Baratzea ernatu da
2004ko azaroaren 13an artikulu bat idatzi nuen Berrian, Sorgintxulo gaztetxea bisitatu osteko inpresioekin.
Gero, gauza jakina da, itxi egin zuten, eta beste hau idatzi nuen blogean.
Amorrutik idatzita zegoen lehenengoa, esperantzatik bigarrena.
Orain, gehiago esperantzatik amorrutik baino, "Ametsen baratza" liburua argitaratuko dute Sorgintxuloko gazteek, Elea argitaletxearekin. Horren arduradun ibili dira Josu Martinez, Alain M. Urrutia eta Adur Larrea, eta liburuaren azala Jose Luis Zumeta pintore handiak egin du. Sorgintxuloko lorea ebaki zuten lekuan baratze osoa ernatu da orain.
Azala polita iruditu bazaizue, barrukoa ere ez da makala: 41 idazlek eta beste hainbeste marrazkilarik hartu dute parte. Azken horien zerrenda osoa ez daukat, baina idazleak nortzuk diren aurreratzeko moduan nago.
Hona zerrenda: Itxaro Borda, Asel Luzarraga, Gotzon Barandiaran, Karmele Jaio, Joan Mari Irigoien, Paddy Rekalde, Pako Aristi, Tere Irastorza, Patxi Zubizarreta, Unai Elorriaga, Bertol Arrieta, Amets Arzallus, Javi Cillero, Uxue Alberdi, Felipe Juaristi, Goizalde Landabaso, Iban Zaldua, Xabier Mendiguren, Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Xabi Borda, Julen Gabiria, Maddalen Lujanbio, Gerardo Markuleta, Ixiar Rozas, Mikel Taberna, Asier Serrano, Lander Garro, Fernando Morillo, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Mikel Peruarena, Eneko Bidegain, Castillo Suarez, Juan Luis Zabala, Kirmen Uribe, Aritz Gorrotxategi, Edu Zelaieta, Eider Rodriguez eta Urtzi Urrutikoetxea.
Liburuaren aurkezpena hurrengo asteazkenean izango da, hilaren 23an, 11:00etan, Santutxuko Karmelo plazan. Gonbidatuta zaudete.
Komuneko liburutegia
Nire esku balego nire etxea nire gustura diseinatzea, duda barik komunean apalak jarriko nituzke, akristalatuak (humedaderik ez larregi sartzeko), eta apalotan liburuak.
Tronoaren parean, atriltxo bat disimuluan, nonbaiten engantxatuta, indarkuntzan zabiltzanean liburuari eutsi beharrik ez izateko.
Eta komunean, esandako moduan, liburuak. Baina liburuak, komunerako egokiak direnak bakarrik. Gauza jakina baita liburu guztiek ez dutela balio komunerako, baina komunerako balio duten gehienek balio dutela beste lekuetarako, oherako edo sofarako, adibidez. Atal laburrez osatutako liburuak izan behar dute, bestela akabo.
Besteak beste, apal akristalatu horietako batean izango nuke Xabier Mendigurenen "Egunen harian" (Elea). Oso ona da komunerako! Oherako eta sofarako ere bai, baina komunerako itzela, Galeano, Sarrionandia batzuk eta Txiliku izan daitezkeen moduan.
Bost minutuko komun-jardunean ti-ta, konturatu naiz Mendigreenek blogean idatzitako artikuluek, orain paperean jarrita eta urtebeteko distantziarekin, ez dutela indarrik galduko denborarekin: alderantziz, handitu egingo zaie indarra eta balioa.
Serio kalibratzen hasi beharko da, bai, komunean apalak jartzearen ideia hori.
Arratiako idazleak sekula ez ahaztuteko
Iñaki Esparza, Angel Larrea eta Gotzon Aurrekoetxea irakasleek "Arratiako idazle aitzindarien antologia" liburu interesgarria argitaratu dabe Arratiako Zertu Kultur Elkartearen eskutik. Bertan, ezagunak ziran idazle batzuekaz batera, gaur arte ezezagunak ziran idazle asko atara ditue ilunpetik, argazkiakaz eta dokumentu osogarriakaz lagunduta. Aitatutako lehenengo bi egileakaz egin dogu berba.
Zelan sortu zan "Arratiako idazle aitzindarien antologia" liburua egiteko ideia?
2004an, "Arratiako euskal idazle aitzindariak (in memoriam)" liburua argitaratu genduan, eta horren ideia Arratian egindako kongresu batetik sortu zan. Jardunaldi horreen gaia zan zelan garatu hizkuntza gitxituak mendi inguruko eskoletan. Irakasle eta ikaslez osotutako talde bat sortu zan, eta pentsau genduan Arratian euskerearen alde egin daben idazle, bertsolari, irakasle eta abarrak omendutea, euren gaineko lan bat eginda. Bagenkian klasiko batzuk topauko genduzala, baina laster konturatu ginan gehiago zirala. Lehenengo liburu horretan 34 idazle bildu genduzan, ez danak derrigorrez kalidade literario handikoak, baina bai euren garaiko gizonak, danak be euskereari, etnografiari eta arbasoei prestigioa emoteko orduan garrantzitsuak izan ziranak.
Eta aurrera jarraitzen animau zinien orduan?
Gotzon Aurrekoetxeak animau ginduzan jarraitzeko, eta lehengo liburuko 34 hareetatik 28 aukeratu ostean, hiru idazle gehiago topau genduzan, guztira 31. Gu biok historialariak gara, eta artxiboko beharra egin dogu batez be. Gotzon filologoa da, eta alkarregaz behar egitea ona izan da, modu honetako proiektuek diziplina desbardinen arteko hartu-emonak eskatzen dabez eta.
Zeren arabera erabagi dozue ze idazle dan aitzindaria eta zein ez?
Markoa idazle aitzindariak ziran, eta horreen barruan sartu ditugu XVI. mendetik 1920ra arte jaiotako idazleak. Kronologiari begiratuta, lehenengoa Pedro de Madariaga (1537-1590) dimoztarra da, eta azkenak, barriz, oindino bizirik dagozan Faustino Etxebarria, Basilio Pujana, Lino Ayesta eta Iñaki Goikoetxea. Baina idazleen fenomenoa XIX. mendean hasi zan zabaltzen, bertsolaritzak gora egiteagaz batera. Foruak galdu ziranean, identifikazinoa sortu eta identidadea sendotu egin zan, eta, gero, Sabino Aranaren eragina be itzela izan zan: esplosino kulturala sartu zan euskal letretan, proporzino eta intensidade ikaragarriagaz. Gerra zibilak, baina, desgrazia ekarri eban, eta hor ebagi egin zan idazleen tradizinoa. Idazleen konzentrazino handiena 1915-1935 tartean emon zan, eta idazle horreek ez ziran bakarrik eleizgizonak: laikoak be asko ziran.
Andrarik ez, baina.
Ez, andrarik ez dogu topau. Emakumeak transmisoreak izan dira betidanik, kontalariak. Arratia landa eremua da, eta holakoetan, etxea izan da beti emakumearen lekua, umeakaz arduratzen eta euskerea transmitiduten. Euskerearen unibersidadea izan da emakumea, eta horregaitik salbau da euskerea: andrak analfabetoak ziralako eta ez ziralako eskolan ibili sano berandura arte.
Idazle asko aztertu dituzue eta ikertzaile askok hartu dabe parte. Zelan koordinau dozue lana?
Hasikeran dudak geunkazan, Arratian 30 filologo topauko ete genduzan. Gero, begira hasi eta 40 egozala ikusi genduan. Eurakaz telefonoz kontaktau, eta sano harrera ona euki genduan, guztira 36 kolaboradore topau genduzan eta. Koordinazinoa lan gatxa izan da, batez be epeak beteteko orduan. Gu biok zuzendaritza teknikoagaz arduratu gara: materiala emon deutsegu kolaboradoreei, bibliografia topau dogu eta markoak finkatu ditugu. Gotzon Aurrekoetxeak arlo administratiboa eta lanen eboluzinoa eroan dau. Eta kolaboradoreek antzeko pausoak segidu ditue euren lanetan: idazlearen gaineko sarrerea, obrearen aurkezpena, testu aukeratuak eta bibliografia. Gainera, filologo horreetako batzuk engantxau egin dira aztertu dituen idazleakaz, eta oin horreen gaineko lan mardulagoak egiteko asmoagaz dagoz.
Ze ezaugarri ikusten dira idazleongan?
XX. mendeko idazle guztiak abertzaleak dira. Euskerearen alde egiten dabe eta erlijinoak be pisu handia dauka eurakan. Gerra aurrekoak idealistak ziran, eta Euskadi nazino barri, euskaldun eta fededuna eregi gura eben. Errepublikaren garaian, idazleak puztu-edo egin ziran, eta euren estiloa be erradikalagoa bihurtu zan. Abadeen artean be bardin, ezaugarri horreek mantendu ziran.
Ze genero lantzen zituen?
Danak, nobelea izan ezik. Gai erlijiosoak, bertsolaritza, biografia, kazetaritza, antzerkia, ipuinak, poesia... danerik, nobelea kenduta. Nobelea kanpotarren kontu lez hartzen zan, herejia lez. Ez zan baloreko genero literario lez ikusten, baztertuta egon zan-ta denpora luzean.
Aurrera begira, badago asmorik Bizkaiko beste eskualderen bateko idazle aintzindariakaz esperientzia hau errepikatzeko?
Hau Euskal Herri osoan egin beharko litzateke: guk Arratian 30 idazletik gora topau baditugu, Euskal Herrian 600 egongo dira. Horretarako, lana behe-behetik hasita egin behar da, talde handiakaz eta diziplinen arteko hartu-emona bultzatuta. Beste eskualde batzuetatik be eskatu deuskue hauxe bera han egiteko, baina guk ezin dogu: geure lana daukagu eta holako proiektuak egiteko denporea geure aisialditik ateraten gabilz, dirua galtzen eta hemeroteketan dioptriak ixten. Baina egin beharko litzateke: Arratian 12.000 biztanle gara, Durangaldean 50.000 edo. Idazleen proporzinoa be holantxe joango da, eta hori ikertu egin behar da, ze, esate baterako, guk topautako idazle batzuk euskal literaturako beste asko baino hobeak dira. Bizkaian holako beste hamar lan egin beharko litzatekez.
Ze eragin euki dezake liburu honek Arratian?
Gure gogoa da irakasleek hezkuntzan erabili dagiela. Horretarako, gaiak egokitu egin behar dira, eta, esate baterako, eskolan emigrazinoaren gaia lantzen badabilz, idazle honeetakoren batek gai horren gainean idatzitako bertsoak leidu leikiez. Euskal Filologiako ikasleentzat be sano erabilgarria da.
Eta aurrerantzean ze asmo daukazue?
Gure lehenengo liburuaren edizino laburtu bat gaztelaniaz argitaratuko dogu laster, BBKren eskutik. Gero, herriz herriko erakusketa bat egin gura dogu Arratiako hamar herritan, aitatu ditugun idazleen liburuak eta argazkiak erakusteko. Eta, urrunagora begira, fundazino edo alkarte bat sortu gura dogu Arratian, bertoko gaien gaineko ikerlanak bultzatzeko: monografiak, tesiak... beti be, filologo, historialari edo goi mailako formakuntzea daukienei zuzenduta.
Hamaika Lauaxeta
Atzo Ehungarrenean hamaika kontzertua izan genuen Bilboko Arriaga Antzokian.
Lehendik ere, Joxek, Etiamek, Marijok eta Mikelek idatzi dute kontzertu honi buruz, eta ez naiz batere originala izango: asko gustatu zitzaidan.
Kontzertua, bere osotasunean, ederra izan zen: tarterik gabekoa, aurkezpen eta azalpenik gabekoa, arina eta estilo ugarikoa. Ezin aipatu gabe utzi, beste alde batetik, Argia Gardeazabal aktoreak egin zuen antzezpen sentitu eta hunkigarria, Edorta Jimenezen testuetan oinarrituta (kontzertuaren amaieran, Edorta bera ere oholtzara igo zen).
Kantariak, berriz, hamaika bider esan den moduan, hamaika izan ziren: Gari, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda (kontzertu osoan presente dago, baina abesti bat ere badauka), Jabier Muguruza, Txuma Murugarren, Francis Díez, Xabier Montoia, Anje Duhalde, Xabi Strubell eta Petti.
Kantarien artean, sei nabarmenduko nituzke:
- Eñaut Elorrieta: ezin hobeto asmatu duelako ukitu indartsua ematen Antton Valverdek hain ezagun egin zuen "Dana emon biar yako..." horri. Zaila da hain errotuta dagoen melodia bat ahaztu eta berria sortzea, baina sekulako abestia lortu du, eta Eñaut bera ere guztiz inplikatzen da kontzertuan.
- Petti: indarra, indarra eta indarra. Lehendik ere Berakoa maite genuenok, atzo sendotu egin genituen gure sinesmenak; ezagutzen ez zutenek, flipatu egin zuten. Arriagan zegoen atsoren batek sustoa ere hartuko zuen, ordea, "non sartu naiz?" galdezka.
- Xabi Strubell: ez nuen ezagutzen, eta kristoren sorpresa hartu nuen. Oso abesti goxoa egin du, iradokitzailea, eta abesteko eta interpretatzeko duen modua ere erakargarria da oso. Itzela bere gitarra.
- Txuma Murugarren: kantu poperoa, ederra, bere estiloan. Txuma kalitatearen seinalea da niretzat.
- Xabier Montoia: lotsati antzean, arin egin zuen alde eszenatokitik, txaloei itxaron barik. Itzelezko ahotsarekin, itzelezko presentziarekin.
- Rafa Rueda: mozkorraren goxoa erakusten duen abesti bizizale bat musikatu du, eta kantu bizizalea irten zaio, sartuta geratzen den melodia horietako batekin. Kontzertu osoan ere, Rafa bikain egon zen.
Nik ere pena dut, bestalde, neskarik egon ez izana kantarien artean. Anari bota nuen faltan, eta gero, eskaileretan ikusi bainuen, Aiora Renteriaren falta ere sumatu nuen. Adibidez.
Eta, azkenik, grazia egin zidan gauza bat: Arriaga antzokia atsoz eta agurez beteta zegoen. Alderdiak, Lauaxetaren kontu honekin puztuta, buzoneo kanpaina gogorra egin du, antza, eta gonbidapenak ere barra-barra banatu ziren atzoko kontzerturako, bati baino gehiagori entzun bainion bera "ere" gonbidapenarekin zetorrela. Barregarria zen ikustea andre horiek burua ezker-eskuin mugitzen, María Ostizen kontzertu batean baleude bezala, "Un pueblo es, un pueblo es, un pueblo eeeees...". Batzuek ez zuten burua hainbeste erritmoz mugitu, Jose Antonio Agirrek mitina eman zuenetik Abandon, treintaixeixean.
Guztiarekin ere, gozatu egin nuen atzokoarekin, eta talde handi honen beste emanaldiren batera joateko gogoa piztu zitzaidan: Durangon emango dutenera, adibidez.
Jose Pablo Arriaga: Eskulturak egiten ditudanean poeta sentitzen naiz
Egun batean belaontzian sartu eta Afrikarantz abiatu zen, bera bakarrik. Horregatik eta belaontzia hondoratu zitzaiolako, Jose Pablo Arriaga ezagun egin zen. Baina bidaia hura abentura hutsa baino gehiago izan zen, eta orain, zazpi hilabete haietan bere burua aurkituta, egurrez egindako eskulturetan isurtzen du barruan duena. Egurrez betetako biltegi handi batean elkartu ginen, zuraren usaina inguruan, solasaldi pausatuan, belaontzien erritmoan.
Altzari denda bat duzu baina eskulturak dira zure pasioa. Arotza ala eskultorea zara?
Orain eskultorea. Altzarigintzan ibili izan naiz beti lanean: aitona hasi zen, gero aitak jarraitu zuen eta orain ni nago. Altzari bereziak egiten ditut, kutxak-eta, euskal herriko tradizioa jarraitu nahian. Sinbologiaz beteriko altzariak dira, eta, horiek ikusita, argi geratzen da garai bateko euskaldunen sinismena naturan oinarritzen zela. Denborarekin, euskaldunak kutxa eta altzari horien kopiak egiten joan ziren, eta, modu horretan, sinismenaren errepresentazio hori artisautza bihurtu zen.
Ez artea, beraz.
Oso argi bereiztu behar da artisautza eta artea ez direla gauza bera: artista da lehenengo kutxa hura egin zuena, lehenengo elementuak sartu zituena. Besteak, kutxa bat bestearen atzetik egiten dutenak, ofizioa dutenak, horiek artisauak dira.
Eta zu kinka horretan zaude, artisautzaren eta artearen erdian.
Guk, batez ere, artisautzan egin dugu lan, baina horrek ez nau betetzen. Nik beti azaldu nahi izan dut altzarien bitartez zer sinisten dudan pertsona moduan, ez lauburu edo ilargiak eginez, ez: nik ere baditut nire sinismenak, eta sinisten dut pertsona guztiak berdinak garela, naturak eta izakiek oreka bat izan behar dutela, gauza gutxirekin bizi daitekeela... Eta sinisten ditudan balore horiek nire piezetan islatzen dira. Batzuetan, beharbada, ez dira pieza politak izango estetikoki, baina nire asmoa barruan dudana ateratzea da. Eta, hain zuzen ere, hortik joan zen iaz egin nuen bidaia.
Bidaia aipatuta, galdera bera: bidaiaria ala abenturazalea zara?
Nik ez dakit horiek desberdintzen. Ni naiz... badakizu herriko kuxkuxeroak zelan izaten diren? Balkoian egoten direnak inguruan zer gertatzen den jakin nahian? Bada, balkoian egon beharrean, nik bidaiatu egiten dut, munduko balkoian egoten naiz mundu osoko herrietan zelan bizi diren ikusten: munduko kuxkuxeroa naiz. Horrela ikasten dut nik.
Eta zer ikusten da balkoi horretatik?
Batez ere, jasotzen dugun informazio guztia ez dela egia, bereiztu egin behar dela informazioa. Kongon lapurreta egin bazidaten ere, nik, hona bueltatzean, ezin dut hori bakarrik kontatu Kongori buruz, zabalduko nukeen informazioa partziala izango litzateke eta. Ni zabal-zabalik joan naiz eta eurek pozik hartzen ninduten, leku batzuetan ez zutelako inoiz zuririk ikusi eta, bestetik, bazekitelako Afrikatik kanpora fama txarra dutela. Eta nik esaten nien: bai, fama txarra duzue, baina nik benetan ikusi dut zelakoak zareten, eta hori da zabalduko dudan irudia, eta harro geratzen ziren, oso pozik.
Izan ere, zure bidaiatzeko moduak errealitatea gertuagotik ikusteko aukera ematen zuen.
Bai, hori bilatu nahi nuen. Eta tristea da esatea, baina belaontzia hondoratu zitzaidanean sekulako askatasuna lortu nuen. Gogorra da hori horrela esatea, baina horrela sentitu nuen.
Itsasoko bakardadeak eta bela handi horrek ez zizuten askatasunik eman, beraz? Gehiago lotu zintuzten?
Bai. Belaontziak ematen duen askatasuna ez da osoa: ardura asko ematen ditu. Pentsatzen duzu haizea gogortu egingo dela, zerbait gertatuko dela, zarata arraroak entzuten dituzu, akatsak igartzen dituzu... batez ere konturatzen zarenean belaontzia ez dela guztiz egokia mota horretako bidaia baterako. Portuan ere ezin duzu belaontzia bakarrik laga, zerbait lapurtuko dizutelako. Askatasun falta osoa duzu. Beti zaude faktore ugariren menpe: mareak, jendea, haizea... beti ardurak. Oso momentu politak ematen dizkizu, baina gehiena ardurak izaten dira.
Belaontzia ez zela guztiz egokia esan duzu...
Ez zegoen prestatuta horrelako bidaia bat egiteko. Gaur egun, daukadan esperientziarekin, ez nuke berriro antzeko belaontzi batekin bidaiatuko, baina bai bidaiatuko nuke besteren batekin. Eta badut asmoa zerbait egiteko, gainera.
Aurrekoan, zure aitak esan zidan poztu egin zela naufragatu zenuenean.
A, bai, e? Nire ama, behintzat, asko poztu zen. Eta Markinan ere, jende gehiena poztu egin zen, arazo asko izan nituelako belaontziarekin eta ikusten zutelako ez zela barku egokia horretarako.
Zein izan zen, zehazki, bidaiaren ibilbidea?
2004ko uztailaren 31n irten nintzen Lekeitiotik. Portugal eta Kanarien artean hasi ziren arazoak: lehenengo, pilotu automatikoa apurtu zitzaidan. Pilotua lema eramaten duen tresna da; beraz, hiru egun pasatu nituen lo egin barik, eta azkenean, nekeagatik, ahotsak ere entzuten hasi nintzen. Itsasoa oso gogor zegoen eta, azkenean, nekearen nekeaz, belaontziari bere kasa joaten utzi behar izan nion, belak kenduta, olatuek kaskoa astintzen zuten bitartean. Lema apurtu egin zitzaidan, baina ordezko bat neukan eta harekin heldu nintzen Kanarietara.
Ederto hasi zinen, bada!
Baina txarrena gero etorri zen: Kanarietan dena konpondu ostean, Cabo Verderantz abiatu nintzen. Neskalagunarekin han elkartzeko asmoa neukan, baina bigarren egunean lema apurtu egin zen; bigarrena jarri eta hura ere apurtu, itsasoaren indarrarekin. Orduan, Hegoaldera joan barik, Ekialdera joan nintzen, Mauritaniara. Baina lema beste bi aldiz apurtu zitzaidan, eta kostaldetik 1.000 kilometrora nengoenez, belaontzian egin behar izan nituen lema berriak. Motorra ere hondatuta neukan, ura sartzen zitzaidan, irratitik inork ez zidan erantzuten...
Bizia arriskuan ikusi zenuen?
Ez, ze jatekoa soberan neukan eta banekien, kasurik txarrenean ere, hilabete baten buruan barkuren bat pasatuko zela handik. Ur nahikoa neukan, arrantza egiteko tresnak ere bai, eta pazientzia ere soberan. Txarrena lema zen: berria egiten nuen, uretan sartu eta, handik ordu batzuetara, apurtu egiten zitzaidan. Eta lemak egiteko materialik ere ez neukan: sukaldeko mahaia erabili nuen, eta azkenean sarrerako atea ere bai. Harekin heldu nintzen Mauritaniara.
Eta neskalaguna Cabo Verden zain?
Bera Cabo Verdera joan zen eta, jakina, ni ez nintzen agertu eta nire berri ere ez zeukan. Mauritaniara heltzean egin ahal izan nuen berba berarekin, zortzi egun geroago, eta esan nion Senegalera joateko. Ni ere harantz abiatu nintzen, baina berriz ere lemarekin arazoak izan ostean, Dakarreko portura heltzeko 500 metro falta zirenean, haizea indartu egin zen eta belaontzia kontrolatu ezinik geratu nintzen. Ondorioz, haitzen kontra joan nintzen. Arrantzale bat ikusi nuen haitzetatik etortzen eta, ahal bezala, gauza garrantzitsuak barkutik ateratzen hasi nintzen: GPSa, ordenagailua, dirua, dokumentazioa... nik ateratako denak lapurtu zizkidan. Gero beste arrantzale batzuen laguntza izan nuen, eta hurrengo egunean jai bat egin nuen eurekin, eskerrak emateko. Afrikan egin nuen lehenengo eskultura orduantxe egin nuen, belaontziaren zati batekin. Neskalagunarekin ere, orduan elkartu nintzen.
Eta belaontzia hondoratu arren, erabaki zenuen bidaian aurrera egin behar zenuela, eta lurretik jarraitu zenuen.
Senegalen ia hilabete egon ostean, bidaian aurrera jarraitu nuen, orain ere bakarrik: Mali, Burkina-Faso, Benin, Nigeria, Kamerun, Txad, Errepublika Zentroafrikarra, Kongo Frantziarra, Kongo Belgikarra, Zambia, Namibia, Hegoafrika... guztira hamabost herrialde bisitatu nituen. Orduan ikusi nuen benetan zelan bizi den jendea. Barkuarekin ezin duzu lagunik egin, baina kamioi baten gainean eta kakahuete zakuen artean zoazenean, 500 kilometro egiteko bost edo sei egun behar dituzunean... eurak ere konturatzen dira ez zarela hain desberdina, eta ulertzen duzu jendea zelan bizi den. Belaontzian ez nuke horretarako aukerarik izango, inondik ere.
Elkarrizketaren hasieran esan duzu bidaia hau barruan zenuena ateratzeko asmoarekin egin zenuela, gero hori eskulturgintzan aplikatzeko.
Urteak neramatzan lanean, eta eskultura asko ere egin nituen enkarguz, baina zerbait sakonagoa egin nahi nuen, esperientzia bat izan munduan. Afrikara joan nahi nuen, ze Afrikan, gurekin konparatuta, 300, 500 edo 1.000 urtez atzeratuta bizi dira, eta bizitzaren elementu basiko horiek aurkitu nahi nituen, hangoak zelan bizi ziren naturak eskaintzen dienarekin. Gainera, bakarrik sentitu nahi nuen, eta horregatik erabaki nuen belaontziarekin joatea: naturaren indarra erabilita, zehaztu gabeko puntu batera heltzea.
Pertsona gisa dituzun muturrak aztertu nahian edo?
Bai: muturra topatu nahian nabil, benetan zelako pertsona naizen jakiteko. Eta gero, nire lana egiten dudanean, sakontasunez azaldu ahal izateko zer den gogoak eskatzen didana. Pertsonen arteko berdintasuna sentitu nahi nuen, eta sentitu dut.
Eta natura eta gizakiaren arteko oreka hori, aurkitu duzu?
Guztiz. Orain eskulturak egitera bueltatu naiz: eskultura sakonak dira, eta egiten dudanak esanahi bat dauka. Esperientzia hartu dut eta badakit zer esan nahi dudan, sufritu egin dudalako. Nire lanak pisu handiagoa dauka orain.
Artea egiteko sufritu egin behar da?
Ez da premiazkoa sufritzea. Gozatuta ere, lortu dezakezu zure lanak pisu berbera izatea. Baina nik behar nuen bidaia hau, nire burua modu horretan deskubritzeko. Gertatzen dena da hona etorri eta betiko errutinara bueltatzen zarela, eta hala izan behar du gainera, ze gure eguneroko bizimodu hau ere biziraupena da: hemen ere aurrera atera behar da.
Orduan, han ikasitakoak hemen bizirauteko ere balio du?
Bai: gardentasuna lortu dut denbora honetan, eta nire lanarekin ez dut inor engainatzen. Beharbada ez zaizu lan hori gustatuko, baina esan nahi dudana ez dut ezkutatzen. Afrikan hiru eskultura egin nituen: lehenengoa, naufragioko hondarrekin; bigarrena, hildako umetxo bati eskainia; eta hirugarrena, Kongon, hango zuhaitzek sortzen duten metafora gisako batean oinarrituta.
Ze metafora?
Hemen zuhaitzek besarkatzen dute lurra sustraiekin, baina sustraiak ez dira ikusten, ezkutuan daude. Han, ordea, lurrak besarkatzen du zuhaitza: termiten habiek, lurretik irtenda, mendixkak egiten dituzte zuhaitzen inguruan. Besarkada hori ikusi egiten da, hemen ez bezala. Hemen dena da itxura, eta hori gure kulturan sartuta dugun zerbait da.
Natura ere ez da hemen han bezala bizitzen.
Natura ahaztuta dugu hemen. Han eguneroko kontua da, eurak direlako naturaren parte.
Egurra erabiltzen duzu eskulturetan. Elementu bizia da hori; zure eskulturak ere bai?
Nik egurrarekin egiten dut lan, baina edozein material erabil dezaket. Biziak esanahia dauka, eta gustatzen zait egurrari duen garrantzia ateratzea. Zaila da ulertzea zer esan nahi dudan: egur batek bere tentsioa dauka, baina nik tailu bat egiten badut, apurtu egiten dut egurrak berez duen ezaugarri hori. Orduan, batzuetan, tentsioa erakusten dut, nik ezertxo ere egin gabe. Beste batzuetan, elementu neutro bat erabiltzen dut, teilak adibidez. Teilak pertsonen moduan ikusten ditut nik: badirudi teila guztiak berdinak direla, baina ura nondik pasatu den arabera, teilak marka desberdinak izango ditu, edo apurtu egingo da, edo ihes egin nahi izango du... Teilak inoiz ez dira amaitzen: etxeko teilatua apurtu arren, teila beti erabiliko da zerbaitetarako, bideak egiteko edo hormak sendotzeko. Eta hori da nik pertsonekin ere ikusten dudana: nire ustez, teilak eta pertsonak beti daude bizirik.
Eskultura bat egitean, zer bilatzen duzu egurraren barruan?
Batzuetan, egurra zelakoa den ikusten dudanean, ezin dut ezer egin, den moduan asko esaten du eta. Sentitzen dut justifikatu egin behar dudala eskultura bat dela, baina ezin izaten dut: egurrak berak esaten dit nik esan nahiko nukeena. Besteetan, aldiz, nik ateratzen diot indarra, eta egurrak esaten dit zer egin, nondik jo.
Artearen zirkuituan mugitzen zara?
Duela hamabi urte erakusketak egin nituen Londres, Glasgow eta Edinburgon. Euskal Herrian, azaroan egingo dut lehenengo erakusketa, Markinan, Arriaga altzari-dendan. Erakusketa hori aurrerapausoa izango da eskultore gisa egin dudan bidean: orain artekoa etapa bat izan da, pasatu egin dut eta orain nire sormenean sakondu nahi dut, nire komunikatzeko gaitasunean. Idazten oso baldarra naiz, baina poeta sentitzen naiz eskulturekin ari naizenean. Literaturan dudan ahultasuna gauza fisiko batera eramaten dut.
Aitortzeko moduko eraginen bat igartzen duzu zure lanean?
Eraginak, seguruenik, denetarikoak izango ditut. Afrikara joateko beste arrazoietako bat zen ez nuela inongo eraginik nahi: jendearen bizimodutik eta nire sentipenetatik jaso nahi nuen eragina. Edozelan ere, Euskal Herrian oso eragin handiak izan ditugu: Oteiza, Chillida, Ibarrola, Anda... Hemen artista asko dago, baina apustu gutxi egiten da gazteekin. Ni altzarietatik diru apur bat ari naiz ateratzen, gero eskulturak egiteko; baina laguntzarik ez da inondik ikusten. Artista gazte batek etorkizunean arrakasta badu, zer gertatuko da? Nori emango dizkio eskerrak? Arrakasta lortu ostean berarengana hurbildu eta laguntzak ematea alferrik da: orain egin behar da apustua: ez nirekin, baizik eta edozein pertsona sortzailerekin.
-------------------------------------------------------------------------------
Zorpetuta
Eskoziara joan nintzenean, senide batek eman zidan hiru urteko ikasketa haiek ordaintzeko dirua, eta oraindik ordaintzen ari naiz, apurka-apurka. Orain, nire apustua Afrikako bidaia izan da, nire bizitzako masterra. Ez naiz joan oporretan: nire eskulturaren inguruan egin dudan masterra da. Inbertsio handia izan da, baina inori ez diot azalpenik eman behar: horren beharra nuen, artista sentitzen naizelako eta barruan nuen guztia azaleratu nahi nuelako.
Aulkiak
Afrikatik aulki sorta bat ekarri nuen, nire ustez aulkiek asko esaten dutelako herriei buruz. Afrikarrek ez dute beste altzaririk, aulkiak bakarrik. Txikiak dira, sutan duten lapikoaren ondoan jartzeko. Aulkiei begiratuta, jakin dezakezu ze teknika erabiltzen duten egurra lantzeko, eta, ondorioz, zelakoa den euren kultura. Aulkiak dira munduko edozein kulturaren adierazleetako bat.
Familiako tradizioa
Nire aitonak sen komertzialagoa zuen: egiten zituen altzariek ez zuten aparteko sentsibilitaterik, saltzeko egiten zituen, hori baitzen bere bizitzeko era. Nire aitaren konposizioek, ordea, ukitu artistikoa dute, eta nik ere sentsibilitate bera jaso dut. Baina sentsibilitate hori ez da oso ona poltsikorako. Produkziorako mentalitatea izanez gero, produktua merkatu egiten duzu, baina eskulturak nire bizitzaren zatiak dira. Eta hori ordaindu egin behar da.
Euskal Herriko azken kasamenteroaren iloba
Nire aitona, Enrique Arriaga, arotza zen, baina ezagunagoa da kasamenteroa izan zelako. Lagun bati laguntzearren hasi zen horretan, baina ospea lortu eta jende gehiago etortzen hasi zitzaion. Ez zuen zerbitzu horregatik zuzenean kobratzen: bikote bat ezkontzea lortzen bazuen, arreorako altzariak berak egiten zizkien, hori zen baldintza eta hori zen kobratzen ziena. Barberua ere bazen, eta herriko neskak ilea garçon eran moztera joaten zitzaizkionez, asko ikasi zuen nesken gustuei buruz."
-------------------------------------------------------------------------------
NORTASUN AGIRIA
Jose Pablo Arriaga 1969ko abenduaren 2an jaio zen Markinan. Aitona, Enrique Arriaga Kurutzebarri, Euskal Herriko azken kasamenteroa izateaz gain, arotza zen, eta haren tradizioari jarraitu zioten Jose Mari semeak eta Jose Pablo ilobak. Edinburgon Arte Ederretako masterra egin eta Bartzelonan ebanista handi batekin lanean egon ostean, Markinan ari da orain, bere dendan eta tailerrean. Iaz zazpi hilabeteko bidaia egin zuen Afrikatik, bere eskulturen ildo berriak aurkitu nahian.
Kaspa eta piperra
Urteak baditu garai bi, asmo berrietarako aproposak: urtearen hasiera bata, iraila bestea. Irailean kioskoak bildumaz betetzen dira, jendearen asmo ona faszikuluka eraikitzen da, eta telebistek aurpegi berria erakusten dute. Tira, batzuek ez dute sekula erakusten aurpegi berririk: betiko aurpegi gogorrarekin jarraitzen dute, irailetik irailera eta buelta morena.
Iaz, gure telebista publikoak "Galanta dator" esan zigun, eta ez zuten gezurrik esan: ETB1 katearen iazko balantzea galanta izan da, dardarka hasteko modukoa. Eta aurten, iraila heldu eta ze lelorekin harrituko gintuzten zain geundela, gure bizitzetan "Gatza eta piperra" jarriko dutela agindu digute, eta gogoratu naiz uztailean eztabaida izan nuela kate horretako aurkezle batekin, Euskal Herrian eta euskaraz eskaini beharko litzatekeen telebista ereduari buruz.
Iazkoa galanta izan zela esateko arrazoietako bat gabonetan Harry Potterren pelikula dontsua euskaraz eta gaztelaniaz une berean eman izana da. Gero entzun dut horren atzean eskubide kontu batzuk egon zirela, ezin zirela pelikula haren bi bertsioak eman, ez bazen une berean. ETBko arduradunek bi bertsioak batera ematea erabakitzen dutenean, ze ikuslerenganako begirunea dute? Dudarik gabe, publiko erdaldunarenganakoa: datuek argi diotenean gero eta ume gehiago matrikulatzen dela D ereduan, eta badirudienean A ereduari teleberri bi geratzen zaizkiola, ETBko buru-argiren bati (nori zehazki? Zergatik ez du dagoeneko dimititu, lotsaren lotsaz?) bururatzen zaio umeentzako pelikula bat euskaraz eta gaztelaniaz ematea une berean. Euskal Herriko ume gehienak euskaraz mintzatzeko gai direnean, ETBk begirunea die gai ez diren horiei. Eta, jakina, gaztelaniazko bertsioa ikusi zuen mundu guztiak, euskarazko eta gaztelaniazko bikoizketen arteko lehian euskarak ez duelako zereginik. Horretarako erremedioa argi asko eman zuen Urtzi Urrutikoetxeak aldizkari honen 1.974. zenbakian: erremedioa azpitituluak dira, baina ETBko arduradunak itsu eta gor daude kontu horretan.
Urtea era galantean hasi ostean, beraz, ETB1en miseriek aurrera jarraitu zuten, zerrenda amaiezinean. ETBren miseriarik handienetakoa da ez duela lortu ETB1ekin hazi ginen umeak, behin heldu bihurtuta, ETB1era lotzea. Argi esan beharko da ETB1ek programazio ona daukala umeentzat, ondo bikoiztutako marrazki bizidunekin eta euskara egokian. Baina hortik aurrera, ume horiek heldu bihurtzen direnean, aukera ez da sekula ETB1 izango, ezpada beste kateren bat, tartean ETB2. Euskara txakurren eta umeen hizkuntza dela ondo erakusten du, beraz, ETB1ek.
Uztaileko eztabaida hartan, telebistako aurkezlea eta ni bat gentozen gauza batean: euskaraz egiten diren saioak, oro har, ez direla erakargarriak. Ez gentozen bat hori konpontzeko moduetan: bere ustez, euskara kontu serioekin erlazionatzen da, eta euskarazko saioetan umorea sartu behar da, gatza eta piperra gehitu behar da. Basetxea edo Sorginen Laratza bezalako saioak behar direla esan zidan, kontuan izan gabe saio horietan, askotan, gehiago entzuten dela gaztelania euskara baino. Ezin bat etorri berarekin: ETB1ek dituen saiorik onenak, nire ustez, saio serioak dira: Sautrela, Teknopolis, Hitzetik Hortzera, Beste Gu, EiTB Kultura, Wazemank (kalitatezko umorea egiten dute, beraz saio serioa da), esate baterako.
Euskarak, telebistan zein kalean, kalitatea behar du lehenengo eta behin: kalitatezko saioak egin behar dira, eta, kalitatearen premisatik abiatuta, saio horietakoren baten ardatza umorea bada, umore hori kalitatezkoa izango da.
ETBko arduradunei, baina, ez dakit askorik ardura zaien euskara. Gatza eta piperra proposatzen digute, konturatu barik euskarak zauri handi bat duela, konturatu barik zaurietara ez dela gatzik bota behar.
(Zaldi Eroari lapurtua, baimenik eskatu gabe baina mirespen osoz)
Aritz Gorrotxategi Bilbon
Asteazken honetan, 20:00etan, Aritz Gorrotxategi izango dugu Santutxun, "Kearen truke" (Alberdania) nobelari buruz berbetan. Modu horretan, hasiera ematen diogu Asapala Elkarteak sustatutako Irakurlearen Tartea ekimenaren laugarren ikasturteari.
Alberdaniaren webgunean honela azaltzen dituzte liburuaren nondik-norakoak:
"Noraino iristeko gai da maitale bat maite duen horren peskizan? Are, maite den hori pertsona bat ez baina gauza bat denean. Liburu zahar bat esaterako, inork inoiz ikusi ez duen liburu bat. Arraza aparteko bat osatzen dute liburu zaharren maitaleek. Inor gutxi arduratuko litzateke hirian agure baten heriotzagatik, bestela. Inor gutxi, agure horrek sekretu ilun bat gordeko ez balu.
Sekretu hori argitzen saiatzen da Samuel Elizalde ikertzaile ohia. Elizalde tipo garratza da, ezkorra. Duela gutxi utzi dio erretzeari eta nostalgia zipitzik gabe begiratzen dio inguruari. Inguruak ere sarritan itzultzen dio begirada hotz hori. Ustelkeriaz zipriztindutako hiri honetan, besteak zauritzeko gaitasunak mugiarazten du jendea. Ke artean aienatu edota itzal bihurtzeraino".
Badakizue: egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.
Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko mapa eta argibideak:
(Hurbildu mapa + teklari emanez, edo urrundu - teklarekin. Egin klik txintxeten gainean, Irakurlearen Tartera heltzeko jarraitu behar duzun ibilbidea ikusteko)
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.
Beste urtebeterako satisfazioa
Titularra ez da nirea, ezpada gaur gauean ezagutu dudan Araolazatar batena : beste urtebeterako satisfazioa. Horrela zen, ezta Maialen?
Izan ere, titular bila ibili naiz gaur Ruperrek eman duen kontzertuaren ostean, inkesta bat eginez Bilboko Kafe Antzokian bildutako jendearen artean. Ez bainintzen gai neure kabuz titular bat aurkitzeko. Ez da erraza, abeslariak bost aldiz irten behar izan duenean bisak kantatzera.
Itzela izan da, baina horrek ez du ondo laburbiltzen hangoa. Hasi, oñatiarra abesti berri batekin hasi da, bera bakarrik eszenarioan. Antzoki osoa isil-isilik hari entzuten: euli baten hegaldia ere entzungo litzateke, handik pasatu eta isiltasuna apurtzera ausartuko balitz. Hortxe ikusi da ondoen Patxi Lurrak zergatik deitzen zion tenplua Kafe Antzokiari: denak isilik geundelako Jaungoikoari entzuten.
Hori izan da abesti berri bakarra: hortik aurrera, festibala. Bata bestearen atzean, gozamena. Abesti zaharrak, berriagoak, denak Ruperren azalpenekin eta pentsatzeko gonbita egiten zuten esaldi biribilekin.
Guztira, ordu biko kontzertua. Tartean, "Hautsi da anphora" lehenengo diskoko abesti bi: "Fas fatum" eta "Bertso berriak" (sekula ez diot gaur arte abesti hori entzun kontzertuetan). Sorpresa ere eman digu, Eñaut Etxamendiren abesti zahar bat jotzean, eta, amaitzeko, biribiltzeko, kirioak dantzan jartzeko, "Berandu dabiltza" himnoa. Esan bezala, bost bis ordu biko emanaldian. Itzel.
Ikusleen artean ere, aurpegi ezagunak han eta hemen: Lutxo Egia, Juanra Madariaga, Josu Goikoetxea, Anje Duhalde, Josu Martinez, santa Ines Intxausti, san Fermin Etxegoien edo Maite Rementeria, gogoratzen ditudan gutxien artean (goizaldeko lau eta erdietan ari naiz kronika hau idazten: ezin zaie gehiago eskatu neurona koitadu hauei).
Gero titular bila hasi naiz. Galdetu diot Etiami, baina ez dit erantzun, lotsabakoak (erraz barkatu diot, hala ere). Galdetu diot Josu Martinezi, baina ez diot ulertu, gñrfñprf. Galdetu diot mundu guztiari, eta, azkenean, Maialenek esan dit beste urtebeterako satisfazioa geratu zaiola barruan. Bai, arrazoi zuen: urtebete itxaron beharko dugu (udazkenetik udazkenera, ohi bezala) oñatiarrak berriro jo arte Kafe Antzokian, baina tarte hori ondo justifikatuta dago.
Itxarongo dugu, oroitzapena mastekatuko dugu bitartean. Kalera irteten ari nintzenean aspaldiko lagun batek esan didan moduan, "urtebete ensegida pasatzen da eta".
Julio Ibarra, kontrastatu gabeko informazioa
Giza miserien aurrean ezin da miserable jokatu, baina beti gertatzen da miseria hori bizi ez duenaren aldetik ematen dela jokamolderik miserableena, beti.
Atzo Julio Ibarrarenak ez zuen izenik izan. Ohituta gaude bere iritzietara, eta, behin azaldu nuen moduan, bengantza atzeratuz entzuten ditut esaten dituen astakeria batzuk, Jose María Callejaren itzala oraindik gainetik kendu ezinda banu bezala.
Atzo gertatu zena, baina, iritzitik harago joan zen (Josu Martinezek esan zuen moduan, "alkimia moraletik haratago"), eta iritzia barik albistea eman zuen: gezurra zena baina, egia izanda ere, hobeto geratuko litzatekeena ezer esan gabe.
Aintzane Garai neska gaztea hilda aurkitu zutela eta, berriemaileek albiste osoa eman ostean, Julio Ibarrak ere bere aportazioa egin behar izan zuen: "se da la trágica circunstancia de que, al parecer, las madres de Aintzane Garai y Laura Orue son primas".
Sentsazio txar batekin geratu nintzen: ze ekarpen egiten dio xehetasun horrek albisteari, ez bada aipatutako familia bi horien mina handitzea? Ze beharrizan kaka mugitzeko, "al parecer" sendo horren babespean?
Gauean, Radio Euskadin, esan zuten familia bien arteko senidetasunari buruz bolo-bolo zabaldu zen informazioa faltsua zela.
Kazetaria ez den honentzat ere, erraza dirudi albiste hori egia den konfirmatzea: telefono dei pare batekin, atoan jakingo duzu ama horiek lehengusinak diren. Baina Julio Ibarrak ez zuen horrelakorik egin: kondaira urbanoa berehala sortu zen, zurrumurrua bere belarrietaraino heldu zen, eta, ezer konfirmatu barik, albiste bihurtu zuen FOAF hori.
Honi, gehitu Anjel Lertxundik gaur idatzi duen artikulua, eta Julio Ibarraren atzoko show lotsagarria konpleto izango duzue. Seriotasuna eskatzea, une honetan gutxi da: errespetua, edozeren aurretik.
Durangoko txapa
Subkontzientearen trikimailu horietako batean, hara zer argitaratu duen Garak gaur, Arrate Egaaren Kixmi elurpean liburu berriari buruzko albistean :
"Bi hilabete lehenago hasi da Durangoko txapa luzea liburu aurkezpenei dagokienez, eta atzo Elkarrek bi liburu batean aurkeztu behar izan zituen".
Hasieran pentsatu dut Josu Martinez Makarrovskia berriro hasi dela Garan lanean, udan bekadun egon ostean, eta makarrada bat egin duela beste behin ere.
Baina ez, oker txiki bat baino ez: txanpa behar zuen lekuan, kazetariari txapa irten zaio, konturatuta kultura ataletako kazetariei hurrengo bi hilabeteetan gainera etorriko zaien lana, entzun beharko dituzten azalpen beti antzekoak, egin beharko dituzten galdera beti berdinak, eta hori bi hilabetez, askotan kanaperik gabe.
Tira: kazetariek jasan beharko duten txaparen truke, ea irakurleok gozatzeko aukera dugun udazken honetako uztarekin. Ahoa urtzen hasteko, irakurri atzo Pipik Berrian argitaratu zuen artikulua, Durangorako datozen liburuen aurrerapenarekin.