Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amerikar epopeiaren kontzientzia txarra gogorarazteko westerna

Amerikar epopeiaren kontzientzia txarra gogorarazteko westerna

Amatiño 2023/10/22 19:15
Errealitateak fikzioa gainditzen omen du. Nork daki beti ote den horrela, baina Martin Scorseseren “Killers of the Flower Moon” (Los asesinos de la luna) filmak (1) gogotik ematen duen arren --thrillerra baino gehiago-- nobela beltzik beltzena, ez da fikzioa, orain ehun urte Oklahoman benetan izandako kasua baizik, David Grann kazetariak egiazko gertakariak ikertu eta 2017 urtean argitara emandako liburutik (2) jasoa.
Amerikar epopeiaren kontzientzia txarra gogorarazteko westerna

Mollie (Lily Gladstone).

Zinema estatubatuarra iaioa da bere historia “handiaren” mitoak loratzen eta loriatzen, baina, oraingo honetan, edozein gizarte zibilizatu eta demokratiko lotsarazteko moduko pasadizo ezkutua astintzen du Martin Scorsesek, erarik zantar eta nazkagarrienean (3).

Oklahoman, 1920 urtetik aurrera. Petrolioa azaldu da Osage Nazioaren lurretan. Ezustean, bertako indiarrak (4) aberastu dira eta, ordu arte gutxietsiak eta mespretxatuak ziren gizarte “zuriaren” barrutian,   isilpeko sarea bilbatuko da osagetarren autonomia pertsonala eragozteko eta haien eskubideez nola-hala jabetzeko.

Osage konterriko administrazio, polizia eta lege-estamentuetako arduradunen laguntzaz eta arazoa ezikusi nahiaz, batetik, eta jauntxoen zein enparuaren joko maltzurraz, bestetik, hogeitaka erailketa edo gehiago izan ziren.

Filma parte bitan bereizi daiteke. Lehenean gertatzen dira harako heriotzak, bortxak, amarrukeriak eta bestelako jokaera nardagarriak (erailketak, pozoitzeak, suteak eta leherketak). Eta bigarrenean, berriz, bideratzen dira FBIren ikerketa, azken epaiketa eta ondorioak.

Filman zehar ez da ageri indiar nabarmen oldarkor edo erasotzailerik, ezta “zuri” garden edo borondatetsurik ere. Hiru protagonistarik garrantzitsuenen artean, William Hale osaba jauna (Robert De Niro) ganster hutsa da, beti inori laguntzen diharduela adierazten duen arren. Iloba, Ernest Burkhart (Leonardo DiCaprio), mozolo, tentel eta ezjakina bezain ustela eta interesatua; eta beronen emaztea, Mollie (Lily Gladstone), osage (5) indiar aberats berria, zuhurtzia, duintasuna eta maitasuna zer diren bide dakien bakarra.

Nahiz filmak jokamolde ikaragarri bortitzak salatu, eta komunitate indiarrak Scorsese zuzendariari borondate ona aitortu, osagetarren ordezkariek argi adierazi nahi izan dute, filma ez dagoela “eurentzat” eta “eurek egin lezaketen bezala” ekoitzia, publiko orokorrarentzat burutua baino. Ez da kexu zorrotza, ñabardura zehatza baino. 

Segurutik arrazoi izango du Osage Nazioak, baina naizen hau estatubatuarra ez izan arren, zilegi bekit esatea, ezein ikusentzule zurik nekez iraun dezakeela hiru ordu luzez pantailaren aurrean, edozenbat momentutan egundoko egonezin, larrialdi, lotsa eta damu historikoa sentitzeke. Zer esanik ez, gizonezkoa baldin bada.

Berriketa gabeko musika; aparta, indiarrei petrolioa estreinako isurtzen zaien unea; eta, agian kazetari naizelako-edo, izugarri polita film-amaieran epilogoa kontatzeko modua. Hiru ordu eta erdi osteko lehen atsedena.

1) Los asesinos de la luna.

2) “Killers of the Flower Moon. The Osage Murders and the Birth of the FBI”. David Grann, 2017.

3) Historia hau ez zen gertatu Sitting Bull-en (1831-1890) garai urrunetan-edo,  New Yorkeko burtsa-krak  ospetsuaren (1929) hamarkadan baizik.

4) Oro har, 3.000 lagun inguru ziren guztira.

5) Filman Osage naziokotzat azaltzen bada ere, Lily Gladstone, izatez, jatorriz, Oinbeltz naziokoa da

Lily Gladstone, De Niro, DiCaprio
Mollie Burkhart (Lily Gladstone), William Hale (Robert De Niro) eta Ernest Burkhart (Leonardo DiCaprio).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: