Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zortzi minutu baino gutxiago

Zortzi minutu baino gutxiago

xme 2006/05/08 14:25

Ehun eta berrogeita hamar urte bete ziren joan den astean Sigmund Freud doktorea jaio zela (berrogeita bi ni jaio nintzenetik; ez du zerikusirik baina halakoxe handiusteak gara batzuk). Munduan barrena eztabaida ugari dabil oraindik, psikoanalisiaren izaera zientifikoa dela eta ez dela. Joseba Tobar-Arbuluk artikulu gogorra idatzi zuen joan den larunbatean Berrian, zabor intelektuala deituz Freudi baino gehiago haren itzalean sortu diren txanpinoi haluzinagarriei (Lacan jaunari eta lacanianoei, bereziki). Donald Hebb neuropsikologoaren esaldi bat zekarren amaitzeko, non esaten zuen "norberaren bizitza intelektualean psikoanalisiari gehienez zortzi minutu dedikatu behar zaiola. Besterik ez".

Nik ez dut uste bizitza intelektuala deitu daitekeen ezer daukadanik, eta psikoanalisia baino txorakeria handiagoei 8 minutu baino gehiago eskaini diedala aitortu beharko nuke. Hala ere, zuetako inork halako hanka-sartzerik egin ez dezazuen, labur-labur kontatuko dizuet amets-kontu freudiano bat.

Batxilergoan ikasitakoak ongi oroitzen baditut, mediku vienarrak hiru maila bereizi zituen gure psikean: Nia (geure kontzientzia), Super-nia (erabat barneraturiko kontzientziaren aginduak edo), eta Zera (geure libido, pultsio eta desiren bizitokia). Amets egiten dugunean, lotan omen daude nia eta supernia, eta horregatik azaleratzen dira gure irrika ezkutu eta ezezagunak.

Aurreko batean, lotan nengoela, lankide batekin egin nuen amets. Lankide emakumezko bat, jatorra, asko estimatzen dudana, ez bereziki nire grina sexualen jopuntua baina. Bada, amets horretan, lankide hori eta biok elkarri musu sutsu bat ematen ari ginen. Mingain eta guzti, horretaz argi oroitzen naiz. Normala, pentsatuko duzue psikoanalisiaren teoriari jarraiki.

Horren segida ez zen hain normala ordea: ametsean bertan, muxutik askatu bezain laster, aurrera egin ordez esan nion neskari: hau ezin da, geldi gaitezen. Lankideak bere bikote-laguna eta nik neurea ditugula gogoratuz. Eta gelditu egin ginen.

Hori baldin bada nire Zera-ren indarra, a ze kaka-libidoa! Ala nia eta supernia lo gutxikoak ditut eta ametsaren barruan ere zelatan ibiltzen zaizkit? Ala hau dena adar-jotze bat da? (Zabor intelektuala, Tobar-Arbuluren hitzetan). Nolanahi ere, 8 minutu baino gutxiago iraun duena.

etiketak: Saski Naski
Matxalde
Matxalde dio:
2006/05/09 16:16

Ametsetan, sikira, ez badugu egiten... Eta ametsetan egiteak benetan egingo genukeela esan nahi badu? Gure "arau" kultural eta sozialak ametsetan bakarrik apurtzen ditugula? Berandu, ordea, Freud jaunari galdetzeko. (A, gure amonak apaizarengana joaten ziren barnea hustera; dibanik ez eta belauniko egoten ziren). Animo, ametsetan, behintzat, segi; eta ametsa errealitate bihurtu ezkero, hobe. Belauniko (!) edo dibanean (!)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.