Musikaren inguruan
Hasierako lehen konjuntoen argazkiak behar ditugu
Blog honetako 2022/11/18ko sarreran eman nuen Leok’k-en "Bizirik Hala Ere” diskoaren aurkezpenaren berri, Zarautzen, 2022/11/23an, bertan eskualdeko lehen rock taldeei omenaldia eginez, “Rockaren sorrera gogoan” ikusentzunezkoaren bidez.
Ekitaldi bera Zumaia eta Orion ere antolatu da eta datorren irailaren 17an eguerdiko 12:30etan Elgoibarko Aita Agirre aretoan izango da.
Elgoibarko honetan Debabarreneko rock hastapenei begiratuko diegu, hau da, 1967-1972 urteen tarte horretan rockarekin hasi ziren talde haiei. Konjuntoak deitzen ziren eta dantzalekuetan aritzen ziren igande arratsaldeetan nagusiki.
Garai horretan Debabarrenean ari ziren konjuntoen edo guatekeetan edo dantzalekuetan ari zen jendearen argazkiak nahi ditugu,
Ikusentzunezko adierazgarria izan dadin, adibidez, Eibarko Sonidos del Silencio,96 Lágrimas,Revolución70, Cupula, Soraluzeko Los Mansos,edo Elgoibarko Expresión Sonora. Gehiago ere izan litezke, La Bolerako argazkiren bat ere bai.
Argazkiez gain konjunto bakoitzetik kontakturen bat ere behar dugu omenaldia burutuko badugu.
Hortaz, plataforma honetatik eskatuko nuke argazkiak Elgoibarko Kulturara edo, eskaneatu eta, leokkmusic@gmail.com -era ere bidaltzea.
Elgoibarko Musikarien Elkartearen eguna
Elgoibarren lehen rockzaleak 1969 baino lehenagotik hasi ginen azaltzen.
Halere, musika estilo hau jotzeko irrikitan geundenontzat oso zaila izan da instrumentuak erosi nahiz entseiatzeko lokalen bat izatea ere.
Udalen zerbitzuak ugaritzen (margolaritzan nahiz esku-lanetan aritzeko lokalak jartzen) hasi ziren sasoian ere rock musika eta antzekoak ez dira praktikan “musika” konsideratu. Udal banda, txistulari eta dultzaineroen bandak Elgoibarko udalak bere egin zituen hasiera-hasieratik, herentziaz, eta aski geroago Udal Musika Eskola bultzatu zuen. Eta hor mugatu zuen bere babesa herriko musikari, rockarekin ari ginenon jarduerari ezikusia eginez, nahiz eta, hauen artean Euskal Herrian eta euskaraz entzunak izan diren musika-lanak urteetan zehar argitaratu diren (Koska, 6Nemen9, Ehun Kilo, Arima Beltza, Jon Gurrutxaga, Amorante, Maraca Diablo,Islabat, Muzak, Ellie Jensen, ...).
Udal korporazio batek rock musikazaleen zerrenda egin eta zenbait bileratara deitu ere egin gintuen. Elkarte edo antolaketaren bat egitea eskatu zuen, baina dena delakoagatik saiakera bere horretan geratu zen.
2018an, ordea, Elgoibarko udalak zerrenda hartako rock musikari hauek bildu eta Pedro Muguruza eskolako behea eskaini zigun geuk kudeatzeko elkarte bat egitekotan.
Udalak lokalak egokitu zituen (ate isolatzaile eta seguruak, aire zirkuitua, gelak itsuak baitziren, eta bost lokal eder prestatu zituen) batetik, eta musikariok elkarte bat sortu genuen, Elgoibarko Musikarien Elkartea, EME 2018ko abenduaren 18an 40 bazkiderekin eta 20 bat proiektutan banaturik.
Elkarte berruko hizkuntza euskara da eta, nik dakidala, musika-proiektu guztiak euskaraz dira.
Pandemia pasa eta lehen urtean musikariei eta jendaurrerako zenbait tailer edo mintegi antolatu ondoren, 2022ko apirilaren 30an EME eguna, gure eguna, ospatzea erabaki eta halaxe bete genuen Madalan jendearen aurrean, aire librean lagunarteko bazkari batekin eta 6 talderen kontzertuekin herrian arrakasta eta ikusmira nabariak sortuz.
Aurten berriro errepikatu da 2023an apirilaren 22an, bazkariaren ondoren, lehenik 7 kontzertu desberdinekin (Gabi et Alfon, Xut, Bikustik, Brilet, Amorante, Kokoteraino eta Amildegi) eta horretaz gain, Bertsio Festa ere eman da, musikariak bertsioak egiteko berariaz elkartutako musikariekin.
Egungoa aurkeztu eta iragana gogora ekarri
Eman nuen hemen Leok’k euskal rock taldearen azken CD aren berri.
Berau aurkezten ari garen garai honetan, datorren asteazkenean, azaroak 23, Zarauzko Modelo Aretoan egingo dugun egungo Leok’k-en “Bizirik hala ere” lan egin berriaren aurkezpenarekin batera rocka jotzen hasi ziren lehen taldeen partaideei, belaunaldi bati, egingo zaio errekonozimendua.
Izan ere, Leok’k taldearen sorrera eskualdeko lehen rock taldeen izenekin batera agertzen da. Talde haien lagun, partaide, senide eta adiskideen laguntzaz eskuratu dugun material grafikoaz “Rockaren sorrera gogoan” izeneko ikusentzunezkoa prestatu dugu, horrela, hainbat urteren ondoren, merezitako errekonozimendua aitortuko zaie.
Elgoibarko “Expresión Sonora” ere bertan sartu da urte haietan sarri askotan jotzen genuen eta eskualde hartako dantzalekuetan.
Jakina, hemen agertzen direnak agian ez ziren guztiak izango, baina ziur egon hauek bai izan zirela.
Bestela ere
Badok-ek, Berria egunkariaren musika-plataformak, halako batean, nire gustuko euskal kanten playlist bat egingo ote nuen eskatu eta baietz esan nuen. Baietz esan banuen, esan nuen. Etxetik kanpo nengoen eta denbora hemendik eta handik atera behar izan nuen. Zer aukeratu? Gustuko kantuak, horrela, besterik gabe? Pertsonalki nolabait ezagunak ditudan musikarien kantak lehenetsiko ote nituen?
Ez dakit ba. Erronkari eutsi eta hautatu nuenari begira esandako motibazioei erantzun niela ohartzen naiz, beti ere niregan kontraesanik sentiarazi gabe, kantu bakoitzarekin eroso sentituz.
Zerrendari “Bestela ere” izena jarri nion ziur asko ez ohiko irizpideak jarraituko nituen susmoa nuen eta. Hona hemen. ( Nahi izanez gero, hemen klik eginez entzun ditzakezu,)
Bi urte. Estitxu
Herri Irratietan Euskal Herri mutu hartako sugar ttikia zen Estitxu Robles-Arangiz lapurtarra, AEB etako musika euskaraz zekarrena, mi neu ere euskaraz ikasten ari nintzen sasoian.
Foto zaharrak. Rafa Rueda
Kanta hau entzuten dudanean, hunkitu egiten naiz, Euskal Herriko edozein etxe baten nostalgiaz.
Ura eta bakea Keu Agirretxea
Arrantza-ontziko malenkonia sentiarazten dit honek bere apaindurarekin, Afrikaraino naramalarik.
Begi argiz Desgaraian
Erritmo hirutarra dotore garatzen da emeki-emeki barrura sartuz.
Ezezerezko herrian Frikun
Nire fantasia musikalera hurbiltzen nau bere erritmo-kiribilekin
Kateak Jon Gurrutxaga
Kateak arrastaka bere ahotsaren erregistro guztiak harmonikoki bilduz giro aparta lortzen duelako hautatu nuen.
Negua joan da eta Zea Mays
Zenbat urte ikasle hark kanta hau ezagutarazi zidanetik!
Bilboko artizar honek hortzikara ematen dit entzundako bakoitzean.
Tiktara Ez Pentsa
Saltsa euskaraz geureganatzeko erabakia atsegina egiten zait, baita jaia eta dantza berriro elkartzeko aldarria ere.
Etzidamu Diabolo Kiwi
Nire fantasia musikalera hurbiltzen nau
Idi dopatuak Makulu Ken
Egungo musika afrikarra euskaraz ekarri digun proiektua. Ongi etorria.
Hamar Negu Ruper Ordorika
1967ko girora eraman eta emozioz biltzen nau testu argi batez.
Aurpegira begiratu. M.I.C.E
Isiluneen eta erritmoaren kontrola ahots irmo batez testua ongi sartzen delarik.
Millia Lasturko Maraca Diablo
Erdi arora bidaia Mendarorik zehar. Proiektu bakana iritzi nion.
"Bizirik Hala Ere" album berria jendaurrean
Leok’k (1968) musika taldearen 5. albumaren aurkezpena egingo dugu asteburu honetan.
Kanta guztiak taldeko kideren bat edo bestek eginak dira eta egungo teknologiaren laguntzaz partaide desberdinen estudioetan grabatu dugu. Hortaz gain, albuma diseinatu eta argazkiak ateratzea taldekide baten artea izan da. Gainerako gastuak, produktorea ordaindu eta CD-a prestatzea geure kontura joan dira. Kostu hauek estaltzeko, ezinbestekoa gertatzen da kontzerturen bat edo beste egitea.
“Bizirik, Hala Ere” izena du albumak, baita albumari (6 abesti) izena ematen dion kantak ere.
Izan ere, batez beste, 70 bat urteko musikariok osatzen dugu Leok’k eta musikan dihardugulako eta jarraituko dugulako diogu:
“Hala ere…
bizirik segitzen dugu, bizirik gaur
bizirik segitzen dugu, hala ere.”
Luis Llavorik konposatu du abestia(kantatu eta gitarra jo ere bai), Jesús Arambarri (piano eta organoa) eta David Gorospe bateriarekin batera.
Gainerako partaideak gara Gotzon Lizaso (sintetizadorea eta koruak), Juan Antonio Kortadi (gitarra ta koruak) eta ni neu (baxua eta ahotsa Hor Dabil” kantan).
Produktorea Eñaut Gaztañaga izan da.
Abuztuaren 5ean 22:30etan aurkeztuko dugu ofizialki Zestoako plazan.
Zarauzko surtidorean ere izango gara ondorengo egunean, abuztuaren 6an alegia, 20:00etan.
+
"Hor Dabil" abesti berriarekiko xehetasunak
Joan den astean argitaratu da ¨Hor Dabil¨ kantua Leok´k taldearekin. Hemen hura eraiki bitarteko xehetasun batzuk deskribatuko ditut.
Kantu hau egiteko testu bat sortu nuen aurreneko. Egitura bat jarraitu nuen buruan bueltaka nituen ideia batzuei forma emanez. Musikan betidanik, hemen nahiz han, eman den musikariaren figuraren aipamena egin nahi izan nuen. Testua hasieran lauso ageri zaizun arren, idatzi ahala argiago agertzen da.
Bi bertsotan deskribatu nuen pertsonaia, hauetako bakoitzean azalpen desberdina eginez, lehenengoan aditza lehenaldian jarriz (haurtzaroaren gainean ari da eta) eta bigarrenean orainaldira ekarriz. Leloa aurkeztuko da lehen aldiz musikariaren jende aurreko papera deskribatuz.
“Hor dabil, kantuari bizitza ematen
Hor dabil, notak airera emeki askatzen
Hor dabil emozioen pil-pila zabaltzen
Hor dabil, jendearen umorea margotzen”
Hirugarren estrofan pertsonaiaren adin heldua eta musikari ematen dion bizitza azaltzen dut, leloa beste behin eta birritan berriro errepikatu baino lehen, horrela pertsonaiarekiko atxekimendua azalduz.
Leloaren barruan “Hor dabil” izenburua errepikatzen da, kanta osoari lotura eman, motibu nagusia agerian utzi eta gogoangarria egiteko.
Gero etorri zen testua zehaztu eta lehen akordeekin aproba egitea. Jakina, kantan zehar emozio asko aipatzen dira eta haiek kokatzeko minor akorde bat, Mi m, hartu nuen oinarritzat, baina leloan poza eta alaitasuna dagoenez, haren erlatiboari ekin nion, Sol M, horrela aldaketa biguna eginez.
Estrofa bakoitzak 15 silabako lau lerro ditu, errima itxi samarrekin, barruan, 8-7 silabako zatiak eginez.
Kanta istorio bat kontatzeko zenez, testuak musikaren gainean erraz irristatu behar zuen eta hartarako musika eraiki nion. Musikak ezin zion ebatsi arreta testuari kanta honetan.
Leok´k taldean kantaren apaindura, soloak eta beste xehetasunak erantsi zitzaizkion.
Beno, hemen entzun dezakezu. Ea goian kontatutakoari entzuten duzunarekiko lotura hartzen diozun.
https://youtu.be/xrjSQQ5SZuw
Abesti berri bat musikatik abiatuz (2)
Aurrekoan abesti berri bat testu batetik abiatuz egiteko nola konpontzen naizen edo ze pausu jarraitzen ditudan azaldu nuen. Gaur, berriz, musika-elementu batetik abestia osatu arte nola moldatzen naizen agertuko dut.
Aldez aurretik, bidea beti bat ez dela aitortuko dizut, niretzat jolas baten edo labirinto baten antz handiagoa du eta.
Gogo bizia behar izaten dut, izan ere, asebetetzen nauen zerbait osatuko badut, abiapuntutik urrunegi joan diren zirriborroak baztertzeko adina adore beharko dut eta.
Instrumentu harmoniko bat behar izaten dut (gitarra nire kasuan, … ) halako batean akorde progresio bati heltzeko.
Honako elementu hauetako batek bultza nazake kanta bat egitera: akorde progresio bat (errepikatuko den akorde sekuentzia bat esan nahi dut), gitarra edo piano lerro bat edo, burura behin eta berriro datorren melodia bat ,adibidez.
Bultzada horri lilura deituko diot.
Lilurari izenburu bat jartzen diot, izan ere, izenak lilura nolabait definituko du eta orientatu egingo nau geroago.
Halako batean, lilurak gehiago tira egiten ez duen edo ideia hori antzutu egin den sentsazioa senti daiteke. Orduan, nola edo hala gorde egiten dut, neure kasuan mugikorreko ahots-ohar bat bezala, edo aplikazioren batean partitura edo audio gisa.
Musika-elementu liluragarrien bilaketa eguneroko jolasa edo lana da. Nahi duzun bezala deitu, baina etengabea da.
Horrela egunero, edo oso sarritan, behinik behin. Ez dut baztertuko ezer, ezta ezer golkoan gordeko ere, dena berriro errekuperatzeko moduan izango dut.
Alde batera utziko dut pausatzen eta hurrengo egunean atzera begiratuko dut ea zer iruditzen zaidan, elementu txepela den ala hasierako lilura oraindik piztu eta kanta eraikitzen jarraitzeko burutazio berriak iradokitzen dizkidan.
Abestia osatzeko, hiru bat zati loturik behar izaten ditut, bertsoei, leloari eta zubiari dagozkionak, alegia. Eta denak hari batez loturik, hezurdura musikal batez eta testu batekin. Askotan musika eta testuarekin, biekin batera jarduten dut, baina azalpen errazagoa eta ulergarriago baten mesedetan zatitu dut neure esperientziaren kontaketa.
Nola egin abesti berri bat (1)
Gogoa duzu eta ez dakizu nondik hasi. Erridikuluaren beldur ere izan zintezke.
Badaude hor zehar abestiak egiten ikasteko ikasketak, baina nik jolas moduan proposatzen dizut.
Musikazalea bazara, abesti pila bat entzun dituzu, beharbada jo eta kantatu ere bai haietako batzuk.
Hasi egingo gara. Testutik ala musikatik hasi?
Biak batera ere etor daitezke, sarritan gurutzatu ere egin daitezke, baina zatika azaltzen badizut hobeto ulertuko da.
Atal honetan testuarekin hasiko gara eta hurrengoan musikari helduko diogu.
Abestiaren bi testu-parterik garrantzizkoenak zerrendatuko ditut:
Bertsoak, non istorioa edo, kontatu nahi dena azaltzen den eta leloa, gaztelaniaz "estribillo", ingelesez "chorus" deitzen dena.
Jolasa testurako ideiak bilduz hasten da. Paperean edo mugikorreko oharretan idatziko dituzu ideia guztiak: leloak, “estribillo”, izan daitezkeenak, hitz jokoak, kantarako motibazioak… Ez baztertu ezer, ez gorde ezer golkoan, idatzi hor. Egunean behin gutxienez. Noiznahi, beti, etengabe.
Poliki-poliki, burua hartara jarri eta sortzeko erraztasuna, sormena, garatuko duzu.
Gero bakanketa, entresaka, egiteko unea iritsiko zaizu, edo… agian, arrantzan egingo duzu, ideia pila horretatik bat edo beste hartu eta abesti forma emateko asmoz.
Jolasaren hurrengo maila idazketa da, hau da, hasi idazten aukeratu duzun gaiaz, silaba kopuruari, ezta errimei ere erreparatu gabe, idatzi eta idatzi. Hor benetan adierazi nahi duzuna askatu behar duzu. Idatzi eta utzi alde batera pausatzen. Hurrengo egunean begiratu ea zer deritzazun. Eta horrela.
Hirugarren fasea poliki-poliki buruan zegoen horri, egunak pasa eta oraindik liluratzen zaituen horri forma ematea da.
Hortik aurrera, zeuk zeure aldetik edo ikasteko iturri formalagoren baten laguntzaz ikasiko duzu, jolas horretan diharduzun neurrian.
Hurrengoan musikari helduko diogu.
Martxan berriz ere
Jaso berri dut Elkarrek Katebegiak izenez argitaratu duen 1972-1985 bitarteko euskal musikaren albuma. Album horretarako, Koskarekin egin nuen “Ogia Eska” abestia aukeratu dute, albumeko abesti guztietatik zaharrena, 1976koa, baina 1971an sortua, euskaraz ez ginen ongi moldatzen eta Elgoibar Ikastolako maisua izan zen ANtton. Haranburuk egindako testuarekin. Oso urrun geratzen zait hori dena, baina hor dago album polit batean, Elkar argitaletxeari eskerrak.
Koska hartatik bizi diren lagunen artean banatzeko adina ale bidali dizkidate.
Eta orain, berriz, Gabirekin berriro entseguan nabil, aplikatzen denean bertsioak eta kantatu eta jotzeko.
Eta Zestuako Leok’k ekin "Bizirik Halere" diskoaren produkzioa egiten eta entseguetan hasiko naiz aste honetan. Disko hau Eñaut Gaztañaga teknikari-produktoreak biribildu du eta 2022an zehar argitaratu et aurkeztuko dugu.
Era berean, presarik gabe eta kera handirik gabe neronen musika proiektua prestatzen eta grabatzen. Momentua iristen denean emango dut berorren berri xeheagoa.
Katebegiak
1971an, 18 urte, Orioko Txurruka “kanpalekuan”, uztaila, gitarra bat. Ho sortu zen Koskak 5 urte geroago atera zuen "Ogia Eska" abestiaren ernamuina.
Antton Aranburuk, Elgoibarko Ikastolako irakaslea, egin zion testua, orduan besteok ez ginen euskaraz idazteko gai eta.
Abesti melodikoa, ahots joko polita lortu genuen, gitarra bat hura biribilduz eta erritmo desberdinak bertan barruan.