Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Kakarraldoak

gabiria 2005/07/17 23:31

Gainontzeko ziklisten ezintasuna ikusita, Ariege inguruko beroaren esku utzi dugu Tourraren etorkizuna, baina naturak ere ezin du Armstrongen naturaz gaindiko fenomenoa gainditu, eta, aspertuta, Ramonek garai ikusgarriagoak ekarri ditu gogora. Kolonbiarrekin gogoratu da, eta aspaldi entzun gabeko izenak botatzen hasi da arrosarioan. Eta ezerezari begira geratzen zen, ze, iragana gogoratzean, zeri begiratuko zion bestela, ezerezari ez bazen?

Kolonbiarrak, eta gero venezuelarrak eta mexikarrak, baina batez ere kolonbiarrak Europara heldu zirenean, barre egiten genien euren izenei. Euren taldeen izenei ere bai: Ryalcao - Manzana Postobón edo Café de Colombia. Izen barregarriagoak zeuden inguruan (Dormilón, Hueso... Oraingo Relax ez da oso izen serioa txirrindulari talde batentzat), baina guk haiei barre. Coca-cola botiletako txapen barrualdeak hemengo ziklisten irudiekin betetzen genituen, eta "iturritan" jolasten ginen, klarionarekin kalean zirkuituak marraztu eta "iturriak" marra haien barrutik eramanda. Iturriak txapak ziren. Beste leku batzuetan "txapetan" jolasten zen, baina guk "iturritan" egiten genuen, Iturrigorri gaseosaren txapengatik. Aipatu orain ume bati "txapa", "kale" eta "jolas" hitzak, eta esango dizu kalean jolastea txapa bat dela, eta nahiago duela Pro-Cycling Managerrean aritzea play-arekin, eta kalea klarionaz marraztea ganberrada hutsa dela.

Kontuak kontu, Kolonbiako kakarraldoekin gogoratu gara gaur. Lucho Herrera Jardineritoa, Edgar Corredor, Fabio Parra, Pablo Wilches, Nestor Mora, Carlos Jaramillo, Henry Cárdenas eta Patrocinio Jiménez. Gero Oliverio Rincón eta Abelardo Rondón etorri ziren, eta Alvaro Mejía, edo, oraintsuago, Nelson Cacaíto Rodríguez, Chepe González, Victor Hugo Peña, Félix Cárdenas, Santiago Botero, Mauricio Ardila, Iván Parra, edo José Rujano. Baina ez da gauza bera, ez dira kakarraldoak.

Kondairak dio beltzaran haiek tristurak jota desagertu zirela, sorterria gogoan. Malenkoniak hil zituen kakarraldoak, parkeetako beltxargak hiltzen diren moduan bikotekidea hiltzen zaienean. Eta hegoak zabaldu eta joan egin ziren, Fusagasugá edo Cundinamarca izeneko lekuetara, eta iturrietan haien aurpegiak jarri gabe geratu ginen. Desagertu egin ziren, eta kondairak dio, uztaileko egun kolonbiarretan, goizeko 9etan langile guztiak tabernara doazenean Tourreko etapa amaiera ikustera, Jardineritoak etxeko lorategia zaintzen duela, eta landareetan gora eginez kakarraldo bat ikusten duenean oroitzapenen bat etortzen zaiola, lausoegia hala ere.

etiketak: Ziklismoa
Patxi
Patxi dio:
2005/07/18 18:59

Egia!

Oroimen bat berreskuratu det hor behe behe behe behetik. Plastikozko ziklista hori ikustean. Nik baneukan mordoxka bat, eta primeran pasatzen nuen haiekin jolasten. Txapazale amorratua ere banintzen txikitan. Oraindik ere, txapak ikustean txikitako emozioa datorkit noizik eta behin.

Nik apustu egingo nuke hala ere, gaur egungo umeek, oroimenik politenak ez dituztela Play-arekin lotuko, txapen antzeko gauza edo jostailu txiki garrantzigabeko batekin baizik.

Ikusiko da.

eneko
eneko dio:
2005/07/18 16:18

Txapa edo iturriak aipatu dituzunean (askoren ustez, Cinzano Bitterren txapa gorri, besteak baino pixkat txikiagoak, ziren onenak...), txirrindularitzarekin zerikusia zuen beste umeen jolas batekin akordatu naiz.

Udan eta hondartzan jolasten genuen, kanika eta plastikozko karrerista batzuekin. Guk orduan erabiltzen genituenak maillot nazioanalak zituzten: frantziakoa, belga, suizoa, espainola, italiarra,.. eta dozena bat karrerista inguru batera saltzen zituzten.

Hauen eta hauen antzekoak ziren.

Orain modernoagoak daudela ikusi dut.

Zirkuitoak arearekin egiten genituen hondartzan. Zirkuito laua batzutan edo, beste batzuetan, mediko etapak egiteko, area pilatu, tontorrak egin, eta kriston mendateak sortzen genituen. Zirkuito diseinatzailea apur bat "puta" bazan, Alpe d'Huez baino kurba itxiagoekin izaten ziren igoera eta jaitsierak, horrela kanika zirkuito barrutik eramatea ez zen hain erraza.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.