Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Filmik onena ez bada, argienetakoa bai behintzat

Filmik onena ez bada, argienetakoa bai behintzat

Amatiño 2024/03/08 09:25
"American Fiction”. Film adimentsua, argia, bizkorra, zorrotza, esanguratsu bezain entretenigarria, interprete onekin, zein baino zein hobea. Arrazakeria "zibilizatua" auzitan jartzen duena. Eta, gainera, ohikoa ez dena, bizpahiru amaiera desberdinekin. Ikusleak erabaki beza gustagarrien zaiona.
Filmik onena ez bada, argienetakoa bai behintzat

Jeffrey Wright

Gogoan dut. Orain ia mende erdi-edo, seme nagusia eta biok TVEren aurrean ginen, sitcom amerikarren bat ikusten. Hamabi urte inguruko mutiko bi, elkarren artean hitz egiten, auskalo zertaz. Zuriak diotsa beltzari, adiskidetsu asko eta normaltasun osoz: “Baina zuk ezin duzu ulertu, beste kultura batekoa zarelako”. Beltza zer esan jakinezta geratu eta, adi-adi zegoen adin bertsuko nire semeak galdetu: “Aita, zergatik da beste kultura batekoa?”

Berrogeitaka urte geroago, bi belaunaldiren bueltan, ustezko kultura desberdintasun horri eutsi nahia salatzen du “American Fiction” filmak, pelikularik onenari Oscar Sarirako nominatua izan diren hamarretakoak (1). Auskalo onena izango ote den datorren igandeko sari-banaketan, baina, adimentsuenetakoa behintzat, bai.

Zer esanik ez arraza-segregazioa erabat aldatu dela Ipar Ameriketan 1970eko  hamarkadatik (2) hona, nahiz oraindik ere jakinekoak diren beltza izateari gizarte-mailan darizkion ajeak eta parekotasunik ezak. Hala ere, “American Fiction” filmak ez du arrazakeria larririk salatzen, baina bai, zer gerta ere, zuriek “beltzek beltzarenak egiten iraun dezaten nahi izatea”. Alegia, besteak beste, beltzak, kolore-kontua baino, “kategoria” izaten jarrai dezan.

Thelonius "Monk" Ellison (Jeffrey Right), irakasle eta idazle, asper-asper egina dago, hainbatek bere normaltasun profesionala ez aitortzeaz gainera, Grezia klasikoaz berak egindako saiakera “Ikerketa afrika-amerikarren” atalean sailkatu dutelako liburutegian, ez gaiaren arabera, egilea beltza delako baino.

Nonbait, denok edo gehienok bat etortzen bide gara berdintasuna aldarrikatzerakoan, eta inork ez omen du oztoporik jartzen koloreko jendeak denetariko kargu, funtzio eta lanpostuetan parte har dezakeela onartzerakoan. Baina, hala ere, guztioi iruditzen zaigu zeharo normala, Ipar Ameriketako filmetan, kalean lo egiten dutenak, drogatan ari direnak edo espetxean amaitzen dutenak beltzak izatea. Alegia, aproposago eta sinesgarriago egiten zaizkigu sekuentziak, protagonista txairo, narras eta gaizkileak beltzak baldin badira eta, jarreraz, janzkeraz zein hizkeraz, topiko eta estereotipo guztiak betetzen badituzte.

Kontua da, ordea, Ellison idazle serio eta benetalaria dela, literatura marginal eta “slang” horretatik ihes egin nahi duela eta, salatu beharraren beharrez, kritika latza egite aldera baino ez, azpimundu horren barrena murgiltzen dela, kontakizun sasifolklorikoa idazteari ekinez, nolabaiteko esperpentoa nabarmen geratuko delakoan. Ondorioz, ordea, ezustean, editore zuriek errotik bene-benetakotzat joko dute Ellisonen iruzurrezko idazlana, literaturarik jatorrena, herrikoiena  eta irakurgarriena balitz bezala.

Film adimentsua, argia, bizkorra, zorrotza, esanguratsu bezain entretenigarria, zein baino zein interprete onekin, arrazakeria "zibilizatua" auzitan jartzen duena. Eta, gainera, ohikoa ez dena, bi-hiru bukaera desberdinekin. Ikusleak hauta beza gustukoen duena.

1) Oscar Saria filmik onenari. Hamar hautagaien zerrenda:

Openheimer: 13 nominazio  Pour Things – Pobres criaturas: 11  Killers of the Flower Moon – Los asesinos de la luna: 10  Barbie: 9  Maestro: 7  American Fiction: 5  Anatomie d’un chute – Anatomía de una caída: 5  The Zone of Interest - La zona de interés: 5  The Holdovers – Los que se quedan: 5  Past lives – Vidas pasadas: 2

2) John F. Kennedy (1963), Malcom X (1965), Martin L. King (1968) eta Robert F. Kennedy (1968) aurreko hamarraldian erail zituzten, lauetarik hiru telebista-kameren aurrean. 

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/03/10 09:03
Bigarren bukaeraren alde.
Amatiño
Amatiño dio:
2024/03/10 16:27
Amerikarrena, beraz.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/03/11 12:43
Barka nire ezjakintasuna, baina zertan da amerikarragoa bigarrena lehenbizikoa baino?
Amatiño
Amatiño dio:
2024/03/31 13:07
Poliziaren jarrera eta jarduera, western girokoak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: