Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Odola atera bitartean

Odola atera bitartean

Markos Zapiain 2023/05/31 09:55

Erizainak, gaur goizean, nire besoko zainei eskuarekin kolpetxoak eman bitartean:

-Ezin ditut zure zainak esnatu. Oso zain lotsatiak dituzu. 

Orotarikoan ikusi dut “zain hileko” pertsona apatikoa dela, flojoa.

Baina zainari berari, orratza sartu ahal izateko moduan nabarmentzea zaila zaiolarik, “lotsati” deitzea, ez dakar Orotarikoak, eta ezezaguna zitzaidan, yonkien garaikoa naizen arren. Ezta ere zain lotsatiak lortzen ez duen nabarmentze horri “esnatzea” deitzea. 

Gaur arte, oroimenak ez badit huts egiten, gaztelaniaz atera didate beti odola, eta ez dut gogoratzen "tienes venas tímidas, de despertar difícil" bezalakorik. 

Beste hizkuntza baten eragina egon daiteke beharbada "zain lotsati" horretan, baina itxura handiagoa du euskal hiztunen asmamen autonomoaren fruituarena.

Bizirik dago gure hizkuntza, odola dabilkio oraindik zainetan, nahiz eta gero eta maizago behar dituen transfusioak, txute gogorrak eta Ama Birxinaren laguntza. 

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2023/06/05 10:40
Literaturan irakurtzen ditugunak, egunerokoan. Kilikagarria.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/06/13 15:34
Bai, harrigarria da zenbait euskal idazlek hitzak eta lokuzioak asmatzeko duen trebetasuna (ezohikoagoa sormen hori kalean aurkitzea), eta eskergarria zeuk horrelakoak jasotzeko eta plazaratzeko egiten duzun ahalegina. (Dena den, eta zorionez, ondo pasatzen duzula sumatzen zaizu.)

Mila esker, Jon!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.