Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Izuaren isilak ez du helduko ez denik esangura

Izuaren isilak ez du helduko ez denik esangura

Amatiño 2023/08/23 11:40
Demasa bezain adierazgarria lehen froga atomikoaren leherketa “isila”, eztandaren uhin hedakorra leherketaren argitasuna baino 40 segundo beranduago helduko baita lehen behatzaileak babestu diren kontrolgunera. Demasa bezain esanguratsua, gero. Beranduago, bai, baina… heldu!
Izuaren isilak ez du helduko ez denik esangura

Robert Oppenheimer / Cillian Murphy

Film ikaragarria. Ikaragarria zentzu guztietan. Ikaragarri ona, ikaragarrizko ikuskizuna eta ikaratzeko modukoa. Christopher Nola zuzendariak eta Cillian Murphy aktoreak elkarrekin erditu emaria ez da udaran zehar zinema-aretoak gainezka beteko dituen uzta, baina bai hurrengo hilabete luzeetan historia egingo duen ekarpena.

Oppenheimer filmak ez du, funtsean, eserlekuan jarri aurretik ez genekien edo ez genekiekeenik azaltzen, eta zinemagintzaz aditua izan beharrik ere ez dago, esan gabe doazen bi ideia nabarmenez jabetzeko. Bat, ez dela asmoz eta xedez film antibelizista, baina antolamendu antobelizistarik sutsuena baino eraginkorrago suertatzen dela mundu armatuak ekar ditzakeen "norgehiagoka" arriskutsuak gogorarazteko. Eta bi, zientziaren garapenak erakar diezaigukeen hondamendia izugarria bada, ezin krudel, bidegabe, koldar eta maltzurragoa izan daitekeela beti badaezpadako errudun bila ibili beharra, denon sistemaren izenean hartutako erabakien ondorioei (1) aurre egin beharrean.

Filmak ez du 1945ean “bonba atomikoaren aita” izatera iritsi zen Robert Oppenheimer fisiko ezagunaren izaera, lana, ardura, arrakasta eta ospea soilik azaltzen, baita hainbat urte geroago, MacCarthyismopean, ikertzaile teorikoak jasan behar izan zuen iparramerikar gizartearen gutxiespen eta mespretxua ere (2), komunista zelakoan.

Epaiketaren (1954) ondotik, 1945eko heroi nazionalak zirkuito akademikoetatik at amaitu zuen, zientziaz kanpoko desherrian, eta 1963en John F. Kennedy presidenteak Enrico Fermi saria aitortu zion arren, EEBBetako Energía Idazkaritzak ez zuen 1954eko epaia 2022 urte arte aldarazi (3), Oppenheimer hil baino 45 urte geroago arte.

Zer gerta ere, Oppenheimer filma thriller gisako pelikula ikusgarria da, non, beste behin, errealitateak fikzioa gainditzen duen. Demasa bezain adierazgarria Trinity froga atomikoaren  leherketa isila, eztandaren  bufada leherketaren argitasuna baino 40 segundo beranduago iritsiko baita  lehen berrehun inguru lekukoen babeslekuetara.

Demasa bezain esanguratsua. Beranduago bai, baina… heldu! Heldu beharrekoak beti heldu behar izango balu bezala... Eta ez da premonizioa, gizadiak kontrolatu omen ditzakeen joko arriskutsu kontrolagaitzen ondorio larria baizik.

1) Manhattan Proiektua

2) Nolak kromaz aldatzen ditu feed-backak. Kolorez Oppenheimerren kontakizun subjektiboak (haria lehen pertsonan idatzia da) eta, beltzuriz, nolabaiteko datu objektibo eta historikoak.

3) Estatu Batuetako Energia Departamenduak adierazi zuenez, urteek gero eta gehiago erakutsi ahal izan dute epaiketa hura iruzurra izan zela eta, eta Oppenheimer irakaslearen abertzaletasun eta leialtasuna, aldiz, gero eta nabarmenagotzat frogatu.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: