Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Ez dago maitasun perfekturik

Markos Zapiain 2023/07/06 13:15

Luzaro maitasunak ez du ezkontzarekin zerikusirik izan. Maitasunagatik ezkontzea iraultza bat izan da, oroz lehen emakumeei eragin diena. Aurretik, ezkontzak herri osoaren edo familiaren erabakia ziren. Alabak eskaintzen ziren, esaterako, bi familien arteko liskar luze batean, borondate oneko opari gisa, onezkoak egiteko sari gisa. Edo truke-gai: zuk niri lau behi, nik zuri alaba. Hori aldatu zen neskak soldata propioa irabazten hasi zirenetik. Ordutik aurrera hasi ziren andreak nahi eta maite zutenarekin ezkontzen.

Lehenago, batetik ezkontza zegoen, eta bestetik maitalea; baina zuhurtziak ezkontza eta maitasuna ez nahastea agintzen zuen. Montaignek zioenez, maitearekin ezkontzea da saskian kaka egin eta ondoren buru gainean jartzea. Emaztearekin harreman lasaia, heziera onekoa bilatu behar zen, umegintzari lotua, baina pasioa uxaturik. Pasio erotikoa eta maitasun erromantikoa omen baita etxeko patxada suntsitzeko biderik azkarrena.

Zer da ordea maitasuna?

Francis Wolffek “Ez dago maitasun perfekturik” liburua maitasuna definitzeko ahaleginari eskaini dio, orain arte filosofiak maitasuna definitzeko orduan huts egin omen baitu.

Adibidez, Spinozak poz gisa definitzen du amodioa, kanpoko ideia bat lagun daramana. Ordea, hori ez ote da jendeak buruan duen maitasuna baino franko zabalagoa, nahiz eta batez ere iparraldean “maite” hitza darabilten moduarekin bat etorri? Gose naizelarik, txuletaren ideiak pozten nau, txuleta maite dut, baina ez dut uste poz molde hori dugunik gogoan maitasuna definitzen ahalegintzen ari garenean, ezin dira berdindu beste gizaki bat maitatzea eta txuleta maitatzea (ezta?).

 

DESIRA, PASIOA, ADISKIDETASUNA

Wolffek analogia musikal hau darabil filosofatzea zer den adierazteko: XVIII. mendeko kastratiak bezala abestea da filosofatzea, umearen ahotsa eta helduaren teknika erabilita, munduari buruz galdetzea ume aldartez eta helduaren zorroztasunaz ihardestea.

Eta hauxe ondorioztatuko du: maitasunak desira, pasioa eta adiskidetasuna barnebiltzen ditu, proportzio desberdin eta aldakorretan. Hiru horietako bat bakarrik ez da amodioa. Hirurak bildurik, amodio eredugarria genuke, prototipoa. Maizetan, hiru ezaugarrietako bat falta denean ere, maitasuna daukagu; ezaugarri biren arteko konbinazioa ere maitasuntzat hartu ohi dugu. Konbinazio horiek, edozelan ere, beti izaten dira konplexuak, ezegonkorrak eta inperfektuak.

Wolffen definizioak maitasun harreman errealen etengabeko aldaketari leku egiten dio, behintzat. Eta ez dira kanpoan gelditzen, filosofiak sortu dituen beste definizio batzuetan bezala, pasiorik gabeko abenturak, ez desirarik gabeko amodioak, ezta maitasun obsesibo eta eroak ere, sufrimenduak eta maitearenganako ezinikusiak markatuak, non maiteari onura eta poza opa dion laguntasuna falta den.  

Agustin Arrietaren "Sinesmenak eta usteak"

Markos Zapiain 2023/06/23 11:15

2010ean atera zuen Agustin Arrietak, Alberdania argitaletxean, “Sinesmenak eta usteak” liburu polit bezain sakona, laikotasunaren oinarritze filosofiko sendo bat eskaini duen lehenbizikoa gurean, nik dakidala.

Ez dator bat EAJrekin. “Hezkuntza Laikoa” elkartea alderdi politikoekin bilerak egiten ari da laikotasunaren aldeko bere jarrera ezagutarazteko, batez ere hezkuntzan, ea alderdiak beren programetan zerbait sartzera animatzen diren. Jeltzaleak dira bakarrak garbi esan digutenak ez daudela ados. Zergatik? Kristau fedeak, berez, edonorentzat balio duen etika proposatzen omen duelako.

Hain zuzen, Arrietak dioenaren kontrakoa: “etika kontuetan, Jainkoa aipatzeak ez du ezer konpontzen, erlijioa ez baita moralaren edo etikaren funtsa. Platonek aspaldi erakutsi zigun etika ezin dela erlijioan funtsatu”. (168 or.) Autonomoa eta beregaina baita Arrietarentzat etika, morala, balioen esparru hori; jeltzaleentzat, itxuraz, ez. 

Edozelan ere, egiari zor, Sabin Etxean egon ginenean egundoko hotza zegoen kalean, kontraste itzela zazpigarren solairuko moketa goxo, gela dotore eta harrera eskuzabalarekin, eta ezin ukatu, aurrez aurre neukan Zazpiak Bat ederrari so,  printzipioak ahaztu eta alderdiko karneta han bertan eskatzeko gogo bizia sentitu nuela. Ana Esther Furundarena zein Jesus Lekerikabeaskoa ordezkari jeltzaleek badakite entzuten eta desadostasuna begirunez adierazten, badakite zer den elkarrizketa zintzoa.   

(Jeltzaleekin baino esperientzia kezkagarriagoa izan dugu beste alderdiekin: arrazoia eman digute auzi orotan, baina gero, lege-proposamenen bidez printzipio laikoren bat mamitzeko aukera dagoenean, ez da ezer ageri, edo bestela orokorkeriak baino ez.) 

Harira: “Sinesmenak eta usteak” liburuan Arrietak iritziak, sinesmenak, egia eta konstelazio horri dagozkion ideiak aztertzen ditu, ingelesez mintzo den filosofia harturik batik bat abiapuntutzat (Hume, Russell…), eta zentzu komun edo zentzu onaren alde jotzen du. Arrietaren ustez, erlijioa ez bezala, zentzu komuna etikaren oinarri izan liteke; zentzu komunaren arabera, usteek eta sinesmenek egiarekin bat egiteko joera izaten baitute, egiazkoak izan nahi izaten dute.

Erlijioetan, berriz, ez da gisakorik gertatzen. William Jamesek eta Wittgensteinek diotenez, fededunei ez zaie axola beren sinesmenak egiarekin bat egiten ote duen. Fedeak funtzionatzen die, kito.

Badut lankide bat, I.E., Gallarta ingurukoa, arbaso komunistak, bataiatu gabea, atsegina bezain argia. Hamazazpi urte zeuzkala hil zitzaion aita. Sekulako trauma. Fede katolikora konbertitu zen. Dolua gainditzen lagundu zion. Eta, orduz geroztik, fededun jarraitu du. Caritasekin ibiltzen da pobreei, etorkinei eta prostitutei laguntzen. Ez zaizkio asko axola mirariak, Ama Birjinaren birjintasuna, Jesu Kristoren itzulera, gorputzen berpiztea denboraren amaieran, Hirutasun Sainduaren misterioa… Horrelakoetan ez da batere katramilatzen, ez diote denbora galarazten, ez du batere kezkatzen ea egia zientifikoarekin edo zentzu onaren egiarekin bateragarriak ote diren. Fedeak funtzionatzen diola, hori da inporta zaiona.

Bestelakoa izaten da jarrera filosofikoa. André Comte-Sponville filosofoaren ama depresiboak bere burua hil zuen, eta gero alaba txikia ere hil zitzaion. Hamazortzi urte bete arte ez zuen fedea galdu, ederki ezagutzen zituen otoitza eta itxaropena, baina zartako horiek eramateko fedeak ez zion funtzionatu eta filosofiak bai, lagundu egin zion. Comte-Sponvilleren ustez, filosofiak, erlijioak bezala, nolabaiteko zoriona bilatzen du, bizimodu ona; baina, erlijioak ez bezala, ez die egia mingarrienei ezikusia egiten, egia gordinekin konpatibleak diren bizimodu ona eta zoriona bilatzen ditu. Horixe da, halaber, Agustin Arrietaren abiapuntua. Sinestunarentzat, arrazoiak fedearen zerbitzura egon behar du; filosofia, aldiz, era autonomoan ahalegintzen da arrazoia erabiltzen.

Hain zuzen, Max Weber batentzat heteronomiak definitzen du mentalitate erlijiosoa. Erlijioetan, oro har, gure inguruko monoteismoetan bai, bederen, liburu sakraturen batek erabaki izan ditu esparru juridikoa, esparru politikoa, esparru etikoa eta eguneroko bizitza. Erlijiotik askaturiko giza munduan, ostera, mundu laikoan, arrazoi autonomoak erabakitzen ditu legeak, ordezkari eta agintariak, balioak.

Edozelan ere, Jainkoak ez baldin badu inongo zerikusirik egiarekin, Jainkoagan sinestea kontu zeharo pribatua baldin bada, Wittgensteinek eta William Jamesek dioten legez… primeran, benetan hala balitz! Tamalez ordea, behin eta berriro ikusten ari garenez, sinesmen erlijiosoek etengabe bilatzen dute espazio publikoaz jabetzea, diru publikoaz, irakaskuntza publikoaz, eraikin publikoez. Ez dirudi eremu pribatura mugatzearena oso joera indartsua denik gure inguruko elizen jokabideetan.

 

Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azote

Markos Zapiain 2023/06/03 19:20

Gizarteak hainbat aurreiritzi, diskriminazio eta presio ezartzen ditu nagusi diren edertasun-estandarren arabera "itsusitzat" jotzen diren lagunen aurka. Baztertu eta zigortu egiten ditu erakargarritasun fisikoaren ideal sozialekin bat ez datozenak. Gorputzen kasuan, urruti gaude aniztasuna onartzetik eta inklusibotasunetik. Hona hemen gizarteak "itsusitzat" jotzen dituenak baztertzeko eta zigortzeko darabiltzan zenbait azote:

Bazterketa: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonek gizarte-bazterkeriari edo ostrazismoari aurre egin behar izaten diote. Garbi sumatzen dute onarpen falta, kuadrilletatik kanpo geratzen dira, lagunak egiteko edo harremanak sortzeko zailtasunak izaten dituzte.

Estereotipoak eta aurreiritziak: itxura fisikoari lotutako estereotipo eta aurreiritziek susmo negatiboak eta tratu bidegabeak eragiten dituzte. Erakargarritzat jotzen ez diren pertsonak barregarri utzi edo estigmatizatzen dira, eta barre eta estigma horiek ez dute oinarri itxura baizik.

Diskriminazioa lantokian: ikerketek erakutsi dute erakargarritasun fisikoak enplegu-aukeretan eragina izaten duela. Erakargarriak ez diren pertsonak galtzaile ateratzen dira nor kontratatu erabakitzeko orduan, edo enpresa barruan nork egingo duen gora. Enplegatzaileek edertasunaren estandarrekin bat datozenen alde egiten dute. Nabarmenagoa da emakumeen kasuan: Barbie ETBn (eta non dago Ken?).

Bullyinga: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonak ahulagoak eta zaurgarriagoak izaten dira bullyingaren edo txantxa krudelaren aurrean. Horrek eragin penagarria izaten du haien izaeran, bizimoduan eta osasun psikologikoan.

Hedabideen jazarpena: komunikabideek behin eta berriro azpimarratzen dute edertasun-estandar jakin batzuk ezinbestekoak direla onarpen soziala, arrakasta eta zoriona erdiesteko. Ez bazara iristen, ez duzu izango bazterketa eta miseria baizik.

Sare sozialetako irainak eta dietei ekiteko presioa: erakargarritzat jotzen ez diren lagunak lotsari aurre egin eta gorputza jendaurrean erakustera ausartuz gero, adibidez sare sozialetan, barre gaiztoak eta irainak erakarriko dituzte: Desaparece del mapa, puta gorda!

Orobat, sarkasmoz zipriztinduriko presioa jasango dute, gizarteak edertzat duenera egokitzen ahalegintzeko dietak eta kosmetikoak erabiltzen hasteko, behingoz.

 

ZER EGIN

Hasteko, batez ere neska nerabeak burua hiltzera eraman dituzten sare sozialetako milaka irain anonimo horien aurka, zentzuduna dirudi sareetako anonimotasuna debekatzea, eta, debekua ezartzen ez den bitartean, sareetan idazten denak erantzule garbi bat edukitzea. Elon Musk litzateke Twitterren, egunkari eta aldizkarietan idazten denaren azken erantzulea zuzendaria den bezala.

 

FILOSOFIA HELENISTIKOA

Filosofia helenistikoaren printzipioak barneratzea ez da txarra ez itsusientzat, txorakeria sozialetatik paso egiteko, baina ezta ere ederrentzat, bizitzak aurrera egin ahala sorpresa handi bat izaten baitute ezustean: nola da posible, ezin ederragoa naiz, arrakastatsua, nonahi pizten dut inbidia, eta hala ere larridura ilun bat sentitzen dut beti bularraldean.

Itsusismoa

Markos Zapiain 2023/06/02 20:45

Arteak itsusia salba dezake, badago itsusiaren errepresentazio ederra. San Buenaventurak zioenez, Luziferren beraren errepresentazioa ere ederra izan liteke. Adibide asko dauzkagu pinturan, literaturan. Badago mugimendu bat itsusiari balio estetiko garrantzitsua ematen diona, Itsusismoa. Itsusismoaren obretan artista laketzen da gauza, piztia, jende, toki edo egoera nazkagarriak irudikatzen.

Artistak, itsusia berariaz erakusteko, hainbat bultzada izan ditzake. Errealitatearen alderen bat salatu nahi izan dezake, edo bizitza bera. Higuina eragiten dioten pertsonak edo egoerak irudikatuz, ikusleak kontzientzia hartzera bultzatu nahi ditzake, eta ankerkeria aldatzen laguntzera, "Gernika" margolanean, "Hurricane" abestian edo “Dortokek hegan egin dezakete” filmean bezala.

Bestelako bultzada bat: edozein konbentzio solidoren aurkako mespretxua aldarrikatu; esaterako, nagusi den irizpide estetikoaren aurka. Baudelairek burgesa nazkatu nahi du, sentiberatasun txintxoari izugarri eta kondenagarri zaionari kantatu: ardoa, eritasuna, intzestua, krudelkeria, satanismoa, krimena…

"Hurricane", “Dortokek hegan egin dezakete”, “Gaizkiaren loreak” edo “Gernika”ren kasuetan, behintzat, ia inork ez du eztabaidatuko: Itsusismo izena artelanak irudikatutakoari dagokio, ez teknikari, hain gutxi emaitzari. Artelan horiek politak ez agian, baina ederrak bai, badira, formari dagokionez bikainak, irudikatzen dutena higuingarria izan arren. 

Sakonki aztertu ditu Seve Callejak gaur egungo Itsusismoaren adierazpenak “Zoritxarreko munstroak: bestearen irudi deformatu eta groteskoa” liburuan. Callejaren ustez, Itsusismoak, estetika modernoan, makabroa egunerokotasunera dakarkigu, gugandik hurbilegi, eta espektakulua eskaintzen digu, salaketa edo kontzientzia konbentzionalaren astintzea baino gehiago. Ankerkeriaren erakustaldiak ez duenean helburu artistiko edo etikorik (Edgar Allan Poek bai, edertasunaren eta sublimearen zerbitzura jartzen zuen makabroa), orduan artearen beraren eremutik kanpo geratzen da. Egia da espektakulua erakargarria izan daitekeela, ikusle batzuek gozamen sadikoa aurki baitezakete bertan, edo emozio gogorrak. Baina hor ez dago ez bidegabekeriaren kritikarik ez pretentsio artistikorik: itsuskeriaren esplotazio komertziala baino ez, jende ero eta deformea zirkuan erakusten zutenean bezala.

 

 

 

Edertasuna bilatzen ez duen artea

Markos Zapiain 2023/06/02 19:50

Abangoardiek piztu zuten harmonian eta proportzioan oinarritzen zen edertasun kanonikoaren aurkako matxinada. Konbentzionaltzat jo zuten edertasun klasikoa, burgestzat. Maneten Olympia, Picassoren Avignongo andereñoak, Marcel Duchampen pixatokia… Lehenbiziko biek edertasun klasikoaren aurka jo zuten eta Duchampen pixatokiak arte klasikoaren aurka. Aurrerantzean, artetzat hartuko da ez ikusleak edertzat duena, edo gustuko duena bederen, baizik artistak berak artea dela erabakiko duena. Zerikusi gutxi Diskoboloaren, Udaberriaren kontsakrazioaren edo Delft-eko ikuspegiaren oreka lasai atseginarekin. 

XXI. mendeko lehenbiziko laurden honetan indartsuen dabiltzan mugimendu artistikoen artean, adituek gorea lehenesten dute (anputazioak, kanibalismoa, serieko hiltzaileekin lankidetza...). Diru-laguntzen %80 harrapatzen du eta aldi berean gore-obrak dira garestienak. Adituek aipatzen dituzte, orobat, gorputzaren artea, grafitia, performancea eta arte birtuala; azken hau, batez ere, mangaren eta fantasia heroikoaren eraginpean dauden gazteek baliatua. Artista askok jarraitzen dute sentitzen tradizioa hautsi eta estiloz aldatzera behartuta daudela, Duchamp edo Picassoren ildotik. Panorama horrek mugimendua adierazten du, gaztetasuna, berrikuntzen bilaketa etengabea, Grezia klasikotik XX. mendera arte edertzat hartu izan denaren aurkako errebolta.

Hedabideen arreta bereganatzen duen sortzaile mota horrekin kontrastean, dena den, badira erakusleiho distiratsuari eta ateraldi harrigarriari uko egiten diotenak ere, artista-jarreran zein obraren edukian, berria baino gehiago ederra bilatzen duten artista diskretuak, erreserbatuak, museo, galeria eta aldizkari espezializatuetako popeei keinu konplizeak egiteari uko egiten diotenak. Ez gara alferrik zortzi mila milioi biztanle gure planetan. Denetarik aurki dezakezu artearen munduan ere.

Distopien funtsezko helburuaz

Markos Zapiain 2023/06/02 16:40

XX. mendeko distopien artean, lau eleberri hauek nabarmendu ohi dira: Aldous Huxleyren Bai mundu berria; George Orwellen1984; Ray Bradburyren Fahrenheit 451; eta G.H. Wellsen Denboraren makina. Wellsek idatzi zuen hainbat espezie desagertu dela gure planetan era atseginean, molestatu gabe; aldiz, gizakiok labirintoan galdutako mozkor koldarren antzera suntsituko omen gara, edo arratoiak bezala zakuaren barruan, elkarri min eginez.

Deigarria da zelan joan den utopien eta distopien kopuruen arteko aldea zabaltzen. XXI. mendean, ia ez dago honezkero utopiarik; aitzitik, izugarri ugaritu dira distopiak: Neskamearen ipuina, Black Mirror, Minority Report, Robocop, Mad Max, Laranja mekanikoa, Matrix eta hainbeste eleberri, film eta serie.

 

KAPITALISMOA IRAUNARAZEA XEDE

Distopia-parrasta hori batez ere AEBetatik datorkigunez, Layla Martinezek eta beste aditu batzuek ondorioztatu dute hor atzean konfabulazio bat egon behar duela, kapitalismoa iraunaraztea duena helburu.

Hauxe arrazoibidea, gutxi gorabehera: etorkizuneko gizarteak behin eta berriro agertzen bazaizkigu bidegabe eta klasista, miserable, matxista, arrazista eta homofobo, suntsituriko naturan erdi itoak, orduan inkontzienteki pentsatuko dugu: hobe ezertxo ere aldatu gabe, edozein etorkizun izango baita orain duguna baino are okerragoa. Edozein aldaketak eramango gaitu hondamendira. Akatsak akats, neoliberalismo kapitalista hau baino hoberik ez dugu asmatuko, eta, abenturetan sartuz gero, ezingo dugu erabateko desastrea eragotzi.

 

ZALANTZAK

Ez da ezinezkoa Bill Gates, Georges Soros, Vladimir Putin, Donald Trump eta Trilateralak konplota egin izana, eta distopiak barra-barra ekoitzi eta zabaldu izana gure garunetan halako mezu ezkorrak txertatzeko, daukaguna hobetzeko edozein ahalegin eragozteko.

Dena den, litekeena da ugaritze horretan garrantzitsua izatea halaber kasualitatea, eta moda, eta artean eta literaturan tristurak eta tragediak izan duten eta duten ospea, alaitasunaren eta baikortasunaren gainetik... Sakontzat jo izan baita oro har tristura, eta poza axalekotzat, nahiz eta kontrakoa izan egia. The Office da munduko telesailik sakonena.

 

ORAINGO GIZARTEETAKO AKATSAK SALATU

Eta distopiagileek funtsezko zerbait irakatsi nahi izan badigute, apika ez da edozein aldaketa kaltegarri izan dakigukeela, baizik eta orain bertan ez bagara kontuz ibiltzen eta ez baditugu lehenbailehen neurri zentzudunak hartzen, berandu baino lehen distopiak darakutsana jasan beharko dugula. Beraz, mezua ez litzateke “ez kapitalismoa aldatu”, baizik eta “aldatu zuhurtziaz kapitalismoa, baina aldatu”.

Distopien funtsezko helburua oraingo gizarteetako okerrak salatzea litzateke. Ez baldin bagara bidegabekeria horiek zuzentzen hasten, etorkizunak erremediorik gabe ekarriko digu distopian ageri denaren antzeko hondamendia: botere-gose ergel eta txoroen kontrolpean jendea; askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna birrindurik, eta berpizteko inongo itxaropenik gabe…

Zenbait garaikideri ezaguna egingo zaio. Baina, distopien gaztiguaren arabera, espabilatu ezean, are larriagoa izango da etorkizuna.

Esperantza eta desesperantza

Markos Zapiain 2023/05/31 21:25

Heriotzaren ezinbestekotasunak beldurra ematen du, eta beldur hori ei da gizakion gainerako beldur atabiko ugarien jatorri eta eredu (mikrobio pandemikoz kutsatzeari beldurra, sugeari, iluntasunari, ezezagun batek ezustean oratua izateari, Andoni Ortuzarri...).

Eta filosofiaren zeregin nagusietakoa denez edozein beldur apaltzen eta sendatzen laguntzea, heriotzaren beldurrari erantzun behar izan dio sortu zenez geroztik, erlijioak bezala. Halatan, filosofiari, etorkizunaz diharduela, eta ez baldin bada etorkizunaren garrantzia erlatibizatzera animatzen, zaila izaten zaio kutsu mesianikoa zeharo baztertzea (batez ere filosofia politikoan gertatu da).

Orain arte, hil ostean arima gorputzetik bereizi eta eternitatean sartuko dela, esperantza erlijiosotzat genuen eskuarki, dualistek etorkizunari begira eta heriotzaren beldurra uxatzeko asmaturiko baliabidetzat.

Aldiz, monistak eta materialistak dira Singulartasunaren Unibertsitatean gizakiak heriotza desagerrarazi eta betiereko bilaka daitekeela aldarrikatzen ari diren ingeniari eta filosofoak, adimen artifiziala garatzen dihardutenak. Berandu baino lehen lortuko ei du adimen artifizialak bere buruaren kontzientzia, bere burua pentsatzen ikustea, Turingen testa gainditzea, hunkitzea, beldurtzea, desesperatzea, mendekatzea. Eta, ohartuko denez gizakia dela bere garapena eta ahala kontrolatzen duena eta eragotz dezakeena, errukirik gabe suntsituko du. Beldur handia diote adimen artifizialaren sortzaileek adimen artifizialaren etorkizunari; telesailek utopiak baino maizago erakusten dizkiguten distopietan garbi ageri da esperantza handiek ekarri izan dituztela katastroferik latzenak.   

Edonola ere, zerua bezain zalantzagarria da heriotzaren heriotza, eta horregatik da arriskutsua, filosofiak helburu duen bizitza zoriontsuari begira, etorkizun distiratsu horien esperantzari atxikitzea. Ez zuten alferrik bultzatu esperantzari ukoa estoikoek, Epikurok eta, zer esanik ez, Pirronek. Senekaren ustez, ondo bizitzeko oztoporik handiena da esperantza izateagatik gaurko eguna alferrik galtzen uztea. Spinozaren esanetan, ez dago beldurrik gabeko esperantzarik, ez esperantzarik gabeko beldurrik. Antzeko ikuspuntutik idatzi zuen Goethek ere esperantza dela gizaki malerusaren bigarren arima. Tradizio horretan oinarriturik idazten ari da gaur egun André Comte-Sponville ere desesperantzaren alde, hau da, etorkizunaren atxikimendutik libratzearen alde.  

 

MAITE ETA IRATXE

Jaio zenez geroztik gaixorik dagoen lagun bat daukat, Maite. Herrena da, malformazioa hanketan, aldaka gaizki. Elbarri-aulkian ibili izan da luzaro. Ikastolan “hankoker” deitzen zioten.  

Orain paliatiboetan dabil, hiltzera doazenei laguntzea du lanbide. 

Umeekin ere lan egiten du, Onkologia Pediatrikoan. Bere nesketako batek, lau urteko Iratxek, minbizia zeukan.

Egun batean, Maite, Onkologikoan, igogailuan hiru solairu igo eta, atea ireki zenean, Iratxe bertan, burua soil-soil, baloi batekin. Galdetu zion: 

-Maite, gaur hilko naiz?

-Ez, ez dut uste. 

-A, orduan banoa jolastera.

Baloia hartu eta han joan zen pasillotik saltoka.

Odola atera bitartean

Markos Zapiain 2023/05/31 09:55

Erizainak, gaur goizean, nire besoko zainei eskuarekin kolpetxoak eman bitartean:

-Ezin ditut zure zainak esnatu. Oso zain lotsatiak dituzu. 

Orotarikoan ikusi dut “zain hileko” pertsona apatikoa dela, flojoa.

Baina zainari berari, orratza sartu ahal izateko moduan nabarmentzea zaila zaiolarik, “lotsati” deitzea, ez dakar Orotarikoak, eta ezezaguna zitzaidan, yonkien garaikoa naizen arren. Ezta ere zain lotsatiak lortzen ez duen nabarmentze horri “esnatzea” deitzea. 

Gaur arte, oroimenak ez badit huts egiten, gaztelaniaz atera didate beti odola, eta ez dut gogoratzen "tienes venas tímidas, de despertar difícil" bezalakorik. 

Beste hizkuntza baten eragina egon daiteke beharbada "zain lotsati" horretan, baina itxura handiagoa du euskal hiztunen asmamen autonomoaren fruituarena.

Bizirik dago gure hizkuntza, odola dabilkio oraindik zainetan, nahiz eta gero eta maizago behar dituen transfusioak, txute gogorrak eta Ama Birxinaren laguntza. 

Zertan da etorkizuna?

Markos Zapiain 2023/05/31 09:40

 

“Etorkizuna” hitz bat da, kontzeptu bat, aditzaren formetako bat, baina berez inoiz ez dator bat zentzumenezko errealitate zehatz batekin. Zentzu horretan, etorkizuna ez da deus, inoiz ez da ezer izan.

Metafora batzuek buruak eta adimenak nahastu dizkigute, eta etorkizuna mundu errealean existitzen dela pentsarazi. Keith Seddon-ek denbora errekarekin parekatzen duena aztertu du. Gu erreka-ertzean gaude, edo errekaren erdigunean, orainaldian, uraren emanari so. Eskuinetik edo goitik datorkigu ura, eta ur hori erreala da, eta horri deitu izan zaio metaforikoki etorkizuna, etorriko zaiguna, etengabe etortzen ari zaiguna. Halako batean, ur hori pixkanaka guregana hurbildu eta gure parean edo inguruan egokitzean oraina izango da, etorkizuna orainaldi bilakatuko da. Ondoren, ezkerrera hartuko du uraren emanak, edo beherantz, eta iraganean amilduko da. Beraz, errekaren metaforaren arabera, denboraren hiru geziek dute gutxi gorabehera antzeko izate-maila, eta etorkizuna erritmo jakin batean gure orainaldira hurbiltzen ari da, halako batean orainaldi bilakatu, eta ondoren iragan izatera pasako da.

Ordea, metaforak metafora, etorkizuna zinez ez dago orainaldian baino; zehazki,  etorkizunari buruz pentsatzen ari direnen gogo eta irudimenetan. Agustin Doneak zioen bezala, edozein etorkizun da beti oraingo etorkizuna.

Noski, horrek ez du esan nahi etorkizunak mundu errealean efektu errealak ez dituenik. Jendeak etorkizunera begira buruan duenak eragin handia du orainaldian, eta izango du etorkizuneko orainaldian. Baina ez dago jadanik osatua legokeen etorkizunik, igarleek atzeman lezaketena, erritmo jakin batean hurbiltzen ari zaiguna; eskuineko edo goiko ura bai, jadanik badabil, badatorkigu, baina ura ez da denbora, baizik denboraren irudia. 

Ia ziur dakiguna da etorkizunean, Ray Kurzweil-en ahaleginak gorabehera, gizaki bakoitzari heriotza etorriko zaiola; herri gisa ere, heriotza; eta gizateria, planeta eta eguzki sistema moduan ere, bukakorrak garela.  

“Mozkorra” eta prostituta. Azalpen definitiboa

Markos Zapiain 2023/05/14 22:01
Zergatik erabili izan dute espainolek prostituta adierazteko “mozkorra” hitza? Orain arteko azalpen ulergarri eta sinesgarriena, Gilen Mejutoren eskutik.

Hona hemen Barakaldoko jakintsu kalegarriaren hitzak, zuzeu.eus-etik atereak. 

Zurea da hitza, Gilen:

"-Espainolaren CDH corpus historikoaren arabera, “moscorra” 1617an agertu zen lehen aldiz gaztelaniaz, “Entremés de los habladores” obra anonimoan:

Una criada se llama en Valencia fadrina; en Italia, masara; en Francia, gazpirria; en Alemania, filimoquia; en la corte, sirvienta; en Vizcaya, moscorra, y entre pícaros, daifa. Venga la comida alegremente, que quiero que vuesas mercedes me vean comer al uso de la Gran Bretaña.

– Auñamendin, berriz, prostituzioari buruzko artikuluan, hau esaten da:

Junto al tocado «corniforme» de las mujeres casadas, que escandalizó al famoso Inquisidor Pierre de Lancre y admiró a los viajeros de la época, se encuentra la no menos curiosa seña de identidad de las doncellas vírgenes; llevaban la cabeza rapada, salvo unos mechones a la altura de las sienes. Recibían, por ello, la denominación de «moças en cabello» o «vírgenes en cabello».

Azalpen hori bat dator OEHn hitzak duen 3. adierarekin:

Rapado, de pelo cortado. “Andando mozcorra en la cabeza, según y de la manera que andan las mozas de semejante calidad y vírgenes” (Pamplona, 1539). LexHNav I 112. “Mozas mozcorras y mujeres casadas” (Pamplona, 1575). Ib. 112. “Dicha criatura estaba moscorra, sin ningunos paños en la cabeza, toda la cabeza y frente y orejas llenas de sarnas” (Huarte, 1576). Ib. 112.

Ikusten denez, aipamen horiek CDHkoa baino lehenagokoak dira.

– Beraz, esan daiteke aro modernoan emakume kaskamotzei esaten zitzaiela mozkorra, batik bat neskatila birjinei, haien bereizgarria zelako, baina baita ere ilea arrasean moztuta zeukan beste edozein emakumeri ere (1576ko aipamena). Eramango al zuten prostitutek inoiz burua soilduta? Bai horixe. Ikus “La prostitución en los siglos XVI y XVI” lanak dakarren aipu hau:

El rey Felipe III fundó en Madrid en 1608 la primera cárcel de mujeres, a la que eran enviadas las delincuentes que merecían pena superior a la de azotes, vergüenza y destierro. La institución fue conocida con el nombre de “la Galera” por compararla con los delincuentes masculinos que eran castigados a remar en aquella época. Allí fueron, además de ladronas, vagabundas y alcahuetas, las prostitutas no regladas. La puesta en marcha de la Galera en Madrid supuso un clamoroso éxito en la lucha contra la criminalidad de la monarquía, y pronto comenzaron a fundarse otras muchas cárceles de mujeres a su imagen y semejanza en las grandes ciudades del territorio español. Fueron verdaderos presidios públicos en los que las reclusas, rapadas y vestidas con un sobrio sayal, eran retenidas por orden de los jueces durante largos periodos de tiempo para evitar que cometieran nuevos delitos en la calle.

– Eta gorago aipatutako Auñamendiko artikuluan ere aipatzen dira galerak:

Cobrarán auge las denominadas ‘Galeras’ o correccionales para mujeres, en donde se hacían cumplir las penas por el ejercicio ahora prohibido de la prostitución bajo durísimas condiciones de vida. Así, en Pamplona en 1684, bajo la rúbrica «Que se haga casa de la galera para mugeres sensuales» y alegando que «el vicio contagioso de la sensualidad va cada dia en aumento (…). Y la experiencia há mostrado, que para las mugeres que viven libremente divertidas, no basta el medio de que regularmente se usa, que es el de desterrarlas», se acuerda construir una de estas cárceles y se ordena: «que justificada la causa se hayan de mandar en la galera las mugeres libianas, que conocida, y públicamente lo son, quedando esto al prudente arbitrio de los Jueces».

Niri behintzat, RAEren hiztegian emandako azalpen etimologikoa, eta zer esanik ez Larramendirena, baino sinesgarriagoa iruditzen zait hipotesi hau."

Zeharo konbentzigarria. Mila esker, Gilen!

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.