Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Arroza

gabiria 2005/07/23 08:56

Aurpegia argitu egin zaio Ramoni. Guerinik besoak altxatzeko moduagatik izan da: italiarraren beso luzeak goian ikustean, 1999ko Alpe DŽHuezeko irudiekin akordatu da, eta esan ere, horixe esan du marmarrean: "Alpe DŽHuez", eta Gueriniren figura argala etorri zaigu gogora, lurrean jausita argazkilari batekin txoke egiterakoan, gero bizikletara igo eta kilometro bateko bide desesperatua egiteko, indarra amorrutik aterata. Eta beso flakoak goian, gaur bezala. Ramonek behar ditu gaurkoa eta atzokoa bezalako indar-pilulak, Guerinik eta Serranok eman dizkiguten poz horien antzekoak. Gaurkoa bezalakoak gehiagotan gertatzea nahi luke Ramonek: 35 urteko gizon bat Tourrean irabazten. Ramonek dioen moduan, "gazteek etorkizuna egingo dute akaso, ez dakit seguru; baina zaharrek eginda dute iragana, eta horretaz ez daukat dudarik". Ulertzen dut esan nahi duena, bai.

Serranoren kasua kuriosoa da. Cubino, Escartín, Jalabert, Olano, Beloki eta Herasentzat domestique lanean ibili ostean, eta aurten Tourrean irabazi duen etapa zoragarria irabazita, sartzen zara Googlen, jartzen duzu haren izena eta ez duzu apenas Chapelako txirrindulariari buruzko informaziorik aurkitzen: horren ordez, Los Serrano telesaileko kontuak agertzen zaizkizu, Fran Perearen pertsonaiak izen hori duelako bertan, Marcos Serrano. Seguru nago gidoilariak atzo enteratu zirela Fran Perearen izena lehendik ere existitzen zela.

Eta Ramonek horrelakoak behar ditu, sentitzeko oraindik bizirik dagoela edo, sikiera, ez dagoela guztiz hilda. Izan ere, kiroletako ikusleen bizitzak hiru fase ditu: lehenengoan, gaztetan, uste duzu zu ere heldu zaitezkeela gustuko kirolarien mailara, bizitza luzea delako eta zu gaztea, eta bizitzaren adarrak ez direlako lar zorrotzak zure azal gogorrerako. Bigarren fasean kirolarien adina duzu eta, joandako denboraren bengantzan, idoloak imitatzen saiatzen zara, futbitoan edo bizikletan, eta tendinitis hitza zure hiztegian sartzen da. Hirugarren fasean, berriz, Damiano Cunegoren fan bihurtzen zara, konturatu arte zuk baino hamabost urte gutxiago dituela, eta, duda barik, horrelakoetan nahiago duzu Duclos-Lasalleren berpizkundea Cunegoren pizkundea baino.

Eta pozten gara, baina penatu ere bai, atzo izan arren gaur ez diren haiekin, Belokirekin eta Herasekin adibidez. Eta saiatzen gara, baina ezin dugu asmatu zer pasatuko ote den haien buruetatik. Edo Bernard Hinaulten burutik, zeinen eguneroko lana irabazleei podiumean maillotak lotzea baita. Arroza pasatu zaigulako izango da, beharbada.

Federico ere ezagutu nuen

gabiria 2005/07/22 07:38

Ni tabernara sartu eta Ramonek azken begiratua eman dio telebistari. Azken begiratua eta, barrara heldu naizenean, amatatu egin du. Galdetu diot zergatik, eta erantzun dit ea ez dudan beste ziklistarik ezagutu. Konta niezaiokeen zelan ezagutu nituen Marino edo Gastón, edo egun batean, zinemako ilaran nengoela, aurreko saiotik Laurent Jalabert irten zela, eta nigana etorri eta pelikularen amaiera kontatu zidala, eta nik, pentsatuz broma zela, sarrera-txartela erosi eta aretora sartu nintzela, handik ordu eta erdira konturatzeko Jalabertek egia osoa esan zidala.

Baina bat-batean Federico Ezquerrarekin gogoratu naiz. Unibertsitatean hasi berria nintzen. Egiten nituen piper luzeetan, Bilboko kaleetatik paseatzea gustatzen zitzaidan, ahalik eta urrunen beti. Horietako paseo batean topatu nuen denda zahar hura, erakusleiho handikoa, antzinako bizikletak eta traste bitxiak zituena (prostatadunentzat, erdi-erdian zuloa zuten zelak, adibidez). Hormetan argazki erraldoiak, eta argazkietan protagonista bakarra: gizon mehar eta trauskil bat aldapa bakartietan. Denda handiegia zen, ez zeukaten bizikleta modernorik, sitsak jandako egurraren usaina heltzen zen. Mostradorean gizon bi, euretako bat oso zaharra. Agurea, batzuetan, erakusleihora hurbiltzen zen eta ni, kanpoan, disimuluan, zela haiei begira jarri eta lotsatu egiten nintzen, igual pentsatuko zuelako ni ere prostatarekin nenbilela.

Egun batean kanpora irten zen. Esan zidan bazeudela bizikleta-denda modernoagoak, eta erantzun nion barruko argazki handiei begira egoten nintzela. Sartzeko esan zidan. Eta barruan, sitsaren usain hartan, azaldu zidan, beti orainaldian, "hemen Galibierren gora noa, 1934ko Tourrean", edo "hemen, Eibarren, Errepublikaren Sari Nagusian bigarren geratu naiz". Egunero hasi nintzen joaten Ciclos Federico Ezquerra hartara, eta zaharraren ahotik ezagutu nituen Cañardo, Cepeda, Trueba, Berrendero edo Dermit.

Karrera amaitu nuen gero. Ezquerrarekin ahaztu eta urte pare bat pasatu nituen haren dendara joan barik. Bisita egitea bururatu zitzaidan, baina hara heldu eta arropa-denda chic bat topatu nuen. Horrela amaitu zen dena.

Gaur Ezquerrarekin gogoratu naiz, baina ez diot ezer esan Ramoni. Telebista pizteko eskatu diot eta etapa ederra ikusi dugu. Baina nik burua beste nonbait izan dut. Inork ere ez dit sinistuko, baina benetan diotsuet urteak pasatu nituela zahar hura Ezquerra zela sinistuta. Datua kasualitatez aurkitu nuen aldizkari batean: Gordexolakoa 1986an hil zen, ni ikastolan nenbilen sasoian.

Karrerista bi ezagutu nituen gaztetan

gabiria 2005/07/21 07:53

Tabernan sartzean, Ramoni esan diot izugarri gozatzen dudala bere oroitzapenekin, baina nik ere baditudala nire istoriotxoak, eta ziklista gutxi ezagutu dudala, baina hurbiletik ezagutu ditudan horiek mito izatera heldu direla, eta esan diot mesedez isiltzeko, gogoa dudalako txikikeria batzuk kontatzeko. Eta telebista itzali eta ukondoak barraren gainean jarri ditu Ramonek, adi.

Ezagutu nuen lehenengo karrerista handia Jesus Loroño izan zen. Garai hartan bizikletan ibiltzen ginen inguruko errepideetatik, eta egun haietako nire oroitzapenik argienak dira aldapan gora ondo nenbilela, jaitsieretan txarra nintzela eta egun batean Jesus Loroñorekin gurutzatu ginela. Ganguren mendi inguruko errepideetan izan zen: gu Artxandarantz, maldan gora, eta bera beherantz, lasai-lasai, txistuka. Entzunda genuen harroa zela, eta guri ziklista harroak gustatzen zitzaizkigun. Gurutzatu ginen, hortaz, eta berak, aldapan beherako lasaitasunean, "¡que no podeis, chavales!", bota zigun, eta nik, gorantz eta arnasestuan, "¡tu ya podrás cuesta abajo!" esan nion, nor zen ere ohartu gabe. Azeriak irribarre egin zigun, eta orduan konturatu ginen nor zen. Barre ederrak egin genituen pasadizo horren kontura, eta, batez ere, Loroñok, ziklista harroak, mitoak, desafioa bota zigulako. Eta ezin dut ahaztu bere irudia, aldapan behera, txistuka.

Ezagutu nuen bigarren txapelduna Lance Armstrong izan zen, Euskal Herriko Itzulia Arrasaten hasi zen batean, 1992 edo 1993an, ezin gogoratu. Aitarekin nengoen, eta irteera baino lehenago Raúl Alcalá ikusi genuen taberna batean, taldekideekin. Mirespenak eramanda, barrura sartu nintzen, eta mexikarrari galdetu nion ea argazki baterako kalera irten zitekeen une batez. Oso modu txarrez esan zidan ea zelan bururatzen zitzaidan karrera hasteko puntuan zegoen ziklista bat molestatzea. Hain zakar jokatu zuen, bere taldeko ziklista gazte bat aulkitik altxatu eta nigana etorri baitzen, esanez bera prest zegoela argazkirako. Ordurako izango zuen zerbait irabazita, ze segituan ezagutu nuen. Eta kanpoaldera irten ginen eta euria ari zuen, baina ziklista hura ez zen euriagatik arduratu, eta nik argazkia atera nion, konturatu barik bere ondoan jarri behar nintzela argazkirako. Zelan jakin zazpi Tour irabaziko zituenik! Gero esan nion "good luck, Lance", eta eskua eman zidan irribarrez, pozik, akaso, norbaitek ezagutu zuelako.

Ez dakit zergatik kontatu diodan hau Ramoni. Ez dakit zergatik entzun didan hain adi. Ez dakit zergatik ez duen telebista piztu arratsalde osoan.

Bigarren geratzea

gabiria 2005/07/20 07:48

Terriblea da bigarren geratzea, dio Ramonek. "Terriblea, ni ere bigarren geratu nintzelako behin". Burua jiratuta, begiradarekin galdetu diot ea zertan izan den bigarren: ea izan ote zen gustatzen zitzaion neskarengana berandu heldu zelako edo, bestela, ea anaia bikiren bat duen eta haren atzetik jaio ote zen, maiorazkoa galduz. Txikikeriaren bat espero nuen, baina kolpean esan dit "Espainiako Vueltan ibili eta gero gertatu zitzaidan", eta Zabriskie-tortilla ia-ia eskutik jausi zait. "59koan", argitu dit, eta gogoratu naiz aurrekoan ere esan zidala 1959ko Tourrean masajista ibili zela: "zu bai kukua: berriro ere mutilen zangoak igurzten...". Eta poker-aurpegia jarri ostean, zera baino lasaiago esan dit ez izateko mozoloa: 1959ko Espainiako Vueltan ziklista izan zela, Boxing taldean, Anton eta Kosme Barrutiarekin. "Baina zu masajista zinen eta!", egin diot zarata, broma ulertu ezinda. Antza, Boxing taldean Juan Bibiloni izeneko karrerista gaixorik jarri eta Ramon sartu zuten taldean, beste ziklista hoberik ezean. "Ez nuen amaitu, baina tira", eta irribarre egin du: kontua da, urte hartan, berrogei urte betetzear zegoen Fausto Coppi eraman zutela Vueltara, zirkoek eramaten dituzten moduan emakume bizardunak. Coppi hura ez zen lehengo txapeldunaren itzala ere, eta antolatzaileek etxera bueltatzeko eskatu zioten behin eta berriz, 11.000 pezeta ordaintzen zizkiotelako egunero eta, diru horren truke, arrastaka zebilen Campionissimorik ez zutelako nahi.

"Eta azkenean erretiratu egin zen", esan dit Ramonek, "eta ni berarekin". Bata zaharra eta bestea ziklista eskasa, Vuelta hartan biak ibili ziren tropelaren atzeko aldean, eta azkenean lagun egin ziren, eta helbideak ere trukatu zituzten (señak, Ramonen hitzetan). Bada, konfiantza horretan, Faustok esan zion urte amaieran Afrikara joatekoa zela, Alto Voltara, oraingo Burkina Fasora. "Karreraren bat, jaitxoren bat eta... ehizara!", esan omen zion Faustok, eskopetarekin tiro egiteko keinua eginez: "Animatu hadi!", bota zion gero. Munduko karreristarik onenak horrelako gonbita eginda, Ramonek bai-bai-bai egin zuen buruarekin. Baina abenduan, hegazkin-txartela erosteko ordua heltzean, Ramon berandu ibili zen: "azken txartela gaur goizean saldu dugu", esan omen zion leihatilako andereñoak.

Fausto Coppi handik egun gutxira hil zen, 1960ko urtarrilaren 2an, Alto Voltako malariak jota. "Batzuetan terribleagoa da lehenengoa heltzea", esan du gero Ramonek, telebistan Xabier Zandiok zioen bitartean terriblea dela bigarren geratzea.

Na de na

gabiria 2005/07/19 07:20

Ezagutzen dut jendea iragarkiak ikusteko pizten duena telebista. Aitortuko dut ni ez naizela horietakoa. Segituan egiten dut hanka publizitatearen atzapar lurrinduetatik. Badaude iragarki batzuk, baina, parean tokatuz gero liluratu egiten nautenak: nahita edo nahi gabe kutreak diren iragarkiak, hain zuzen. Esate baterako, Euskaltelek atera berri duena. Azken urteotan, Euskaltel udako kantua plazaratu nahian dabil: iaz te llamo, te llamo hura atera zuten, Umberto Tozziren "Ti amo" abesti kutrea (kalitatezko kutrea) oinarri hartuta. Arrakasta izan zuen, eta aurten ezin kutreagoa (baina zentzu txarrean) den "Na de na" atera dute. Kutrea eta iraingarria da, euskal enpresa dela dioen honentzat, bere iragarkiak gaztelaniaz diseinatzea. Ze, bistan da, te llamo edo na de na bezalako amuak ez daude euskaraz diseinatuta, ez daude euskaldunari begira pentsatuta. Baina ez gaitezen berotu eta goazen kirol kontuetara.

Talde laranjak iaz egin zuen denboraldi onaren ostean (benetan ona izan baitzen), norbaiti bururatu zitzaion Tourraren arabera epaitzea ordura arte lortutako garaipen guztiak. Ondorioz, jendeak uste du iazkoa denboraldi kaskarra izan zela eta Mayok ez zuela ezer lortu. Tourrak galtzen gaitu. Tourrak galtzen du makina bat txirrindulari on. Gianni Bugno datorkit burura, 90eko hamarkadaren hasierako txirrindularirik on eta dotoreenetakoa. Bururatzen zait Abraham Olano eta beste mila. Egia esan, gaur egungo txirrindulari gehienak bururatzen zaizkit, Tourra baino lasterketa laburragoetan sekulako palmaresa lortu dezaketela kontuan hartzen ez dutenak.

Euskal Herriko Txirrindulari Itzulian argi hasi zen geratzen Euskaltelen egoera oso txarra zela. Tourrera begira jarri gintuzten, eta gereziak Frantzian bilduko zituztela esan ziguten. Orain, gereziondoa gerezirik gabe ari da geratzen, baina Frantziako anpolairik ez dago Euskaltelen saskian. Dauphinen eta Suitzan irabazi arren, taldearen itxura eskasa izan da eta ari da izaten, eta hurrengo urterako beste helburu batzuk planteatu beharko dira, ze aurten ez du balio mononukleosiaren eta, gutxiago oraindik, Mayoren prestakuntza txarraren aitzakiak. Izan ere, badaude motiboak esateko Mayoren aurtengo prestakuntza ona izan dela, ikusita Armstrongek eta (batez ere) Ullrichek Igorrekoaren karrera berberak egin dituztela. Baina emaitzarik ez dator, eta orain etapatxoren batekin konformatuko gara akaso, baina ez zen hori promestutako lurraldea. Azkenean, Na de na izango da udako abestia, eta Euskalteli arrazoia eman beharko diogu.

Kakarraldoak

gabiria 2005/07/17 23:31

Gainontzeko ziklisten ezintasuna ikusita, Ariege inguruko beroaren esku utzi dugu Tourraren etorkizuna, baina naturak ere ezin du Armstrongen naturaz gaindiko fenomenoa gainditu, eta, aspertuta, Ramonek garai ikusgarriagoak ekarri ditu gogora. Kolonbiarrekin gogoratu da, eta aspaldi entzun gabeko izenak botatzen hasi da arrosarioan. Eta ezerezari begira geratzen zen, ze, iragana gogoratzean, zeri begiratuko zion bestela, ezerezari ez bazen?

Kolonbiarrak, eta gero venezuelarrak eta mexikarrak, baina batez ere kolonbiarrak Europara heldu zirenean, barre egiten genien euren izenei. Euren taldeen izenei ere bai: Ryalcao - Manzana Postobón edo Café de Colombia. Izen barregarriagoak zeuden inguruan (Dormilón, Hueso... Oraingo Relax ez da oso izen serioa txirrindulari talde batentzat), baina guk haiei barre. Coca-cola botiletako txapen barrualdeak hemengo ziklisten irudiekin betetzen genituen, eta "iturritan" jolasten ginen, klarionarekin kalean zirkuituak marraztu eta "iturriak" marra haien barrutik eramanda. Iturriak txapak ziren. Beste leku batzuetan "txapetan" jolasten zen, baina guk "iturritan" egiten genuen, Iturrigorri gaseosaren txapengatik. Aipatu orain ume bati "txapa", "kale" eta "jolas" hitzak, eta esango dizu kalean jolastea txapa bat dela, eta nahiago duela Pro-Cycling Managerrean aritzea play-arekin, eta kalea klarionaz marraztea ganberrada hutsa dela.

Kontuak kontu, Kolonbiako kakarraldoekin gogoratu gara gaur. Lucho Herrera Jardineritoa, Edgar Corredor, Fabio Parra, Pablo Wilches, Nestor Mora, Carlos Jaramillo, Henry Cárdenas eta Patrocinio Jiménez. Gero Oliverio Rincón eta Abelardo Rondón etorri ziren, eta Alvaro Mejía, edo, oraintsuago, Nelson Cacaíto Rodríguez, Chepe González, Victor Hugo Peña, Félix Cárdenas, Santiago Botero, Mauricio Ardila, Iván Parra, edo José Rujano. Baina ez da gauza bera, ez dira kakarraldoak.

Kondairak dio beltzaran haiek tristurak jota desagertu zirela, sorterria gogoan. Malenkoniak hil zituen kakarraldoak, parkeetako beltxargak hiltzen diren moduan bikotekidea hiltzen zaienean. Eta hegoak zabaldu eta joan egin ziren, Fusagasugá edo Cundinamarca izeneko lekuetara, eta iturrietan haien aurpegiak jarri gabe geratu ginen. Desagertu egin ziren, eta kondairak dio, uztaileko egun kolonbiarretan, goizeko 9etan langile guztiak tabernara doazenean Tourreko etapa amaiera ikustera, Jardineritoak etxeko lorategia zaintzen duela, eta landareetan gora eginez kakarraldo bat ikusten duenean oroitzapenen bat etortzen zaiola, lausoegia hala ere.

Hain gertu eternitatea

gabiria 2005/07/16 09:13

Mitoen galeriara pasatzeko bide bi daude, dio Ramonek: lehenengoa, irabaztea. Bigarrena, galtzea. Edozein bazterretan egon daiteke zain, salto egiteko prest, denboraren iragana gaindituko duen anekdotaren bat, "zu bezalako juntaletrasek", esan dit Ramonek, "gosetuta itxaroten dituzuen anekdota horiek, artikuluetan erabiltzen dituzuenak ziklismoa bizitzaren ispilua dela esateko". Txistua irentsi dut. Zelan jakin du horretan ari naizela? Zelan jakin du bere hitzak hona ekartzen ditudala, El Correo erosten badu? Eskelengatik erosten duela dio, baina nik periodiko osoa ikusten dut barran, ez eskelen atala bakarrik. Edozelan ere, uste nuen arren sekulakoa bota, telebista amatatu eta pintxo guztiak kenduko zizkidala, bakar-bakarrik esan dit, hurrengoan, bera artikulu sorta bateko protagonista bihurtu behar badut, hasieratik abisatzeko. "Benga, Ramon, mito bihurtu zaitut eta!", bota diot, eta berehala ahaztu du ika-mika txoroa, mitoen kontua berreskuratzeko. Izan ere, gaur Ramonek gertu-gertu ikusi du mitoaren itzala, lasterketaren azken metroetan: Chris Horner deitzen da galeria horretan sartzeko zorian egon dena. Baina, Ramonen ustez, ez da sartu: etapa irabazi izan balu edo etaparen azken metroan gainditu izan balute, bai; baina 200 metroren faltan harrapatuta, ez, horrela ez duela balio dio Ramonek.

Chris Horner estatubatuarra da. Zerotik dator, beraz. Herriko bizikleta-dendan hasi zen lanean, miseria kobratuta. Gero aldamioko langilea izan zen obran, eta 20 urterekin kalean geratu zenean, supermerkatu merke bateko kreditu txartelari esker iraun zuen denbora batez, tarteka karreretan parte hartzen zuen bitartean. La Française des Jeux taldeak fitxatu ostean, kontinente zaharrera etorri zen, baina Europako abenturak porrot egin eta berriz joan zen Estatu Batuetara, mailarik eskaseneko karreretan parte hartzera. Harik eta, iaz, Saunier Duvalek fitxatu zuen arte. Emazteak esan zion Tourrera bazihoan banatu egingo zirela, eta Tourrera etorri da. Banaketa prozesua abian da. Chris Horner antzinako ziklista horietako bat da, Vicente Blanco berri bat, zeinek 1910ean Bilbotik Pariserainoko bidea bizikletaz egin baitzuen, Tourrean parte hartzeko. Jakina, Blancok lehenengo etapa ere ez zuen amaitu.

Hornerren motibazioa bizirautea da. 33 urterekin, hauxe du lehenengo itzuli handia, Tourra. Egunero dabil aurrean, ahaleginean. Ziklismoan dagoen lorpenik handienetik 200 metrora geratu da gaur, mitoen galerian sartu ezinik. Baina Ramonek ondo esan du: ziklismoa bizitzaren ispilua da.

Hipopotamoen orduan

gabiria 2005/07/15 07:51

Ramonen tabernara heldu naizenerako, hipopotamoei buruzko dokumental bat ari ziren ematen. Presaka, urdurituta, Tourra jartzeko eskatu diot, baina irribarre egin dit, erratzari pasatzeari utzi barik. "Ipini ba!", xaxatu dut, baina algaraka hasi da eta esan dit aspaldi amaitu dela. Telebistara begiratu eta, hipopotamoen azpian, La2 katearen (Ramonek UHF deitzen dio oraindik) ikurra ikusi dut. Justu gaur gertatu behar gainera, Ramonen profezia beteko ote zen jakin nahian nentorrenean: "Eta? Landaluze?", galdetu diot. Begiarekin keinu egin dit: "dudan ala?". Ez: gaur, Ramonen irribarre zabalari begiratuta, ez zegoen dudarako tarterik. Landaluzek erakustaldia eman du Tourrean, pentsatu dut.

"Tortillak egitetik libratu naiz", esan dit, eta imajinatu dut Algortakoa besoak altxatuta Digne-Les-Bainseko helmugan, edo, hobeto oraindik, bizikletatik jaitsi eta helmuga oinez zeharkatzen, ziklistaren bati hori egiten ikusteko itxaropena ez baitut galtzen. Beste itxaropen bat ere izaten dut noizean behin: inoiz, karreristaren bat aurkitzea herri galduren batean, helmugara iristen ari zela bidez okertu eta, aurrera eginda, handik 600 kilometrora agertutako karrerista bat, bere maillot lohi eta bidoi hutsekin.

"Irabazi egin du orduan?", eta Ramonek baietz egin du buruarekin. "Zelan izan da?", galdetu diot, "urrun egin du ihes?", eta baietz buruarekin; "bakarrik joan da?", baietz; "eta denbora atera dio tropelari?", eta Ramonek esan dit hiru minutu eta erdi. Baina larri ibili omen da une batean Landaluze: kontua da zulatua izan duela, ze, Frantziako abeltzainek protesta egin dutenez eta behiak errepidera atera dituztenez, Iñigo hasieran behien artetik saiatu da baina, klaro, azkenean belardi batetik egin behar izan du aurrera, kilometro bat edo bi. "Eta gero?", galdetu diot, ezinegonak jota. Gero, podiumean, Hinaultek eskua eman dio, eta zerbait esan dio belarrira, "a zelako faena egin diguzun, Iñigo: frantziarren egun handian zuk irabazi behar" edo horrelako zerbait. Baina hori dena, Ramonen esanetan, irribarrea galdu barik, Hinault txapeldun handia delako errepidean eta errepidetik kanpo.

Esan dit: "amets egin dut bihar berriro irabaziko duela", eta konturatu naiz Landaluzek gaur ez duela etaparik irabazi, akaso ihesaldian ere ez dela sartu. Baina isilik geratu naiz, poza zapuzteko asmorik gabe. Gero, tabernatik irteteko puntuan nengoela, Ramonen ahotsa entzun dut: "itzela izango da, etapa bi jarraian". Beharbada arrazoi du, beharbada ilusioa da geratzen den bide bakarra.

Egunkari bat bularrean

gabiria 2005/07/14 10:20

Galibier aurtengo Tourreko mendirik garaiena da, baina, gainera, mitoa da, Tourmalet eta enparauak baino handiagoa. Henry Desgrange Tourraren sortzaileak esan zuen beste mendi guztiak "animaliatxo zurbil eta arruntak" direla Galibierren ondoan. Gaur, baina, Galibier derrigorrez pasatu beharreko mendatetxo bat izan da, eta Ramonek eta biok apenas egin diogun kasu telebistari. Mendia baino lehenagoko esperantzak zakurraren putz bihurtzen dira etapa biren ostean. Pirinioetarako ere ados gaude: ez da ezertxo ere gertatuko; akaso igandean, irabazitakoa galtzeko beldurrik ez duen ziklistaren baten eraso suizidan. Eta, pronostikoak egiten hasita, "amets egin dut" bota dit Ramonek: bihar (zuretzat, irakurle, gaur) Iñigo Landaluzek irabaziko duela etapa. Esan dit, asmatzen ez badu, barra osoa tortillaz bete eta atea barrutik itxiko duela, neuk jan ditzadan denak. Tira: barrutik itxi barik ere, berdin, ze hona ez da arimarik ere sartzen, badakitelako Ramonek huevinarekin egiten dituela tortillak. Hori bai: niri tortillak benetako arrautzekin egiteko abisatu diot, Landaluzek bihar (hau da, gaur) irabazten ez badu.

Bada, Galibier itzela da. 1935eko Tourrean, hemendik gertu hil zen Francisco Cepeda bizkaitarra, eta Tourrean hildako ziklisten zerrenda inauguratu zuen. Ramonek gogorarazi dit kontu hori, txirrindulariak ikusi ditugunean bularrean egunkariak sartzen Galibierreko tontorrean: "nire garaietatik aldatu ez den kontu bakarra" esan du. Haizea kentzen eta izerdia zupatzen duelako, mendateak jaisteko sistemarik onena da egunkariarena. Baina Galibierren, 1947an, afizionatuen karrera batean, zerbait izugarria gertatu zen. Musset karrerista gazteari gertatu zitzaion: zale batek egunkaria eman zion, gazteak maillotaren azpian jantzi zuen eta hankei gogor eragiten hasi zen, ihes eginda zihoazenak harrapatzeko. Briançoneko helmugan haiek baino hobea zen, eta arin zihoan, bihurgune bat bestearen atzetik, ezker-eskuma, zirt-zart. Gero kolpea etorri zen, buelta bat airean. Lurrean etzanda geratu zen, odolik isuri gabe, lotan bezala.

Segituan heldu zen medikua, eta gero kazetariak, flash, flash. Medikuak maillota askatu zion karreristari, arnasa hobeto har zezan, konturatu barik arnasa bizidunen pribilejioa dela. Bularrean zeraman egunkaria kendu zion. Izerdiz bustitako orriek hizki handitan zekarten heriotzaren albistea, argazki eta guzti: argazkian, medikua zegoen ziklista haren ondoan belauniko, eskuetan egunkari izerditu bat zeukala, bertako argazki bati harriduraz begiratuz.

Historiaren ataria

gabiria 2005/07/13 08:17

Lehengo ziklismoarekin akordatzen da Ramon askotan. Nik esaten diot alferrik dela, aspaldiko heroiak gaurkoak baino askoz ere erakargarriagoak badira ere. Baina gaur hilerokoa zuen, ze negar-zotinka hasi da barraren kontra, eta ozta-ozta lortu du malkoak disimulatzea paperezko zapi batekin. Esan dit ez larritzeko, urtero gertatzen zaiola gauza bera Tourreko mendia hastear dagoenean, eta hizketan hasi zait orduan, hunkituta. Eta sorpresa-kutxa honek esan dit 1959ko Tourrean masajista ibili zela Espainiako selekzioan, eta izenak bota dizkit: Bahamontes, Berrendero, Galdeano, Marigil, Manzaneque, Otano, Suarez...

Harrituta geratu naiz, sekula ez dit horrelakorik aipatu. Datuak ordenatzearren, Tourraren historiaren errepaso arin bat egin dut mentalki eta orduan konturatu naiz. Kolpean bota diot: "Bahamontesi lagundu zenion Tourra irabazten, traidore horrek?". Burua makurtu du: "Ahal nuen guztia egin nuen irabazi ez zezan...". Eta kontatu dit, masajeetan, atzamarrak barruraino sartzen zizkiola, Ramonek ere eskumuturrean mina sentitu arte, eta Bahamontes ere negarrez hasten zitzaiola minaren minez, oihuka galdetzen zion bitartean "¿tú no serás loroñista?". Izan ere, Jesus Loroño Tourretik at utzi zuten, taldeburua Bahamontes izatearen kontra agertu zelako eta, Tourrera eramaten bazuten, Larrabetzukoak ez ziolako batere laguntzarik emango Toledokoari.

Bada, horrekin gogoratu da gaur Ramon, Tourreko mendia datorrenean beti gertatzen omen zaionez, eta malko batzuk bota ditu historia aldatzeko zorian egon eta historia aldatzerik izan ez zuelako. Gero aitortu dit baietz, bera loroñista porrokatua zela, baina masajerik ankerrena emanda ere Bahamontes grimpeur itzela zela, "tipo inutila, baina igotzaile ona". Eta esan du: "saiatu nintzen, baina alferrik". Historia horrelako txikikeriekin erabaki daitekeela bururatu zait gero, historiaren gailurrera edo historiaren putzura eramango gaituen bidezidorra hurrengo kurbaren atzean egon daitekeelako, edo loroñista zoro baten masajearen atzean ezkutatuta.

Bitartean, telebistan, Valverde ikusi dugu menperaezina zirudien Armstrongi aurrea hartzen, eta poztu egin naiz, tipo jatorra delako Murtziakoa. Baina, batez ere, konbentzituta geratu naiz gaurkoa etapa historikoa izan dela, Indurainek 89an Cauteretsen irabazi zuen hura bezain historikoa. Gaur, munduak Alejandro Valverde deskubritu du, eta bihar-etzi, Hinaultek esan zuen moduan, mutil honek Tourra irabaziko du. Historiaren ataritik begiratuta, etorkizuna zelai luze eta zabala da.

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.