Jugospainia
Igande honetan erreferenduma Montenegron, Serbiatik bereizi eta estatu beregain eta independiente bihurtzen ote den erabakitzeko, Europar Batasunaren bedeinkazioarekin. Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bidaliko duela-eta, azkar asko atera zen atzo Patxi Lopez, eta urduri samar sumatu nuen, hango zerak Euskadi eta Espainiarekin batere zerikusirik ez zeukala aldarrika.
Zerikusiren bat izango du. Besterik ez bada, bitxia dela, nazioarteko izena gaztelaniazkoa izatea Balkanetako bazter batek, Europa Mendebaldeko hizkuntza guztietan halaxe esaten baitzaio: Montenegro. Bertako hizkera eslaviarretan berriz (lehen serbokroaziera besterik ez zen; orain serbiera eta kroaziera bi balira bezala aurkezten dizkigute sarri, eta montenegroera ikusi nuen aipatuta aurreko batean); eslavieraz, berriz, Txernogora edo antzeko zerbait, non "txerno" beltza den (oroitu "Oci ciorne", Nikita Mikhalkov-en film ederra), eta "gora" berriz mendia (euskararen behialako hedadura zabalaren froga argia, ezta? Ez dakit zeren zain dauden gure etimologista bipilak munduaren konkista linguistikoari ekiteko).
Bromak broma, autodeterminazio-erreferendumarekin ari ginen. Bitxia da, nola Jugoslavia zena zatitzen hasi zenean, Montenegron, nik dakidala, inork ez zuen zalantzan jartzen estatuaren batasuna. Historiaz, hizkuntzaz, erlijioz (etniaz azken batean, hitz hau madarikatuta geratu dela ematen du baina) serbiarren anai-arreba zirelako edo. Eta orain, berriz, haiek ere aldegiteko prest. Nik uste serbiarrak eurak ere gustura independizatuko liratekeela Serbiatik, hori egiterik balute.
Jugoslavia eta Espainia parekatzeko ariketa fribolo bat egin dezagun. Eslovenia eta Kroazia banatu ziren lehenik Belgradoren uztarritik: bata etnikoki urrunduena eta bestea etsaitasun handiena zeukana; paralelismo bat eginez, Euskal Herria eta Katalunia Madrildik askatuko balira bezala (parekatze horretan guri kroatak ala esloveniarrak izatea tokatzen zaigun, zalantza egingo nuke). Gero Mazedonia etorri zen, pobrea eta baztertua, Galiziaren pare edo.
Gerrarik bortitzena Bosnian izan zen; horren paralelorik ez daukagu penintsula dontsu honetan (etnikoki kroaziar katoliko zirenak, serbiar ortodoxoak, musulmanak eta beste zenbait nahasturik bizi baitziren). Dena dela, izorratzearren, eman dezagun Andaluzia dela Bosnia, besteek baino gutxiago izan nahi ez eta burujabetza eskuratzeko prest ageri dena.
Horren ondotik, Jugoslavia zena Serbia-Montenegroko federazio bihurtu zen, Espainia zena Gaztela-Aragoiko erresuma bilakatuko balitz bezala. Eta orain Montenegro badoala: alegia, Aragoik ospa egiten duela Gaztelaren besarkadatik.
Hemendik aurrera, Vojvodina eta Kosovo geratzen dira: Extremadura eta Asturias?
Ama gaiztoa
Amaren kontuekin nator, berriz ere. Izan ere, egunotan amaitu dut zuzentzen Literatura Unibertsala bilduman aterako den liburu bat: "Axenario" (jatorrizko izena: "Poil de Carotte"), Jules Renard idazle frantziarrarena, Itziar Otegik euskaratua.
Liburua ezagutzen ez duenarentzat esan dezagun klasiko bat dela Frantzian, orain dela 100 bat urte idatzia, bere garairako batetik modernoa suertatzen zena, baina bestetik denboraz kanpoko kutsu bat hartzen zuena. Mutiko kaskagorri bat da protagonista, haren ibilerak kontatzen zaizkigu, etxean, eskolan... Haur zintzoaren irudi aingerutiarra apurtu zuela esan izan da liburu honetaz, eta baliteke hala izatea. Dena dela, mutiko baten bihurrikeriek badituzte hainbat aurrekari eta aitzindari munduko literaturetan, hala nola Mark Twain-en haurrak, nobela pikareskoan agertzen direnak eta abar.
"Axenario" honek badu beste alderdi bat, ordea, niri berria ez ezik zirraragarria iruditu zaidana, eta XXI. mendeko irakurlearentzat ere asaldagarri izaten jarraitzen duena: ama.
Literaturaren alorretik tabuaren eremura sartzen gara hemen. Gure gizartean badira jokabide batzuk desegokiak edo salagarriak: animaliak jotzea, zaharrak mespretxuz hartzea, zinemarako ilaran txandapasa egitea... Beste batzuk okerrak izango dira, are debekatuak ere: tabernatik ordaindu gabe alde egitea, inori muturreko bat ematea, gure enpresako akzionisten diruarekin alde egitea... Horiek guztiak gertatzen dira munduan, eta, gaitzesgarriak iruditu arren, ulertu egiten ditugu; ez dut esan nahi ontzat jotzen ditugunik, baina posiblearen barruan sartzen dira, eta ez dizkigute tripak nahasten.
Badira beste jokabide batzuk, ordea, gauza gertagarrien sailetik kanpo geratzen zaizkigunak, debekuaren maila inkontzienteraino sarturik dauzkagunak. Tabuak esaten zaiei halakoei, eta horien artean leudeke, adibidez, kanibalismoa eta intzestua. Horrelako ekintzaren bat ez urruti ezezagunetan baizik eta gure inguruan gertatuz gero, nazkaren eta ulertu ezinaren arteko erreakzioa izan ohi dugu.
Bada, halako zerbait gertatu zait niri Axenarioren amarekin. Izan ere, gauza bat litzateke ama on, zintzo eta sakrifikatua ez izatea (euskal idazleon obretako amak ez bezala, Arantxa Urretabizkaiak gogorarazten zigunez), baina Renard-en eleberriko ama hortik gora doa: krudela da bere semearekin, nahita zigortzen eta engainatzen du, besteren aurrean barregarri uzten, maitasun eskeei mespretxuekin erantzuten...
Barrena iraultzen dizun liburu estrainio bat, aurki euskaraz irakurri ahalko dena.
Perla bakana
Euskalgintzako baratze koxkor honetan, badira aurpegi eta izen batzuk behin eta berriro agertzen direnak. Neurea, besteak beste. Ez dut esango ez ondo ez gaizki iruditzen zaidanik: gure neurri apalak eta nola-halako aktibismoak ekarritako ondoriotzat jo beharko.
Hala ere, edo horrexegatik, are miresgarriago iruditzen zaizkit lan isilean jardun ohi duten kulturgileak. Horietako bat da Koldo Artola.
Orain dela hogeitaka urte, filologiako ikaslea nintzela egin nuen lehenengoz topo izen horrekin, Erronkariko azken euskaldunen lekukotasunak jasotzen zituen lanen batean. Geroztik han edo hemen suertatu zait izen-abizen horiek irakurtzea, modu horretako ikergaietan betiere, baina haren aurpegia sekula ikusi gabea nintzen, ez aurkezpen, lunch, party, soirée, sarao edo antzeko ekitaldi kulturaletan, ezta komunikabideren batean ere.
Hortaz, ustekabea bezainbateko poza hartu dut azken Argia eskuetara etorri eta Jon Artanok egin dion elkarrizketa irakurtzean.
Artano, orain bertan Sautrelako erreportajeak egiten dabilena, Euzkitzeren laratzean ezagutu genuen, gaueko parrandaleku eta txiringito guztietako berriemaile berezi, baina kazetari zorrotzaren sena eta euskaldunaren minak zer diren ondo ezagutzen duenaren sentiberatasuna erakutsi ditu oraingoan.
Solasaldi mamitsua da alde guztietatik, pasadizo gogoangarriz betea: Donostiako euskal antzerkilarien kastako mutikoak euskara galdu eta gero nola berreskuratu zuen; euskaraz zekienik ukatu eta gero, txerri-hiltzea aipatu orduko "biher dugu matatxerri!" ahora etorri zitzaion fraidearena, Zaraitzuko azken euskaldunetako baten biloba Marinica Erronkariko irakasle euskaldun bihurtu zenekoa...
Askotan ikusi nahi genituzkeen perla horietakoa. Bakana izateagatik gehiago balio duena.
Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten
(Argia astekarian kaleratua)
Gerra bat irabazten duenak erabakitzen du beti, ez bakarrik nork eta nola gobernatuko duen herri hori, baita nork duen biktima izateko eskubidea, nor izango den heroi eta nor bilau. Oso garbi ikusten da hori Estatuaren eta horren kontrako matxinatuen arteko gerra izan den gizarteetan. Kuba edo Nikaraguakoa bezalako kasuetan, gerrillariek gobernua hartu ostean, garbiketa izugarria egin zuten armada eta polizian, beren hildakoak martiri bihurtu zituzten, eta galtzaileek, Miamira alde egin ezean behintzat, isilean gorde behar izan zuten beren mina, ezkutuan miazkatu beren zauriak, haiek ere diktaduraren tresna huts eta engainatuak zirela aldarrikatzen zuten bitartean.
Matxinadak Estatuaren kontrako borroka galdu duenean, berriz, oso bestelakoa da emaitza. Mendebaldeko Europan ditugu zenbait adibide argi: Alemania, Italia, Frantzian porrot egin zuen borroka armatuak, eta militante izandakoak kartzelan ari dira usteltzen (bertan hil ez zituztenak), euskarri idoelogikorik gabe eta beren ekintzen damua adieraziz askotan, Estatuaren errukia jasotzeko asmotan.
Eta Euskal Herrian, zer? Garbi dago hemengoa ez dela ez baten ez bestearen pareko. Gure borroka enpate tekniko batean blokeatua zegoen aspaldi, eta irtenbide bakarra garailerik eta garaiturik gabeko bakea zen, Joseba Egibarrek errepikatu ohi zuen bezala.
Hala ere, Espainiako gobernukoak ez daude halakorik onartzeko prest, dirudienez behintzat. Ez dute ezer aldatu nahi eta, beraz, ez dute onartu nahi ezer aldatu behar zenik, horretarako borroka egiten zenik. Horrenbestez, amore ematea besterik ez dute eskaintzen, eta egindako hutsa aitortuz gero barkaberak izateko intentzioa.
Eskema horretan, ezinbesteko tresna dira beraientzat terrorismoaren biktimak, nor izan den gerra honetan gaiztoa argi gera dadin. Kalte-ordain ekonomikoak aspaldidanik eman zaizkie (ni ados nago, baina zergatik ez zabaldu neurri hori delitu arrunten biktimei ere?); orain, aitortza moralak aipatzen dira: kaleen izenak, eskultura publikoak Dinamika arriskutsua da hori, alde bateko eroriei monumentua eginez gero irain egiten baitzaie beste aldeko biktimei.
Horixe baita kontua: Estatuaren zapalkuntzaren biktimak ere ugari direla gure artean. GALek edo poliziak hildakoak ez ezik, hor dira urteotan torturaturiko milaka lagunak, demokraziaren kuarteletan oinazearen eta umiliazioaren behazuna dastatu dutenak. Diskrezioa maite dugu euskaldunok, ez da inoren gustuko izaten bere minak eta penak erakusten ibiltzea. Hala ere, gainera datorkigun zaparrada propagandistikoan oreka apur bat lortzeko, onuragarria litzateke alde honetako biktimek ere beren ahotsa izatea.
Adibidez, Gasteizko Legebiltzarrean edo Iruñekoan biktimentzako batzordea sortuz gero, Estatuaren eskuetan suplizioa jasan dutenek bertan egon behar lukete eta banan-banan hitz egin; ez luke ondorio penalik izango, desagerraraziak baitaude proba guztiak, baina jasota gera dadila beren lekukotasuna, Argentinan Ernesto Sabatoren Nunca más batzordeak edo Hegoafrikar Errepublikan Desmond Tuturen Adiskidantza eta Egiaren aldeko Batzordeak egin zuten bezala.
Ulertzekoa da geure zauriak erakutsi nahi ez izatea, baina orain ezkutatuz gero bihar again lotsarazi egin gaitzakete, geronen zaurien errudun bihurturik.
(Oharra: artikulu hau 1999ko urtarrilean idatzi eta kaleratu nuen. Ia zazpi urte eta erdi igaro dira, baina esango nuke gauzak ez direla sobera aldatu).
Gure egoeraren pareko
Euskal Herria delako hori fikzioa dela esaten dabiltza Raxoi-eta, Sanz-eta... Ez naiz halakoekin eztabaidan hasiko, dena dela; ez dut uste nire bloga irakurtzen dutenik.
Euskal Herria badela sinesten dugunok, ordea, zuzentasun politikoaren izenean, fikzioaren mugan ibiltzen gara batzuetan.
Orain dela gutxi kaleratu da "Euskal Herria datuen talaiatik" estatistika-liburu ederra, Udalbiltzaren ekimenez Aztikerrek prestatu eta Txalapartak argitaratua. Zazpi herrialdeen mapa bat egiten dugunean bezala, EH osoari dagokion estatistika bat plazaratzen dugun bakoitzean errealitate bat irudikatzen dugu; hori zer da: fikzioa gizentzea, ala muga administratiboek ezkutatu nahi luketen egiazko izate bat agerira ekartzea? Bakoitzak nola ikusi nahi duen.
Batzuetan fikzioaren mugan ibiltzen garela esan dut arestian, eta adibide bat ematera noa. Gure egoera soziolinguistikoaren parekoen bila ibiltzen garenean, Katalunia, Korsika, Galizia, Bretainia, Gales, Flandria eta horrelako herriak aipatu izan ditugu. Hemendik aurrera, berriz, lagun berri bat gehitu behar zerrenda horretara.
"Datuen talaiatik" delako liburuan, hizkuntzaren egoerari dagokion atalean, gaztelania eta frantsesa hizkuntza ofizialtzat dituzten estatuen mapa bat dator, mundu osokoa. Frantsesaren kasuan, Kanada eta Afrikako frankofonia osatzen duten erresuma guztiak datoz: Senegal, Mali, Niger, Txad, Kamerun eta abar. Espainolarenean, Amerika hispano guztia, Mexikotik Argentinara. Eta hirugarren atal bat dator azkenik; "gaztelania eta frantsesa" ofizialak diren herrienak, eta hor bi kasu mundu guztian: Euskal Herria eta... Ekuatore Ginea.
Kutixia guztiak ematen dizkio
Bilbo aldean nenbilen, eta, autoa ahal nuen tokian utzita, batetik bestera trenez mugitzea erabaki nuen. Bagoia bete samarrik, eta ezin saihestu aldamenekoen solasa entzutea.
Bi emakumezko, bata berritsua eta bestea isila. Kalakaria hor ari zen, bere etxeko kontuak gora eta behera:
"... ta nire senarra beldur da, nola lanetik berandu etortzen den eta gutxi ikusten duen, ez duela maiteko. Eta orduan zer egiten du? Kutixia guztiak eman: orain patata frijituak, gero ez dakit zer... Nik, ordea, komeni zaiona bakarrik, eta bere orduetan. Bestela, noski, gizendu egiten da eta..."
Ama baten kezkak, pentsatuko duzu, nik pentsatu nuen bezala. Handik gutxira, baina, ohartu nintzen umea ez baina kumea zuela mintzagai, txakurkume bat alegia.
Gure arbasoen orgiak
Gizarteko nahiz buru barneko egitura patriarkalen kontrako borroka azken mende honetako kontua dela esan liteke; aldiz, emakumeak nagusi izan diren jendarterik inoiz izan den, eztabaidagarria eta eztabaidagaia da oraindik.
Ortiz Oses antropologoak matriarkalismo hitza zabaldu zuen, emakume-amaren zentraltasun sinbolikoa adierazteko eta matriarkatutik bereizteko, emakumeen egiazko aginte hori amazonen mitotik harago inoiz izan den ez baitago batere garbi.
Orain dela gutxi, emakumezkoentzako moda-aldizkari batean artikulu bitxi bat topatu nuen, seriotasun zientifikoaren aldetik erdipurdikoa izan arren zer pentsatua ematen zuena.
Emakumeen nagusitasun sexualari buruzkoa zen lana, garai bateko nagusitasun sozial baten adierazgarri litzatekeena-edo, eta biologiatik hartzen zituen argudioak. Hona batzuk, gogoratzen ditudanak.
Frogatua omen dago gizasemeon hazian espermatozoide guztiak ez direla obulura iristeko diseinatuak: batzuek ernalkuntza dute helburu, eta beste batzuek, berriz, ematutu barruan aurkitzen dituzten zapaburu etsaiak akabatzea. Beraz, baginaren barruko borroka honek frogatuko luke ondorengotza genetikoa lortzeko gizonezkoen arteko lehia, eta eme bakoitzak hainbat arrekin izaten zituela harremanak edo ar-emeenak.
Aurrekoari loturik: espezie bateko arrak emearen esklusibotasuna ziurtatua duenean, ez omen du esperma askorik behar. Hala gertatzen omen da gorilekin: gihar indartsuak ditu taldeko ar buruak, bere lehiakideekin borrokatzeko, baina bere nagusitasuna erakutsi ostean, zintzilikario txikitxoekin aski omen du bere menpeko emeak estaltzeko. Gizasemeak bere lehengusu tximinoen aldean zakil eta barrabil handiagoak baldin baditu, horrek erakutsiko luke ahalik eta espermatozoide gehien sartu behar zuela txuloan, beste gixaixo batzuen txalburuekiko borrokan irabazle suertatzeko aukera gehiago izatearren.
Emakumezkoaren orgasmoak aurreko argudioak indartzen bide ditu: sarketa arrunt batean, gizonezkoak baino askoz denbora gehiago behar du klimaxera iristeko. Zergatik? Gizonezko bat baino gehiago izaten zuelako jolaslagun, bata bestearen atzetik.
Andrazko batzuen multiorgasmiarako joerak ere arrazoi bera izango luke: emakumeak nahieran manejatzen bide zituen bere tribuko gizonak, bere plazererako tresna bihurtuak, eta berak askoz ere gozamen sakonagoa eta sarriagoa lortzen zuen isurialdi triste batekin konformatu behar zuen arrak baino.
Azkenik, gizonezkook film pornoak ikusiz lortzen dugun kilikadurak ere behialako kobazuloetako orgia haietan omen du jatorria: alegia, andrazkoari gure txortena sartzeko ilaran zain egoten bide ginen, eta gure lagunen jarduna ikusiz berotzen, nonbait.
Ezin ukatu argudiaketa interesgarria denik baina, zenbateko sinistamendu eta sinisgarritasuna emango genioke? Hurrengo batean jarraituko, gogorik izanez gero.
Zortzi minutu baino gutxiago
Ehun eta berrogeita hamar urte bete ziren joan den astean Sigmund Freud doktorea jaio zela (berrogeita bi ni jaio nintzenetik; ez du zerikusirik baina halakoxe handiusteak gara batzuk). Munduan barrena eztabaida ugari dabil oraindik, psikoanalisiaren izaera zientifikoa dela eta ez dela. Joseba Tobar-Arbuluk artikulu gogorra idatzi zuen joan den larunbatean Berrian, zabor intelektuala deituz Freudi baino gehiago haren itzalean sortu diren txanpinoi haluzinagarriei (Lacan jaunari eta lacanianoei, bereziki). Donald Hebb neuropsikologoaren esaldi bat zekarren amaitzeko, non esaten zuen "norberaren bizitza intelektualean psikoanalisiari gehienez zortzi minutu dedikatu behar zaiola. Besterik ez".
Nik ez dut uste bizitza intelektuala deitu daitekeen ezer daukadanik, eta psikoanalisia baino txorakeria handiagoei 8 minutu baino gehiago eskaini diedala aitortu beharko nuke. Hala ere, zuetako inork halako hanka-sartzerik egin ez dezazuen, labur-labur kontatuko dizuet amets-kontu freudiano bat.
Batxilergoan ikasitakoak ongi oroitzen baditut, mediku vienarrak hiru maila bereizi zituen gure psikean: Nia (geure kontzientzia), Super-nia (erabat barneraturiko kontzientziaren aginduak edo), eta Zera (geure libido, pultsio eta desiren bizitokia). Amets egiten dugunean, lotan omen daude nia eta supernia, eta horregatik azaleratzen dira gure irrika ezkutu eta ezezagunak.
Aurreko batean, lotan nengoela, lankide batekin egin nuen amets. Lankide emakumezko bat, jatorra, asko estimatzen dudana, ez bereziki nire grina sexualen jopuntua baina. Bada, amets horretan, lankide hori eta biok elkarri musu sutsu bat ematen ari ginen. Mingain eta guzti, horretaz argi oroitzen naiz. Normala, pentsatuko duzue psikoanalisiaren teoriari jarraiki.
Horren segida ez zen hain normala ordea: ametsean bertan, muxutik askatu bezain laster, aurrera egin ordez esan nion neskari: hau ezin da, geldi gaitezen. Lankideak bere bikote-laguna eta nik neurea ditugula gogoratuz. Eta gelditu egin ginen.
Hori baldin bada nire Zera-ren indarra, a ze kaka-libidoa! Ala nia eta supernia lo gutxikoak ditut eta ametsaren barruan ere zelatan ibiltzen zaizkit? Ala hau dena adar-jotze bat da? (Zabor intelektuala, Tobar-Arbuluren hitzetan). Nolanahi ere, 8 minutu baino gutxiago iraun duena.
Irati Jimenez: Nik neuk idazteko izan ditudan zailtasunak protagonistaren bidez azaldu ditut
Irati Jimenez (Mundaka 1977) izan da Augustin Zubikarai nobela laburren sariketako irabazlea, Bat, bi, Manchester eleberriarekin: bi gizonezkoren arteko harreman berezi baten kontaketa, eta aldi berean idazle izan nahi duen baten heltze-prozesua. Aurtengo urrian kaleratuko den nobelaz eta bere buruaz hitz egin digu solasaldi honetan.
"Augustin Zubikarai" nobela laburren lehiaketa irabazi berri duzu. Pozik?
Ezin pozago. Lehiaketa baterako idazten duzunean irabaztearen aukera hortxe dago baina oso aukera urruna zirudien eta ez nuen horretan gehiegi pentsatu nahi. Ezustekoa izan da baina pozgarria, benetan. Beste ezeren gainetik, neure buruan konfiantza irabaztea ez da sari txikia izan.
Orain arte zure izena kazetaritzarekin lotu izan da, ez literaturarekin. Aspaldiko zaletasuna duzu idaztea, ala berriki ekin diozu ala...?
Betiko zaletasuna da niretzat idaztea, eta kazetaritza bidean etorri den zerbait. Umetatik idazten dut baina urte askotan ez naiz gai izan ezer bukatzeko. Neure buruaren kritiko zorrotzegia nintzen eta hori oztopo ikaragarria zen. Konfiantza falta zitzaidan edo neure buruari gehiegi eskatzen nion, ez dakit. Baina ez diot sekula idazteari utzi, eta aspaldian lortu dut, nola edo hala, digestio luzea eginda, neure buruari atseden apur bat ematea. Zeure buruarekin zorrotza izatea ondo dago baina horrek idaztearen plazerra erabat uxatu zuen sasoi baten eta frustrazio gogorra zen.
Poesiarekin hasi ohi dira asko; ipuinekin beste hainbat; zu, berriz, nobela labur batekin. Entrenatzeko neurri egokia iruditu zaizu? Bestela ere maite duzun generoa da?
Kanpotik begiratuta iruditzen zitzaidan horixe zela egokiena, ipuinak idaztea. Laburrago zirenez, errazago izango zirelakoan. Eta idatzi ditut batzuk baina nire kasuan laburrago ez da errazago. Ipuinak eskatzen duen zehaztasunak, biribiltasunak eskatzen du halako maisutasun bat, uste dut. Ez zait erraz egiten. Nobela laburrean oso gustora aurkitu dut neure burua. Uste baino gustorago. Neure buruarentzat ere aurkikuntza izan da, ezustekoa.
Familian idazle-aurrekari ezaguna duzu. Ezinbestekoa dirudi eraginik izan duen galdetzea...
Irakurtzeko zaletasuna, idazteko gogoa, etxean ikusi ditut, jakina, baina ez dakit horren eragina neurtzen edo nondik datorren neure zaletasuna. Argi daukat ostera, aita idazlea dela, zentzurik sakonenean. Idaztea da benetan gustatzen zaiona, prozesu hori, horrek ematen duen plazerra. Eta hori niretzat eredugarria da. Beti sentitu dut nigan konfiantza itzela zuela baina neure distantzia eman dit. Neure ahotsa bilatzen nabil eta uste dut berak badakiela prozesu hori ez dela erraza eta ezin duela inork zeure partez egin. Pertsonala baino gehiago da, ia intimoa.
Gatozen nobelara. Bi gizonezko gazte, euskaldunak baina Manchesterren. Ezin esan autobiografikoa dirudienik. Nondik etorri zaizu ideia?
Ez dakit nondik etortzen diren ideiak! Baina badu autobiografikotik asko nobelak, nahiz eta idazten hasita konturatu ez. Nik neuk idazteko izan ditudan zailtasunak protagonistaren bidez kontatu ditut. Maitasun nobela da baina protagonista idazteko grina sentitzen duen gizona da, eta, bere buruarekin dituen borrokaldien erruz, idazteko ezinduta sentitzen dena. Eta beste pertsona batek beregan duen konfiantzak bere barruko mamuak uxatzen laguntzen dio. Horrek badu autobiografiatik asko, azalean ez bada ere.
Homo/hetero dikotomia da nobelaren motorra, baina sakonean maitasun ezinezkoaren gai unibertsala dagoela esan liteke, ezta?
Bai, argi. Azkenean hiru edo lau gai daude eta horiei bueltaka ari gara, ezta? Pertsona batek beste hau maite du eta uste du ez duela lortuko, mila aldiz kontatu da. Gizon askok idatzi dute emakumeen inguruan eta nik alderantziz, baina ez dakit zergatik erakartzen nauen ideia horrek. Agian emakumeok irakurtzen ditugun nobeletan, ikusten ditugun pelikuletan, beti gizonezkoen pertsonaia zoragarriak daudelako, eta askotan maitasun istorio ederrenak ere halakoak izan dira, gizonen artekoak, nahiz eta gehienetan sexu gabeak izan. Baina zentzu sakon baten maitasun historiak. Horiekin bizi gara eta horiek eraginda etorri da nobela, agian. Baliteke.
Atal oso labur eta kateatuen bitartez idatzi duzu, erritmo berezia emanez idazlanari. Aldez aurreko erabakia izan da, ala idatzi ahala sortu zaizuna?
Ez dakit kazetaritzak eraginda ala zergatik baina irakurlearentzat gauzak zuzen eta erraz kontatzeak kezkatzen nau. Bere arretari eutsi, hori nola egin. Eta ardura horrek eraginda uste dut sortu zela egitura. Oso atal laburrak dira gehienak, momentu baten irakurtzen direnak, ahalegin handirik gabe uste dut, baina ez dira erabat bukatzen, bakoitza hitz bat edo hitz pare baten bidez hurrengoarekin lotzen da eta, ondo egin badut, horrek eraman egiten zaitu batetik bestera.
Estreinaldi honen ondoren, idazten segitzeko asmotan?
Modu baten edo bestean beti idatzi dut. Hainbat nobela ditut idatzita buruan eta horietatik batzuk askatzen saiatuko naiz, bai. Ikusiko dugu. Idazten dudanak mereziko duen ez dakit baina ez dut ikusten idazteari uzteko modurik.
Gora euskal esentziak
Joan den asteburuan. Eguraldi ederra, bazterrak berdatzen, eguzki epela eta haize freskoa kanpora ateratzeko gonbidatzen. Urrutira gabe, etxe inguruan hautatu dugu egurasteko lekua: Oianguren parke publikoa.
Leku zoragarria: zelaiak eta basoak, han-hemen mahaiak eta barbakoarako sutegiak. Eta jendea nonahi: batzuk eguzkitan, besteak paseatzen, umeak endredatzen, gogaikarrienak arkume-txuletak erretzen.
Ekosistema joriarekin batean, deigarriena han bildutako jendetzaren jatorri- ugaritasuna: baziren errumaniarrak eta eslaviarrak, hegoamerikarrak, ijitoak, hegoaldeko espainiarrak... Pentsatzen jarrita, ez da zaila arrazoia igartzen: debaldeko denbora-pasa eskaintzen du parkeak, eta diru-sarrera eskasak dituen etorkinarentzat nekez asmatuko da asteburua familian edo lagunekin pasatzeko plan hoberik.
Horra beste arrazoi bat, Ordiziako Udal Txit Klasistak parke horren izaera publikoa baztertu eta golf-zelai pribatu bihurtu nahi izateko. Bazterrak txurrianoz eta hezurbeltzez betetzeaz gainera, esango dute, ez dute txakur txikirik gastatzen.
Eguna luzea dela-eta, beste ingurune bat ere ikustea pentsatu genuen, eta Larraitza jo genuen gero, Aralarko larreak zabaltzen zirela-eta, giro polita egongo zelakoan. Giro euskaldunagoa ere bai seguru asko. Zaldibiatik gora gindoazela, artalde bat, haiek ere gure bidean. Eta aurrean artzaina, Joanesen oinordekoa: indio peruar arraza puru-purukoa.
Lastima ez zaidala gazta gustatzen, bestela hantxe bertan egingo nuen tratua.
Loti Ederraren ondoan
Iritsi da zalduna basoaren bihotzera, eta, sasiz inguraturiko soilgunean, arrosa-petalozko ohatzean etzanda, hor ikusi du neskatorik ederrena, lotan.
Bere ezpainak neskarenetan jartzera doa, hura esnatzeko. Badaki hala egin behar duela, eta neska esnatu egingo dela orduan, eta berari begiratuko diola, eta...
Bere buruari begiratu dio orduan: bideko hautsa dakar bere jantzian, bidearen nekea bere aurpegian. Hautsa kentzen saiatu da, bere soinekoa nola-hala atontzen. Alabaina, zalantza erne da bere barruan.
Neska lokartuari begiratu dio ostera. Hain da ederra haren begitartea, hain leuna haren azala... Itxuraren pareko goxotasuna balu izaeran, ezin zoriontsuagoa litzateke haren ondoan; baina, bestelakoa balitz?
Eta bera? Badaki gizon saiatu eta prestua dena; hala ikusiko ote du lotiak ordea? Ala zaldun trauskil, bidetako ibiltari ajatu, printzesa sorginduen bilatzaile purtzila irudituko zaio?
Zer egin ez dakiela, petalo arrosen ohean egin du txokoa, eta loti ederraren ondoan etzan da. Haren esku hotzari bere esku beroaz helduta, begiak itxi ditu, eta amets egin du, esna, hantxe geratzen dela bera ere, betiko lo.
Uztail hasierarako planik ez badaukazu...
Udaberrian sartuz gero, gela-zulotik irteteko gogo gehiago izango duzue askok ezer ikasteko baino. Dena dela, Uztailaren hasieran HikHasi-k Donostian antolatzen dituen jardunaldietan literatura, zinema eta feminismoa uztartzen dituen ikastaro baten berri eman nahi dizuet, interesgarria izango delakoan.
Informazio gehiago eta izena emateko epea, maiatzean zehar www.hikhasi.com edo 943371408
Izenburua: "Literaturatik zinemara: Lolita mitoaren bilakaera patriarkala".
Irakasleak: Katixa Agirre eta Xabier Mendiguren Elizegi
Nor da Lolita? Ume mukizu, neskato erakargarri, neurri txikiko femme fatale bat? Hori guztia eta gehiago. Lolita mito moderno bat da. Bere jaiotze data:1955. Bera aita: Vladimir Nabokov idazle errusiar-amerikarra.
Orain dela mende erdi jaio bada, zahartzen hasia zaigu Lolita? Inolaz ere ez. Lolita beti da gazte eta erakargarri (gizarte-mitoen abantaila). Beraz, ez da aldatu berrogeita hamar urte hauetan? Aldatu da, bai. Asko gainera. Masa-kulturak bere egin duenetik, izugarrizko transformazioak jasan ditu neskatxak (gizarte-mitoen desabantaila).
Lolita ez da gaur adin ertaineko gizon batek bahitu eta bortxatutako neska. Lolita gaur egun neska erakargarri bezain perbertsoa dugu, gizonaren patua betiko okertzeko boterearen jabe dena, gainera.
Birritan egokitu da Lolita zinemara. Honek, noski, areagotu egin du bere eraldaketa. Adaptazioak beti moldaketa dakarrela onartuz ere, zergatik ageri zaigu bi bertsio hauetan Lolita maltzur bat eta ez eleberriko neskato babesgabea? Lolitak zineman jasan duen transformazioa naturala ote? Ala ideologia zehatz baten emaitza?
Lolita mitoaz mintzatuko gara, beraz, liburuaren bi zine-adaptazioak ikusiz (Lolita, Stanley Kubrick, 1962 eta Lolita, Adrian Lyne, 1997) eta Nabokoven maisulanaren hainbat pasarte irakurriz. Nola aldatu da Lolitaren ideia eta zergatik? izango da galdera nagusia.
Era berean, ez dugu ahaztu Nabokov-en garai berean eta antzeko gaiarekin euskaraz idatzi zen eleberria: Haur besoetakoa, Jon Mirandek 1959an sortua eta hamaika urte pasa arte argitaratu ezin izan zena, zentsura eta aurreiritziak zirela-eta.
Honen harira, gai orokorragoen hausnarketa bultzatuko da. Zer gertatzen da pertsonaia literarioekin zinemara pasatzen direnean? Nolako tratamendua jasaten dute gaur egun pertsonaia femeninoek herri-kulturan? Zergatik dago hain zabalduta emakume-errudun eta gizon-biktimaren ideia? Hedabideak, eta bereziki zinema, mito sortzaile dira ala gizarte fantasien isla hutsa?
Hona egitarau xeheagoa, egunez egun
Uztailak 4: Sarrera orokorra egingo zaio gaiari, eta bereziki aipatuko dira lolitismoaren aurrekariak eta faktoreak, hala nola gizarte victorianoa, Lewis Carroll idazlea Nabokoven eleberriaren lehen azterketa bat, eta haren eragina: gizarte amerikarrean sorturiko eskandalua, nazioarteko oihartzuna Stanley Kubrick-ek 1962an egindako Lolita filma ikusiko dugu, eta ondotik filma komentatu, nobelatik filmerako aldaketa esanguratsuenetan zentratuz.
Uztailak 5: 1970 eta 80ko hamarkadetan zehar, gizartean, artean eta oro har publikoaren sentsibilitatean gertaturiko aldaketak hartuko ditugu mintzagai. Gero, Adrian Lynek 1997an filmatutako Lolita-ren bertsioa ikusiko dugu, eta honen ondotik filma iruzkindu, bai nobelarekin eta bai aurreko filmarekin alderatuz.
Uztailak 6: Jon Mirande hobeki ulertzeko, haren bizitzaz, lanaz eta testuinguruaz ariko gara, gaingiroki bada ere, baita euskal kulturarekin izan zituen konpondu ezinei buruz ere. Haur besoetakoa eleberria jorratuko dugu gero, mitoaren bilakaeran bere tokia ere izan dezakeelakoan. Azkenik, zalantza, ondorio edo beste edozein partehartzetarako tartea ere utzi nahi genuke.
