Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Silueta bi

Leire Narbaiza 2021/02/12 07:15
Gipuzkoako Hitzan 2021eko otsailaren 12an argitaratua

Untzaga plaza, Eibarren, herriaren armarria den San Andresen gurutzearen gainean silueta bi Joaquin eta Alberto izenekin, margarita zuri sorta bana dutela. Euria ari du, eta euripean egin dugu manifestazioa. Lelorik oihukatu ez denean isiltasun ozena entzun da. Biko lerroan, maskarak musuan, “Zaldibar argitu!”, gure eztarrietan.

Plazan, biribilean jarri gara ixaren inguruan. Plaza zabala da gurea. Irakurri dute manifestua, urtebetean jasandakoa. Sufrimendu handia egon da, eta oraindik ere badago. Malkoak begi ertzean entzun dugu iazkoa, emozioa gainezka, erdiko siluetei begiratu bitartean. Zer ote da haien tartekoa izatea? Jaso duten tratu txarrarekin, egin dizkieten mehatxuekin, hasieran inoratu zituzten moduan. Txarrena, oraindik Joaquin ez dela agertu, zaborpean galduta dagoelako.

Zabortegiak amiltzean behargin bi hil ditu. Hondamendi ekologikoa eragin du, gure Prestige. Denok dakigu Eitzaga alde hori ehunka urtetan kutsatuta egongo dela, bertan geratuko delako bertara botatako guztia. Gertakari horiek aitatzen dira katastrofeak gogoratzean, baina inork ez du sentimenduez hitz egiten, zer sufritu zen egun horietan. Nigan eragindakoa kontatu gura dut, aldatu egin ninduelako. Akordura ekarri, ahaztu ez dakigun.

Otsailaren 6an sorpresak hartu gintuen: magala amildu zen A-8aren gainean, desagertu bi zeuden. Agintarien helburu nagusia autopista zabaltzea izan zen, eta dena horretara bideratu zuten. Langileen bila zebiltzan erreskate taldekoak jantzi arruntekin ibili ziren, amiantoa zegoela konturatu ziren arte, esku hutsik, inerteen zabortegia zelakoan. Halere, metanoak suteak sortu zituen. Larrituta, informazioa eskatzen genuen. Baina alarmista eta sarraskijale deitu ziguten. Ez genekien zer geniharduen arnasten, usain kimikoa zegoen, eta eztarrian azkura geneukan. Haatik, ez kezkatzeko esan ziguten. Baina hurrengo egunetan leihoak ixteko agindu furano eta dioxina maila altuegia zelako. Gizonezkoen Espainiako Lehen Mailako futbol partida ere suspenditu zuten; horrek larritasunaren neurria eman zigun.

Ostegunean gertatu eta asteburu osoan inongo informaziorik ez. Igandean Urkulluk prentsaurrekora deitu zuen. Zerbait esango zuelakoan, eta bai zera! Hitz erdirik ere ez. Bielorrusian gertatu izan balitz bezala. Iñaki Iriondoren galderaren ondorioz esan zuen zerbait: Twitterren egiten diren kanpainengatik, ez. Sare sozial horretan #UrkulluNonZaude galdetzen zelako. Jakin nahi genuen, eta informazioa espero genuen, lasaitzeko. Halakorik ez zen gertatu, ordea. Kontua da burua hauteskudeetan zeukatela, ez gure ongizatean. Sentitu genuen babesgabetasuna izan zen hain handia, ezen barrua irauli egin zitzaigun askori. Eta jabetu ginen ez diegula ardura Eitzaga inguruko biztanleok, 50.000 pertsona baino gehiagok. Mina, tristezia, amorrua eta dezepzioa. Abandonatu egin gintuzten.

Gestioa negargarria izan zen, inprobisazioa nagusi. Urtebete pasatu da, eta oraindik ez daukagu ez erantzunik ez erantzukizunik. Halere, asteburu honetan Tapiak eta Erkorekak publirreportajea egin dute zabortegian, buzo zuriak jantzita, iaz bata mendian eta bestea missing egon baziren ere. Lotsarik ez.

Zapatuan siluetei begira egin nuen promesa: gertaeraren memoria izango nintzela, bizi izandakoa ahaztu ez dakigun, berriro ere egin ez diezaguten. Zaldibar Argitu!

Gipuzkoako Hitzan

Ospital Karrere da, lepoa bizkarra

Leire Narbaiza 2021/01/28 07:00
2021eko urtarrilaren 28an argitaratutakoa Gipuzkoako Hitzan

Itxi atea zabalik” esaldiak kortozirkuitua eragiten du Ermutik ekialderagoko ia guztien buruetan. Nola liteke atea, aldi berean, itxita eta zabalik izatea? Bizkaitarrek arazo bat ote daukate irekitzen diren gauzekin? Beharbada, bai, baina atea irekita lagatzea baino ez dute gura, itxi hitzak utzi esan nahi duelako.

“Lepoa eman dio” irratian entzun, eta harridura azaldu zuen lagun batek sare sozialetan. Zer demontre da “lepoa eman”? Inoiz ez diozue zeuen buruari galdetu Lepoan hartu eta segi aurrera abestian zein zentzu zuen anaia bidean erorita lepoan hartzeak, lepo hori bizkarra ez bada? Hori, bada, zerbikalek ez dute gehiago sufrituko lalara-ka gabiltzanean.

Donibane Garaziko taberna baten beste batek bizitzaren txinparta ei den freskagarria eskatu zuen, “izotzik gabe”. Zerbitzariak arraro begiratu, eta lagunak “jela ez” esan zion. Tabernaria are harrituago. Ondotik nik “hormarik gabe” eskatu, eta likido marroi hutsa agertu zen edalontzian. Horma ez delako pareta. Edo bai. Jela gel ez den moduan, bestela probatu dutxan.

Zumaiarra eibartarraren gaineko pisuan bizi da. Uda betean daude. Goikoa arropa zabaltzen ari dela, jantzi bat jausi zaio, eta behekoarengana jo du berreskuratzeko. “Barkatu, galtzak erori zaizkit zuen terrazara”. Begiratzera joan, eta han ez dago galtzarik, baina bai praka batzuk. “Galtzarik ez dut topatu, prakak bai”. Galtzak pantiak ere badirelako, edota galtzerdiak. Uda betean, galtzak? Bero, ezta?

“Behatzekin heltzen dio zigarroari ahotik ateratzean” entzun, eta jendearen abilidadean baino ezin dut pentsatu. Oinetako hatzekin zigarroari eusten ikusten dut erretzaile hori, beheko hatzekin. Tira, Artis Mutis elkartekoek behatzekin edo ahoarekin margotzen dituzte koadroak, artista hutsak dira, baina ez dut uste gure kasua denik.

Eta erizainak zer dira, gaixoak zaintzen dituztenak? Ala hatzak zaintzen dituztenak? Zer ote dira manikura eta pedikura egileak? Eria gaixoa da, baina, era berean, hatza, behatza ere ba ote da? Atzamarra lokira eroan, eta eragin iezaiozu!

Agian, agian egün batez jeikiko gira egiazko xiberutarrak. Matalasek esperantza txikia zeukan zuberotar eta euskaldunen gain, beharbada kantatu bazuen. Baina, hala ez balitz? Oxala esan nahi duela esango banizue? Hori bai itxaropena!

1960ko hamarkada, Hegoaldeko bikote ezkonberria Iparraldeko bideetan barna. Autoak bide bazterrean laga ditu botata, matxuratu egin delako. Inguruetako bizilagun bat gerturatu zaie laguntzeko asmotan. Gibelean jarriko dela esan die bultza egiteko. Senar-emazteek elkarri begiratu, eta giltzurruna aitatuko ote dien sumatzen dute.

Samurtu eta haserretu, ezkaratza, sukalde eta ataria, haginak eta hortzak, neba eta anaia… Polisemiak nahasteak sortzen dizkigu, baina jolas hutsa ere bada. Txantxa eta olgeta gure dibertimendurako. Oztopoa izan litekeena, dibertsio.

Baina Ospital Karrere da. Ez dira trukagarri inongo euskalkitan, nik hala egin arren aurreko artikuluan. Irakurle prestu batek hanka sartzeaz ohartu gintuen: Pantxoari Ospital abizena jarri nion. Gainera, harro adierazi ba omen nekiela bikotea desberdintzen! Harroa ni! Barka diezadatela Pantxoa Karrerek eta irakurle guztiek. Aitor, milesker bihotzez.

Beraz, kontuz zer izen (eta abizen) erabiltzen dituzuen. Besteengan ere pentsa ezazue, bestela Karrere Ospital bihurtuko delako, eta izotza pareta!

Gipuzkoako Hitzan

Tontorrak

Leire Narbaiza 2021/01/17 08:45
Argian 2716. zenbakian argitaratua

Mendian pixka bat ibili den guztiari gertatu zaio halakorik: aldapan gora, tontorra hur ikusi eta poztu, ailegatu garelakoan. Baina aurrera joan ahala, konturatu gara mendi-gainak leku berean segitzen duela, guk metroak egin baditugu ere. Gailur engainagarriak dira horiek, begi bistan daudenak, baina lepotxoak edo dituztenez, helburua bertan dagoela iradokitzen digute, gezurra izan arren.

Iazko martxotik ere hala gabiltza. 2021. urtean sartu gara, aurrekoa gainetik kendu guran, gaitz guztien panazea balitz moduan zifra aldaketa. Gutxi falta delakoan beti, tontorra toki berean, ukiezin.

Gailurra pandemia aurreko bizitza da, eta iragan denbora dugu helmuga. Konfinamendu osoak tontorra hurbil ikusarazi zigun. Ondoren, udako eguraldiak. Orain txertoak.

Txertoaren promesetik begiratzen diogu maskara bako tontorrari, berehalakoan iritsiko garela sinistuta. Geratzen zaiguna, ordea, luze eta infinitua egingo zaigu, amaiera agerian egon arren, pazientzia eskatzen digulako, hainbatek saldutako ilusio hutsa delako, astoaren azenarioa.

Gailurra zapaltzeko esperantza ez dezala egonezinak zapuztu.

Argian

Kantu afariko begiluzeak gara

Leire Narbaiza 2021/01/15 12:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko urtarrilaren 15ean argitaratutakoa

Zapatu gaua da. Gau pandemikoa, etxeratze agindua daukana autonomia erkidegoan. Gainera, elur promesa dabil airean, Filomena ekaitzak gogor jotzen diharduelako. Agian elurrik ez du lagako, baina hotz itzela egiten du, azken egunotan bezala. Sofan, mantaz tapatuta eta telebistari begira egoteko gaugiroa. Egongelan baino goxoago, non?

Plataforma digitalik ez daukagunok telebista konbentzionala ikusten dugu. Egia esatera, euskara entzuteko modu bakarra ere bada. Gaurkoan, kate jeneralista guztiek Telemadrid dirudite, hango irudi eta arazoak baino ez dituzte ematen eta. Beti izan dira nahiko Telemadrid kanal horiek, baina oraingoan akabua da. ETBko informatiboek ere hori dirudite: Espainiako hiriburuko telebista autonomikoaren sukurtsala.

Mantapeko bunkerretik pantailara begira, zapping azkarra egiten gabiltza, baina dena etsigarria da, Filomena-ren gaineko saio bereziak baino ez daudelako. Bitartean, hemen, Debabarrenean, malutarik ere ez da ikusten. Arratsaldean egin du gurean, Bidea Gara mobilizazioa izan denean, zuritu ez duen arren. Goizaldean, beharbada, etorriko zaigu elurra? Hori da zaleon esperantza bakarra.

Telebisten panorama negargarri horretan, erpuruak ETB1eko botoia sakatu du. Errutina automatiko baten ondorioz iritsi gara euskarazko kate publiko bakarrera.

Aurretiko itxura negargarria izatetik tamalgarria izatera pasatu da, mingarria ez esateagatik. Euskal Telebistako lehenengo kanalean kantu afari bat ematen dihardute. Kantu afari bat!

Kontu erridikuluagorik ez dut inoiz ikusi: kantu afari bat grabatu eta eman. Afari horiek ez dira ikusteko, bertara joan, afaldu eta kantatzeko diseinatuta daude. Horrela disfrutatzen dira, ez etxetik ikusita, kuxkuxeroen antzera, zulotik begira espiatzen, gonbidatu ez bagintuzte lez. Ez da parte onekoa, horratik.

Seguru nago baten batek aurpegiratuko didala kategoriako kantariak zeudela. Konforme. Pantxoa Ospital, Pantxoa eta Peio bikotekoa (bai, ikasi dut desberdintzen, baxuena da), eta Aire ahizpak (gutxienez bi, osorik ikusi barik, ez dakit hirurak ote zeuden). Abeslari bikainak, bai. Baina, entzun nahi izanez gero, kontzertuan entzun nahi ditut, ederki disfrutatzeko, ez beste herritar batzuen artean afalostean.

Ikusi nuen zatian, etengabe fokatzen zuten Ospital, baina Aire ahizpak, ia ez. Egia esatera, kostatu zitzaidan jakitea Aire ahizpak zeudela bertan. Tira, emakumeak presente zirela ahotsagatik jakin nuen, ia ez zirelako irudietan agertu, morroskoak azaltzen zirelako pantailan. 7-8 andre ziren, denak elkarrekin. Eta Leteren sehaska kanta (Amaren bularra) kantatu zutenean, laga zieten ohorea, andrazkoen bozak izan ziren bakarrak. Ufa! Bakoitzak bere lekuan behar du. Esan zidaten emaztekiek zabaldu zutela emankizuna, eurak bakarrik kantuan sartu zirelako. Hori ez nuen ikusi.

Prime time-an kantu afari bat, inongo herri telebistak emango ez lukeena. Diru gehien duen euskal katea euskaldunoi gutxi irizten. Betegarri lanak egiten ikusleak aintzat ez hartzen. Nahita egiten dute, tontotzat gauzkate, edo berdin zaie? Ez dakit aukera guztien artean zein den okerrena.

Jon Maiak (bertsolariak, ez dantzariak) Kantu bat gara aldarrikatu zuen. ETB1eko programatzaileengatik kantu afari bateko begiluzeak garela esan beharko dugu. Tristea, oso tristea!

Gipuzkoako Hitzan

Ezurtea

Leire Narbaiza 2020/12/18 12:55
Gipuzkoako Hitzan 2020ko abenduaren 18an argitaratua

Hiztegiak artefaktu zoragarriak dira, ikaragarri maite ditut. Eurei esker gaur berba berri bi ezagutu ditut, biak sinonimoak: ezunea eta ezaldia. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak horrela definitzen du ezaldia: 1-Urritasun aldia, gabezia aldia. 2-Makalaldia, zoritxar aldia. Argi dago, ezaren denbora. Ez. Gure sasoi honetarako ba ote dago hitz egokiagorik? Ez zait iruditzen. Ezinaldia ere egokia litzateke, baina oraindik ez da hiztegian agertzen. Garai hau asko luzatzen bazaigu, dena den, baliteke laster hiztegiratzea. Edo ez.

Segitu dut aztarrika hiztegietan, eta ezurte berba topatu dut. Maitemindu egin naiz. Sare sozialetan idazten banenbil, begien lekuan bihotzak dituen emotikonoa jarriko nukeen hemen. Hitz egokiagorik aurtengoa bataiatzeko? Ezurtea: urritasun urtea dela dio hiztegiak. Uste dut 2020ak definizioa zertxobait modifikatuko duela, eta ezaren urtea ere badela adieraziko zaigula hurrengo edizioetan, marka guztiak ezeztatu baititu. Ezta?

Ezuneak blaitu gaitu zeharo. Eskasia (ezkasia?) zirrikitu guztietan agertu zaigu, eta inoizkorik gehien ernamuindu. Sekula baino gehiago igarri dugu zer falta dugun, gogoaren klaustrofobia moduko bat sumatu dugu, izpirituak arnasa hartzeko zailtasunak. Dena ezetz denean, dena ezin. Ez.

Kritikorik kritikoenak ere ziur nago Durangoko Azokaren falta igarri duela, gaizki esaka jarduteko baino ez bada ere. Zer esanik ez liburu feriaren fan sutsuok, abenduko erromeria barik geratu gara eta. Ziurgabetasuna dugu nagusi. Noiz ikusiko dugu berriro jendetza noraezean standen artean? Errepikatuko ote ditugu urteroko erromesaldia eta erritualak? Dena ezbaian dago. Ez dakigu. Oraingoz, ez.

Aurrekoan, bikotekiderik ez duen gizonezko batek esan zidan kokoteraino zegoela pandemiarekin, aspaldi ez zuelako harreman sexualik izan. Zehatz-mehatz “zunbatzeko” deseatzen zegoela, zunbatu, txortan egin. Baina dena zela ezina: aplikazioan begiratu baina ezin irten herritik; herrian topatuz gero, ezin elkar ukitu… saltseatu bai, baina besterik ez. Ez.

Inoren haragiaren falta igartzen da. Besteren azala ukitzea, miazkatzea girgiloak eta estriak ferekatzea. Musu, besarkada eta laztan eskasia dago, ukatu egiten ditugu osasunaren mesedetan. Bizikide ez den norbait lauskitu? Ezin da. Ez.

Negazionistek ere ezetza aldarrikatzen dute, eza delako ukazioaren oinarri. Ez dago gaixotasunik, ez da pandemiarik, ez jarri txertorik. Negazionistei zer esan? Ezari ezetz. Ez, ez, ez!

Baina pandemia aurretik ere izan zen 2020a. Ez dezagun atzendu otsaila, orduan hasi zelako ezaren festibala. Errefus (hartu hiztegiko lehenengo hiru adieretan) mendia amildu zenean Eitzagan, Zaldibar inguruko herrietakooi ezetza ematen hasi zitzaigunean: ez kezkatu, ez dago gai toxikorik, ez dago isurketa kaltegarririk… Eta oraindik ezetzean segitzen dute, azalpenik ez, barkamenik ez. Ezezkoa ikertzeari Legebiltzarrean. Eta Joaquin Beltranen gorpurik ere ez. Ez.

Aurten ere Leteren heriotzaren 10. urteurrena izan da: Ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz, beti aurrera joatea. Ezkorra ezkorrago agertuko ote zen ezurtean, ez?

Ez, ez, ez, ezurterik berriz ez!

Gipuzkoako Hitzan

Atzeak erakuts dezala aurreak nola dantzatu

Leire Narbaiza 2020/12/11 11:00
Gipuzkoako Hitzan 2020ko abenduaren 11n argitaratua

Azken boladan oso jende gaztearekin dut harremana, ikasle dauzkat eta. Aurreko ikasturteetan izan ditut gaztetxo batzuk taldeetan, baina aurten bezainbeste sekula ere ez. Konturatuta nago ia ez duguna erreferenterik konpartitzen, zeren eta ematen diedan testu askotan —ia guztietan ez esategatik—. hiztegia eta esamoldeak ez ezik, datu eta egoerak ere azaldu behar baitizkiet. Batzuetan harrigarria egiten zait ez ezagutzea kontu batzuk (abstinentzia sindromea zer den, esate baterako). Beste batzuetan sutan ere jartzen naiz, eskolan ikasi beharko zituzketen erreferentzia historikoak direlako. Gutxienetan —nire belaunaldia delako gizateriaren zilborra—, kontziente naiz ezin dutela jakin, eta inork ez diela transmititu —gure gizaldiaren errua, argi eta garbi—. Ez dizkiegu adierazi gauza asko gure ondorengoei, eta esamoldea eraldatuta, esango nuke atzeak erakutsi behar duela aurrea nola dantzatu, egin ditugun akatsak errepika ez ditzaten.

Hirugarren kasua izaten denean, Amama Kipuleta bihurtzen naiz, eta kontu kontari jarduten dut. Aurreko baten azaldu nien gutunak idaztea zer zen, zelako zirrara eragiten zigun lagun baten eskutitza jasotzeak, zelako kontuak kontatzen genituen, denbora behar izaten zela trukea gauzatzeko, batzuetan itxarotea zein gogorra izaten zen… inoiz ez dutelako benetako gutunik idatzi, ezta jaso ere! Baliabide teknologikoek moztu diete bidea, modernizatzeak beti duelako ordainketaren bat. Ez dadila gaizki uler: eskutitzena ez da aurreko sasoietako nostalgia, gure lanaren zati bat baizik. Gazte horiei gutunak idazten irakatsi behar diegulako, hirurehun hitzeko testu errealak produzitu behar dituztelako azterketari begira. Hirurehun hitz eta erreala! Eta eskutitza izan daiteke, gainera! Azterketagintzaren absurdoak! Baina, sistemak eskatzen duenez, guk bete egin behar.

Sistemak eskatutako horretaz gain, beste alor batzuetan ilustratzeko behar morala ere sentitzen dut, eskolak eta familiak egin ez dutena. Euskalduntze prozesuan egiten dugun moduan, baina zonalde nahiko euskalduneko D ereduko gazteez dihardut, euretako asko familia euskaldunetakoak, euskaraz bizi direnak. Baina ez zaizkie transmititu hainbat pasarte, oraingo hizkeran “errelatorik” ez diegu eman. Eta horrelakoak gertatzen zaizkigu: ia inork ez zekien nor zen Xabier Lete. Ezaguna ere ez zitzaien egiten.

Zer esanik ez euskararen jazoera garrantzitsuekin. Ez diegu debekuez hitz egin, ikastolen sorreraz, euskara batuaren jaiotzaz… Ez dutenez egunkaririk irakurtzen, ez dakite ezer Euskaldunon Egunkaria-z, adibidez. BERRIA existitzen dela bai, ematen dizkiegun artikulu askoren logoa delako. Bestela, zalantza dut jakingo zuten zer den ere.

Ezagutu barik Egunkaria zelan jaio zen, zenbat kostatu zen sortzea, zenbat oztopo zeuden eta jarri zizkioten, nola balioetsi produktua? Jakin gabe indarrez itxi zutela Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak, zelan prezatu BERRIAk egunero ematen diguna? Kazeta biek egindakoak ez dira esfortzu horiegatik estimatu behar, badakit, eguneroko beharrak balio ematen dielako emaitzari, baina adierazi behar zaie norbaitzuen eginahalei esker dugula orain duguna. Pertsona askoren proiektua (izan) dela hizkuntzaren normalizazioan, euskaldunon beharrak asetzean. Gure historiaren berri izan dezaten, berriro ere eraikitakoa berreraiki behar ez dezaten.

Gipuzkoako Hitzan

Katagorriak, paparrak eta dominak

Leire Narbaiza 2020/12/06 14:10
2020ko azaroaren 27an Gipuzkoako Hitzan argitaratua
Katagorriak, paparrak eta dominak

Wikipediatik hartutako irudia

Gauzak gordetzeko joera dut, joera handiegia. Batzuek pentsatuko dute Diogenes sindromearen hasieran nagoela. Baina izen hori ez dut gogoko. Nahiago dut katagorrien modukoa naizela pentsatu; ez bakarrik Edu Lartzangurenek azaldu zigulako filosofo zinikoak ez zuela inoiz zaborrik pilatu, sindromeduna izateak itxura narrasa ere ematen duelako. Gurago, urtxintxak bezala ez hain gora, ez hain trebe, jasotako fruitu lehorrak hainbat biltegitan gordetzen ditudalako irudia.

Katagorriei ere batzuetan gertatzen zaie ez dakitela non gorde dituzten jasotako ezkur eta intxaurrak, eta hala ibili naiz ni ere aurreko Euskaraldiko txaparen bila, etxeko kutxa, kaxoi eta zurkulu guztietan begira. Berandu izena eman, eta txapa berria jasotzeko ordutegi desegokia niretzat. Bazterrak arakatu, eta bidean makinatxo bat intsignia batu ditut. Esan nezake paparrean eroandako orratzen arkeologia egin dudala —lasai, momentuz ez dut ostrakarik topatu!—. Lomceren kontrakoa, Sahararen aldekoa (paparrera berriro), presoak Euskal Herriratzekoa, euskararen aldeko egitasmo askotakoak (euskara elkarte, mintzodromo, Korrika, Bai Euskarari-koa!), Seaskakoa, Gerrarik ez, propagandakoak (liburu, disko eta tabernetakoak!), Simone de Beauvoir eta Angela Davisen irudia dutenak, errefuxiatuen aldekoa, Itoizen kontrakoa (apurtuta, zelako pena!)… Zaharrena 1992koa da! Baina Euskaraldikoa agertu ez! Agian, indusketa geruza sakonegietan egin dut, eta orratz berriagoak azalago egongo dira, azkeneko gaztainekin.

Intsignia multzoa ikusita, askotxo begitandu zaizkit; uste dut denak batera ikusteak inpresio hori sortzen duela —urtxintxek ere hori usteko dute fruitu lehor multzoa ikusten dutenean?—, baina nire paparra ez da izan aldarrikatzaileena, ez horixe. Urte lartxo izateak ere badu eragina, jakina. Katamixar zaharra naiz.

Aurkitzen ez dudan Euskaraldikoa, ostera, aldarrikapena baino gehiago ikurra da, hamabost egun hauetan jokatuko dugun rolarena, hain zuzen ere. Eztabaida dezente izan ditugu azken boladan rolen inguruan, eta askotxok esan dute ahobizi intsignia domina zela, ohore bat bezalakoa. Ez nago ados, txapa horrek erronka ere badakarrelako: egoera gehiagotan euskaraz mintzatzea, lehenengo berba euskaraz egitea, ahalik eta gehienetan. Baina elkarrizketetan laguntzea ere badakar, pazientzia irabaztea, kostatzen zaionari adorea ematea, zenbaitetan gure euskara modulatu eta errazagoa egitea hobeto uler diezaguten. Esanahi hori ere badauka paparreko orratzak.

Ahaztu barik sare sozialetan eta Interneten ere euskara gehiago erabiltzea ekarri beharko lukeela. Era berean, euskaraz irakurtzeko ahalegina inplizitu eduki beharko luke. Edo euskara hobea erabiltzekoa; izan ere, ahobizi izateak, erronka izateaz gain, gure kontzientzia ere inarrosi behar duelako. Ahalegin guztia ezin diegu lagako belarriprestei, ezta?

Urtxintxa honek hau guztiau pentsatu du zoko-mokoetan Euskaraldikoaren bila ibili bitartean. Karraskari sinpatikoei ere ahaztu egiten zaie non dituzten jasotako intxaur eta hurrak. Ondorioz, eta denboraren poderioz, metatu eta atzendutako haziak ernamuindu, eta arbolak sortzen dituzte bazterretan. Gordetako gure txapok ere garatuko ahal dute aldarrikatzen dutena, katamixerrak bezain zuhaitz landatzaile onak izan gaitezen. Oxala!

Gipuzkoako Hitzan

Prakak

Leire Narbaiza 2020/11/30 10:00
Argia aldizkarian 2710 zenbakian argitaratua

Emozioz ikusi dut nerabeak eskolara joaten gona jantzita, Mikel izeneko gaztetxoari elkartasuna agertzeko. Eurengandik irten zen ekintza xumea eta ikusgarria. Gonaren aldarria baino gehiago, edozer janzteko askatasuna aireratu nahi zuten, bernak airean lagata.

Andrazkoek prakak jartzeko eskubidearen alde egin zuten borroka etorri zitzaidan niri burura. Prakak askatasuna zirelako, ezinbesteko gonaren esklabotzatik libre. Borroka hori latza izan zen, ausartzen zirenei marimutil edota maribandera deitzen zietelako: nahikoa emakume ez zirela, edo prostituta. Betikoa.

Ondotxo zekiten zentsoreek prakek marderaren oztopoak kentzen zituztela libreago mugitzeko, noranahi iristeko.
Inguruan baditut andreak ia amama izanda erantzi dutena gona lehenengoz, errehabilitaziora joateko txandala jantzi dutelako, adibidez. Edo alabek negu gorrirako erosi prakak, apropos, galtzak ―pantiak, barkatu polisemia― gehi gona binomioaren desabantailak erakusteko. Ezagutzen ditut emakumeak, oraindik, pijamaren prakak baino jantzi ez dituztenak.

Argian

Pandemiaren hedapenari eutsi!

Leire Narbaiza 2020/11/19 10:00
Gipuzkoako Hitzan 2020ko azaroaren 13an argitaratuta

Ahoa tapatuta daroagu hilabeteotan. Talde oso bat horrela ikustea irudi zarradagarria eta bortitza da, aldi berean. Askotan irudikatu izan da zentsura eta adierazpen askatasun eza ahoa estalita. Baina neurri profilaktiko zuzena da maskara janztea, eta, besterik ez dugun bitartean, modu erraza eta eraginkorra izanda, ohitu eta bizimodua egiten laguntzen digu.

Egia esatera, maskara ez da oso erosoa; hala ere, dagoena dago, eta aurrera egin behar. Mutur aurrean oihal zati bat izatearen deserosotasuna ez ezik, komunikatzeko zailtasuna ere badakar. Gaitzagoa da parean dugunari zer esan digun aditzea (entzun edo ulertu, hautatu nahi duzuen esanahia), komunikazioa eragozten duelako, jakinekoa da hori, ezpainak irakurtzeko beharra izan barik ere. Gaizki-ulertuak ere eragiten dizkigu, barrea eragin ere bai.

Baina agintariek berba egiten duten guztietan ez dute maskara eroaten. Hala ere, komunikazioan hanka sartze galantak egin dituzte. Izurria kudeatzen huts askotxo egin dutela begitantzen zait, baina guztiaren gainetik, komunikazioan egin dute kale. Mezu garbirik ez, askotan kontrajarriak, azalpen gabekoak, logika azaldu barik… Jendeak, guk, mezu zuzenak, argiak eta arrazoituak behar ditugu, gero jaramonik egin diezaiegun nahi badute, behintzat.

Ez da pandemian bakarrik gertatu den kontua, zoritxarrez. Aurtengo otsailean ere sufritu genuen inkomunikazioa Zaldibarko zabortegia amildu zenean. Ordukoa okerragoa izan zen, beharbada, ezkutuan ibili zirelako hasieran, ezer gutxi esanda; ondoren mezu kontrajarriak emanda. Noraezean laga gintuzten Eitzaga inguruko herritarrok, eta oraindik ere inork ez digu ganorazko azalpenik eman, ez ardurarik hartu. Kasu bietan mezuen transmisioa —edo transmisio eza— gaztelaniaz egin da nagusiki, eta euskaraz egin denean, berandu, eskas eta txarto egin da.

Drogarik gabe, atsedenik ez! famatuaren bertsio pandemikoa zabaldu zuten urriaren hondarrean Urkulluren Twitterren kontuan: “[…] Neurri horien helburua da koronabirusaren hedapenari eustea”. Irakurri genuen askok bai barreari ezin eutsi! Ibili zen adar-jotzearekin konturatuta, txioa borratu, eta “Neurri horien helburua da koronabirusaren hedapenari etetea” ez zuten argitaratu, bada? Berridazketa gutxi egindakoak dira lehendakariaren kontua kudeatzen dutenak, horratio! Twitterren ez ezik, Irekia webean ere hala jarri zuten, bertatik kopia-pega egin zutelako. Jakina, horretan —kopiatzen— ere jakin egin behar da-eta. Arte pixka bat, mesedez!

Baina pasa den astean Urkulluk onartu zuen txio batean lan asko egin gabe dituztela: “Ez dut ahazten egiteke daukagu lan itzela”. Hori da, egiteke dauzkaten lanak osasun publikoan, hezkuntzan, zaintzan, kulturan… Egiteke, ez dutelako egin, hain zuzen ere, egiteko obligazioa izanda! Onartzea ez da gutxi horrelako baten ahotik (eskutik?) etorrita. Pena akats gramatikala izatea, agintariek ez dutelako inoiz gaizki egin dutela aitortzen, karguak berarekin urguilua balekar bezala. Urguilua.

Urkulluren komunitate kudeatzaileak —community manager izendatzea gehiago gustatuko zaie, ziur— zalditik astora eta astotik lurrera dabiltza. Baina beti euskarazko mezuekin (ezin ahaztu Google Translate erabilita idatzitakoak) gertatzen zaie, zelako kasualitatea! Eta Euskaraldiaren atarian!

Gipuzkoako Hitzan

Hiru olatuak

Leire Narbaiza 2020/11/15 19:15
Euskadi Irratiko Baipasa saioko Zesuma atalerako prestatutakoa. 2020-11-08an
Hiru olatuak

Wikipediatik hartua


Badirudi martxotik surf ikastaro baten izena emanda gaudela. Olatuak gora, olatuak behera… Olatuez baino ez dugu berba egiten. Orain, antza, bigarrenean gaude. Bigarren Uhin pandemikoan, alegia. Ez dakit, baina, gai izango garen olatu hau surfeatzeko, ez dakigulako bera zein momentutan dagoen eta guk zer egin behar dugun: kukurusta betean, eta hartu nahian gabiltzan; edo tutu perfektua sortuta, barruan gauden taula gainean orekari eutsi nahian. Nahiko genuke uhainak indarra galdu, eta itsas-ertzera hurreratzen ibiltzea, osasuntsu eta salbu. 


Olatu bi izan ei ditugu, martxo-apirilekoa eta oraingoa, baina tartean ere izan dira uhin txikiagoak, herri batzuetan eragina izan dutenak, uztail-abuztuan. Ez dakigu oraingo olatu hau zenbat denboratan izango den gurean, ez zein indarrez eragingo digun ere. Ziurtasun gutxi daude sasoi honetan. Jakin ere  ez dakigulako zenbat olatu izango ditugun oraindik. Ezta tsunamirik etorriko ote den ere. Nahiko genuke, bai, jakin. 


Badago kostako herrietan kontatzen den “Hiru olatuak” izeneko ipuina, Arakistainek argitaratua. Bertan 3 olatu suntsigarri agertzen dira. Lehenengoa esnezkoa, bigarrena malkozkoa eta hirugarrena odolezkoa, eta suntsigarriena. Spoiler pixka bat eginda, leiendak dio arrantzaleek arpoi batekin deuseztatu zutela hirugarren uhina, eta lortu zutela euren bizitza salbatzea.


Izurri honetan ere lortuko ahal dugu bigarren olatuaren mende ez jaustea, eta hirugarrena ez etortzea! Oxala! Baina hala izan dadin lan mardula dugu aurretik herritarrok, baina batez ere agintariek. Oraingoan arpoia izan liteke zerbitzu publikoak indartzea, eta dirua ez xahutzea alferreko lan faraonikoetan. Bestela, olatuak  (malkozkoa eta odolezkoa) tsunami bihurtuko zaizkigu, eta surfeatzen jakinda ere urak hartu eta ito egingo gaituelako!

Osasuna eta maitasuna!

Baipasa saioa 1:52:00tik aurrera

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua