Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mogel eta burdingintza

Mogel eta burdingintza

Amatiño 2022/03/21 10:30
“Mogel eta burdingintza” izenburupeko txostena aurkeztu zuen Jabier Zubiaurre* enpresari eibartarrak 1959an, Juan Antonio Mogelen gorazarrez Euskaltzaindiak Eibarren antolatu zuen Euskalzaleen Biltzarrean.

Ignacio Larrañaga (1872-1975) euskaltzain urgazle eta Pingliango (Txina) gotzaina mahaiburu zela, Biltzarrak hiru egun iraun zuzen --azaroaren 6, 7 eta 8an.-- eta orduko agiriak adierazten duenez, Jabier Zubiaurrez gainera, Juan San Martin, Luis Villasante, Seber Altube, Jon Etxaide, Jose Maria Lojendio, Aingeru Irigaray,  Antonio Arrue, Juan Gorostiaga eta Migel Arruza adituek beste hainbat txosten aurkeztu zuten, Mogelen idazlanez, Eibarko hizkeraz eta euskararen batasunaz. Ez zen biltzarrean izan --baina "Peru Abarka" eleberrian Mogelek erabilitako adizki guztien bilduma bidali zuen--  Ignacio M. Echaide, garai hartan euskaltzainburu (1951-1962) zena.

Ongietorria Javier Eguren alkateak eskaini zien eta hitzaldien osteko eztabaidetan parte hartu zuten, besteak beste, Koldo Mitxelena, Piarres Lafitte, Alfontso Irigoyen, A. Zugasti, Nemesio Etxaniz, Fernando Artola “Bordari” eta Juan Garmendia “Zeleta” euskaralariek. Aldi berean, Pragatik, gutuna bidali zuen Norbert Tauer txekiar idazleak.

Batere esne-berbarik gabeko ekarpen doi eta ordenatua, gero, Jabier Zubiaurrek burututako txostena. Hogeita bat puntuko laburpen zehatza, euskarazko xehetasunez 14 marrazkiz osatua, burdinaren nondik norakoaz: metalaren ezaugarriak, historian zeharreko erabilpena, euskal oletako aurrenengo langintza eta Mogelen garaiko teknologia, Labe Garaiak asmatu arteko olen amaieraraino. Eranskin gisa, berriz, 125 adiera teknikoren hiztegitxoa, Mogelek erabilitako terminologiaz gehienbat, Larramendiren eta Caro Barojaren hainbat ekarpenekin batera.

Ezohiko programa izan zen,  antza,  Euskalzaleen Biltzarraren inguruan Eibarren prestatu zena, euskaralarien bilerez eta hitzaldiez gainera, hainbat argazki eta pintura-erakusketa eratu baitziren Club Deportivoan, eta antzerki-saioa, abesbatza-kantaldia zein Basarri, Uztapide, Balentin Enbeita eta Azpillaga bertsolarien ekitaldia,  Teatro Amayan.

*Jabier Zubiaurre,  JAZ Zubiaurre enpresaren zuzendaria zen garai hartan. Haren aita zenak, Txominek, alanbrezko sardeak egiteko tailerra sortu zuen 1924 urtean, Asuaerrekan. Gaur egun Jabierren semea, Eduardo, da ehun urte betetzear dagoen nazioarteko enpresa honen zuzendaria. Eduardo Zubiaurre CONFEBASK-en lehendakaria ere bada.  

Euskalzaleen biltzarra 1959

EUSKALZALEEN BILTZARRA, 1959an, Eibarko Udaletxearen arkupe nagusiaren aurrean. Lehen ilaran, ezkerretik eskuinera, mutiko ezezaguna, Jon Etxaide, Ignacio Larrañaga, Luis Villasante, Imanol Berriatua, Alfontso Irigoyen eta Juan San Martin.

Mutikoaren eta Jon Etxaideren artean, Nemesio Etxaniz eta Antonio Sarasua. Ignacio Larrañaga gotzainaren atzean, ezkerraldean, Jabier Zubiaurre. Eta Imanol Berriatua frantziskotarraren atzean, ezkerrean, Ramon Sarasua.

Daitekeena da, Jabier Zubiaurre eta Ignacio Larrañagaren artean, barreneko buru garaia, Fernando Artola "Bordari"rena izatea.

Inork besterik ezagutuko balu, adierazi baino ez du.

Indalezio Ojanguren "Kajoitxu" zenaren argazkia. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: