Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Julene Azpeitia: argazki bakarreko emakumea

Julene Azpeitia: argazki bakarreko emakumea

Amatiño 2011/05/23 00:00
“Zenbat Gara” (Zeruko Argia, 1972-1975) informazio-sailak iraun zuen artean atera nuen argazki-sorta atontzen ari naizela, Julene Azpeitia (1888-1980) idazlearen argazki ahaztua agertu zait. Ia berrogei urtean ezkutuan egon diren negatiboak digitaldu eta horra sekulako ustekabea.

Julene Azpeitiaren fotografia aurkitu berri honek badu aparteko garrantzirik, itxura guztien arabera urri-urriak baitira eskura dauden  idazle zumaiarraren argazkiak. Laura Mintegik 1994an haren biografia  prestatu zuenean, batto baino ez zuen antza aurkitu, liburuxka guztian ez baita besterik azaltzen. Ez dut uste ia berrehunen bat euskal idazlereren zertzeladak laburbiltzen dituen Bidegileak sorta osoan zehar argazki bakarreko beste biografiarik dagoenik, ez behintzat argazkia asmatu osteko inorenik. Bistakoa da Julene ez zela batere argazkizale izan.             

Eibarko udal-artxiboak Zeruko Argia zein Anaitasuna aldizkarietako albisteak aipatuz biltzen dituen datuei jaramonik eginez gero, Peli Aldazabal euskarazko haur idazlehiaketa 1963an edo sortu zen. Gutxienez 1976 arte  urtez urte antolatu izan zen eta sari-emanaldia Arraten eratu. Oso oker ez banago, irabazleen artean aipagarri inguruko Odile Kruzeta eta Hasier Etxeberria "gaztetxoak".

Negatiboari nik neuk duela berrogei urte ezarritako data okerrekoa ez bada, argazkia 1972koa da. Lehen saria hamalau urteko Patxi Baztarrika ataundarrak irabazi zuen eta bigarrena, berriz, Pello Agirre donostiarrak (Ramon Agirre aktorearen anaia zenak). Eurekin batera, Julene Azpeitia, 84 urte zituela; Don Pedro Gorostidi Arrateko abadea eta Andoni Idoiaga Ikastolaren lehendakaria.

                         Peli Aldazabal 1972

          Atzean, Andoni Idoiaga. Aurrean, Don Pedro, Pello Agirre, Julene Azpeitia eta Patxi Baztarrika

Julene Azpeitiak harreman estu samarrak izan zituen Arraterekin. Bai hainbat aldiz Peli Aldazabal Idazlehiaketaren epaileetakoa izan zelako, eta baita Arrate Irratiaren aurrenengo urteetan behintzat irratsaioren bat edo beste egin ere egin zuelako.

 Julene Azpeitia

Julene Azpeitiaren gutuna (1962.05.31), Norbert Tauer-i idatzia

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: