Itsusismoa
Arteak itsusia salba dezake, badago itsusiaren errepresentazio ederra. San Buenaventurak zioenez, Luziferren beraren errepresentazioa ere ederra izan liteke. Adibide asko dauzkagu pinturan, literaturan. Badago mugimendu bat itsusiari balio estetiko garrantzitsua ematen diona, Itsusismoa. Itsusismoaren obretan artista laketzen da gauza, piztia, jende, toki edo egoera nazkagarriak irudikatzen.
Artistak, itsusia berariaz erakusteko, hainbat bultzada izan ditzake. Errealitatearen alderen bat salatu nahi izan dezake, edo bizitza bera. Higuina eragiten dioten pertsonak edo egoerak irudikatuz, ikusleak kontzientzia hartzera bultzatu nahi ditzake, eta ankerkeria aldatzen laguntzera, "Gernika" margolanean, "Hurricane" abestian edo “Dortokek hegan egin dezakete” filmean bezala.
Bestelako bultzada bat: edozein konbentzio solidoren aurkako mespretxua aldarrikatu; esaterako, nagusi den irizpide estetikoaren aurka. Baudelairek burgesa nazkatu nahi du, sentiberatasun txintxoari izugarri eta kondenagarri zaionari kantatu: ardoa, eritasuna, intzestua, krudelkeria, satanismoa, krimena…
"Hurricane", “Dortokek hegan egin dezakete”, “Gaizkiaren loreak” edo “Gernika”ren kasuetan, behintzat, ia inork ez du eztabaidatuko: Itsusismo izena artelanak irudikatutakoari dagokio, ez teknikari, hain gutxi emaitzari. Artelan horiek politak ez agian, baina ederrak bai, badira, formari dagokionez bikainak, irudikatzen dutena higuingarria izan arren.
Sakonki aztertu ditu Seve Callejak gaur egungo Itsusismoaren adierazpenak “Zoritxarreko munstroak: bestearen irudi deformatu eta groteskoa” liburuan. Callejaren ustez, Itsusismoak, estetika modernoan, makabroa egunerokotasunera dakarkigu, gugandik hurbilegi, eta espektakulua eskaintzen digu, salaketa edo kontzientzia konbentzionalaren astintzea baino gehiago. Ankerkeriaren erakustaldiak ez duenean helburu artistiko edo etikorik (Edgar Allan Poek bai, edertasunaren eta sublimearen zerbitzura jartzen zuen makabroa), orduan artearen beraren eremutik kanpo geratzen da. Egia da espektakulua erakargarria izan daitekeela, ikusle batzuek gozamen sadikoa aurki baitezakete bertan, edo emozio gogorrak. Baina hor ez dago ez bidegabekeriaren kritikarik ez pretentsio artistikorik: itsuskeriaren esplotazio komertziala baino ez, jende ero eta deformea zirkuan erakusten zutenean bezala.