Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Beste urtebeterako satisfazioa

Beste urtebeterako satisfazioa

gabiria 2005/10/22 04:36

Titularra ez da nirea, ezpada gaur gauean ezagutu dudan Araolazatar batena : beste urtebeterako satisfazioa. Horrela zen, ezta Maialen?

Izan ere, titular bila ibili naiz gaur Ruperrek eman duen kontzertuaren ostean, inkesta bat eginez Bilboko Kafe Antzokian bildutako jendearen artean. Ez bainintzen gai neure kabuz titular bat aurkitzeko. Ez da erraza, abeslariak bost aldiz irten behar izan duenean bisak kantatzera.

Itzela izan da, baina horrek ez du ondo laburbiltzen hangoa. Hasi, oñatiarra abesti berri batekin hasi da, bera bakarrik eszenarioan. Antzoki osoa isil-isilik hari entzuten: euli baten hegaldia ere entzungo litzateke, handik pasatu eta isiltasuna apurtzera ausartuko balitz. Hortxe ikusi da ondoen Patxi Lurrak zergatik deitzen zion tenplua Kafe Antzokiari: denak isilik geundelako Jaungoikoari entzuten.

Hori izan da abesti berri bakarra: hortik aurrera, festibala. Bata bestearen atzean, gozamena. Abesti zaharrak, berriagoak, denak Ruperren azalpenekin eta pentsatzeko gonbita egiten zuten esaldi biribilekin.

Guztira, ordu biko kontzertua. Tartean, "Hautsi da anphora" lehenengo diskoko abesti bi: "Fas fatum" eta "Bertso berriak" (sekula ez diot gaur arte abesti hori entzun kontzertuetan). Sorpresa ere eman digu, Eñaut Etxamendiren abesti zahar bat jotzean, eta, amaitzeko, biribiltzeko, kirioak dantzan jartzeko, "Berandu dabiltza" himnoa. Esan bezala, bost bis ordu biko emanaldian. Itzel.

Ikusleen artean ere, aurpegi ezagunak han eta hemen: Lutxo Egia, Juanra Madariaga, Josu Goikoetxea, Anje Duhalde, Josu Martinez, santa Ines Intxausti, san Fermin Etxegoien edo Maite Rementeria, gogoratzen ditudan gutxien artean (goizaldeko lau eta erdietan ari naiz kronika hau idazten: ezin zaie gehiago eskatu neurona koitadu hauei).

Gero titular bila hasi naiz. Galdetu diot Etiami, baina ez dit erantzun, lotsabakoak (erraz barkatu diot, hala ere). Galdetu diot Josu Martinezi, baina ez diot ulertu, gñrfñprf. Galdetu diot mundu guztiari, eta, azkenean, Maialenek esan dit beste urtebeterako satisfazioa geratu zaiola barruan. Bai, arrazoi zuen: urtebete itxaron beharko dugu (udazkenetik udazkenera, ohi bezala) oñatiarrak berriro jo arte Kafe Antzokian, baina tarte hori ondo justifikatuta dago.

Itxarongo dugu, oroitzapena mastekatuko dugu bitartean. Kalera irteten ari nintzenean aspaldiko lagun batek esan didan moduan, "urtebete ensegida pasatzen da eta".

etiketak: Musika
asier
asier dio:
2005/10/27 12:43

Ni patiladuna ez, orain, baina betaurreko pastazkoduna naz eta ezin izan nintzan toki bitan egon. Lauaxetaren montajea ikusten egon nintzen Mungian.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/10/25 16:37

Zeharo zirkunstantziala. Parrokianoa eta biok, patiladunak biok ala biok, pasa dan barikuan zirkustantzialki ez ginan egon, baina "Ruperzale-patiladun" klubekoak gara eta askotan egon gara Oñatiko bardoaren kontzertuetan, bai eta juten segitzeko asmoa euki be.

E-gor: "Zaindu maite duzun hori" badeuko bere martxatxoa, ezta?

matx
matx dio:
2005/10/24 16:23

Etiamen titularra be ze ona... honez gero ez dozu aldatuko baina julen, ala? Nere ibilbidia Ruperrekin "so'ik so"n hasi zan, beste Araolazatar bati esker (aupa teknosexua), eta "Dabilen harria"n guztiz engantxatu nintzan. Geroago deskubritxu ditxut hauen aurreko diskuak, eta orain momentuan "ez da posible"rekin nago engantxatuta. Hala ere, azkenengo diskuak banan bana gozatu ditxut, kantua eta soinuaren bilaketa bat bezela jaso eta horiek gabe ez nintzateke hau idazten egongo. Goroldixuarekin ez nago batere ados, terapeutikuak izan dira nere kasuan, eta asko gozatu ditxut urte askuan: ez naiz aspertzen!!!Ezingo nuke disko bat bera ere itzaleratu. Kriterixua galdu doten seinale...Julenek moruan, tenpluan jaungoikoa entzun neban nik.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/10/24 15:32

Bai...zahartzen ari garen seinale.

e-gor
e-gor dio:
2005/10/24 11:26

Ni be, zueik danok bezela, Ruperren debotua naz aspaldittik. Baina hala ta be, larrutuko nauzuen arriskua hartu biher dot eta komentarixo kritiko bat egin.

Ruperren azken diskuak ez jatzue pentzetan "soso" samarrak eta, gainera, danak bardinak? Nire ustez, lehengo diskuetako bakoitzak musika estilo ezberdin bat zauken, eta disko bateko abestixetan be bariedadia egoten zan: abesti lasaixak, martxosuak... Aldiz "Dabilen harria" diskuen tono lento hori hartu zauen, orduen be barrixa zalako orijinala pentzau eta alabau geuena. Baina gero "Hurrengo goizean" eta "Kantuok jartzen ditut" diskuak etorri zien, aurreko horren igual-igualak...

"Dabilen harria" atara zauenien irakurri nutzen elkarrizketa baten Ruperrek esaten zauen izenburua "Dabilen harriari ez zaika goroldiorik lotzen" errefrauaren kontura datorrela, artistiak beti mogitu eta gauza barrixak bilatu biher dittuela alegixa... Baina nire irudipena da goroldixua pilaketan hasi jakola Ruperri... Mesedez, esan deixola norbaittek "Hamabostean behin" edo "Nire furgoi baltza" edo "Egin kontu" abestixen erritmua ez ahaztuteko guztiz!

Hala ta be, Ruperzalia izeten jarraiketan dot, baina askoz gehixau entzuten dittut lehengo diskuak azkenenguak baino. Eta ez zaittezien asko hasarretu, esango dotzuet sinisketan dotela kontziertua oso ondo egon zala, baina seguru izen zala gehixau abesti zaharrengaittik... Ez edo?

Olegario
Olegario dio:
2005/10/24 13:53

bai

Iigo
Iigo dio:
2005/10/22 18:23

Ba nik be kale egin dot aurtenguan. Urtero hurbiltzen naiz Ruperren kontzertuetara, baita Bilboko jaixetan-da emoten dabenera. Baña atzerrira doian lagun baten despedidia neukan eta ezin faltau. Gero, taberna batian, lagun musikazale batekin topo egin eta Ruper entzutetik gatoz, ez zara izan ala? esaten dosta. Ezin respondidu. Enbidixia. Halandabe, urtebete ensegida pasatzen da. Egixa da. Iñigo PD: ta hi hintzena ez zeban kantau, bi ordutan? Ollo ipurdia eragiten dostan kanta da-ta.

iturri
iturri dio:
2005/10/22 19:53

Aupa Julenzio:

Ruperzio ikusteko asmoa dut gaur. Ondarruko Kafe Antzokira joango naiz. Ea tenplua den, kafetxea den, antzokia den edo zer demontre den.

Mikelzio.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/10/23 01:01

Ez dakit entzun zenuten baina nire ondoan zegoen neska batek bi aldiz esan zion zarataka: Ruper, guapo! Horixe nire titularra. Bestetik, ez zuen "Hi hintzena" abestu, ez "Galtzetan gordetzeko koblak" ez beste asko baina tira, "Zenbait bertso xelebre"ren bertsioa mundiala izan zen eta "Berandu"z zer esan... Ez zintudan ikusi Julen, agurtzeko edo, baina gehiago sentitzen dot Olagarro Makarrosti ikusi ez izana ezagutzeko eta bere aurrean belaunikatzeko (gurtzera, e?);-)

  1. S.: Olagarro, ez hadi sartu Jaungoikoarekin, kaguenlatxota!!
satortzulo@euskalerria.org
satortzulo@euskalerria.org dio:
2005/10/24 10:39

ni're han izan nitzan, gustora asko, gustora entzun nun aspaldiko ruperrik rockeroena (gizona endredaturik, mundu guzia arrotza da nire herrian...), ta baita akustikoa're (hasiera mudiala)

nik kexa bakarra daukat, dani perez, sentitze det, e'nun gustoko lehenoko kitarjolea (javi antoñana) ezta oraingoa're, pena ben hain urrun bizi dana

baña, kontu soziologikoik garrantzitsuena: batenbat konturatu al da gero eta txupa bakero gutxiago ikuste dala ruperren kontzertuetan, eta larriagoa izan daitekeena, baita patiladun gutxiago're (baita zorionez neska/emakume gehiago're)

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/10/22 12:39

Jabi Muguruzagaz gertatu jatan legez, Ruperregaz be kale egin neban atzo. Asmo irmoa geneukan Maider eta biok juteko, baina gero konturatu ginan asmoa hain irmoa ez zala, eta azkenean Belostikaletik "Ararat" DVDa eroan genduan etxera.

Irmotasun txikiko erromesa izan naz beste behin, baina, gauza guztien ganetik: Biba Ruper! Batzen gaituena.

PD Aritz Gorrotxategirena irakurri dot dagoeneko. Galdu naz apur bat pertsonaiekin baina liburua nahikoa ausarta iruditu izan jat orokorrean. Eguaztenean espero dot kalerik ez egitea, Julen.

Ogelario
Ogelario dio:
2005/10/22 13:43

Neuri be gustatu jatan zure lehengusu nagusia bai, asko, gehituko neuke.

Baina jaungoikoari begira.... txo, txo, holan zeu bakarrik zengozen. Pentsa ze punturaino "Berandu dabiltza" gaz hasi zanean, zeuregana joan nintzala Juan Marsék deitu eustala esateko, Premio Planeta inpugnau dauela eta zeuri emongo dotsuela..... eta zuk deboto kapullo horrek "Orain ez orain ez" esan eustazula, zure burbuila mistikoaren barrutik.

Por lo demas, kontzertuaren bukaera itzela izan zan bai. Baina hasikera moteltxua euki eban igual... eta neure koadrilako ia danak 5 kanturako barrara joan ziran, kontzertua zerbezagatik aldatuz.

Etiam
Etiam dio:
2005/10/22 17:10

Gaur goiko titularra atera jata. Atzo ez nintzan gai bat ateratzeko, emozionatuegia igual?

Zaindu, Ruper, zaindu zuk bakarrik dakazun ez dakit zer hori. Maileni behin eta berriz hileak tente jartzen zizkion hori, Txino "mounstro" diharka batian jartzen zaban hori, Txina (Txinoren ohiuengatik erabat lotsatuta egon arren)koraza kendu eta Txinoren besoetara behin eta berriz jutera eramaten zuen hori,Agurri gau osorako irribarrea atera zion hori, oso nekatuta etorri zan Iratxeri animoa eta parranda gogoa atera zion hori, Itsaso normalian baino saltserago ipini zaban hori, ni aste osoan dantzan eta zai eta ilusionatua euki nauen hori...

Zaindu, nahi eta bertan izan ez zirenei, kriston pena euki erazten dien hori. Zaindu, zaindu guk hainbeste maite dugun hori.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.