Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Na de na

gabiria 2005/07/19 07:20

Ezagutzen dut jendea iragarkiak ikusteko pizten duena telebista. Aitortuko dut ni ez naizela horietakoa. Segituan egiten dut hanka publizitatearen atzapar lurrinduetatik. Badaude iragarki batzuk, baina, parean tokatuz gero liluratu egiten nautenak: nahita edo nahi gabe kutreak diren iragarkiak, hain zuzen. Esate baterako, Euskaltelek atera berri duena. Azken urteotan, Euskaltel udako kantua plazaratu nahian dabil: iaz te llamo, te llamo hura atera zuten, Umberto Tozziren "Ti amo" abesti kutrea (kalitatezko kutrea) oinarri hartuta. Arrakasta izan zuen, eta aurten ezin kutreagoa (baina zentzu txarrean) den "Na de na" atera dute. Kutrea eta iraingarria da, euskal enpresa dela dioen honentzat, bere iragarkiak gaztelaniaz diseinatzea. Ze, bistan da, te llamo edo na de na bezalako amuak ez daude euskaraz diseinatuta, ez daude euskaldunari begira pentsatuta. Baina ez gaitezen berotu eta goazen kirol kontuetara.

Talde laranjak iaz egin zuen denboraldi onaren ostean (benetan ona izan baitzen), norbaiti bururatu zitzaion Tourraren arabera epaitzea ordura arte lortutako garaipen guztiak. Ondorioz, jendeak uste du iazkoa denboraldi kaskarra izan zela eta Mayok ez zuela ezer lortu. Tourrak galtzen gaitu. Tourrak galtzen du makina bat txirrindulari on. Gianni Bugno datorkit burura, 90eko hamarkadaren hasierako txirrindularirik on eta dotoreenetakoa. Bururatzen zait Abraham Olano eta beste mila. Egia esan, gaur egungo txirrindulari gehienak bururatzen zaizkit, Tourra baino lasterketa laburragoetan sekulako palmaresa lortu dezaketela kontuan hartzen ez dutenak.

Euskal Herriko Txirrindulari Itzulian argi hasi zen geratzen Euskaltelen egoera oso txarra zela. Tourrera begira jarri gintuzten, eta gereziak Frantzian bilduko zituztela esan ziguten. Orain, gereziondoa gerezirik gabe ari da geratzen, baina Frantziako anpolairik ez dago Euskaltelen saskian. Dauphinen eta Suitzan irabazi arren, taldearen itxura eskasa izan da eta ari da izaten, eta hurrengo urterako beste helburu batzuk planteatu beharko dira, ze aurten ez du balio mononukleosiaren eta, gutxiago oraindik, Mayoren prestakuntza txarraren aitzakiak. Izan ere, badaude motiboak esateko Mayoren aurtengo prestakuntza ona izan dela, ikusita Armstrongek eta (batez ere) Ullrichek Igorrekoaren karrera berberak egin dituztela. Baina emaitzarik ez dator, eta orain etapatxoren batekin konformatuko gara akaso, baina ez zen hori promestutako lurraldea. Azkenean, Na de na izango da udako abestia, eta Euskalteli arrazoia eman beharko diogu.

etiketak: Ziklismoa
bereterretxe
bereterretxe dio:
2005/07/19 13:57

Gogoratzen dut iragarki hori ikusi nuen lehen aldia, hatzamarrak gurutzatu nituela euskaltelena izan ez zedin, baina horrela izan zen. Ba egia esan behar badut, min egin zidan ze aurpegira barre egiten ari zitzaidala/zitzaigula iruditu zitzaidan. Lotsagarria andaluz ikutu horrekin euskaldun produktua saltzea. Kriston amorrua sortu zitzaidan. Nire proposamena: utz dezatela dena euskalteleko korredore horiek eta joan daitezela igande honetan Ligira (Zuberoa) bertan egingo den pastoralera. Bereterretxeren kantoria gai dutelarik, jantz ditzatela atorra zuriak eta bertako edozein bentatan aurkituko dituzten kaskabelekin egin ditzatela pare bat sevillana.Olé!

Xabi
Xabi dio:
2005/07/20 10:16

Atzo arrastian ikusi nuen lehenengoz nadenaren iragarki marabillosoa. Ez daukat berbarik.

Horrekin eta berandutxoago ikusi nuen Basetxea Taberna lehiaketarekin (hau ere lehenengo aldiz) amesgaiztoak izateko beldurrak jota sartu nintzen ohean.

Luistxo
Luistxo dio:
2005/07/19 18:39

Ke passsa chavales, nos vamos pal chiringuito o que?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.