Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Perla bakana

Perla bakana

xme 2006/05/15 18:29

Euskalgintzako baratze koxkor honetan, badira aurpegi eta izen batzuk behin eta berriro agertzen direnak. Neurea, besteak beste. Ez dut esango ez ondo ez gaizki iruditzen zaidanik: gure neurri apalak eta nola-halako aktibismoak ekarritako ondoriotzat jo beharko.

Hala ere, edo horrexegatik, are miresgarriago iruditzen zaizkit lan isilean jardun ohi duten kulturgileak. Horietako bat da Koldo Artola.

Orain dela hogeitaka urte, filologiako ikaslea nintzela egin nuen lehenengoz topo izen horrekin, Erronkariko azken euskaldunen lekukotasunak jasotzen zituen lanen batean. Geroztik han edo hemen suertatu zait izen-abizen horiek irakurtzea, modu horretako ikergaietan betiere, baina haren aurpegia sekula ikusi gabea nintzen, ez aurkezpen, lunch, party, soirée, sarao edo antzeko ekitaldi kulturaletan, ezta komunikabideren batean ere.

Hortaz, ustekabea bezainbateko poza hartu dut azken Argia eskuetara etorri eta Jon Artanok egin dion elkarrizketa irakurtzean.

Artano, orain bertan Sautrelako erreportajeak egiten dabilena, Euzkitzeren laratzean ezagutu genuen, gaueko parrandaleku eta txiringito guztietako berriemaile berezi, baina kazetari zorrotzaren sena eta euskaldunaren minak zer diren ondo ezagutzen duenaren sentiberatasuna erakutsi ditu oraingoan.

Solasaldi mamitsua da alde guztietatik, pasadizo gogoangarriz betea: Donostiako euskal antzerkilarien kastako mutikoak euskara galdu eta gero nola berreskuratu zuen; euskaraz zekienik ukatu eta gero, txerri-hiltzea aipatu orduko "biher dugu matatxerri!" ahora etorri zitzaion fraidearena, Zaraitzuko azken euskaldunetako baten biloba Marinica Erronkariko irakasle euskaldun bihurtu zenekoa...

Askotan ikusi nahi genituzkeen perla horietakoa. Bakana izateagatik gehiago balio duena.

etiketak: Saski Naski
Jozulin
Jozulin dio:
2006/05/16 00:04

Ba, bai. Neuk ere irakurri nuen elkarrizketa eta zera pentsatu nuen: Baina non egon naiz ni orain arte tipo honi buruz ezer entzun barik? Eta gainera nabaritzen zitzaion egiten zuen lanarekiko grina, lortzen zuen grabaketa bakoitzeko zirrara... Perla, diamante, zafiro, esmeralda bat euskal Kulturan, K larriz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.