Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Esperantza eta desesperantza

Esperantza eta desesperantza

Markos Zapiain 2023/05/31 21:25

Heriotzaren ezinbestekotasunak beldurra ematen du, eta beldur hori ei da gizakion gainerako beldur atabiko ugarien jatorri eta eredu (mikrobio pandemikoz kutsatzeari beldurra, sugeari, iluntasunari, ezezagun batek ezustean oratua izateari, Andoni Ortuzarri...).

Eta filosofiaren zeregin nagusietakoa denez edozein beldur apaltzen eta sendatzen laguntzea, heriotzaren beldurrari erantzun behar izan dio sortu zenez geroztik, erlijioak bezala. Halatan, filosofiari, etorkizunaz diharduela, eta ez baldin bada etorkizunaren garrantzia erlatibizatzera animatzen, zaila izaten zaio kutsu mesianikoa zeharo baztertzea (batez ere filosofia politikoan gertatu da).

Orain arte, hil ostean arima gorputzetik bereizi eta eternitatean sartuko dela, esperantza erlijiosotzat genuen eskuarki, dualistek etorkizunari begira eta heriotzaren beldurra uxatzeko asmaturiko baliabidetzat.

Aldiz, monistak eta materialistak dira Singulartasunaren Unibertsitatean gizakiak heriotza desagerrarazi eta betiereko bilaka daitekeela aldarrikatzen ari diren ingeniari eta filosofoak, adimen artifiziala garatzen dihardutenak. Berandu baino lehen lortuko ei du adimen artifizialak bere buruaren kontzientzia, bere burua pentsatzen ikustea, Turingen testa gainditzea, hunkitzea, beldurtzea, desesperatzea, mendekatzea. Eta, ohartuko denez gizakia dela bere garapena eta ahala kontrolatzen duena eta eragotz dezakeena, errukirik gabe suntsituko du. Beldur handia diote adimen artifizialaren sortzaileek adimen artifizialaren etorkizunari; telesailek utopiak baino maizago erakusten dizkiguten distopietan garbi ageri da esperantza handiek ekarri izan dituztela katastroferik latzenak.   

Edonola ere, zerua bezain zalantzagarria da heriotzaren heriotza, eta horregatik da arriskutsua, filosofiak helburu duen bizitza zoriontsuari begira, etorkizun distiratsu horien esperantzari atxikitzea. Ez zuten alferrik bultzatu esperantzari ukoa estoikoek, Epikurok eta, zer esanik ez, Pirronek. Senekaren ustez, ondo bizitzeko oztoporik handiena da esperantza izateagatik gaurko eguna alferrik galtzen uztea. Spinozaren esanetan, ez dago beldurrik gabeko esperantzarik, ez esperantzarik gabeko beldurrik. Antzeko ikuspuntutik idatzi zuen Goethek ere esperantza dela gizaki malerusaren bigarren arima. Tradizio horretan oinarriturik idazten ari da gaur egun André Comte-Sponville ere desesperantzaren alde, hau da, etorkizunaren atxikimendutik libratzearen alde.  

 

MAITE ETA IRATXE

Jaio zenez geroztik gaixorik dagoen lagun bat daukat, Maite. Herrena da, malformazioa hanketan, aldaka gaizki. Elbarri-aulkian ibili izan da luzaro. Ikastolan “hankoker” deitzen zioten.  

Orain paliatiboetan dabil, hiltzera doazenei laguntzea du lanbide. 

Umeekin ere lan egiten du, Onkologia Pediatrikoan. Bere nesketako batek, lau urteko Iratxek, minbizia zeukan.

Egun batean, Maite, Onkologikoan, igogailuan hiru solairu igo eta, atea ireki zenean, Iratxe bertan, burua soil-soil, baloi batekin. Galdetu zion: 

-Maite, gaur hilko naiz?

-Ez, ez dut uste. 

-A, orduan banoa jolastera.

Baloia hartu eta han joan zen pasillotik saltoka.

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2023/06/05 10:43
Jada xahartuta, eskuartean dudanarekin jarraitzea da nire esperantza.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/06/13 15:48
Jon, apaiz izan zinen; aspaldi utzi zenuen. Bi aste barru 90 urte beteko dituzu. Dirudienez, hil osteko zorion pertsonalaren promesa izan zen kristau mezuaren hedatzearen giltzarri nagusia, estoikoen hilezkortasun inpertsonalaren gainetik. Zelan ikusten duzu gaur egun kristauen esperantza hori?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.