Gure egoeraren pareko
Euskal Herria delako hori fikzioa dela esaten dabiltza Raxoi-eta, Sanz-eta... Ez naiz halakoekin eztabaidan hasiko, dena dela; ez dut uste nire bloga irakurtzen dutenik.
Euskal Herria badela sinesten dugunok, ordea, zuzentasun politikoaren izenean, fikzioaren mugan ibiltzen gara batzuetan.
Orain dela gutxi kaleratu da "Euskal Herria datuen talaiatik" estatistika-liburu ederra, Udalbiltzaren ekimenez Aztikerrek prestatu eta Txalapartak argitaratua. Zazpi herrialdeen mapa bat egiten dugunean bezala, EH osoari dagokion estatistika bat plazaratzen dugun bakoitzean errealitate bat irudikatzen dugu; hori zer da: fikzioa gizentzea, ala muga administratiboek ezkutatu nahi luketen egiazko izate bat agerira ekartzea? Bakoitzak nola ikusi nahi duen.
Batzuetan fikzioaren mugan ibiltzen garela esan dut arestian, eta adibide bat ematera noa. Gure egoera soziolinguistikoaren parekoen bila ibiltzen garenean, Katalunia, Korsika, Galizia, Bretainia, Gales, Flandria eta horrelako herriak aipatu izan ditugu. Hemendik aurrera, berriz, lagun berri bat gehitu behar zerrenda horretara.
"Datuen talaiatik" delako liburuan, hizkuntzaren egoerari dagokion atalean, gaztelania eta frantsesa hizkuntza ofizialtzat dituzten estatuen mapa bat dator, mundu osokoa. Frantsesaren kasuan, Kanada eta Afrikako frankofonia osatzen duten erresuma guztiak datoz: Senegal, Mali, Niger, Txad, Kamerun eta abar. Espainolarenean, Amerika hispano guztia, Mexikotik Argentinara. Eta hirugarren atal bat dator azkenik; "gaztelania eta frantsesa" ofizialak diren herrienak, eta hor bi kasu mundu guztian: Euskal Herria eta... Ekuatore Ginea.
Beno, etorkizuna eraikitzea ere badela iruditzen zait.
Fikzioa bai, bale, baina fikzioak errealitate berriak gauzatzen lagundu du maiz. Etorkizuna eraikitzerakoan "zientzia-fikzioa" lagungarri izan da askotan. Normalean, ezin dugu sortu imajinatu ezin duguna, kasualitatez edo txiripaz ez bada behintzat. Berrikuntza, produktu berriei zein politika edo beste arlo askori aplikatu daitekela uste dut.
EH osoari dagokion estatistika bat plazaratzen dugun bakoitzean errealitate bat irudikatzen dugu; hori zer da: fikzioa gizentzea, ala muga administratiboek ezkutatu nahi luketen egiazko izate bat agerira ekartzea?