Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

"Basque is my name"

Leire Narbaiza 2019/05/02 15:59
Gipuzkoako Hitzan 2019ko apirilaren 19an argitaratuta

Bihar amaituko da Basque Country itzulia, Lower Deba Valley-ko Eibarren. San Sebastian region-en dago eskualde hori, as you know. San Sebastian eta Basque Country, oro har, oso ezagunak dira food ona dutelako: pintxos, txorizo eta txakoli. Gainera, Basque Culinary Center ere badago, eta bertan ahalegintzen dira everybody jakintza horren jabe izaten. Very cool!

Itzulia

Baina Basque Country honetan San Sebastian Region ez da bakarra. Badaukagu Biscay ere, justu Deba Valley-ren ondo-ondoan. Eurek Bilbao Exhibition Center daukate, horretan aitzindariak izan dira. Orain, gainera, Bay of Biscay Festival dute Mundakan, Urdaibai Bird Centerretik gertu, Bermeo Tuna World Capital-erako bidean! Wonderful!

Basque Country honetan ere badugu Green Capital bat: Vitoria-Gasteiz. Bertan orain Wine Berria jaia egingo dute, bertako wine eta txakolina dastatzeko. God save the wine!

Badirudi beste Euskal Herrietan (edo Big Basque Country-n) ez daudela in. Tira, Navarre-n (Navarre shall be the wonder of the world, Shakespeare) hasi dira, eta Navarra wine lovers badute bertan. Good job!

Baina marvelous-ena Twitterren ikusi nuen kartel bat izan zen: Biscay Bay Startup Campus (BBSC) 2019: Where youngs entrepreneurs learn, get inspired and connect. Edición liderazgo femenino (enpresari gazteek ikasi, inspiratu eta konektatzen duten lekua. Emakumezkoen lidergoaren edizioa), eta ilustratzeko adarbakar baten marrazkia! Oh, yeah! Harrapazank, Txiribiton!

Adarbakar

Full experience bat ere agintzen dute abonua erosiz gero; izan ere, formakuntza tailerrak, ponentzia inspiratzaileak, speed eta mentoring sesioak, eta muturreko networking-a izango da bertan. Hori bai, euskarazko berba bat ere ez da ageri kartel osoan! Larriena da antolatzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatea dela (Bilbao Valley izeneko zerbait ere badago tartean). Gainera, laguntzaileak Zitek, Bizkaiko Foru Aldundia eta Getxoko Udala ere badira, beste batzuekin batera. Nolatan onar dezakete erakunde publiko horiek horrelako kartel bat, erdara hutsean dagoena, gainera? Zelan izan litezke erakunde horiek hain kosmopaletoak horrelakoak diseinatzean? Langile batzuek horrelako izenak asmatzen denbora ematen dutela pentsatze hutsak gogotxartu egiten nau, eta hori gutxi balitz, denon diruarekin dihardutela jakinda, sumindu. Baina ez ote dago arrazoi ezkutuagoren bat horren atzean?

Kontua da halakoak ikusten ditugun ia guztietan ingelesaren presentzia absurdo horrek, testua iluntzeaz gain, euskara ostentzen duela. Gaztelania nabarmentzen da ingeleskada horien guztien artean. Euskarendako ez dago espaziorik. Beraz, euskara desagertu egiten zaigu paisaia linguistikotik.

Izendatze mordoilo horien bidez moderno itxura eman nahi dute, baina baldarkeria eta ezjakintasuna baino ez dute nabarmentzen. Munduko hiritar (citizen of the World) direla azpimarratu, eta txokokeria txikiek, euskara bezalakoak, izpiritu kultura gabekoa adierazten dutela aditzera eman nahi digute. Eta betiko moduan, horrelakoetan ere gaztelania irabazle, euskara baztertuta mundurako pasabide naturaltzat aurkezten zaigulako. Dena all right, my friend!

Gipuzkoako Hitzan

Mapatxeak eta mandarinak

Leire Narbaiza 2019/04/04 10:00
Argia aldizkariko 2635. zenbakian argitaratua

mapatxea  mandarinak

Nafarroako oraingo gobernuko Hezkuntza Departamentuari izena aldatu beharko liokete, eta Hezkuntza Zaila jarri. Ez dut ortografia-hutsegitea egin, ez. Sail da sinonimoa, baina hizki aldaketak definituko luke departamentuak jasaten duen guztia zeozer proposatzen duen bakoitzean.

Departamentuak inkesta batean ikasleei sexua markatzeko eskatzen die: neska, mutil, bertze aukera batzuk. Oraingoan ere Ana Beltran PPkoak bota du perla, ornitorrinko ere izan litezkeela Nafarroako ume eta gaztetxoak. Ez dut andrazkoa definituko, bere burua ederto (des)kalifikatzen du-eta.

PPko beste andre “ilustre” batek, Ana Botellak, sexu bereko ezkontzak legeztatzear zeudela, bota zuen sagar bat eta madari bat gehitzean ezin dutela inoiz sagar bi eman. Komentariorik ez.

Harrigarria zait andrakume bien konparazio naturalistikoa, sofistikatu plantak eginda, naturatik urrun, jendea mespretxatzen dutelakoan daude. Ez, bada!

Ornitorrinko edo mapatxe, madari edo mandarina, denak ederrak, barruko sena hori da-eta. Naturala delako gu garena; gu natura ere bagarelako. Horregatik, sentitzen duguna izan gintezke.

Argian

‘Corpore sano’, bai. Baina ‘mens sana’?

Leire Narbaiza 2019/04/02 15:26
Gipuzkoako Hitzan 2019ko martxoaren 29an argitaratutakoa

Ez dakit aspaldian mediku azterketarik egin ote duzuen, baina jakingo duzue galdera pila bat egiten dutela. Niri duela gutxi tokatu zitzaidan lanekoa egitea, eta galdeketa sakona da batez ere kirolaren gainekoa: Kirolik egiten duzu? Zein? Zenbat denboraz? Zenbat bider astean? Xehetasun guztiak eman behar txintxo portatu garela adierazteko, gorputz osasuna zaintzen dugula esateko. Gainera, normala iruditzen zaigu hala izatea. Amaitutakoan, ostera, buru eta adimen osasunaz ezertxo ere ez zidatela galdetu ohartu nintzen. Ez zidaten itaundu ea zenbat liburu irakurtzen ditudan hilean, eta zein motatakoak. Ezta noiz izan zen kontzertu batera joandako azken aldia ere, edo antzerkira, edo museo batera… Mens sana in corpore sano aldarrikatzen dute, baina ez dakit, bada. Corpore sano bultzatzen da, baina mens sana?

kirola

Kultura kontsumitzea (ai, zein gutxi gustatzen zaidan berba hori!) adimenerako erregaia da, mens horrendako. Eta kontsumitu jarri dudan lekuan gozatu eta disfrutatu jarri behar nuen. Halere, esango nuke, gure gizartean ez dela horrela ikusten, eta entretenimendutzat hartzen duela gure herrikideen zati handi batek. Bestela ez da ulertzen lokal txikiei urtean hamabi ekitaldiko muga jartzea. Arteak Irekik egindako lanaren ondorioz, erretiratu dute proposamen hori, eskerrak! Izan ere, formatu txikiko emanaldi horiek ezinbestekoak dira oinarrizko kulturarentzat, hasiberriek esperientzia hartzeko, publikoak proposamen berriak ezagutzeko… Era berean, jendeak ikuskizunekin topo egitean, ohitura sortzen da, eta bizitzaren parte bihurtu. Zelako gozatua den taberna batera joatea eta antzerkitxoa edota zuzeneko musika izatea! Ez da nahikoa Bruce Springsteen entzutera joatea, edo Berri Txarrak-en azken kontzerturako sarrera lortzea, edo La Pollak bi egunetan BEC betetzea; baina ikuskizun txikiekin zer gertatzen da?

antzerkia

Debako Arte Eskola ere itxi dute. Oteizak sortu zuen 70eko hamarkada hasieran, eta eskulangintzako ofizioen transmisioaz arduratu da azken urteotan. ‘Eskulana ez da artea’ esango didazue, ‘ez da kultura’. Baina profesional barik nola egin ezer?

Kontua da inori ez diotela ardura musikak, antzerkiak, dantzak, literaturak, arte plastikoek… Edergarritzat dauzkate gizarteko arlo askotakoek. Gainera, Euskal Herrian lan produktiboa, esfortzua baino ez da preziatzen, langilea izatea. Musika eta beste arteak, ostera, distrakzioak dira, egonean dagoen jendearen kontuak.

Gurea ez da herri kultua, edo kultuarekiko atxikimendu berezia duena. Sufritzea baloratzen da gurean, kirol balentriak egitea, lanaren ideiarekin lotuta doalako. Kultura behar izanez gero, nahikoa dugu tabernen kulturarekin: jan eta edan.

Euskal burgesia ere ez da izan oso letrazalea, edo mezenasa beste kultura batzuetan bezala. Are gutxiago euskaraz.

Hemen estudiatzen dugu, bai. Oso barneratua dugu formakuntza ona behar dugula, baina betiere lan hobea izateko, titulua edukitzeko. ‘Ikasi euskara’, ‘ikasi ingelesa’ esaten digute, baina beti papera lortzeko, ez beste ezertarako. Inoiz ez digute aholkatu hizkuntzak ikasteko beste bizimodu bat, beste kultura bat ezagutzeko, beti esfortzua diruarekin lotuta.

Irauli beharko dugu panorama, ezta? Hartu liburu bat, joan antzerkira, entzun musika, bisitatu erakusketa bat… Osasunak eskertuko dizu!

Gipuzkoako Hitzan

Reggaeton musikak salbatuko ote gaitu?

Leire Narbaiza 2019/03/28 13:58
Gipuzkoako Hitzan 2019ko martxoaren 15ean argitaratua

Ondo gogoan dut lehenengo aldi hura, ez zait inoiz ahaztuko. 15-16 urte izango nituen eta uda zen; beraz, Deban nengoen, Maxi tabernan (bai, La Maxi-n, orduan erdi galarazita geneukan tabernazuloan, galbidera eroango gintuelakoan). Bertan geunden Beatriz eta biok nagusi plantak egiten gure muztioen aurrean. Beste arratsalde luze bat hitz-aspertuan asperraldia astintzeko. Bat-batean, belarriak ernatu eta zorroztu zitzaizkidan, eta “euskaraz dabil kantuan” bota nion lagunari (gaztelaniaz). Bai, nire bizitzan estreinakoz entzun nuen Hertzainak musika taldea, nerabezaroko udako arratsalde alfer baten.

Shock moduko bat izan zen, inarrosi egin ninduena. Sinistezina egin zitzaidan euskaraz entzutea musika hura, ordura arte modan zegoena ingelesez edo gaztelaniaz zelako. Egia da Itoiz taldeak ibilbide oparoa zuela, eta euskaraz argitaratu zituela gerora himno bihurtuko zirenak, eta, gainera, taberna askotan entzuten zela. Baina punkagoa zen musika, edo hobeto esanda, orduan puri-purian zegoen musika ez zen gure hizkuntzan egiten. Edo, behintzat, ez zitzaigun ailegatzen, askorendako tabernak zirelako geneukan iturri nagusia taldeak ezagutzeko.

Orduan etorri zen boom izugarri hura. Euskal Rock Erradikalaren sasoiak ziren, eta euskaraz kantatzea oso modernoa eta apurtzailea bihurtu zen garai hartan. Gaztelaniaz asko sortzen bazen ere, euskarazkoa ez zen kuota soila. Ez dok Amairu iraultza izan zen moduan 60-70eko hamarkadan, 80koan beste koska bat estutu zitzaion hariari, eta estilo uholde bat etorri zen: trikipunka, reggaea, ska, heavya, elektronikoa, hip hopa… euskaraz. Naturala eta iraultzailea zen, aldi berean.

Egunotan bete du Hertzainak taldeak 35 urte, ia bizitza erdi bat, eta ezin burutik kendu zer ekarri zigun, zer esanahi izan zuen guretako eta ondorengo belaunaldiendako. Eta orduko gazteok deskubritu genuen arren gure hizkuntzan edozein musika mota egin zitekeela, badirudi oraingoei ezinezkoa zaiela. Izan ere, oraintsu talde berri bateko (ez nuen gogoan hartu izena, barkatu) kide bati entzun nionean euskaraz ez zutela kantatzen ez zelako musika estilo batzuendako egokia, begiak talo eginda eta bihotza minduta geratu nintzen. Ezjakintasuna ausarta dela pentsatu nuen, eta, agian, kemena falta zitzaiela, edota gogoa, euskaraz sortzeko. Izpiritu eza ere egotz niezaioke, edo benetan aitortu euskara ez dagoela modan, ez dela cool-a. Ai, amatxo, zelako mina!

Bestalde, kontu kurioso bat ere gertatzen da, eta adierazitakoarekin kontraesanean dagoela ematen du. Hiru hamarkada baino gehiago pasatu dira, eta segitzen dugu txosnetan orduko musika entzuten. Ezer gutxi aldatu da gure panoraman, antza denez. Txarrena da sasoi honi ere ondo baino hobeto egokitzen zaiola mezua. Bai kezkagarria dela. Baina non dago arazoaren gakoa? Ez da musika berririk sortzen, ala? Edo baliteke heldu nostalgikoen kontu bat izatea, “gurea, bai ona” esanez bezala gabiltzala? Oraingo gazteek ez dute ganorarik? Hutseratu egin ote ditugu?

Zer, inork ez dio ekingo reggaetona euskaraz egiteari? Baliteke hori izatea gure salbazioa, eta 35 urte barru norbaitek kontatzea euskaraz nola gogoratzen duen bere lehen aldi hura…

Gipuzkoako Hitzan

"Gure" arrantzaleak inoren uretan

Leire Narbaiza 2019/03/10 20:27
2019ko martxoaren 1ean argitaratuta Gipuzkoako Hitza

Beti eman didate atentzioa zenbait komunikabidek eta politikarik erabiltzen dituzten berba eta esamoldeek. Hitz egiteko modu horietan guztietan, bi nabarmenduko nituzke: gure baserritarrak eta gure arrantzaleak. Gure. Posesiboa erabiltzea ofizio batzuekin. Euskaraz zein gaztelaniaz gertatzen da hori, gainera. Zenbatetan ez ote dugun entzun eta irakurri nuestros baserritarras, nuestros arrantzales, horrela, gordin-gordinik, euskarazko hitzekin. Baina gure irakasleak, gure igeltseroak entzun duzue inoiz? Inork ez ditu beste lanbide batzuk horrela aitatzen. Gure forjariak ere ez, nahiz eta forjariek geure fabrika kantatzen zuten; hori bai, sua emateko: “Ez badigu ematen arrazoia guri, ez badigu ematen behar legez ongi, su emango diogu geure fabrikari, eta nagusiaren etxe guztiari”.

Zergatik ote gureago arrantzaleak forjariak baino? Zein arrazoi misteriotsu dago horren atzean? Euskaldunon esentziak gordetzen ote dituzte ofizio bi horiek? Ala euskal imajinario horretako gizon (beti baitira gizonak) arketipikoa da arrantzalea zein baserritarra? Joanes artzaina bezalakoak izan behar dute, horratik, Txomin Agirreren Garoa eleberrikoaren deskripziokoak ote dira guztiak? “Ura zan gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel”. Gogorra, sendoa eta indartsua, gizon eredugarria.

Baina gure arrantzaleek euskal imajinario horretako esentzia gutxi dituzte oraintxe. Gogorrak, sendoak eta indartsuak dira, bai, baina horietako hainbat beltzak eta musulmanak dira, eta askok ez dakite euskararik. Senegaldarrak dira, gurera lanera etorritakoak. Hori jakinda, gure deituko diete politikari eta komunikabide horiek beroriek? Ez. Baina gureak dira woloferaz mintzo diren horiek, besteak bezainbeste.

Bestalde, gure arrantzaleek gure arrainak harrapatzen ote dituzte? Ez, bada. Egunotan, Europako Batasunak Marokorekin zuen arrantza akordioa berriztu egin du gureek han jarduteko. Hori gutxi balitz, itunak Mendebaldeko Saharako urak ere hartzen ditu barne, Marokok 1975ean okupatu zuelako lurraldea, eta, jakina, dagokion itsaso zatia ere bai. Ilegalki okupatu, eta ilegalki sinatu Marokok eta Europako Batasunak. Iazko urtarrilean Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak aurretik adostutako arrantza akordioa baliorik gabe utzi baitzuen, Mendebaldeko Saharako urak ere hartzen zituelako. Alferrik dabil auzitegia, baina, urtebetera berritu egin dutelako hitzarmena.

Otsailaren 27an 42 urte bete ziren Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuela Fronte Polisarioak duen lurralde liberatuan. Baina milaka saharar bizi dira Aljeriako Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan, basamortuaren lekurik gogorrenean, hamadan. Beste batzuk, ordea, erbestean daude eta apatridak dira. Beste guztiak Marokok okupatutako Saharan, errepresioa eta bortxakeria jasaten.

Bitartean, gure supermerkatuetan errefuxiatu sahararren aldeko produktu bilketa egin da, eta euskal eurodiputatu bat abstenitu egin da akordioa berrizteko bozketan…

Justizia pikutara bidali dute, sahararrak abandonatu dituzte gure arrantzaren mesedetan. Denak balio ote du Europako Batasunean?

Gipuzkoako Hitzan

Tótal bájauta gare

Leire Narbaiza 2019/02/24 00:08
Gipuzkoako Hitzan 2019ko otsailaren 15ean argitaratua

Honezkero jakingo duzue Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Unicefek, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) eta enparauek urte bakoitza kausa noble edo kolektibo ahul bati eskaintzen diotela. Esloganak eta berba polit asko isurtzen dituzte erakunde horietako goi karguek; egin edo konpondu, ordea, ezer gutxi egiten dela usten dut nik.

2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarteko urtea izendatu du Unescok. Zer da hizkuntza indigena, baina? Wikipediak hala definitzen du indigena hitza: “Indigenak edo herri indigenak estatu modernoak sortu eta muga politikoak ezarri baino lehen, lurralde batean bizi ziren herriei deritze. Horretaz gainera, herri indigenek beste zenbait ezaugarri ere badituzte (…) Herri indigenak berak bere burua talde kultural bereizi moduan ikustea eta inguruko herriek ere izaera berezi hori onartzea, hizkuntza eta egitura sozial eta politiko bereziak izatea, ekoizpen-modu nagusiari (kapitalismoari, kasu) jarraitzen ez dioten ekonomia izatea eta ingurumen naturalarekiko atxikimendu tradizional bat izatea. Indigena izendapenaz gainera, ohikoa da herri horiei eta herri horietako kideei aborigen, natibo, autoktono edo besterik gabe bertakoa deitzea”.

Ez dakit gu indigena, aborigen, autoktono, bertako edo zer garen, baina estatu modernoek mugak ezarri dizkigute gainean; ia beste guztiak betetzen ditugula esango nuke, baina. Hori bai, gure ekoizpen moduak oso-oso kapitalistak dira, eta geure burua oso ekologista eta naturaren maitale ikusten badugu ere, latza da ingurumenari egiten diogun kaltea. Beraz, esango nuke euskaldunoi badagokigula pixka bat urte hau, gureak hizkuntza indigenatik baduelako.

Ba ei dagokigu, baina nago gure agintari askori izendatze horrek ez diela grazia handirik egingo, indigena eta kosmopolita izaerak bateratu ezin direlakoan. Uste dut, horregatik, instituzioetatik ez dutela ezer egingo aurten gure hizkuntzari gorazarre egiteko. Tira, gorazarre beharrean, hobeto indarra eta presioa egingo balute. Adibidez, Twitterren. Eguneraketa berriarekin euskara desagertu egin da webgunetik. Hainbeste kostatu zen euskaraz jartzea! Orain zer, berriro ere aldarrikapena egin behar erabiltzaileok? Oso etsigarria da.

Baina agintariek zelan egingo dute bultza euskara kontuetan, Eusko Legebiltzarrean euskara hutsez aurkeztutako lege proposamena ez badu tramiterako onartu Legebiltzarreko Mahaiak? Edota Ertzaintzari euskaraz hitz egiteagatik mozal legea aplikatu badio Segurtasun Sailak, baita Argia-ko kazetariari ere, gertatu zenaz informatzeagatik? Eta ez da ezer gertatu; eta, hori, Euskaraldiaren osteko klimaxean egonda…

Argia-n bertan, duela gutxi, Mikel Soto Txalapartako editore ohiari elkarrizketa ezin interesgarriagoa egin diote. Hala dio Sotok: “Nik esango nuke baxu gaudela [euskaldunok], zentzu guztietan, eta kulturan eta literaturan ere bai. Beharbada, normala da, pasatu dugu zerbait oso gogorra, eta gero gelditu gara oso une arraroan”. Ezin adosago. Plaentxiarrek (Soraluzekoek) esaten duten moduan tótal bájauta gare. Indar barik, eta bertan gozo, zilborrari begira, hustuta gaudelako, energia faltan.

Itxura baten, gizonak daude makalen, Euskaraldian ere hiru partaidetik bi emakumeak izan baikara. Zer gertatzen zaie gizonezkoei? Abailduago daude? Indigenago ote gara andrazkoak?

Altxa gaitezen, generoak genero, hizkuntza indigenen alde!

Gipuzkoako Hitzan

Ilusio faltsuak

Leire Narbaiza 2019/02/14 14:52
Gipuzkoako Hitzan 2019ko otsailaren 1ean argaitaratuta

"Emaidazu eskua, ta hau gertatu zeneko lekura eramango zaitut./ Baina zuk nahiago/ dena ederki ikustea begiak itxita./ Zin egidazu ez dela berriz gertatuko,/ baina soilik ezpainak mugitzen dituzu, ezta?/ Utzidazu esaten lekukoek ez dutela beti berdin ikusten./ Orain ez dago ilusio faltsurik./ Zure itxaropenak zoroen solas pausa./ Zerraldoa bahitua izan da kalean denen aurrean,/ eta zu mutu zaude orain. / Zeinek ulertuko du?/ nagitsuak isilik jarraituko dira./ Zeinek pagatuko du/ inozentzi galduaren prezioa?”.

Hertzainak taldearen kantu hau nahiko kriptikoa iruditu izan zait beti. Edo, beharbada, interpretazio askorako ematen zuela, bakoitzak nahi zuena ulertzeko modukoa zela, alegia. Nahi ala nahi ez, ilun geratu zitzaien letra, ia-ia Hau dena aldatu nahi nuke diskoan sartzekoa bezalakoa.

Abesti zaharra bada ere, egunotan behin eta berriro etorri zait burura Ez dago ilusio faltsurik, eta oraingoan beste zentzu bat hartu diet hitzei. Argiago ikusi dut mezua, ilusio faltsuak eskaini, eta kea saltzen dutenen aurrean, morboaren trafikatzaile krudelak parez pare ikusita.

Sarritan, nahiago izaten dugu dena ederki ikustea begiak itxita, edo albo batera begiratuta. Gure ahoa ez da gai esateko ez dela berriz gertatuko, eta soilik ezpainak mugitzen ditugu, keinu hutsal baten gisa. Lekukoek, ostera, dena dakusate, eta ez dute ikusten gure plantek ezkutatu nahi dutena.

Itxaropena zoroen solas pausa da. Esperantza, ahateak bezala onil baten bidez, galkatutako munstro bat, ahalik eta azkarren gizentzeko, interes ekonomiko eta mediatikoen mesedetan. Eta zerraldoa kalean denen aurrean bahitu dute kamerek, esatariek. Ilusio faltsuen elikatzaileak mutu geratu dira orain, ezin azalduta euren motibazioa.

Gainera, inork ezingo du ulertu; hala ere, nagitsuek isilik jarraituko dute, ezkutuko negozioak azaldu ezinean. Eta zeinek pagatuko du, orain, inozentzia galduaren prezioa? Ezin, inozentzia ezin delako ordaindu diruz.

Kriptikoki moldatu dut kantua, nire interesetara; izan ere, abestia luzetxoagoa da, baina falta den zatiak ez dit balio adierazi nahi dudana azaltzeko, beste norbaiten berbak behar ditudalako sentitzen dudana espresatzeko, inoiz ez dudalako ulertuko ilusioa eta esperantza artifizialki puztea jakinda beste bati ilusio faltsuak eraikitzen dihardugula.

Are gutxiago, sufritzen ari den jendeari, zalantzan murgilduta, tragediaren ertzean. Bai, Malagan zuloan jausitako umeaz eta haren familiaz ari naiz. Sendiari bizirik egon zitekeela esan, eta esperantza zentzugabe —eta faltsuki— handitu. Komunikabideek ere euren negoziorako ilusio faltsuak hedatu zituzten. Zulo ondoan zeuden arduradun politikoek ere itxaropena hauspotu zuten; beharbada, egiten ari ziren erreskate erraldoia zuritze aldera.

Mutikotxo baten desgraziaren lepotik, moral bako jende-moduak etekina ateratzeko aprobetxatu du, itxaropenak itxaropen. Espainiaren batasuneko aldarriak jaurtitzeko, jainkoaren eta erlijioaren apologia egiteko probestu dute abagunea. Sarraskijale madarikatuak dira horiek, inoren samina (beti besteren batena, jakina) erabiliz interes baten zerbitzura. Higuina eta nazka, enpagua eta narda infinituak.

Gure itxaropena zoroen solas pausa.

Gipuzkoako Hitzan

Errebal, adar-jotze galanta

Leire Narbaiza 2019/02/11 14:42
...eta kitto! aldizkariko 1087. zenbakian argitaratua 2019/02/08
Errebal kalian obretan, eta hogei aparkaleku, gitxienez, kendu dittue. Inguru horretan lehen be aparkatzia gatxa bazan, oin itzela da. Kotxiarekin buelta batzuk emon ostian, sutan jarri, eta horretaz idaztia pentsau dot, herriko zonalde horren abandonua azaltzeko.

Baiña etxeko buzoia zabaldutakuan, gaixari beste buelta bat emon detsat, jaso dodan alkatiaren partiduaren propagandia adar jotze hutsa begittandu jatalako.

Merkatu plaziaren kontuak hamaika urte pasatxo daroiaz gure artian. Hamaika urte porrotik porrot. Frankismoko presuak egindako eraikiña bai ala bai bota bihar, porlanaren erresuman bizi garalako, eta megaproiektu bat (orubian kabidu be egitten ez zana) eraiki, marka komertzial handien mesedetan, denda txikixen kaltetan.

Horretarako guztiorretarako, merke saldu zan terrenua. Danon ondaria esku pribatuetara pasau. Bittartian, eraikitzailliak errekia jo, eta udalak orubia erosi bihar. Atzera be dirua galdu.

Krisi betian, zentzunik be ez zekanez, auzokidieri galdetu zetsen ia proiektuakin zer egin. Jakiña, auzokuak espaziuak bihar zirala esan zeben. Udalak eurenari eutsi arren, gerora ukatu egin, eta megaproiektua ahaztu zeban.

Lizitaziñua etorri zan, eta bazirudixan zeozerk urtengo zebala txolopote horretatik. Baiña ixa Australiaraiño zulatu ostian, Oteizaren hutsa geratu jaku, eta ez orixotarraren eskultura urdiña! Ez daka dirurik lizitautako enpresiak, eta diru gehixago eskatu! Obrak geldirik, eta udalak kendu lizitaziñua.

!? ikurrak bentanetan agertu, eta arrapataka, magia! Apirillian barriro be obrak hasiko ei dira, alkatiak bere partiduko propagandan azaldu deskun arabera. Kasualidadia, elekziñuen aurreko hillian! Zertan egon dira oin arte?
Desastre galanta, hamarkada bateko abandonua, eta hausteskunde aurretik ustezko konponbidia. Beti bardin ibilli bihar ete dira? Kokoteraiño!

...eta kitto!-n

Ehun(du)

Leire Narbaiza 2019/02/07 14:33
Argia aldizkatiko 2629. zenbakian argitaratua

Ehungailua
La Encartadako irudia

Irazkiko harien artetik bilbekoak pasaraziz, ehuna moldatu”. Hala definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak ehundu berba. Ehungailuan jartzen dira irazkiak (goitik beherako hariak, tenkatuta eta mugitzen ez direnak), eta euren artetik, zeharka, bilbea (beste haria) ezker-eskuma pasatzen da anezkarekin (orratz erraldoia), oihala gauzatu arte.

Iaz Euskaltzaindiak ehun urte bete zituen, eta Euskara ehuntzen leloa aukeratu zuen urteurrenerako. Argia-k ere ehun urte bete ditu aurten, zahar izatea akats legez ikusita dagoen sasoi honetan. Baina aldizkari hau zaharra izan arren, etengabe dabil eraikitzen, produzitzen, oihala egiten, berrizten, gure errealitatea ehuntzen.

Artikulu honen izenburua originala ez bada ere, esango nuke gure aldizkaria zerutik argitzen hasi zitzaigunetik, eta txikitik eragiten, gelditu barik aritu dela irazkia eta bilbea uztartzen, anezkaz gurutzatzen. Irakurleak eta informazioa, Euskal Herria eta mundua, beti euskaraz.

Zorionak, Argia. Zorionekoak zuek, Argia Jendea. Beste ehun urte ere jardungo ahal du ehungintzan!

Argian

Tabernak, maitasuna, kalea

Leire Narbaiza 2019/02/04 14:26
2019ko urtarrilaren 18an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Laurogeiko hamarkadaren amaieran oso famatua egin zen Gabinete Caligari talde espainiarraren Al calor en un bar kantua. Parrandetan abestu ez ezik, dantzarako motiboa ematen zuen, gainera. Abestiaren leloa ahots betez kantatzen genuen, eta hala zioen: Bares, qué lugares tan gratos para conversar. No hay como el calor del amor en un bar (Tabernak, zelako leku atseginak solaserako. Maitasunaren beroa taberna baten baino gauza hoberik ez dago).

Niri neuri letra zati horrek zirrara bitxi bat sortzen didala aitortzen dut. Oso bisuala egiten zait, eta ia film baten bezala ikus nezake neguko hotzetan, taberna atsegin bateko barra bazter baten maitearekin izandako berbaldi goxo eta konplizea; non mundua edaritegi horretako txoko horretara mugatzen den, unibertsoa finitua, kutunaren begietan amaitzen delako; non begiek ahoek baino gehiago adierazten duten… Bai, hori guztiori datorkit burura kantua entzutean!

Oso iradokitzailea da ahapaldi hori, ostatuetako giroak eragindakoa, hain zuzen. Tabernetan hazi gara, eta tabernetan eman dugu gure bizitzaren zati handi bat. Tabarniakoak ez, baina tabernakoak bagara ia guztiok gurean. Onerako zein txarrerako, gure bizimoduaren ikurretako bat da. Ni ere tabernazalea naiz, abestiak dioen legez, leku atseginak eta ederrak direlako egoteko eta babesteko. Baina orain beste perspektiba batetik begiratzen diet establezimendu horiei. Beharbada adina izango da, edo bizitzaren momentu hau, ez dakit, baina azken boladan begitantzen zait tabernek kalean egoteko gure modua baldintzatzen dutela zeharo.

Jesarri zarete inoiz arratsalde erdian kaleko banku baten, kale erdian, ez plazan, egonean egotera? Harridura begiradak jasotzen dira, eta komentarioak: Zer, zain? Zer egiten duzu hemen?. Jendeari bitxia egiten zaio adinekoa izan barik kale erdian jarrita egotea. Baina hogei metro harantzagoko terrazan eserita izanez gero, komentarioak bestelakoak dira: Zer, kafea hartzen? Zu bai ondo!

Badago langa bat banatzen gaituena: tabernara joan litekeen pertsona, eta joan ezin dena. Gure kafetegi eta edaritegiak hemengo gazte-helduon espazioak dira, oro har. Jo dezagun parke, plaza eta kaleko bankuetara. Zein pertsona aurkitzen ditugu? Zaharrak, nerabeak eta atzerritarrak, batez ere —ez esan parkean txintxaunetan umeei begira denbora luzea ematen duzuela, urte gutxi barru tabernara joango zarete-eta—. Klase sozial eta adin arrakala itzela dago hor. Ia beti ekonomia duena oinarri, kafetegira joanez gero kontsumitu egin behar delako, jakina, eta poltsiko askok ezin dute egunero-egunero halako premiagabeko gastua jasan.

Hain dugu barneratuta tabernaren kultura, non normalizatu egiten ditugun kontu ez hain normal asko. Adibidez, espazio publikoaren pribatizazioa terraza eta mahaiekin (eragiten duen enbarazu guztiarekin hainbat espaloitatik pasatzeko orduan); edota alkoholaren kontsumo neurrigabe eta etengabea; edo edonoiz kontsumitu behar izatea zeozer, lagunekin kalean egoteko. Zeharo guretu ditugun kontuak dira, baina hausnarketa bat merezi dutenak.

Bai, eta segituko dugu tabernez gozatzen, baina agian beste begirada bat dugula, ezta?

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua