Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zertan da etorkizuna?

Zertan da etorkizuna?

Markos Zapiain 2023/05/31 09:40

 

“Etorkizuna” hitz bat da, kontzeptu bat, aditzaren formetako bat, baina berez inoiz ez dator bat zentzumenezko errealitate zehatz batekin. Zentzu horretan, etorkizuna ez da deus, inoiz ez da ezer izan.

Metafora batzuek buruak eta adimenak nahastu dizkigute, eta etorkizuna mundu errealean existitzen dela pentsarazi. Keith Seddon-ek denbora errekarekin parekatzen duena aztertu du. Gu erreka-ertzean gaude, edo errekaren erdigunean, orainaldian, uraren emanari so. Eskuinetik edo goitik datorkigu ura, eta ur hori erreala da, eta horri deitu izan zaio metaforikoki etorkizuna, etorriko zaiguna, etengabe etortzen ari zaiguna. Halako batean, ur hori pixkanaka guregana hurbildu eta gure parean edo inguruan egokitzean oraina izango da, etorkizuna orainaldi bilakatuko da. Ondoren, ezkerrera hartuko du uraren emanak, edo beherantz, eta iraganean amilduko da. Beraz, errekaren metaforaren arabera, denboraren hiru geziek dute gutxi gorabehera antzeko izate-maila, eta etorkizuna erritmo jakin batean gure orainaldira hurbiltzen ari da, halako batean orainaldi bilakatu, eta ondoren iragan izatera pasako da.

Ordea, metaforak metafora, etorkizuna zinez ez dago orainaldian baino; zehazki,  etorkizunari buruz pentsatzen ari direnen gogo eta irudimenetan. Agustin Doneak zioen bezala, edozein etorkizun da beti oraingo etorkizuna.

Noski, horrek ez du esan nahi etorkizunak mundu errealean efektu errealak ez dituenik. Jendeak etorkizunera begira buruan duenak eragin handia du orainaldian, eta izango du etorkizuneko orainaldian. Baina ez dago jadanik osatua legokeen etorkizunik, igarleek atzeman lezaketena, erritmo jakin batean hurbiltzen ari zaiguna; eskuineko edo goiko ura bai, jadanik badabil, badatorkigu, baina ura ez da denbora, baizik denboraren irudia. 

Ia ziur dakiguna da etorkizunean, Ray Kurzweil-en ahaleginak gorabehera, gizaki bakoitzari heriotza etorriko zaiola; herri gisa ere, heriotza; eta gizateria, planeta eta eguzki sistema moduan ere, bukakorrak garela.  

Amatiño
Amatiño dio:
2023/05/31 13:24
Xabier Leterenak gogorarazten dizkidazu: Sinisten dut, bai, egun batean hilko naizela, hutsean eroria, ezerezean amildua, hauts bihurtuko naizela.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/05/31 19:48
Amatiño, berriro irakurri dut Xabier Leteren “Sinisten dut”. Ematen du poema hori kristautu aurretik idatzi zuela. Ez dago hil osteko biziraupen pertsonalik, baizik eta natura ederrarekin bat egite inpertsonala.

Ikaragarri indartsua izan da eta da gizakion borrokaren tamaina ezinbestez hil beharraren aurka, irudimenez zein ekintzez, arrazoiez eta fedez. Gaur egun ere, Singulartasunaren Unibertsitateko helburu nagusietakoa heriotza hiltzea da. Ez dut uste zu eta biok heriotzaren heriotza ikustera iritsiko garenik, eta dudak dauzkat gainera, betirako izatea merezi ote duen. Ez al du amaikortasunak egiten bizitza xarmagarri?
Amatiño
Amatiño dio:
2023/06/01 10:25
Markos:

Ez nuen gogoetarik egin nahi, are gutxiago ondorerik atera, auskalo zergatik Xabier gogorarazi zenidala ziztuan adierazi baino.

Zuk eta biok ez dugu, ez, heriotzaren heriotzarik ezagutuko, eta, behar bada ez da, gainera, sekula gertatuko gaur egun heriotzatzat jotzen dugun behin betiko urrats hori.

Hortzetako lehen inplantea jarri ziguten egunean hasi zen gure heriotzaren heriotza. Urtez urte eta piezarik pieza aldatuko eta eraberrituko litzatekeen autoak ez luke inoiz amaierarik izango, baina inork asmatuko ote luke –nahiz inoiz matrikula aldatu beharrik ez— noiz utziko liokeen hasierako autoa izateari?

Dena denbora-kontua da. Eta, praktikan, denbora amaikorrik ez duen unibertsoan bizi gara.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/06/14 08:32
Amatiño:

antza denez, adimen artifizialak lagunduriko biomedikuntzaren teknika berriekin ari dira lanean, eta zeuk aipatu inplante amaigabeen antzeko zerbait dute buruan: berez zahartzen doazen zelulak hamar urtean behin biziberritzea. 150-200 urteko bizi esperantza ez ei dago urruti.

Bestalde, egia diozu, denbora amaikorrik ez duen unibertsoan bizi gara praktikan; ordea, praktikatik apur bat aldendu eta pentsatzen hasiz gero, nik behintzat gero eta garbiago sentitzen dut unibertsoa ez dela aurreikusgarria, edonoiz gerta daitekeela edozer, ia: Big Banga bera, dinosauruak akabatu zituen meteoritoa, pandemiak, tsunamiak… Ulertzen ez dugunak indartsuagoa dirudi ulertzen dugunak baino. Giza historiara mugatuta: nork esango luke k.o. 100. urtean kristautasuna bilakatuko zela munduko erlijiorik jendetsuena? Edo euskarak bizirik iraungo zuela?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.