Militantzia. Sabin Etxean
Ondo kostata baina egokitu nintzen gutxi gorabehera irakasle lanpostura, tamaina eta trankilloa hartu nizkion, bizimodu amorfoan murgildu nintzen, urteak eman nituen inertziak joa, baina halako batean desdoikuntza kirrinkari batek esnatu ninduen: ondo ez dabilen zerbait sumatzen duzu, botere-borroka bidegabe bat, bazterkeria, baztertuak irentsi eta ia ohartzeke nozitzen duen bazterkeria.
Noski baino noskiago, zu ez zara injustiziaren aurka herriaren kontzientzia piztuko duen heroia; aitzitik, lotsagarriki eta kezkagarriki zara kontserbadorea; baina, hala ere, Lukrezio, Spinoza eta Humeren arrazoiek inertziaz bezala eraman zintuzten zerbait egitera; hori bai, zenbat eta arinagoa zure gain hartu beharreko zama, hobeto.
Horrela, jendaurrean aldarrikatzeko moduko helburua ezpainetan, alegia, guztion berdintasuna eta askatasuna, eta katolikoen pribilegioek hastapen hori hausten dutela uste izanik, “Hezkuntza laikoa” elkartean militatzeari ekin nion. Modu ilunagoan, edota ni konturatu gabe behintzat, erlijioari lotutako nire bizitzako pasadizoek ere izango zuten eragina. Kontua da gure taldearen zereginetako bat alderdi politikoekin bilerak egitea dela —Voxekoei eta PPkoei oraindik ez diegu eskatu, merezi ez duelakoan—, hezkuntza publikotik erlijioan oinarrituriko pribilegioak desagerrarazteko gure asmoen berri emateko, asmo horiek legedian nola txertatu jakinarazteko, ea alderdiak programetan zerbait sartzera animatzen diren, etab. Legebiltzarrean ere egin duzu zenbait agerraldi, orobat hedabideetan eta sare sozialetan.
Sinesmenen arteko bat da erlijioa, fede erlijiosoa. 2010ean atera zuen Agustin Arrietak Sinesmenak eta usteak liburu polit bezain sakona. Laikotasunaren oinarri filosofiko sendo bat eskainzen du.
Ez dator bat EAJrekin. Hezkuntza Laikoaren eta alderdien arteko bileretan, jeltzaleak dira bakarrak garbi esan digutenak ez daudela gurekin ados. Zergatik? Kristau fedeak, berez, edonorentzat balio duen etika proposatzen omen duelako.
Hain zuzen, Arrietak dioenaren kontrakoa: “etika kontuetan, Jainkoa aipatzeak ez du ezer konpontzen, erlijioa ez baita moralaren edo etikaren funtsa. Platonek aspaldi erakutsi zigun etika ezin dela erlijioan funtsatu”. Autonomoa eta beregaina baita Arrietarentzat etika, morala, balioen esparru hori; gure solaskide jeltzaleentzat, itxuraz, ez.
Edozelan ere, egiari zor, Sabin Etxean egon ginenean egundoko hotza zegoen kalean, kontraste itzela zazpigarren solairuko moketa goxo, gela dotore eta harrera eskuzabalarekin, eta, ezin ukatu, aurrez aurre neukan Zazpiak Bat ederrari so, printzipioak ahaztu eta alderdiko karneta han bertan eskatzeko gogo bizia sentitu nuen. Ana Esther Furundarena zein Jesus Lekerikabeaskoa ordezkari jeltzaleek badakite entzuten eta desadostasuna begirunez adierazten, badakite zer den elkarrizketa zintzoa.
Jeltzaleekin baino esperientzia kezkagarriagoa izan dugu PSE, Sumar, Podemos eta Bildurekin, hurbilagokoak ditugun arren ia beti: arrazoia eman digute auzi orotan, baina gero, lege-proposamenen bidez printzipio laikoren bat mamitzeko aukera dagoenean, ez da ezer ageri, edo bestela orokorkeriak baino ez.
Sinesmenak eta usteak liburuan Arrietak iritziak, sinesmenak, egia eta konstelazio horri dagozkion ideiak aztertzen ditu, ingelesez mintzo den filosofia harturik batik bat abiapuntutzat (Hume, Russell…), eta zentzu komun edo zentzu onaren alde jotzen du. Arrietaren ustez, erlijioa ez bezala, zentzu komuna etikaren oinarri izan liteke; zentzu komunaren arabera, usteek eta sinesmenek egiarekin bat egiteko joera izaten baitute, egiazkoak izan nahi izaten dute.
Erlijioetan, berriz, ez da gisakorik gertatzen. William Jamesek eta Wittgensteinek diotenez, fededunei ez zaie axola beren sinesmenak egiarekin bat egiten ote duen. Fedeak funtzionatzen die, kito.
Badut lankide bat, I.E., Gallarta ingurukoa, arbaso komunistak, bataiatu gabea, atsegina bezain argia. Hamazazpi urte zeuzkala hil zitzaion aita. Sekulako trauma. Fede katolikora konbertitu zen. Dolua gainditzen lagundu zion. Eta, orduz geroztik, fededun jarraitu du. Caritasekin ibiltzen da pobreei, etorkinei eta prostitutei laguntzen. Ez zaizkio asko axola mirariak, Ama Birjinaren birjintasuna, Jesu Kristoren itzulera, gorputzen berpiztea denboraren amaieran, Hirutasun Sainduaren misterioa… Horrelakoetan ez da batere katramilatzen, ez diote denbora galarazten, ez du batere kezkatzen ea egia zientifikoarekin edo zentzu onaren egiarekin bateragarriak ote diren. Fedeak funtzionatzen diola, hori da inporta zaiona.
Bestelakoa izaten da jarrera filosofikoa. André Comte-Sponville filosofoaren ama depresiboak bere burua hil zuen, eta gero alaba txikia ere hil zitzaion. Hamazortzi urte bete arte ez zuen fedea galdu, ederki ezagutzen zituen otoitza eta itxaropena, baina zartako horiek eramateko fedeak ez zion funtzionatu eta filosofiak bai, lagundu egin zion. Comte-Sponvilleren ustez, filosofiak, erlijioak bezala, nolabaiteko zoriona bilatzen du, bizimodu ona; baina, erlijioak ez bezala, ez die egia mingarrienei ezikusia egiten: maiteak betiko galduko ditugu, geu ere hilko gara, eta ez dago hil osteko bizitzarik; zintzoa zoritxarrekoagoa izaten da sarritan gaiztoa baino, eta egundo ez dugu justizia osoa izango; biktima errugabeen sufrimenduak, eta sufrimenduak eta sakrifizioak oro har, sarritan ez du ezertarako balio izaten. Egia gordin horiekin konpatibleak diren bizimodu ona eta zoriona bilatzen ditu. Horixe da, halaber, Agustin Arrietaren abiapuntua. Sinestunarentzat, arrazoiak fedearen zerbitzura egon behar du; filosofia, aldiz, era autonomoan ahalegintzen da arrazoia erabiltzen.
Hain zuzen, Max Weber batentzat heteronomiak definitzen du mentalitate erlijiosoa. Erlijioetan, oro har, gure inguruko monoteismoetan bai, bederen, liburu sakraturen batek erabaki izan ditu esparru juridikoa, esparru politikoa, esparru etikoa eta eguneroko bizitza. Erlijiotik askaturiko giza munduan, ostera, mundu laikoan, arrazoi autonomoak erabakitzen ditu legeak, ordezkari eta agintariak, balioak.
Edozelan ere, Jainkoak ez baldin badu inongo zerikusirik egiarekin, Jainkoagan sinestea kontu zeharo pribatua baldin bada, Wittgensteinek eta William Jamesek dioten legez… primeran, benetan hala balitz! Tamalez ordea, behin eta berriro ikusten ari garenez, sinesmen erlijiosoek etengabe bilatzen dute espazio publikoaz jabetzea, diru publikoaz, irakaskuntza publikoaz, eraikin publikoez, lur publikoaz. Ez dirudi eremu pribatura mugatzearena oso joera indartsua denik gure inguruko elizen jokabideetan. Horrek ere pizten du laikotasunaren alde militatzeko joera.