Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Carmen Ruiz de Alegria, gerra osteko Eibarren euskarazko saria irabazi zuen aurrena

Carmen Ruiz de Alegria, gerra osteko Eibarren euskarazko saria irabazi zuen aurrena

Amatiño 2024/04/27 10:55
“Aizti eta Irusta” izeneko ipuina izan zen, Euskaltzaleen Biltzarrak 1959 urtean Eibarren eratutako kontu-lehiaketaren lehen saria irabazi zuena. Asmatzaile: Pakita Abendibar (1) zena. Kontalari: Carmen Ruiz de Alegria, zortzi urteko herriko alaba.
Carmen Ruiz de Alegria, gerra osteko Eibarren euskarazko saria irabazi zuen aurrena

Carmen Ruiz de Alegría, saria jaso berri. 1959

Juan Antonio Mogelen gorazarrez,  Euskaltzaleen Biltzarra eratu zuen Euskaltzaindiak Eibarren, 1959an. Ahotsak.eus weborrian irakurri daitekeenez, “oso ekitaldi ederra izan zen, euskara kalera ateratzeak urrats handia izan zelako: antzerkiak, olerkiak… Udaletxean Euskaltzaindiaren biltzarra izan eta San Martinek ponentzia bat aurkeztu zuen Juan Antonio Mogelen inguruan. Laspiur, San Martin Zubiaurre eta Basauri izan ziren ekitaldia antolatzen ibili zirenak, beste lagun batzuekin batera. Udalaren jarrera ere oso ona izan zen. Esteban Eguren zen alkatea eta euskaraz egin zuen hitzaldia. Aurreko alkateak baino askoz herrikoiagoa eta euskaldunagoa zen. Gipuzkoako bertsolari txapelketa ere antolatu zen, Manuel Olaizola “Uztapide”k erabazi zuena. Francoren sasoian honelako ekitaldi bat antolatzea sekulako arrakasta izan zen eta mugarri izan zen Eibarko eta Euskal Herriko mugimendu euskaltzalean”.

Hau guztia horrela izanik, ordea, erabat harritu ninduen aurreko martxoaren 1eko “Eta Kitto” aldizkarian argitara emandako argazkiak (10. orrialdean),  honako oina zekarrenez gero: “Euskaltzaleen Biltzarra, Juan Antonio Mogel Eibarko semearen gorazarrez. Umeen euskara saria ematen. 1959-11-08”. Umeen euskara-saria Eibarren? (2)

Beti uste izan dut (oker asko, bistan denez) gerra ostean Eibarren eratutako lehen euskarazko saria  Peli Aldazabal idaz-lehiaketa (3) izan zela. 1963an Andoni Idoiagak sortu eta 1976 arte indarrean iraun zuena. Besteak beste, Odile Kruzeta, Hasier Etxeberria, Patxi Bastarrika eta Pello Agirre (4) gaztetxoak saritu izan zituena. Hartara, zer euskara-sari ote, 1959koa? (5)

Joan zen astean, ostera, Eibarrera trenez nindoala, aurreko jarlekuan suertatu zitzaidan Debatik Eibarrera zihoan beste eibartar bat: Carmen Ruiz de Alegia. Berriketan egiteari ekin, jardunean kontu-kontari jarraitu eta, ustebakorik handienean,  “Aizti eta Irusta” haur-ipuinaren berri eman zidan. Hau da, 8 urte besterik ez zituela, 1959an hain zuzen, ipuin-lehiaketan parte hartu eta irabazi zuela, eta saria Jabier Zubiaurre (6) eta Jose Luis Ugartebururen (7) eskutik jaso. Zelan? “Bai, eta argazkixa be badakat”. Nun? “Ba… hamentxe…” Poltsuan? “Ez, telefonuan, nahi badozu whatsappez bialduko detsut”.

Egia esan, ez nekien erabat sinetsi ala ez, harrigarri samarra iruditzen zitzaidan-eta 1959an. 8 urteko neska-mutikoek euskaraz idazten jakin zezaketenik. Ez behintzat eskolan ikasita! Eta Carmenek zehaztu: “Ez, ez. Ez zan idatziz izan, berbaz baiño. Pakita Abendibarrek erakutsitako ipoiña kontau netsen, besterik ez neban egin”.  Saria irabazi besterik ez! Segurutik gerra ostean Eibarren euskaraz irabazitako aurreneko saria. Zortzi urte eta hika!

"Aizti eta Irusta", ipoiñ irabazlea (8)

Aizti eta Irusta lagunak ziran eta sarri juaten ziran alkarreaz Matsarixa aldera, han inguruan egoten zan ahuntza ikustera. Irustak perillia zekan eta ahuntzak be bai.

Behin, beste hainbat lagunen artean, Aiztik esan ei zeban Matsariko ahuntzak Irustan trazia zekala. Ipoiña bolo-bolo zabaldu zan herrixan eta, jakin orduko, Irusta juan jakon Aiztiri kontu eske: “Hi, Aizti, ziharo hasarre naok. Hik zer dala-ta esan dok, nik Matsariko ahuntzan trazia dakatela?” Eta Aiztik erantzun: “Hi, Irusta, barkatidak baiña nik ez juat sekula holakorik esan, nik esan doten bakarra dok ahuntzak hire trazia dakala!”.

---ooOoo---

 1Pakita Abendibar Areitiourtena (1911-1996).  Mireia eta Tito Mendiguren neba-arreben ama.

2) "Eta Kitto" astekariaren argazkian azaltzen den neskatoa ez da Carmen Ruiz de Alegria irabazlea, besteren bat baino, Carmenek gogoan ez duena. Argazki biak leku eta aldi berean ateratakoak dira, udaletxeko arkupeetan. 

3) Egoibarra.eus-ek 38 aipamen biltzen ditu, Z. Argia, Anaitasuna eta Karmel aldizkarietan Peli Aldazabal izan zenaren gorazarrezko idaz-lehiaketaz jasotakoak.  Dirudienez,   1963an hil zen, eta ondoren idaz-lehiaketa sortu,  haren omenez. 

4) Ramon Agirre aktorearen anaia.

5) 1964ean haurrentzako literatura-lehiaketa elebiduna eratu zuen, estreinako, 1963an sortu berria zen Arrate Kultura Elkarteak. Epai-mahaikoak: Julio Sarasua, Juan San Martin, José Antonio Mendicute, José Luis Ugarteburu, Jesús Jaureguibarria eta Lorenzo Zabala.

6) Euskaltzaleen Biltzarra. Mogel eta burdingintza. Eibar, 1959

7) Jose Luis Ugarteburu. Saltsa guztietan zegoen baina inon gutxitan agertzen da haren aipamenik. Sarri joaten nintzaion Jardinetan zuen tailarrera, laguntza eta aholku eske. 29 urte besterik ez  zituen 1959an. Gazterik  hil zen 1978an. 

8)  Aizti,  Kalamuatik Elgoibarko plazaraino jaisten den errekaren izena da. Irusta deiturarik ez da, berriz, Eibarren falta. 

Oier G
Oier G dio:
2024/05/18 11:41
Nik be ez najenkixan 1959ko ekittaldixoni buruz ezer. Azken urtietan behiñ baiño gehixagotan nopau nok, abertzale izan barik, euskerian alde (zeozelan) jokatutako frankismo estrukturaleko agente batzuekin: Antonio Arrue abogaua https://eu.wikipedia.org/wiki/Antonio_Arrue , Anton Moral https://eu.wikipedia.org/[…]/Joseba_Aldamiz-Etxebarria#Omenaldiak eta Paco Okamika Lekeittioko alkatiak... https://datos.bne.es/persona/XX1384087.html , Ignacio Urkijo diplomatikua https://eu.wikipedia.org/wiki/Ignazio_Urkixo ... Neretako sorpresia izan dok Esteban Eguren be moltzo horretan topatzia, hur-hurrekua (gure aman lehengusua). Frankista euskaltzaliekingo interesa ondiok gehixago piztu destak.
Oier G
Oier G dio:
2024/05/18 11:47
Barkatu, konfundidu nok: aman lehengusua eta alkatia JAVIER Eguren izan zuan, Esteban euren semia izan zan, abogaua, guri kartzelan lehelengo asistentzia emon zeskuana, oin dala urte gitxi hildakua. https://elpais.com/[…]/230076019_850215.html
aintzane
aintzane dio:
2024/05/20 09:50
Zelako interesgarrixa! Elgoibarren euskarazko lehiaketak egitten omen zian umiendako, euskeraz zeiñek hobeto egin. 1959xan Euskaltzaindiak eta Ongarrik antolatutako euskal jaialdi baten kartelian ikusi leike sari-banaketia egin zala ekitaldixen bittartian (bideo honetan, 8:45 minutuan: https://youtu.be/VJhOoyBNtxI?si=T0_txRnF9uHWNZg6). Umieri galderak egitten jakuezen, baiña, itxuraz, batzuek ipuin edo bertsoren bat ikasi eta hori kantau edo kontatzen zeben. Txomin Mujikak, adibidez, aittak erakutsittako bertso batzuk kantau omen zittuan, 10 urte zekazenian, hau da, 1962xan: https://ahotsak.eus/elgoibar/pasarteak/egb-111-015/
Oier A.
Oier A. dio:
2024/05/20 13:05
1959ko Euskararen Kongresu hori Euskaltzaindiak antolatzen bazuen ere, herrian bertan Eibarko Klub Deportiboaren kerizpean gauzatu zen. Juan San Martin-en ekimenez Deportiboan antolatu zen batzorde artistiko-kulturalak eman zion antolaketa-babesa kongresuari. Horren kronika ere argitaratu zuen Deportiboaren jardueren berri ematen zuen boletinean.

Boletin horretan jasota dago Mari Karmen Ruiz de Alegriak lehen saria jaso zuela 6 eta 10 urte bitartekoen artean. Hiru saritu izan ziren sail bakoitzean eta hiru sail guztira, 0-5, 6-10 eta 11-14.

Deportiboaren boletinak digitalizatuta elkartearen 100. urteurren ospakizunekin batera sarean jarri den artxibo-gunean aurki daiteke (28-29. orrialdeetan)
https://artxiboa.deporeibar.com/node/650
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: