Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Federico ere ezagutu nuen

Federico ere ezagutu nuen

gabiria 2005/07/22 07:38

Ni tabernara sartu eta Ramonek azken begiratua eman dio telebistari. Azken begiratua eta, barrara heldu naizenean, amatatu egin du. Galdetu diot zergatik, eta erantzun dit ea ez dudan beste ziklistarik ezagutu. Konta niezaiokeen zelan ezagutu nituen Marino edo Gastón, edo egun batean, zinemako ilaran nengoela, aurreko saiotik Laurent Jalabert irten zela, eta nigana etorri eta pelikularen amaiera kontatu zidala, eta nik, pentsatuz broma zela, sarrera-txartela erosi eta aretora sartu nintzela, handik ordu eta erdira konturatzeko Jalabertek egia osoa esan zidala.

Baina bat-batean Federico Ezquerrarekin gogoratu naiz. Unibertsitatean hasi berria nintzen. Egiten nituen piper luzeetan, Bilboko kaleetatik paseatzea gustatzen zitzaidan, ahalik eta urrunen beti. Horietako paseo batean topatu nuen denda zahar hura, erakusleiho handikoa, antzinako bizikletak eta traste bitxiak zituena (prostatadunentzat, erdi-erdian zuloa zuten zelak, adibidez). Hormetan argazki erraldoiak, eta argazkietan protagonista bakarra: gizon mehar eta trauskil bat aldapa bakartietan. Denda handiegia zen, ez zeukaten bizikleta modernorik, sitsak jandako egurraren usaina heltzen zen. Mostradorean gizon bi, euretako bat oso zaharra. Agurea, batzuetan, erakusleihora hurbiltzen zen eta ni, kanpoan, disimuluan, zela haiei begira jarri eta lotsatu egiten nintzen, igual pentsatuko zuelako ni ere prostatarekin nenbilela.

Egun batean kanpora irten zen. Esan zidan bazeudela bizikleta-denda modernoagoak, eta erantzun nion barruko argazki handiei begira egoten nintzela. Sartzeko esan zidan. Eta barruan, sitsaren usain hartan, azaldu zidan, beti orainaldian, "hemen Galibierren gora noa, 1934ko Tourrean", edo "hemen, Eibarren, Errepublikaren Sari Nagusian bigarren geratu naiz". Egunero hasi nintzen joaten Ciclos Federico Ezquerra hartara, eta zaharraren ahotik ezagutu nituen Cañardo, Cepeda, Trueba, Berrendero edo Dermit.

Karrera amaitu nuen gero. Ezquerrarekin ahaztu eta urte pare bat pasatu nituen haren dendara joan barik. Bisita egitea bururatu zitzaidan, baina hara heldu eta arropa-denda chic bat topatu nuen. Horrela amaitu zen dena.

Gaur Ezquerrarekin gogoratu naiz, baina ez diot ezer esan Ramoni. Telebista pizteko eskatu diot eta etapa ederra ikusi dugu. Baina nik burua beste nonbait izan dut. Inork ere ez dit sinistuko, baina benetan diotsuet urteak pasatu nituela zahar hura Ezquerra zela sinistuta. Datua kasualitatez aurkitu nuen aldizkari batean: Gordexolakoa 1986an hil zen, ni ikastolan nenbilen sasoian.

etiketak: Ziklismoa
Patxi
Patxi dio:
2005/07/22 16:08

Ciclos Gonzalez, ordizian. 14 bat urte nituela, zenbat ordu egin ote nituen bertan sartuta, "ikasten". Erretrato haundi haiei begira, orduan modan zeuden txirrindulariak, Merckx eta konpainia, bere argazkiak... Ia ia florero bihurtu nintzen, eta gizon hura ni ikusteaz aspertu eta indirektaren bat bota zidan, utzi nion juteari halako batean, baina zenbat gozatzen nuen! Hango giroa, hango tertuliak... eta onen onena: usaia! Kamara, olio, linimento usaia...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.