Irudien mundu hau
Historikoki musika dantzarako, jaiak alaitzeko, edo, noizean behin, besterik gabe entzuteko ere izango zen.
Behin irratia asmatu eta zabaltzen denean, jendea bere lanetan irrati bat lagun duela datorkit gogora, irratiak bazeudeneko sasoikoa bainaiz. Orduan, urruneko irratietan gauetan entzuten genituen musika estilo desberdinak, baita irratia propagandarako tresna indartsua ere bazen.
Baina entzuteak muga bat zuen, ez zuen arreta zeharo bahitzen, barneko irudi eta pentsamenduak geuk sor genitzakeen eta. Telebistaren etorrerak ez zuen gehiegi aldarazi panorama hura hasieran, bakana eta mugatua izan zen neurrian.
Gaur egun, ordea, desberdintasun nabaria aurkitzen dut: jasotzen dugun informazio guztia, dela artea, albisteak edo artikuluak, ohiko kanaletatik nahiz sare sozialetatik irudiz osatuta datozkigu, argazki nahiz bideo, eta horrek, alde batetik, informazio beteagoa eskaintzen digu, eta, bestetik, eragin zuzenagoa ere badu guregan, gure pentsamenduetan nahiz emozioetan, gure iragazki pertsonal edo kritiko indartsu bat eraiki ezean.
Horregatik, piska bat pentsatuz gero, kantari nahiz musikoak “ikusteko” afan hori, nola halako adorazioa, alegia, eragiteko ahalegina, marketing musikala deitzen denak, kantuen bideoak edo haien irudiak, boladako arropekin, beti-gazte itxuran, … musika bera, kantua, irudien soinu-banda bihurtzen du.
Eta musikaz gozatu ez, beste helburu bat duelakoan nago: izarrak sortzea, hau da, fama eta dirua.
