Aritz Gorrotxategi Bilbon
Asteazken honetan, 20:00etan, Aritz Gorrotxategi izango dugu Santutxun, "Kearen truke" (Alberdania) nobelari buruz berbetan. Modu horretan, hasiera ematen diogu Asapala Elkarteak sustatutako Irakurlearen Tartea ekimenaren laugarren ikasturteari.
Alberdaniaren webgunean honela azaltzen dituzte liburuaren nondik-norakoak:
"Noraino iristeko gai da maitale bat maite duen horren peskizan? Are, maite den hori pertsona bat ez baina gauza bat denean. Liburu zahar bat esaterako, inork inoiz ikusi ez duen liburu bat. Arraza aparteko bat osatzen dute liburu zaharren maitaleek. Inor gutxi arduratuko litzateke hirian agure baten heriotzagatik, bestela. Inor gutxi, agure horrek sekretu ilun bat gordeko ez balu.
Sekretu hori argitzen saiatzen da Samuel Elizalde ikertzaile ohia. Elizalde tipo garratza da, ezkorra. Duela gutxi utzi dio erretzeari eta nostalgia zipitzik gabe begiratzen dio inguruari. Inguruak ere sarritan itzultzen dio begirada hotz hori. Ustelkeriaz zipriztindutako hiri honetan, besteak zauritzeko gaitasunak mugiarazten du jendea. Ke artean aienatu edota itzal bihurtzeraino".
Badakizue: egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.
Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko mapa eta argibideak:
(Hurbildu mapa + teklari emanez, edo urrundu - teklarekin. Egin klik txintxeten gainean, Irakurlearen Tartera heltzeko jarraitu behar duzun ibilbidea ikusteko)
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.
Zuk nondik urteten dozu metrotik? Paradea askoz gorago dago.