Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Tortura: Ion Arretxeren kontakizuna

Tortura: Ion Arretxeren kontakizuna

Mikel Iturria 2019/04/07 11:20
Aste honetan Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburua irakurri dut.

Tortura: lo que cuenta Ion Arretxe, este apunte en castellano.

Gasteizko parlamentuak onetsitako Polizia-abusuen legeak zeresan gehiago eman du bertan egondako zirkuagatik legeak berak esaten duenagatik baino. Ikusiko dugu zer nolako ibilbidea duen, Nafarroakoa Konstituzionalak atzera bota baitzuen.

Honek guztiak Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburua irakurtzen harrapatu nau.

2015ekoa bada ere, garai hartan ez nuen sentitu liburuaren deiadarra. Orain, aldiz, irakurtzeko beharra nuen eta, egia esateko, latza izan da inpresioa.

Gehienok ezagutzen duzue Ion Arretxe, baina bi lerrotan laburbildu dezagun zergatik egin zen ezagun(ago): 1985ko azaroan, 21 urte zituenean, Guardia Zibila gauez etxean sartu eta atxilotuta eraman zuten Intxaurrondora. Lehendik inguruko ibai batera eraman zuten bertako ura dastatzera. Gorriak ikusiko zituen bidaia hasi berri zuen Arretxek.

Operazio berean beste hiru pertsona atxilotu zituzten. Horietako bat, Mikel Zabalza, hil egin zen (judizialki ezin esan "hil egin zuten"; baina denok badakigu zer gertatu zen). Haren andregaia, Idoia Aierbe, 2018ko abenduan zendu da.

30 urte behar izan zituen Arretxek 1985ean gertatutakoa liburu bihurtzeko.

Duela aste batzuk, aditu batek esan zidan erreparatzeko Intxaurrondoko gauetan guardia zibil batekin izandako elkarrizketen pasarteei. Arretxek dio guardia zibil horren betebeharra atxilotua esna mantentzea zela (aingeru guardakoa argotean). Ez zuen kolpatzen, berarekin hitz egiten zuen (neskei buruz, adibidez) eta saiatzen zen Ionen eskakizunak betetzen: xake taula bat, paper muturren bat eta hura margotzeko materiala, freskagarri edo kaferen bat eta abar.

Gaua horrela pasa ondoren, goizeko txandan sartzen ziren galdeketekin jarraitzen zutenak.

Bitxia da Arretxek kontatzeko erabilitako teknika: ez du dena ildo jarrai batean adierazten, garai bateko bestelako kontu batzuk tartekatzen baititu. Hau da, ildo nagusia Intxaurrondon eta Madrilen pasatako egunak dira, baina tartean bere lagunei buruz aritzen da, Errenteriako talde punkiei buruzko gauzak (Odio, Basura, Los Rumberos de Astigarraga... baina baita Aguraingo La Polla ere), heroinak bere inguruan egindako kalteak eta abar.

Etenak dituen kontakizun horrek hasiera batean deskolokatu egin ninduen, baina gero puntua harrapatu eta ohitu egin nintzen. Hori bai, kontrastean, epilogoko hari jarraituak hartzen duen indarra are izugarriagoa da.

Egonaldiko egun haietako batean, Galindoren bisita ez oso atsegina izan zuen: barrabiletatik heldu eta kolaboratzeko eskatu zion. Gogoratu behar da jenerala, Lasa eta Zabalaren hilketan inplikatua egoteagatik GALeko kide gisa, 71 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zela 2000. urtean. 2004ko udazkenean atera zen kartzelatik arritmia bat zela medio. Geroztik etxean dago.

Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, 2017ko abenduaren amaieran aurkeztu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960-2014 urteen artean, Euskal Herrian torturaren eta tratu txarren inbestigazio proposamena (400dik gorako pdf lotura da). Laburpen exekutiboa 12 orrialdekoa da (pdf lotura hau ere). Paco Etxeberria, Carlos Martín Beristain eta Laura Pegok osatutako hirukoteak koordinatutako lanean, hainbat arlotako 55 profesionalek hartu zuten parte. 

Txostenak 4113 kasu zehazten ditu. Horiek dira denak? Ez. Adituek diote benetako kasuak bider 4 edo 5 biderkatu behar direla. Beraz, kopuru potoloak dira esku artean ditugunak.

Hau guztiau kontatzen dut, maiatzaren 11n, Donostiako Egia Kultur Etxean «José K, torturado» antzezlana taularatuko duelako Iván Hermes aktoreak iluntzeko 20:00etan. Javier Ortizek idatzitako testu bat du oinarri Carles Alfaro zuzendariak bigarren aldiz muntatutako antzezlanak.

Egunean bertan, antzezlanaren aurretik, torturari buruzko mahai-inguru bat antolatu da. Datozen egunetan emango dira xehetasun gehiago.

Bitartean entzun dezagun 2017ko martxoan hildako Ion Arretxeren testigantza hau Mikel Zabalzaren omenezko ekitaldi batean.

ETAk min handia egin dio herri honi, baina beraiek ez dute indarkeriaren monopolioa izan.

Bideoa: Theklan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter