Distopien funtsezko helburuaz
XX. mendeko distopien artean, lau eleberri hauek nabarmendu ohi dira: Aldous Huxleyren Bai mundu berria; George Orwellen1984; Ray Bradburyren Fahrenheit 451; eta G.H. Wellsen Denboraren makina. Wellsek idatzi zuen hainbat espezie desagertu dela gure planetan era atseginean, molestatu gabe; aldiz, gizakiok labirintoan galdutako mozkor koldarren antzera suntsituko omen gara, edo arratoiak bezala zakuaren barruan, elkarri min eginez.
Deigarria da zelan joan den utopien eta distopien kopuruen arteko aldea zabaltzen. XXI. mendean, ia ez dago honezkero utopiarik; aitzitik, izugarri ugaritu dira distopiak: Neskamearen ipuina, Black Mirror, Minority Report, Robocop, Mad Max, Laranja mekanikoa, Matrix eta hainbeste eleberri, film eta serie.
KAPITALISMOA IRAUNARAZEA XEDE
Distopia-parrasta hori batez ere AEBetatik datorkigunez, Layla Martinezek eta beste aditu batzuek ondorioztatu dute hor atzean konfabulazio bat egon behar duela, kapitalismoa iraunaraztea duena helburu.
Hauxe arrazoibidea, gutxi gorabehera: etorkizuneko gizarteak behin eta berriro agertzen bazaizkigu bidegabe eta klasista, miserable, matxista, arrazista eta homofobo, suntsituriko naturan erdi itoak, orduan inkontzienteki pentsatuko dugu: hobe ezertxo ere aldatu gabe, edozein etorkizun izango baita orain duguna baino are okerragoa. Edozein aldaketak eramango gaitu hondamendira. Akatsak akats, neoliberalismo kapitalista hau baino hoberik ez dugu asmatuko, eta, abenturetan sartuz gero, ezingo dugu erabateko desastrea eragotzi.
ZALANTZAK
Ez da ezinezkoa Bill Gates, Georges Soros, Vladimir Putin, Donald Trump eta Trilateralak konplota egin izana, eta distopiak barra-barra ekoitzi eta zabaldu izana gure garunetan halako mezu ezkorrak txertatzeko, daukaguna hobetzeko edozein ahalegin eragozteko.
Dena den, litekeena da ugaritze horretan garrantzitsua izatea halaber kasualitatea, eta moda, eta artean eta literaturan tristurak eta tragediak izan duten eta duten ospea, alaitasunaren eta baikortasunaren gainetik... Sakontzat jo izan baita oro har tristura, eta poza axalekotzat, nahiz eta kontrakoa izan egia. The Office da munduko telesailik sakonena.
ORAINGO GIZARTEETAKO AKATSAK SALATU
Eta distopiagileek funtsezko zerbait irakatsi nahi izan badigute, apika ez da edozein aldaketa kaltegarri izan dakigukeela, baizik eta orain bertan ez bagara kontuz ibiltzen eta ez baditugu lehenbailehen neurri zentzudunak hartzen, berandu baino lehen distopiak darakutsana jasan beharko dugula. Beraz, mezua ez litzateke “ez kapitalismoa aldatu”, baizik eta “aldatu zuhurtziaz kapitalismoa, baina aldatu”.
Distopien funtsezko helburua oraingo gizarteetako okerrak salatzea litzateke. Ez baldin bagara bidegabekeria horiek zuzentzen hasten, etorkizunak erremediorik gabe ekarriko digu distopian ageri denaren antzeko hondamendia: botere-gose ergel eta txoroen kontrolpean jendea; askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna birrindurik, eta berpizteko inongo itxaropenik gabe…
Zenbait garaikideri ezaguna egingo zaio. Baina, distopien gaztiguaren arabera, espabilatu ezean, are larriagoa izango da etorkizuna.