Bigarren geratzea
Terriblea da bigarren geratzea, dio Ramonek. "Terriblea, ni ere bigarren geratu nintzelako behin". Burua jiratuta, begiradarekin galdetu diot ea zertan izan den bigarren: ea izan ote zen gustatzen zitzaion neskarengana berandu heldu zelako edo, bestela, ea anaia bikiren bat duen eta haren atzetik jaio ote zen, maiorazkoa galduz. Txikikeriaren bat espero nuen, baina kolpean esan dit "Espainiako Vueltan ibili eta gero gertatu zitzaidan", eta Zabriskie-tortilla ia-ia eskutik jausi zait. "59koan", argitu dit, eta gogoratu naiz aurrekoan ere esan zidala 1959ko Tourrean masajista ibili zela: "zu bai kukua: berriro ere mutilen zangoak igurzten...". Eta poker-aurpegia jarri ostean, zera baino lasaiago esan dit ez izateko mozoloa: 1959ko Espainiako Vueltan ziklista izan zela, Boxing taldean, Anton eta Kosme Barrutiarekin. "Baina zu masajista zinen eta!", egin diot zarata, broma ulertu ezinda. Antza, Boxing taldean Juan Bibiloni izeneko karrerista gaixorik jarri eta Ramon sartu zuten taldean, beste ziklista hoberik ezean. "Ez nuen amaitu, baina tira", eta irribarre egin du: kontua da, urte hartan, berrogei urte betetzear zegoen Fausto Coppi eraman zutela Vueltara, zirkoek eramaten dituzten moduan emakume bizardunak. Coppi hura ez zen lehengo txapeldunaren itzala ere, eta antolatzaileek etxera bueltatzeko eskatu zioten behin eta berriz, 11.000 pezeta ordaintzen zizkiotelako egunero eta, diru horren truke, arrastaka zebilen Campionissimorik ez zutelako nahi.
"Eta azkenean erretiratu egin zen", esan dit Ramonek, "eta ni berarekin". Bata zaharra eta bestea ziklista eskasa, Vuelta hartan biak ibili ziren tropelaren atzeko aldean, eta azkenean lagun egin ziren, eta helbideak ere trukatu zituzten (señak, Ramonen hitzetan). Bada, konfiantza horretan, Faustok esan zion urte amaieran Afrikara joatekoa zela, Alto Voltara, oraingo Burkina Fasora. "Karreraren bat, jaitxoren bat eta... ehizara!", esan omen zion Faustok, eskopetarekin tiro egiteko keinua eginez: "Animatu hadi!", bota zion gero. Munduko karreristarik onenak horrelako gonbita eginda, Ramonek bai-bai-bai egin zuen buruarekin. Baina abenduan, hegazkin-txartela erosteko ordua heltzean, Ramon berandu ibili zen: "azken txartela gaur goizean saldu dugu", esan omen zion leihatilako andereñoak.
Fausto Coppi handik egun gutxira hil zen, 1960ko urtarrilaren 2an, Alto Voltako malariak jota. "Batzuetan terribleagoa da lehenengoa heltzea", esan du gero Ramonek, telebistan Xabier Zandiok zioen bitartean terriblea dela bigarren geratzea.
Segundu milaren bat bakarrik dago jendearen begi irripartsuetatik, begi errukituetara.
Epe luzera, galtzailearen oroimena gertatzen da irabazle: irabazlearenak baino luzeago eta indartsuago irauten du.
Galtzen dakiten hoiek ezik jakina. Baina... Ba ote dago txirrindularien artean galtzen badakienik?