Historiaren ataria
Lehengo ziklismoarekin akordatzen da Ramon askotan. Nik esaten diot alferrik dela, aspaldiko heroiak gaurkoak baino askoz ere erakargarriagoak badira ere. Baina gaur hilerokoa zuen, ze negar-zotinka hasi da barraren kontra, eta ozta-ozta lortu du malkoak disimulatzea paperezko zapi batekin. Esan dit ez larritzeko, urtero gertatzen zaiola gauza bera Tourreko mendia hastear dagoenean, eta hizketan hasi zait orduan, hunkituta. Eta sorpresa-kutxa honek esan dit 1959ko Tourrean masajista ibili zela Espainiako selekzioan, eta izenak bota dizkit: Bahamontes, Berrendero, Galdeano, Marigil, Manzaneque, Otano, Suarez...
Harrituta geratu naiz, sekula ez dit horrelakorik aipatu. Datuak ordenatzearren, Tourraren historiaren errepaso arin bat egin dut mentalki eta orduan konturatu naiz. Kolpean bota diot: "Bahamontesi lagundu zenion Tourra irabazten, traidore horrek?". Burua makurtu du: "Ahal nuen guztia egin nuen irabazi ez zezan...". Eta kontatu dit, masajeetan, atzamarrak barruraino sartzen zizkiola, Ramonek ere eskumuturrean mina sentitu arte, eta Bahamontes ere negarrez hasten zitzaiola minaren minez, oihuka galdetzen zion bitartean "¿tú no serás loroñista?". Izan ere, Jesus Loroño Tourretik at utzi zuten, taldeburua Bahamontes izatearen kontra agertu zelako eta, Tourrera eramaten bazuten, Larrabetzukoak ez ziolako batere laguntzarik emango Toledokoari.
Bada, horrekin gogoratu da gaur Ramon, Tourreko mendia datorrenean beti gertatzen omen zaionez, eta malko batzuk bota ditu historia aldatzeko zorian egon eta historia aldatzerik izan ez zuelako. Gero aitortu dit baietz, bera loroñista porrokatua zela, baina masajerik ankerrena emanda ere Bahamontes grimpeur itzela zela, "tipo inutila, baina igotzaile ona". Eta esan du: "saiatu nintzen, baina alferrik". Historia horrelako txikikeriekin erabaki daitekeela bururatu zait gero, historiaren gailurrera edo historiaren putzura eramango gaituen bidezidorra hurrengo kurbaren atzean egon daitekeelako, edo loroñista zoro baten masajearen atzean ezkutatuta.
Bitartean, telebistan, Valverde ikusi dugu menperaezina zirudien Armstrongi aurrea hartzen, eta poztu egin naiz, tipo jatorra delako Murtziakoa. Baina, batez ere, konbentzituta geratu naiz gaurkoa etapa historikoa izan dela, Indurainek 89an Cauteretsen irabazi zuen hura bezain historikoa. Gaur, munduak Alejandro Valverde deskubritu du, eta bihar-etzi, Hinaultek esan zuen moduan, mutil honek Tourra irabaziko du. Historiaren ataritik begiratuta, etorkizuna zelai luze eta zabala da.
Niri ere malkoak ateratzen zaizkit. Garai haietako beste batzuk gogoratu nahi ditut: Hortensio Bidaurreta, Felipe Alberdi, Karmelo Morales, Fausto Iza, Benigno Aspuru..., eta nola ez, Ataundar Urrestarazu anaiak, Joshe eta Jazinto.
Loronok ere Cauterets-en irabazi zuen, ez Indurainek irabazi zuen lekuan, Pont d'Espagne-en, baizik.
A zer gogoeta hunkigarria....! eta pozez bete nau Valverdek.