Jugospainia
Igande honetan erreferenduma Montenegron, Serbiatik bereizi eta estatu beregain eta independiente bihurtzen ote den erabakitzeko, Europar Batasunaren bedeinkazioarekin. Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bidaliko duela-eta, azkar asko atera zen atzo Patxi Lopez, eta urduri samar sumatu nuen, hango zerak Euskadi eta Espainiarekin batere zerikusirik ez zeukala aldarrika.
Zerikusiren bat izango du. Besterik ez bada, bitxia dela, nazioarteko izena gaztelaniazkoa izatea Balkanetako bazter batek, Europa Mendebaldeko hizkuntza guztietan halaxe esaten baitzaio: Montenegro. Bertako hizkera eslaviarretan berriz (lehen serbokroaziera besterik ez zen; orain serbiera eta kroaziera bi balira bezala aurkezten dizkigute sarri, eta montenegroera ikusi nuen aipatuta aurreko batean); eslavieraz, berriz, Txernogora edo antzeko zerbait, non "txerno" beltza den (oroitu "Oci ciorne", Nikita Mikhalkov-en film ederra), eta "gora" berriz mendia (euskararen behialako hedadura zabalaren froga argia, ezta? Ez dakit zeren zain dauden gure etimologista bipilak munduaren konkista linguistikoari ekiteko).
Bromak broma, autodeterminazio-erreferendumarekin ari ginen. Bitxia da, nola Jugoslavia zena zatitzen hasi zenean, Montenegron, nik dakidala, inork ez zuen zalantzan jartzen estatuaren batasuna. Historiaz, hizkuntzaz, erlijioz (etniaz azken batean, hitz hau madarikatuta geratu dela ematen du baina) serbiarren anai-arreba zirelako edo. Eta orain, berriz, haiek ere aldegiteko prest. Nik uste serbiarrak eurak ere gustura independizatuko liratekeela Serbiatik, hori egiterik balute.
Jugoslavia eta Espainia parekatzeko ariketa fribolo bat egin dezagun. Eslovenia eta Kroazia banatu ziren lehenik Belgradoren uztarritik: bata etnikoki urrunduena eta bestea etsaitasun handiena zeukana; paralelismo bat eginez, Euskal Herria eta Katalunia Madrildik askatuko balira bezala (parekatze horretan guri kroatak ala esloveniarrak izatea tokatzen zaigun, zalantza egingo nuke). Gero Mazedonia etorri zen, pobrea eta baztertua, Galiziaren pare edo.
Gerrarik bortitzena Bosnian izan zen; horren paralelorik ez daukagu penintsula dontsu honetan (etnikoki kroaziar katoliko zirenak, serbiar ortodoxoak, musulmanak eta beste zenbait nahasturik bizi baitziren). Dena dela, izorratzearren, eman dezagun Andaluzia dela Bosnia, besteek baino gutxiago izan nahi ez eta burujabetza eskuratzeko prest ageri dena.
Horren ondotik, Jugoslavia zena Serbia-Montenegroko federazio bihurtu zen, Espainia zena Gaztela-Aragoiko erresuma bilakatuko balitz bezala. Eta orain Montenegro badoala: alegia, Aragoik ospa egiten duela Gaztelaren besarkadatik.
Hemendik aurrera, Vojvodina eta Kosovo geratzen dira: Extremadura eta Asturias?
Nik ez dakit oso zilegia den eztabaida hauetan sartzea Mendigurenen blog-ean; azken finean gunea hau berea da. Nahiago nuke gaztelako bat ezizenez sinatzen duenak ziberzaborra bere blog propioan ekoiztuko balu ez eta ez eta besteenean horren modu sistematikoki, bistan dena blog hau itxi aldera aspergarritasunagatik. Baina tira, galdetzen duzunez Putinek eta gainontzeko gerra kriminalek zeren eredua hartzen zaituzten espainolzaleak argi eta garbi esaten zuten beraien ekintzak eta espainiako erresumak euskal abertzaleen aurka burutzen zirenak helburu bera zutela, eta espainiak autodeterminazioa onartzen ez bazuen, zergatik haiek bai. Hemerotekara jo. Bestalde, ez nau harritzen zure erantzunak. Zuk proposatu ildoak gizabanakoen eskubideetara eraman nahi gaitu, ez eta herrien eskubideetara. Baina Espainian bertan inoiz ez dute/duzue onartuko gizabanako batzuek (adibidez almerian lan egiten duten esklabuek eskubidedunak izango balira) Espainia zatitzea, kasu horretan lurraldearen eskubidea aldarrikatuko zenukete-eta. Berdin gertatzen da zure proposamenarekin: donostiak ez lukele independientea izango baizik eta Espainia. Tira, ta igeldotarrak? ta Amara Berrin bizi diren independentziazaleak? Hortaz, nonbait gizabanakoen eskubideak eta herriarenak batu egin behar dira. Bestalde, inoiz esplikatuko gaituzu zergatik den ona espainiako menpenkoa eta frantses hiritarra izatea eta txarra euskaldun hiritarra izatea. Ta azkenik, zure "argudio" horietan espainiazaleak eta frantziazaleak EHan gehiengoa zaratela hartzen duzu aintzat. Ta alderantziz balitz? ta gaur zu zuzen egongo balitz, baina bost urte barru ni? Lasai e! zu demokrata zarela eta gutxiengoa gelditzekotan, ba serbio bosnioei, Putini ala Sharoni aholkua eskatu.
Azken gauza bat: irri egiteko ez al duzu beste biderik aurkitu? zer dio zure sikiatrak? Beste behin ere zoriontsu egin zaitudalakoan agur t'erdi.