Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aurtengo “nazioarteko” filmik onenaren zain

Aurtengo “nazioarteko” filmik onenaren zain

Amatiño 2024/02/28 12:33
Adituek zalantza gutxi dute gero, Nazioarteko filmik onenaren Oscar Saria (1) ekoizpen europarren batek irabaziko duela, martxoaren 10ean. Ez da nola-halako iragarpen borondatetsua, estatistika kontua baino: azken 67 urteotako irabazleen artean, %79 film europarrak izan dira irabazle.
Aurtengo “nazioarteko” filmik onenaren zain

Juliette Binoche, Donostia Saria 2022

Ingelesez mintzo ez direnen arteko filmik onena nabarmentzeko sari berezi hau 1956 urtean sortu zen, eta geroztik izan diren 67 film irabazleetatik 53 europarrak izan dira, 5 asiarrak, 5 afrikarrak eta 4 amerikarrak. Eta, 53 europar saritu horietarik, berriz, erdiak baino gehiago italiarrak (hamaika), frantziarrak (bederatzi), danimarkarrak (lau), espainiarrak (lau) eta alemaniarrak (hiru).

Aurtengoan ere, Finlandiako “Fallen Leaves”  delakoaren baimenaz eta Italiako zinema-krisialdia tarteko, badirudi irabazlea Alemania, Danimarka, Espainia edo Frantziako filmen artean suertatuko dela.

“Sala de profesores”  alemaniarra ikaragarri film itogarria da, hasiera-hasiera beretik. Irakasle-gelan gertatutako garrantzi handirik gabeko lapurretaz hasi eta hariak aurrera egingo du gurpil  larrian, kontrolik gabe, maldan behera, joko demokratikoaren aitzakiaz eta intelektualitatez mozorrotutako iritzi hutsaletan, gero eta giro korapilotsuagoan, zeinetan ikasleen hezkuntza, irakasleen erantzukizuna, gurasoen babeskeria, ohiko segurtasuna, ezusteko xenofobia, iritzi publikoa, epaiketa paraleloa eta, oro har, sistema guztia zalantzan jartzen den. Ondo bilbatutako  elkarrizketa eta solasaldi landuak, nola amaitu asmatzen ez den arren. Azken sekuentziak, Mendelssohnen akorde sinfonikopean, amaiera baino iheskeria ematen du.  

Thriller peto-petoa, berriz --poliziez,  epaiketaz eta bestez--,  “Anatomía de una caída”, nahiz Cannesen Urrezko Palmaz (2023) jabetu  Frantziak azkenean aurkezteke utzi duena, “A fuego lento” filmaren mesedetan. Nonbait erabakitzaleek aproposago sumatu dute --nazioartean aurkezteko. behintzat-- sukaldaritza frantsesaren tradizioa goraipatzen duen alternatiba gozoa (Juliette Binocheren xarma eta guzti), frantsesez urri mintzo den protagonista alemanaren (Sandra Hüller) ordezkaritza zakarra baino, bigarren hau ekoizpen nabarmen hobea izan arren. Nekez sinetsi ahal da erabaki hori hartzeko zinema-irizpide objektiborik nagusitu denik, eta bai, ostera, “chauvinismoa” ere alboratu ezinezko faktoreetakoa izan daitekeena.

Frantziak “Anatomía de una caída” aurkeztu ez izanak garaipen-aukera samurtzen dio Espainiako “La sociedad de la nieve” filmari. Nabarmen ondo egina, abentura-film ikusgarri eta zirraragarria, adin guztietako ikusleentzat egokia, zeharo entretenigarria, hitz batez  komertziala. Publikoaren Saria Donostiako Zinemaldian (2023) eta, arestian,  hamabi "Goya" sari jaso berria.

Ezin ahaztu, azkenik, Danimarkak aurkeztu duen “La tierra prometida” (Bastardoa) filma, XVIII. mendean Jutlandiako txilar-mortu antzuetan kokatutako epopeia edo "western" daniarra.  Film geldo eta luze samarra, mundiala paisaia eta berriketa gabekoa Mads Mikkelsen (2), Ludvig Kahlen kapitain (3) kementsuarenak egiten. 

Segurutik denek dute zer eskaini, denak zein baino zein ezin aproposagoak edozein zine-klubetan Zazpigarren Artearen muinak, bilbeak eta irazkiak aztertzeko eta eztabaidatzeko. Baina, nago, Hollywood Hollywood dela, dagozkion alderdi on eta ez hain on guztiekin,  eta Juan Antonio Bayonaren "La sociedad de la nieve"k badituela publiko anitz eta zabalagoa bereganatzeko zioak, kariak eta dohainak.

Haatik, zer gerta ere, hau denau esne-berba sorta besterik ez da. Hizjario soila, isilik ez geratzearren partekatzeko baino ez. Gero gerokoak.

1) Ingelesez besteko filmik onenaren Oscar Saria

2) Zilarrezko Maskorra, aktorerik onenari, 2020ko Donostiako Zienamaldian.

3) Ludwig von Kahlen  izan (1700-1774) izan zen, baina ezer gutxi ezagutzen da egun haren bizitzaz. Filma ez da jakineko datuetan oinarritzen, Ida Jessen idazlearen "Kaptajnen og Ann Barbara" (Kapitaina eta Ann Barbara, 2020)) nobela  erromantikoan baizik. Nonbait Kahlen kapitainak porrot egin zuen (amore eman behar izan zuen)  Jutlandiako lehen patata-ereite historikoan, eta nobelak, aldiz, aurrenengo aitzindari gisa ohoratzen du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: