Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Arratiako idazleak sekula ez ahaztuteko

Arratiako idazleak sekula ez ahaztuteko

gabiria 2005/11/14 09:53

Iñaki Esparza, Angel Larrea eta Gotzon Aurrekoetxea irakasleek "Arratiako idazle aitzindarien antologia" liburu interesgarria argitaratu dabe Arratiako Zertu Kultur Elkartearen eskutik. Bertan, ezagunak ziran idazle batzuekaz batera, gaur arte ezezagunak ziran idazle asko atara ditue ilunpetik, argazkiakaz eta dokumentu osogarriakaz lagunduta. Aitatutako lehenengo bi egileakaz egin dogu berba.

Zelan sortu zan "Arratiako idazle aitzindarien antologia" liburua egiteko ideia?

2004an, "Arratiako euskal idazle aitzindariak (in memoriam)" liburua argitaratu genduan, eta horren ideia Arratian egindako kongresu batetik sortu zan. Jardunaldi horreen gaia zan zelan garatu hizkuntza gitxituak mendi inguruko eskoletan. Irakasle eta ikaslez osotutako talde bat sortu zan, eta pentsau genduan Arratian euskerearen alde egin daben idazle, bertsolari, irakasle eta abarrak omendutea, euren gaineko lan bat eginda. Bagenkian klasiko batzuk topauko genduzala, baina laster konturatu ginan gehiago zirala. Lehenengo liburu horretan 34 idazle bildu genduzan, ez danak derrigorrez kalidade literario handikoak, baina bai euren garaiko gizonak, danak be euskereari, etnografiari eta arbasoei prestigioa emoteko orduan garrantzitsuak izan ziranak.

Eta aurrera jarraitzen animau zinien orduan?

Gotzon Aurrekoetxeak animau ginduzan jarraitzeko, eta lehengo liburuko 34 hareetatik 28 aukeratu ostean, hiru idazle gehiago topau genduzan, guztira 31. Gu biok historialariak gara, eta artxiboko beharra egin dogu batez be. Gotzon filologoa da, eta alkarregaz behar egitea ona izan da, modu honetako proiektuek diziplina desbardinen arteko hartu-emonak eskatzen dabez eta.

Zeren arabera erabagi dozue ze idazle dan aitzindaria eta zein ez?

Markoa idazle aitzindariak ziran, eta horreen barruan sartu ditugu XVI. mendetik 1920ra arte jaiotako idazleak. Kronologiari begiratuta, lehenengoa Pedro de Madariaga (1537-1590) dimoztarra da, eta azkenak, barriz, oindino bizirik dagozan Faustino Etxebarria, Basilio Pujana, Lino Ayesta eta Iñaki Goikoetxea. Baina idazleen fenomenoa XIX. mendean hasi zan zabaltzen, bertsolaritzak gora egiteagaz batera. Foruak galdu ziranean, identifikazinoa sortu eta identidadea sendotu egin zan, eta, gero, Sabino Aranaren eragina be itzela izan zan: esplosino kulturala sartu zan euskal letretan, proporzino eta intensidade ikaragarriagaz. Gerra zibilak, baina, desgrazia ekarri eban, eta hor ebagi egin zan idazleen tradizinoa. Idazleen konzentrazino handiena 1915-1935 tartean emon zan, eta idazle horreek ez ziran bakarrik eleizgizonak: laikoak be asko ziran.

Andrarik ez, baina.

Ez, andrarik ez dogu topau. Emakumeak transmisoreak izan dira betidanik, kontalariak. Arratia landa eremua da, eta holakoetan, etxea izan da beti emakumearen lekua, umeakaz arduratzen eta euskerea transmitiduten. Euskerearen unibersidadea izan da emakumea, eta horregaitik salbau da euskerea: andrak analfabetoak ziralako eta ez ziralako eskolan ibili sano berandura arte.

Idazle asko aztertu dituzue eta ikertzaile askok hartu dabe parte. Zelan koordinau dozue lana?

Hasikeran dudak geunkazan, Arratian 30 filologo topauko ete genduzan. Gero, begira hasi eta 40 egozala ikusi genduan. Eurakaz telefonoz kontaktau, eta sano harrera ona euki genduan, guztira 36 kolaboradore topau genduzan eta. Koordinazinoa lan gatxa izan da, batez be epeak beteteko orduan. Gu biok zuzendaritza teknikoagaz arduratu gara: materiala emon deutsegu kolaboradoreei, bibliografia topau dogu eta markoak finkatu ditugu. Gotzon Aurrekoetxeak arlo administratiboa eta lanen eboluzinoa eroan dau. Eta kolaboradoreek antzeko pausoak segidu ditue euren lanetan: idazlearen gaineko sarrerea, obrearen aurkezpena, testu aukeratuak eta bibliografia. Gainera, filologo horreetako batzuk engantxau egin dira aztertu dituen idazleakaz, eta oin horreen gaineko lan mardulagoak egiteko asmoagaz dagoz.

Ze ezaugarri ikusten dira idazleongan?

XX. mendeko idazle guztiak abertzaleak dira. Euskerearen alde egiten dabe eta erlijinoak be pisu handia dauka eurakan. Gerra aurrekoak idealistak ziran, eta Euskadi nazino barri, euskaldun eta fededuna eregi gura eben. Errepublikaren garaian, idazleak puztu-edo egin ziran, eta euren estiloa be erradikalagoa bihurtu zan. Abadeen artean be bardin, ezaugarri horreek mantendu ziran.

Ze genero lantzen zituen?

Danak, nobelea izan ezik. Gai erlijiosoak, bertsolaritza, biografia, kazetaritza, antzerkia, ipuinak, poesia... danerik, nobelea kenduta. Nobelea kanpotarren kontu lez hartzen zan, herejia lez. Ez zan baloreko genero literario lez ikusten, baztertuta egon zan-ta denpora luzean.

Aurrera begira, badago asmorik Bizkaiko beste eskualderen bateko idazle aintzindariakaz esperientzia hau errepikatzeko?

Hau Euskal Herri osoan egin beharko litzateke: guk Arratian 30 idazletik gora topau baditugu, Euskal Herrian 600 egongo dira. Horretarako, lana behe-behetik hasita egin behar da, talde handiakaz eta diziplinen arteko hartu-emona bultzatuta. Beste eskualde batzuetatik be eskatu deuskue hauxe bera han egiteko, baina guk ezin dogu: geure lana daukagu eta holako proiektuak egiteko denporea geure aisialditik ateraten gabilz, dirua galtzen eta hemeroteketan dioptriak ixten. Baina egin beharko litzateke: Arratian 12.000 biztanle gara, Durangaldean 50.000 edo. Idazleen proporzinoa be holantxe joango da, eta hori ikertu egin behar da, ze, esate baterako, guk topautako idazle batzuk euskal literaturako beste asko baino hobeak dira. Bizkaian holako beste hamar lan egin beharko litzatekez.

Ze eragin euki dezake liburu honek Arratian?

Gure gogoa da irakasleek hezkuntzan erabili dagiela. Horretarako, gaiak egokitu egin behar dira, eta, esate baterako, eskolan emigrazinoaren gaia lantzen badabilz, idazle honeetakoren batek gai horren gainean idatzitako bertsoak leidu leikiez. Euskal Filologiako ikasleentzat be sano erabilgarria da.

Eta aurrerantzean ze asmo daukazue?

Gure lehenengo liburuaren edizino laburtu bat gaztelaniaz argitaratuko dogu laster, BBKren eskutik. Gero, herriz herriko erakusketa bat egin gura dogu Arratiako hamar herritan, aitatu ditugun idazleen liburuak eta argazkiak erakusteko. Eta, urrunagora begira, fundazino edo alkarte bat sortu gura dogu Arratian, bertoko gaien gaineko ikerlanak bultzatzeko: monografiak, tesiak... beti be, filologo, historialari edo goi mailako formakuntzea daukienei zuzenduta.

etiketak: Berbak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.