa San Frantziskon, bertako pertsona batek txekeatu zuen guztia eta hari utzi nion faktura, kopia bat atera zezan (originala etxera). Egun batzuk barru kobratuko genuela esan zidan. Hori urriaren 27an gertatu zen.
Etxean jada, astebete pasa ondoren, ikusi nuen ez zutela ezer ordaindu eta nik ez nuela faktura haien bulegoan utzi izanaren inolako agiririk.
Alamoren aplikazioa erabili dezakezu zure bulegoarekin harremanetan jartzeko, baina han utzitako mezuen kopiarik ez duzu jasotzen. Bidaian nik zerbait idatzi bainien, baina akatsik ezean, nik ez dut horren kopiarik jaso eta inork ez dit horri buruz bueltan ezer idatzi.
Internet bidez ikusi nuen, @alamocares izeneko kontua dutela Twitter-en eta mezu zuzenak bidaltzerik dagoela (Facebook ere erabiltzerik badago).
Beraz, azaroaren 3an idatzi egin nien mezu pribatu bat, eskabidea berretsi eta telefonoaren argazki kamerarekin ateratako fakturaren irudia gehitu nuen.
Oso jende atseginak kudeatzen du zerbitzu hori, baina beste astebete pasa ondoren, ez berririk, ezta dirurik ere. Mezu berri bat bidali eta berriro gauza bera: hitz politak soilik.
20 days waiting, @Alamo! This morning I call my attorney. When will you pay back the 100$ you owe me? @alamocares pay me NOW!#iturriagainstalamo
— Mikel Iturria (@iturri) 2018(e)ko azaroaren 16(a)
Azaroaren 16an, arratsaldeko 15:00ak inguru egin nuen kexa publiko (abokatua aipatzea ezinbestekoa da). Ez ziren 8 ordu pasa eta posta elektronikoa bidali zidaten fakturaren kopia eskatuz.
Faktura bidali nuen berriro eta adostasuna eman zidaten.
Oraindik ez dut kobratu, baina prozesuan omen dago. 98 dolar kobratzeko eman behar diren bueltak!
Eta hau guztiau kontatzen dut zuek autoa alokatu behar baduzue, nik bizitutakoa kontuan izan dezazuen.
Eguneratzea, azaroak 26, goizez. Gaur iritsi zait bankuaren konfirmazioa: dirua pagatu didate.
Una vuelta por la Costa Oeste de los Estados Unidos (III): problemas con Alamo, esta entrada en castellano
Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (II)
Lehen sarrera irakurri nahi baduzu: Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna. Nondik nora ibili ginen aipatu nuen, baita San Frantziskori buruzko bi kontu ere: hiru eguneko musika jaialdia (Hardly Strictly Bluegrass Festival) eta homeless-en arazoa gainetik.
San Frantziskon bueltaka, txino bati su eske
BAP!! taldeari eginiko keinua da izenburua.
Esan bezala, urriaren 5etik 7ra egunero joan ginen Golden Gate Park-era aipatutako musika jaialdira. Kontzertuak eguerdian hasten ziren eta iluntzerako amaitu. 6an, larunbat goizean, Fisherman’s Wharf-era igo ginen. Hilaren 7ko goizean, berriz, Castro auzotik pasa ginen.
8an, astelehenean, Fisherman’s Wharf-era berriro eta 39. kaian Sausalitora doan ferry-a hartu genuen. Alcatraz utzi genuen eskubira, baina ez genuen interes berezirik hura bisitatzeko; gidek diote aldez aurretik erreserbatu beharra dagoela.
Kalifornia Unibertsitatearen Berkeley campusean egon ginen 9an. BART (aldiriko trena) hartuz hurbildu ginen. Free Speech Movement kafetegian hartu genuen kafetxo bat, besteak beste.
Hilaren 10ean goizez City Center inguruan (udalerriko hainbat eraikin ofizial biltzen dituen zonaldea) ibili ondoren, San Francisco Public Library-ren gune nagusian sartu ginen, baina ez da erraza di-da ulertzea eraikin hark biltzen duen guztia.
Gertu Asian Art Museum-a zegoen, Asiako artea jasotzen zuen AEBetako museorik garrantzitsuena omen da. Sarrerak 15 dolar balio zituen. Hirugarren solairua itxita zegoen, baita bigarreneko zati bat ere: Japoniako artearen eremua berritzen ari omen ziren.
Txinakoa eta Koreakoa ikusi ondoren, arreta gehien deitu ziguna Indiako Mithila zonaldeko emakumezkoen artelanen erakustaldi bat izan zen.
Diego Riveraren muralak
Arratsaldez, berriz, BART trena hartu eta Pan American Unity izeneko Diego Riveraren murala ezagutzera abiatu ginen. Ausartegi jokatu genuen: webgunean konprobatu genuen zabalik zegoela, baina ez genuen txanda hartu.
Geltokitik ordu laurden oinez egin eta City College of San Francisco erakundearen campus batera sartu ginen. Kostata, baina topatu genuen Diego Rivera Theater, murala jasotzen duen eraikina.
Zaintzaile lanetan zegoen emakumezko batek kasu egin zigun (pena ez galdetzea izena). Trabak jarri zizkigun, baina gutaz errukitu eta sartzen utzi zigun. Goiko gelan bilera bat zegoen (bitan jaitsi zen tipo bat isilik egoteko eskatuz, nahiz eta apenas egin guk zaratarik). Hainbat gauza kontatu zizkigun muralari buruzkoak.
Diego Riverak mural gehiago ditu San Frantziskon.
SF Moma Museoa
Urriko hasierako aste horretan ez genuen museoa patxadaz ikusteko betarik izan eta, bidaiaren amaieran bi egun genituenez, igande goiz bat eskaini genion.
Rene Magritte margolariari buruzko erakusketa zegoen eta eraikinaren barrualdean geundela konturatu ginen egun horretan bertan, urriaren 28an, amaitzen zela. Beraz, jendetzarekin egin genuen topo eta ezin izan genuen behar den bezala ikusi.
Sarrera ez da merkea: ohiko erakusketak ikusteko 25 dolar; Magritte-rena barne, 35.
10:30ak aldera sartu eta Belgikan jaiotako artistaren lanak ikusteko ordua 12:30ean eman ziguten. Gainerako aretoak eta artelanak ikusteko aprobetxatu genuen tarte hori.
Presidio
Golden Gate Park baino handiagoa da Presidio parkea, Golden Gate zubira itsatsita dagoena. Lehendik buelta bat eman bagenuen ere, azken egunean hurbildu ginen bidaia patxadaz amaitzeko.
Besteak beste, National Cemetery dago barrualdean; hots, 30.000 soldadu, agintari eta abarren gorpuzkiak biltzen dituen hilerria. Ez ginen sartu, baina hain da handia ezen zaila baita hura ez ikustea.
Transit Center-aren aldamenenean dagoen tabernan badago jan-edana egin eta atsedena hartzeko parada.
Oinez egin nahi ez bada, parkeko zonaldeak lotzeko autobus zerbitzu debaldekoa dago.
Errepidearen beste aldean, itsasotik gertu, Crissy Field dago. Armadaren aerodromoa izandakoa, gaur egun paseatzeko eta korrika egiteko gune aparta da.
Marriott hoteletako langileak: One Job Should Be Enough
San Frantziskora iritsi bezain pronto, hotel jakin batzuen kanpoaldean piketeak zeudela konturatu ginen. Piketeak 24 ordukoak ziren eta, hilabete bukaeran, bere horretan jarraitzen zuten protestek.
Unite Here sindikatuaren onejob.org webgunean eta Twitter-en duten profilean izan genuen grebaren berri zehatzagoa: gatazka Marriott kateko hoteletan da, munduko hotel talderik handienean.
Etxean jada irakurri genuen Oakland-eko hotel batean lortu zutela akordioa. Lerro hauek hemen idazten ari nintzela, hauxe ikusi dut sarean.
BIG NEWS! We have reached a tentative agreement and have a ratification vote scheduled for 2pm at the Hynes Convention Center today. No picket lines tomorrow! See the moment workers walking the final picket lines of the day heard the news. #MarriottStrike #1job pic.twitter.com/BntBnKEsvn
— UNITE HERE Local 26 (@UNITEHERE26) 2018(e)ko azaroaren 17(a)
Ostatua non hartu
Autorik ez baduzu, zentroan hartzea da gomendagarriena. Gu auzo txinatarraren alboan egon ginen, Bush Street kalean, Powell eta Market kaleetatik gertu.
Tenderloin aldekoa saihestu, trapitxeo zona baita.
200 dolar inguruko aurrekontua behar da gaueko. Prezio horren bueltan dauden hotelak zaharrak dira eta hemendik joanda denei iruditzen zaigu garestiegiak direla, baina hiria ez da merkea.
1.- San Francisco Plaza Hotel. Lehen astea bertan eman genuen. Txinatar jatorriko jendea ari da beharrean. Estatubatuarrak politeagoak dira forman eta hauek zuzenagoak. Jatorrak ere bai. Alde ona, goizeko gosaria, nahiz eta gela txikiegia izan elkartzen ginen jende-kopururako.
2.- San Francisco Grant Hotel. Bueltan prezio onean harrapatu genuen hotel hau. Beste hotela baino koska bat gorago. Oso oinarrizkoa zen gosaria eta ohea ez zen beste mundukoa (bidaia osoan izan genuen txarrena?). Izan ere, oso ohe onak izan baikenituen bidaian zehar. Hotela autoa hartu genuen Alamo Rental Car bulego baten aurrealdean zegoen, baina hau hurrengo apunte batean kontatuko dut. Borrokan ari bainaiz beraiekin.
20 days waiting, @Alamo! This morning I call my attorney. When will you pay back the 100$ you owe me? @alamocares pay me NOW!#iturriagainstalamo
— Mikel Iturria (@iturri) 2018(e)ko azaroaren 16(a)
Una vuelta por la Costa Oeste de los Estados Unidos (II), este apunte en castellano
Flickr-eko albumean argitaratu ditut argazki gehiago.
Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna
Bloga alde batera utzita ibili naiz azken hilabetean. Etxeratu eta nondik nora ibili naizen kontatu nahi nuen hemen bertan, baina erritmoa hartu ezinik nabil.
Urriaren 2an hartu genuen abioia eta urriaren 31n etxeratu gara. Tartean kilometro mordoa korritu ditugu. Adibidez, 16 egun autoz Kalifornia, Nevada eta Arizonako errepideetan zehar, guztira 5.000 kilometrotik gora egiteko.
Hauxe izan da bidaia egunez egun:
Urriak 2. Donostia - Bilbo - Madril - New York eta bertan urriaren 5era arte.
Urriak 5: New York - San Frantzisko eta bertan urriaren 12ra arte.
Urriaren 12an autoa alokatu genuen eta Mariposara joan ginen bertatik Yosemite egiteko 13an eta 14an.
Hilaren 15ean Amargosa Valleyra (Nevada) jo genuen, urriaren 16an Death Valley egiteko.
Urriak 17: Las Vegasetik pasa eta Williamsera (Arizona). Bi gau 18an Grand Canyon egiteko.
19an, berriz, Williams-etik Phoenix-era, Sedonatik barna.
Urriaren 20an: Phoenix - San Diego (Kalifornia) eta hantxe geratu ginen 22ra arte.
Urriak 22: San Diego - Dana Point - Newport Beach - Arcadia. Bi gau bertan Los Angeles (Hollywood / Santa Monica) bisitatzeko.
Urriaren 24an, Malibutik pasa eta San Luis Obispon (SLO) hartu genuen ostatu.
Hilaren 25ean Salinasera joan ginen. Bi gau egin genituen bertan Monterey, Carmel-by-the-Sea eta Big Sur (Morro Bay arte) bisitatzeko.
27an, Salinas-etik San Frantziskora jo genuen eta aprobetxatu genuen azken hiri honen aldamenean dagoen Tiburon ezagutzeko. Arratsaldean autoa entregatu genuen jasotako tokian.
Beste bi egun, 28 eta 29, San Frantziskon eman ondoren, 30ean bueltako bidaia egin genuen: San Frantzisko - New York - Madril - Bilbo - Donostia. 24 orduz bata bestearen atzetik hiru hegaldi hartzeko.
Gaur hiru kontu jorratuko ditut soilik.
1.- New York-en hiru gau egin genituen San Fermin Apartments-etan. Lagun batzuk gomendatu ziguten eta oso gustura egon ginen. Harlem-en dago, 145 kalean. Bikote nafar batek darama eraikin berean bospasei apartamentu dituen negozioa: Bernardo Zozaya eta Maite Mateo.
2.- Hardly Strictly Bluegrass festibalean murgildu ginen urriaren 5etik 7ra, San Frantziskora iritsi eta berehala. Bertako Golden Gate Parkean egiten den jaialdi honek 18. edizioa bete du aurten. Warren Helmann musikazalearen proiektu hau, egun bere eta Chris emaztearen seme-alabek osatutako fundazioak kudeatzen du. Ez da ezer pagatu behar eta fundazio horrek jartzen du dirua. Ez dakit aurten zenbat jende bildu den bertan, baina irakurri nuen 500.000 ikusle elkartzen direla urtero. Urriko hiru egun horietan Mavis Staples, Jeff Tweedy, Los Lobos, JD Mcpherson, Nick Lowe & Los Straitjackets eta urtero bertan aritzen den Emmylou Harris (2018ko Hardly Strictly Bluegas jaialdiaren programa osoa).
3.- San Frantziskoko herritarrek Proposition C izenekoak aurrera egitea erabaki zuten azaroaren 6an, botoen %60arekin. Gai potoloa dago tartean: Homelessness in the San Francisco Bay Area (lotura honetan informazio asko daukazue).
Zer da proposamen hau? 50 milioitik gorako diru-sarrerak dituzten enpresek tasa bat pagatzea etxerik gabekoen arazoa bideratzeko. Enpresa handiek pagatu beharko lukete, baina Twitter-eko eta Squareko burua (Jack Dorsey) kontra azaldu da, baita Lyft ere (Uber guay-a). Laburbiltzeko, 74 miloidun dituen hiri horretan bakarra ari da horren aldeko kanpaina egiten: Salesforce enpresako burua, Marc Benioff.
San Francisco Chronicle-k editorial hau atera du kontra: Why SF should reject Prop. C, baina Heather Knight zutabegilea, berriz, alde dago eta horrelako erreportajeak egiten ari da: A word about SF Prop. C from a person who knows homelessness firsthand. Periodikoak berak SF Homeless Project gune hauxe dauka.
Arazoa latza da eta, hiria lehen aldiz bisitatu dudan honetan, ezin izan naiz ohitu kalean hainbat etxegabekoak ikustera. Diotenez, 7.000tik gora lagunek egiten dute egunero lo kalean (900.000 biztanlera iristen ez den hiri batean, %1etik gertu dago).
Tira, gaurkoz nahikoa. Argazki gutxi batzuk argitaratu ditut esteka honetan. Datozen egunetan gehiago jarriko ditut.
Una vuelta por la Costa Oeste de los Estados Unidos, este apunte en castellano.
Eguneratzeak:
Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (II). San Frantzisko.
Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (III): Alamoren kontra borrokan.
Teoria eta praktika
Presioz beterik bizi gara gaur egungo gizarte honetan: gehienok nahi baino askoz ere gauza gutxiago egitera iristen gara eta horrek frustrazioa sortzen du.
Ematen du dena dugula eskura eta gauza guzti horiek egin behar ditugula. Eta ez da horrela.
Lasaiago bizitzen ikasi beharko genuke. Aspaldiko lagun batek beti esaten didan bezala: teoria denok ondo baino hobeto dakigu, baina praktikan huts egiten dugu.
Pasa den astean jendearentzat ezaguna den pertsona batekin egon ginen bi lagun. Ardura handiak ditu eta fokupean bizi da.
Aurrez aurre egiten genuen lehen hitzordua zen. Hainbat konturi buruz ari ginen modu erlaxatuan solasean. Halako batean, pertsona honek esan zigun: «Nire lagun batek esaten duen bezala.... Tira... Nire terapeuta da. Hau da, psikologo batengana joaten naiz, batzuetan beharrezkoa baita horrelako profesionalen eskuetan jartzea, beste ikuspegi batzuk izateko».
Ez naiz hitzez hitz ari, baina garrantzitsua da ideia: psikologoarengana doala.
Nirekin zegoen lagunak esan zion oso ondo irizten ziola laguntza profesional hori izatea eta, are gehiago, ezagutu berri zituen bi pertsonen aurrean hain modu naturalean adieraztea hori.
Interneteko garai hauetan, noiz arte iraungo duen jakitea zaila den sare sozialen unea bizitzen ari gara bete-betean. Interneteko haurtzaroan edo nerabezaroan gaude, heldutasunera iristeko zain.
Sare sozialetan kategoriko agertzen gara, baina hori askotan gure beldurren proiekzio bat besterik ez da. Ez baikara hain erraldoiak eta denok baikara nahi baino ahulagoak, hauskorrak. Gure ahuleziak ingurukoekin partekatuko bagenitu, elkarrekin errazago dela konturatuko ginateke.
Alfonso Zapico komikigilearen hitzekin bukatu nahi dut apuntetxo hau: amankomunean ditugun gauzak bilatzen saiatzen diren lagun horiek goraipatzen zituen, ez hainbeste diferentziak azpimarratzetik bizi direnak.
Hilabetez ez dut blog hau berrituko. Atseden garaia da. Azaroan elkar ikusiko dugu.
Teoría y práctica, este apunte en castellano.
Amona Joakina
Ume moko bat nintzela hil ziren amona Ramona (aitaren ama) eta aitona Joakin (amarena). Aitaren aldeko aitona, berriz, aitak 15 egun zituela hil zen. Beraz, amona Joakina da gaztaroan ezagutu dudan bakarra.
Halere, amona Ramonaren irudi bat daukat buruan gordeta. Leihotik begira nago, sukaldeko harraskan igota eta handik kanpoan dauden gurasoak ikusten ditut. Beraiek autoan (Seat 600) sartu eta badoaz, amonak ni eusten nauen bitartean. Agur esaten diet.
Hori jada ez dut gogoratzen, baina amak beti esan izan dit txikia nintzela gauez ez nuela batere lorik egiten. Eta nik egiten ez banuen, gurasoek ere ez. Goizean goiz, amona Ramonaren ohean sartzen nindutenean berak hitz politak omen zituen niretzat: «Akabo loa! Ume puta hau!».
Gurasoak nekatuta zeudenean, oso gustura hartzen ninduten amaren baserrian. Han ni nintzen biloba bakarra. Amona Joakinaz gain, bere ahizpa bat eta bizpahiru osaba bizi baitziren bertan eta gainerakoak ere handik zehar ibiltzen ziren.
Gogoratzen dut behin kaka egin nuela baserriaren beheko aldean zegoen arropak garbitzeko harraskaren ondoan. Izeba bati esan nion baina, kaka amona Joakinarena zela.
Esan bezala, aitona hil ondoren, amona eta bere ahizpa adinduak zirenez jada, Irungo Ventas auzora jaistea erabaki zuten. Pisu bat hartu zuten bi ahizpek eta nire bi osaba zaharrenek.
Eskolaren ondoan zegoen eta askotan joaten nintzen bertara: bazkaltzera eta baita amonarekin lo egitera. Izan ere, osaba mutilzahartuek beste lehentasun batzuk zituzten garai hartan eta bi ahizpak bakarrik egoten ziren beraiek nahi baino gehiagotan.
Amona Joakina beti lanean gogoratzen dut: etxeko lanak egiten, bazkaria prestatzen, zaintza lanetan (gaixo zegoen ahizpa eta bere bi semeak).
Koskortu eta eskola utzi nuenean, Irungo Pio Baroja institutura egin nuen mudantza. Handik aurrera gutxiago ikusi nuen, nik ere beste lehentasun batzuk bainituen. Gainera, Tio Periko eta haren familiak hartu zuen amonaren zaintza (ahizpa eta seme zaharrena hil ondoren).
Unibertsitate ikasketak bukatzen ari nintzela hil zitzaidan amona, ekaineko azterketak egiten ari nintzela.
Tira, hondartzako irudi horrek apunte hau ekarri du. Amona Joakina asko maite nuelako. Eta bihar nire amak 81 urte egingo dituelako.
Edurne Portelaren hau irakurri, inspirazio-iturri ere izan baita: Desde Santurce a la URJC.
Soinu banda: Aspaldian, Ruper Ordorika.
Mi abuela Joaquina, este apunte en castellano.
Zubigileak Errenterian
Hondarribiko alardea zela eta ez zela, pasa den asteburuan zerbait idatzi nahi nuen blogean, baina erabat blokeatuta geratu nintzen, pulamentuzko zer esan jakin gabe. Izan ere, hogeitik gora urte daramatzate emakumezko (eta gizonezko) batzuk Bidasoaldean beren eskubidea garatu nahian, baina ez dago modurik. Eta herri, gizarte edo jendarte moduan, tamalgarria da horrelako arazoak konpontzeko dugun abilezia falta. Tamalgarria.
Aste honetan, berriz, Jose Miguel Cedilloren istorioaren berri izan nuen El País-i esker. Aho bete hortz geratu nintzen. Jada gehienok jakingo duzue: ETAk hil zuen Antonio Cedillo aita, polizia, 1982ko irailaren 15ean (Calvo Sotelo Espainiako presidente zela, Felipe Gonzalez-en garaipenaren atarian). Hiru polizia erail ondoren, laugarrena, Cedillo bera, zaurituta zegoelarik akabatu zuten. Bosgarren polizia bat ere hil zen handik gutxira: hil-kaperan bere buruaz beste egin baitzuen. Euskal Herritik alde egin zuen familiak, abioi batean, duela 36 urte.
Larunbatean bueltatu ziren Cedillo hil zuten tokira: Jose Miguel semea eta Dolores García alarguna. Ez ziren bakarrik etorri; beraiekin Olivaresko (Sevilla) alkate sozialista ere etorri zen, Isidoro Ramos.
Horretarako bi gauza garrantzitsu gertatu dira: alde batetik, semea Errenteriako alkatearekin jarri zen harremanetan, bere desioen berri emateko; bestetik, Julen Mendoza alkatea dago, abioi bat hartu eta Sevillara joan zena Jose Miguelekin egotera.
Alkatearen twitter profiletik hartu dut hau:
Acto de Jose Miguel y familia por Antonio Cedillo, y por la paz y la convivencia. Terminan así unos días muy intensos de acompañamiento a la familia. Eskerrik asko por todo!! pic.twitter.com/tlVXVC8OMq
— Julen Mendoza (@julenmendoza) 2018(e)ko irailaren 15(a)
Nondik dator hau guztiau? Beñat Irasuegik ondo baino hobeto esan bezala Memoria partekatu baterantz izeneko dokumentutik, herriko alderdi guztiek babestutako egitasmoa, 2015ko irailekoa. Txosten bat dago azken loturan, 1956tik 2012ra biolentzia politikoak Errenterian hildako pertsona guztien berri ematen duena.
Egitasmo horrek Javier Ortiz zenaren esaldi bat du gidari (baita Anna Eleanor Roosevelt-en beste bat ere). Javierrena hauxe da:
«Ez dute ikusten begiratzen ez dutelako. Beste alde batera begiratzen dutelako. Batzuek ez dakite ikusten ez dutelako; beste batzuek, berriz, ezjakinarena egiten dute, nahiago baitute gertatzen den ezer ikusiko ez balute bezala jokatu».
Ojos que no ven zutabetik ateratakoa da.
Txiki-txikitatik bizi izan dut Euskal Herriko gatazka, baina, zorionez, ez naiz kaltetu zuzena izan. Kosta egin zait Cedillo bezalakoen sufrimendua ikustea. Urruti geratu baitzait eta errazagoa izan baita gertuago nuen beste askoren min horri aurpegia jartzea eta ulertzea.
Asteburu honetan bertan, Andoaingo Aiurri aldizkariak ematen du duela 25 urte hildako beste biktima baten berri: Juvenal Villafañe. 77 urteko guardia zibil ohia 1993ko irailaren 16an hil zuen ETAk auto azpian bonba-lapa bat jarriz. Haren izenean klik eginez gero duzue erreportajea.
70etik gora urterekin biolentzia politikoaren eraginez hildako beste pertsona baten istorioa gogoratu didate gaur goizean. Rafael Gomez zena Guardia Zibilak hil zuen Errenterian bertan paseatzen ari zela 1977ko maiatzaren 12an.
Sufrimendua alde guztietatik. Eta ni, askotan, beste alde batera begira.
Cedilloren semeak atzo Errenterian esandako hitzekin amaituko dut apunte hau: «Kontua ez da orria pasatzea, ezinezkoa baita, baizik eta berri bat idaztea, elkarbizitza berriro eraikiz. 2011ko urritik gauzak aldatu badira, benetan alda daitezen lan egin behar dugu».
Argazkia: Maialen Andres, Foku. Jose Miguel Cedillo, bizarduna, Errenteriako alkate den Julen Mendozarekin.
Zubigileak, tendiendo puentes en Errenteria. Este apunte en castellano.
Larunbat goizeko polaroidak
Gimnasioa
Kiroldegian pisuak dauden gela. Sartu eta eskuin aldera, aulki korritu bat dago. Mutiko bat da bertan animaziozko film frantses bat ikusten. Iltzatuta dago, makina edota altzari bat izango balitz bezala.
Bolumena altu samarra da, baina gainerakoan ez du trabarik egiten. Haurrek debekatua dute eremu horretan ibiltzea, baina inork ez du ezer esan.
Aita hurbildu da aulki hobea eskaintzera.
Une jakin batean gure begiradak gurutzatu egin dira. Begi-keinu bat egin diot. Irribarre bat bueltatu dit eta jarraitu du pantailari arreta guztia eskainiz.
Banketxea
Badago banketxe ezagun bat autonomoen aldeko publizitate-kanpaina indarrean duena. Autonomoen ausardia goratzen du.
Sukurtsal bat dauka banku horrek auzoko kale nagusian. Hiru kartel daude, erakusleiho bakoitzean bana.
Gizonezko bat eskean horietako bi kartelen artean. Gertu, auzoko zakarrontzietan sarri ibiltzen den andrazko bat.
Zuek bai ausartak!, pentsatu dut.
Bizikleta tailerra
Bizikletaren aurreko gurpila zulatu zitzaidan duela hamar bat egun. Gurpil-azala bera aldatzea ere komeni zen. Bizikleta tailerrerako bidean atera dut goizeko hirugarren polaroida.
Maldan da denda. Eta pixka bat gorago dago auzoko gaztetxea.
Bi afrikar ikusi ditut maldan gora. Esango nuke, gaztetxera doazela. Itxura guztien arabera, Europako goiko herrialdeetarako bidean gurean hartu dute atseden, nahita edo nahi gabe.
Bizikleta tailerraren aurrean bizpahiru motor majo daude aparkatuta. Haietako bati begira geratu dira biak. Zerbait esan diote elkarri, frantsesez edo ingelesez, jada ez dut gogoratzen.
Terraza
Terraza batean eseri naiz eguerdian. Tortilla pintxo bat eta tragoa. Egunkari bat ere hartu dut. Zaila egin zait arreta letretan jartzea.
-Txakur gazte bat aldameneko supermerkatuan sartu den jabearen zain, etengabe zaunka.
-Gizon edadetu bat, zaintzailea, zaintzailearen umea, beste bikote bat. Helduak beraien artean ari dira hizketan. Haurrak haien arreta bereganatu nahi du pulamenturik gabeko barre zaratatsua aldian behin eginez.
-Hirukote bat, nire adinekoak, txorakeriak elkarri kontatzen. Ez zaizkit batere axola, baina ezinezkoa da ez entzunarena egitea.
Ana Malagonek dioen bezala, matraka beti besteek ematen dute.
Polaroids de un sábado por la mañana, este apunte en castellano.
#balconsito, munduko musika jaialdirik txikiena
Noticias de Gipuzkoa egunkariaren igandeko kontrazalean zetorren Fernando F. Garayoa kazetariak sinatutako albistea: El festival de música más pequeño del mundo.
Goian aipatu bezala, Mikel G. Otamendi da Balconsito jaialdiaren antolatzailea. Horrelaxe aurkeztu du egitasmoa:
«Etxean nengoen, telebista katez aldatzen, dagoen jaialdi mordoari begira: jende-pilaketak, jaialdiak kalatan, taldetzarrekin eginiko ekitaldi garestiak, hainbat egunez kanpatzen duten milaka lagun... Eta tristura moduko bat sortu zen nigan horrelakoetara ezin naizelako joan. Baina, era berean, beste ideia indartsu bat piztu zen: aukera errazagoak egon daitezkeela, pertsona guztientzat, gainera. Hortik abiatuta, hazia landatu eta tiraka hasi nintzen».
Balkoiak 1,71 metro koadro ditu eta norberak etxean eginez gero «ez da zertan zientoka kilometro korritu eta beste hainbeste diru gastatu behar».
Bi hitzordu lotu ditu:
Abuztuaren 27an, astelehena, Kutxi Romero, Pedro (La Fuga) eta Iker Piedrafita arituko dira.
Abuztuaren 28an, asteartea, Kai Etxaniz, Gussy eta Chica Sobresalto.
Egunero 10 bat lagun egongo omen dira bertan: jada gonbidatuak izan diren bi lagun, antolakuntzako beste bi, prentsarekiko harremanetaz arduratuko den beste bat, tatuatzailea...
Esan bezala, streaming bidez ikusteko aukera ere izango da. Ateak 19:00etan zabalduko dira eta 20:00etan hasiko da lehen emanaldia.
#balconsito, el festival de música más pequeño del mundo, este apunte en castellano.