Hipopotamoen orduan
Ramonen tabernara heldu naizenerako, hipopotamoei buruzko dokumental bat ari ziren ematen. Presaka, urdurituta, Tourra jartzeko eskatu diot, baina irribarre egin dit, erratzari pasatzeari utzi barik. "Ipini ba!", xaxatu dut, baina algaraka hasi da eta esan dit aspaldi amaitu dela. Telebistara begiratu eta, hipopotamoen azpian, La2 katearen (Ramonek UHF deitzen dio oraindik) ikurra ikusi dut. Justu gaur gertatu behar gainera, Ramonen profezia beteko ote zen jakin nahian nentorrenean: "Eta? Landaluze?", galdetu diot. Begiarekin keinu egin dit: "dudan ala?". Ez: gaur, Ramonen irribarre zabalari begiratuta, ez zegoen dudarako tarterik. Landaluzek erakustaldia eman du Tourrean, pentsatu dut.
"Tortillak egitetik libratu naiz", esan dit, eta imajinatu dut Algortakoa besoak altxatuta Digne-Les-Bainseko helmugan, edo, hobeto oraindik, bizikletatik jaitsi eta helmuga oinez zeharkatzen, ziklistaren bati hori egiten ikusteko itxaropena ez baitut galtzen. Beste itxaropen bat ere izaten dut noizean behin: inoiz, karreristaren bat aurkitzea herri galduren batean, helmugara iristen ari zela bidez okertu eta, aurrera eginda, handik 600 kilometrora agertutako karrerista bat, bere maillot lohi eta bidoi hutsekin.
"Irabazi egin du orduan?", eta Ramonek baietz egin du buruarekin. "Zelan izan da?", galdetu diot, "urrun egin du ihes?", eta baietz buruarekin; "bakarrik joan da?", baietz; "eta denbora atera dio tropelari?", eta Ramonek esan dit hiru minutu eta erdi. Baina larri ibili omen da une batean Landaluze: kontua da zulatua izan duela, ze, Frantziako abeltzainek protesta egin dutenez eta behiak errepidera atera dituztenez, Iñigo hasieran behien artetik saiatu da baina, klaro, azkenean belardi batetik egin behar izan du aurrera, kilometro bat edo bi. "Eta gero?", galdetu diot, ezinegonak jota. Gero, podiumean, Hinaultek eskua eman dio, eta zerbait esan dio belarrira, "a zelako faena egin diguzun, Iñigo: frantziarren egun handian zuk irabazi behar" edo horrelako zerbait. Baina hori dena, Ramonen esanetan, irribarrea galdu barik, Hinault txapeldun handia delako errepidean eta errepidetik kanpo.
Esan dit: "amets egin dut bihar berriro irabaziko duela", eta konturatu naiz Landaluzek gaur ez duela etaparik irabazi, akaso ihesaldian ere ez dela sartu. Baina isilik geratu naiz, poza zapuzteko asmorik gabe. Gero, tabernatik irteteko puntuan nengoela, Ramonen ahotsa entzun dut: "itzela izango da, etapa bi jarraian". Beharbada arrazoi du, beharbada ilusioa da geratzen den bide bakarra.
Hipopotamoa, Antzerkiola Imajinarioaren azken antzezlanaren arabera ("Au revoir, triunfadoreak"), pertsona pasiboa, motela, nagia, erosokerietan bizi dana, nekez mugitzen dana da. Ezin egokiagoa iruditu jatan.