Barrura sartzen zaizkizun gauza zorrotz, arrotz horiek
(Mezu antirromantiko bat San Balendin egunerako)
Telebista aurrean geunden, zabor horietako bat ikusten, eta aldamenean nuen emakumeak bota zuen:
"Ospetsu izatera iritsi nahi duten emakume horiek derrigorrezkoa dute gaur egun bi ohe klase zapaltzea: kirofanokoa batetik, halako ipurdia edo holako titiak jartzeko, eta zenbait gizonezkorena bestetik, programa honetan eta hartan atera ahal izateko. Ikuspegi moralista batetik, badirudi gaitzesgarriagoa dela aginte makila duten gizonezkoen hankartetik pasatu beharra, baina, pentsatzen jarriz gero, zer da gorputzarentzako eraso okerragoa: bisturi bati ala zakil bati sartzen uztea?"
Begiak itsu, bihotza laxo
Mikrofonoa eta kamera bat hartuta galdezka hasiko bagina nor dagoen torturaren alde, batek ere ez liguke baiezkorik emango, ezta torturatzaileek berek ere, seguru asko. Elkarrizketa diskretuagoa balitz, orduan ere jende gehien-gehiena kontra, baita torturak babesten dituzten alderdietako kide eta boto-emaileak ere.
ETAren biktimenganako sentiberatasuna asko hazi dela esan ohi da, ez ikusiarena egiten zuten askok eta askok ez dute onartzen gaur bortxa politikoa. Horretan, dudarik gabe, eragina izan du komunikabideen lan etengabeak, bortizkeriaren ondorio makurrak eta hura pairatu dutenen mina behin eta berriro erakutsiz.
Tortura, aldiz, nork ikusi du? Zuzenean, sufritzen eta sufriarazten duenak beste inork ez. Baina erreportaje, argazki, elkarrizketa eta abarretan ere, noiz, non, zenbat aldiz? Joxe Arregiren gorputz ubeldua orain 25 urte, Unai Romanoren aurpegi puztua berriki... Baina horiek salbuespenak dira: bata hil egin zitzaielako, pasatu egin zirelako; bestea, mediku forentseak argazkia egin ziolako. Tortura, baina, astero-astero gertatzen da. 6000 salaketa izan direla jakin dugu egunotan. Epaituak dozena erdi bat, zigorrak hilabete gutxikoak eta beti indultatuak.
Afrikan goseak hildakoen argazkien antzekoa da artikulu hau: ahazturik daukagun miseria bat gogorarazteko egina, une batez bederen begiak zabaldu eta bihotzean zimiko bat sentiarazteko.
Miss eta Mister lehiaketetan bezala
Epaitu beharko bagenu euskaldunak ala espainolak nor den politago, zenbait bide izango genuke: herri bakoitzeko jende erakargarriena hautatu eta elkarrekin konparatu; edo zatarrenak bilatu eta beste horrenbeste egin; edo bataz bestekoak epaitu. Inola ere bururatuko ez litzaigukeena da, hartu herri bateko guapoena, hartu besteko itsusiena, eta bien artean erabaki auzia.
Ba, Miss-Mister lehiaketa batean inola ere egingo ez genukeen horixe egiten da egunero politika kontuetan. Urruti batetik aurreiritzirik gabeko ikerlari bat etorriko balitz gurera, Espainia-Euskal Herria auzia zertan den jakiteko, eta ohiko kazetari edo politikari espainiar bat hartuko balu berriemaile, erraz imajinatuko duzue nolako pelikula kontatuko liokeen: hemen herri tolerante, atsegin eta demokratiko bat, gutxiengoak eskuzabaltasunez tratatzen dituena, eta hor parean piztia faxista odolgosea, umeak eta zaharrak beldurpean erabili eta nahieran akabatzen dituena. Euskaldun batzuei galdetuta, berriz, antzeko eskema baina juxtu alderantziz jasoko luke.
Zer ari naiz proposatzen: ekidistantzia? Alde guztietan dagoela arrazoiaren parte bat? Ez, beste zer edo zertaz ari naiz. Bataren helburuak eta bestearen proiektuak konparatu behar ditugula; bataren zikinkeriak eta bestearen trapukeriak ere bai, nahi bada. Baina ez inola ere bataren asmo onak eta bestearen txarkeriak.
Uste baino konplikatuagoa da dena
Atzoko arrastoari jarraituko diot gaur: Miguel Angel Blanco aipatu nuen artikulu amaieran. Harekin zer gertatu zen denok dakizue, ez daukat kontatu beharrik. Eta balorazioa ere garbi edukiko du irakurleetako bakoitzak.
Gogoeta bat egiteko baliatu nahi nuke kasu hori, Ryanenarekin batera, borroka armatuaren zilegitasunaren edo egokitasunaren auzi zaharrera itzultzeko. Bi parametro erabili ohi dira eztabaida horretan: bata, ea moralki onargarria ala onartezina den; bestea, ea politikoki onuragarria ala kaltegarria den bilatzen dituen helburuentzat.
Askorentzat onartezina eta kaltegarria da (edo ez datoz bat helburu horiekin); beraz, horientzat garbi dago hautua (A taldea deituko dut). Onargarri eta onuragarritzat jotzen dutenak ere badira, nahiz eta publikoan ezin halakorik esan, delitua izango bailitzateke (B taldea deituko diet); horientzat ere ez dago zalantzarik. Kezkaz ibili ohi dira beste bi taldeetan: politikoki baliagarri baina etikoki gaitzesgarri jotzen dutenak (C taldea), eta moralki onargarri baina helburu politikoei begira kalterako iruditzen zaienak (D taldea).
C eta D taldekoak normalean B taldekoak izanak dira, baina denborarekin "nekatu" egin dira nolabait (jarrera deserosoa izaten baita). Berez oso diferenteak dirudite C eta D ikuspegiek, baina praktikan nahiko nahasian joan ohi dira, eta politikoki nahiz bizimodu normalean ongi konpontzen dira. Are gehiago esango nuke: denbora pasa ahala, C eta D taldeko gehienak A taldera igaro ohi dira azkenean.
Zer ondorio atera dezakegu hemendik? Ba, arrazoibide etikoak eta pragmatikoak ez daudela horren urrun. Eskrupulu moralak dituenak ezikusia egin dezake momentu batean efikazia garbia sumatuz gero (1981ean antinuklear askok egin zutena Ryan hil zutenean); eta borrokaren zilegitasuna garbi ikusten zuenari ere zalantzak sortuko zaizkio helburuetan aurreratzen ez dela edo etsaia indartzen duela ikustean (Blancoren hilketan, esaterako).
Etikotasuna, efikazia
Behin baino gehiagotan egin dut hemen, gai baten haritik tiraka jarraituko dudala agindu eta gero egin ez, gogo faltaz edo burua beste zerbaiten dudalako bertan behera utzi lehengo hizpide hura. Orain dela 25 urteko otsailari buruzkoan hitza bete beharko dut ordea, han ez bainuen ia ezer esaten, filmaren trailer hutsa egin banu bezala.
Jose Maria Ryan-en hilketaz hitz egin nezake, adibidez. Ingeniaria, Iberduero Lemoizen eraikitzen ari zen zentral nuklearreko burua. ETA militarrak bahitu egin zuen eta astebeteko epea eman enpresari zentrala eraisteko, bestela hil egingo zutela-eta. Iberduerok ez zuen pausorik eman eta ETAk hil egin zuen. Horraino hemerotekako datuak.
Hura mugarria izan zela esan daiteke. Batetik, ekintzaren krudelkeriagatik: Ryan langile bat zen; goi mailako teknikaria nahi bada, baina ez enpresaria, ez erabaki politiko eta estrategikoak hartzen zituena; bestalde, bistan zegoen Iberduerok ezin zuela atzera egin bahiketaren aurrean, milioi askotako inbertsioa baitzeukan jokoan. Beraz, esan liteke Euskal Herriaren zapalkuntzan zerikusi zuzenik ez zuen norbaiten kontra hotz-hotzean erabakitako heriotza-zigorra izan zela hura. Gehiago ere etorriko ziren gero, baina estilo horretako lehena ez bazen lehenengoetakoa izan zen hura.
Bestetik, baina, eraginkorra izan zen. Borroka luzea zeraman ETAk Iberdueroren kontra energia nuklearra zela-eta, han-hemen lehergailuak zartaraziz etengabe, eta hainbat hildako ekarri zizkion saialdi horrek. Komite Antinuklearrek ere era guztietako protesta eta manifestaldiak antolatu zituzten, eta horietako batean hil zuen Guardia Zibilak Gladys del Estal, Tuteran. Erabakigarria, baina, Ryanen exekuzio hori izan zen; Ryanen lekua hartu zuen ingeniaria ere hil egin zuen ETAk handik urtebetera-edo, eta orduan Iberduerok bertan behera utzi behar izan zuen zentralaren eraikuntza, lanaren ardura hartu nahiko zuen ingeniaririk topatu ezinda edo.
Horra, bada, marrazturik geratu zen koadroa: borroka armatua gogorra da, gupidagabea da, baina emaitzak lortu daitezke. Ondorio hori atera zuen jende askok 1981ean, eta horrek zerikusi zuzena izan zuen ezker abertzalean gertatu zenarekin: ETAren alde lerratu zen jende asko, modu akritikoan, HBren bide anti-instituzionalistak indarra hartu zuen gazteen artean, eta Euskadiko Ezkerrak utzi egin zituen, pixkanaka, ordura arte defendatu izan zituen ideia abertzaleak.
Gauzak aldatu egiten dira ordea. Zer gertatu zen Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren bahiketa eta hilketarekin? Hau ere hurrengo batean jarraitzeko utziko dut, ez dakit benetan jarraituko dudan baina.
Elvis hil zen urtean
Orain dela hiru bat hilabete, "Espainiarik ez ala Espainia honi ez?" izeneko artikulua idatzi nuen hemen , Kataluniako estatutu berriak sorturiko eztabaidaren harira.
Hari horretatik tiraka, orain dela urte batzuk idatzi eta oraindik argitaratu ez dudan ipuin luze batez oroitu naiz: "Elvis hil zen urtean" du titulua, eta hango pasarte txiki bat ekarri dizuet hona.
(Bide batez, eskaintza ere ipiniko diot: Fermin Etxegoien jaunari).
Elvis hil zen urte hartan, denok dakizue dagoeneko, ez genuen Elvisen musikarik entzun, baina ezta folk musikarik ere: seko aspergarriak iruditzen zitzaizkigun bizarluze haiek denak, eta guk berriz martxa nahi genuen, dezibelioen parrasta edo, garai hartan esaten genuen moduan, bibrazio onak. Eta hori, bistan denez, rocknrollak ematen zigun, Jimmy Hendrixen gitarra elektrikoak adibidez, eta ez inola ere beren gitarra akustikoekin meza alternatiboak ematen zituzten apaiz progre antzeko haiek.
Beranduago hasiko ginen folk musikari haietako batzuk estimatzen eta eliz jendeagandik bereizten. Inmari gustatzen zitzaizkion kantari euskaldunak izan ziren batetik: Laboa oroz gain, baina baita beste batzuk ere, hain puruak izan gabe beren xinpletasunean "eta gure lañotasunean" maiteko genituenak: Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Haizea... Ingelesez kantatzen zutenak era bai, noski: Simon and Garfunkel, Dylan... munstro haiek denak, eta baita izenik oroitzen ez dudan country kantagile modoxka bat ere. Eta gero espainolez kantatzen zutenak zeuden, urteetan gehien entzun nituenak.
Espainolez kanatzen zuten hauek kontzientzia-arazo bat sortzen ziguten hala ere. Huraxe zen gure hizkuntza: gutako batzuentzat hizkuntza bakarra, eta besteontzat hizkuntza nagusia, nahi ezta ere, eta nik behintzat ez nuke esango nahi ez genuenik. Huraxe zen beraz gure hizkuntza ohikoa eta gure erreferentzia-mundua, baina aldi berean kaka zaharra iruditzen zitzaigun Espainiatik eta espainolez zetorren guztia. Ez zen horrenbeste jarrera politiko bat, hortik gero jokabide politikoak sortzea posible izan arren; jarrera estetikoa zen guretzat, ezer baino lehen: kutrea zen Espainia, hitz batean esanda, gazta zaharrak baino har gehiago zituena, eta kutretasun horrek blaitzen zuen handik zetorren guztia, zeinahi arlotan. Har dezagun musika, honetaz ari garenez gero. Zer zen telebistan entzuten genuena? Lehenik eta behin, la Flores eta haren tankerako segizio guztia, munduan den gauzarik okaztagarriena iruditzen zitzaiguna; gero kantari ezti-jario guztiak zeuden, Camilo Sesto eta halako tipo jasanezinak, azukre-zopa bat baino gozoagoak denak ere; eta azkenik, gazteok ere gogoan hartzen gintuztela adierazteko-edo, talde pop melenga bezain koipetsuak, Los Sirex eta Los ez-dakit-zer, beren yuhu-yuhu, beren melenatxo eta beren irribarre ergel haiekin. Nola ez gorrotatu Espainia?
Hala ere, bi modutara behintzat uler zitekeen gorroto hau, eta, orduko hartan bi modu horiek guretzat ia gauza bera izan arren, funtsezko aldeak ekarriko zituen, geroan, batak edo besteak. Alegia, Espainia zen berez halakoa, ozpinetan edukitako oliba beltza bezalakoa, ala Espainia ofiziala zen bere alderdirik makurrena eta itsusiena erakusten ziguna? Lehenengo aukera eginez gero, erremediorik gabeko izurria zen Espainia zatar eta krakatsu hori; bigarren kasuan, ostera, frankismoari, zentralismoari, agintzen zutenen babotasun mugagabeari zor zitzaion erdipurdikeria ziztrin hura dena, eta, horrenbestez, gauzak aldatuz gero posible izango zen, halaber, garai hartan nazka besterik ematen ez zigun ama-aberri sorgin-ipurdi ezinago itsusi hori egunen batean antzaldatzea eta aurpegi ederrago, atseginago bat erakustea.
Esango nuke esan, gure gaztetako zalantza horixe izan dela herri honen zalantza handienetakoa ere. Hots, Espainiarekin "edo Espainia honekin bederen" eroso sentitzen ez den gure herriak ez daki beste Espainia bat "ederrago eta atseginagoa, diferentziak errespetuz hartuko lituzkeena" posible den, harekin amets egin behar duen eta horren alde saiatu, ala lokamuts hutsa ote den txakur-amets hori, eta beraz etsi beharra ote dagoen, sorginak beti iraungo duela sorgin, eta alferrik dela harri-kozkorrari ogi-mami bihurtzeko oihuka jardutea. Ez da hori noski zalantza bakarra: amaorde hori ama bikalatzea ezinezkoa dela garbi edukita ere, haren aginte-makila gainetik nola kendu ere ez dakigu, edo matxinatzeak atzetik dakarren zigorra jasatea merezi ote duen, edo hemen bertan amaorde horri gorrotoa diotenak eta maite dutenak herri bera ote garen, herri bat osatzerik ba ote daukagun eta horretarako zer egin beharko genukeen.
Aspaldiko maitaleak zahartzen zaizkizunean
Gauza jakina da bere burua ispiluan egunero ikusten duena ez dela ohartzen denboraren igarotzeaz; uneoro inguruan ditugunak ere berdin ikusten ditugu beti, aldatuz doazenik konturatu gabe. Aspaldi ikusi gabeko lagunen bat topatzean bai, orduan jabetzen gara zenbat zahartu den hura, eta, haren begietan, zenbat zahartu garen gu.
Fernandoren egia horiek etorri zitzaizkidan gogora aurrekoan antzerkira joan nintzenean. "Las memorias de Sarah Bernhardt" zen antzezlana, John Murrellek idatzia; espainolezko bertsioan Jose Pascual zen zuzendaria, eta jokalariak, berriz, Charo Lopez eta Emilio Gutierrez Caba. Bi klasiko.
Sarah Bernhardt artista mitikoaren azken aldia erakusten digu obrak: garai batean eder eta miretsia izan den aktorea oroitzapenez nola elikatzen den zahar eta baldar dagoenean, zerbitzari leial baten ondoan. Birritan ikusitako gai eta suietak, lehenminaren saltsa egiteko osagai tipikoak.
Niri ere oroitzapen zahar bat piztu zitzaidan, ez artista ospetsu baina bai gaztetxo nintzenekoa: 1977an, Espainian aspaldiko partez hauteskundeak egin ziren urtean, "Vota a Gundisalvo" izeneko filma estreinatu zen, Pedro Lazagaren kaxkarkeria oportunista bat, Antonio Ferrandis "Chanquete" protagonista zela.
Zer dela-eta oroitu film hori? Bada, huraxe izan zelako nik zineman ikusitako lehenengo film erotikoa. Ez dakit erotikoa zen estu-estu hartuta: destapearen garaia zen hura Espainian, non aktoresek egunero esaten zuten bakarrik biluztuko zirela gidoiak hala exijitzen bazuen; eta gidoiak beti exijitzen zuen. Film honetan ere, txorixoaren heste barruan txerrikia bezala sartuta zegoen Charo Lopezen "estritis" bat (hala deituko diot Laja eta Landakandaren abestiaren ohoretan), trakets eta halamoduzkoa izan arren gaztetxo honen burmuinean iltzatuta geratu zena, sabelpe beltz iletsu hura izan baitzen nire begi harrituek miretsi ahal izan zuten lehenengo emakumezko pubisa.
Aspaldiko beste "maitale" bat ere aipatu behar nuen, baina sobera luzatu naiz dagoeneko. Ea hurrengoan...
Orain dela 25 urteko otsail hura
Nik 16 urte nituen, BUPeko 3. maila ikasten, letretan, Beasaingo Institutuan. Gizarte-arazo nahiz politika-kontuetan axolagabe samarra nintzela esango nuke, baina hilabete hartako gertakariak egundoko zartada izan ziren nire kontzientzian: bata bestearen atzetik etorri ziren Juan Carlos Borboikoaren bisita istilutsua Gernikara, Lemoizko ingeniari-buru Jose Maria Ryan-en bahiketa eta hilketa ETA militarraren eskutik; erakunde bereko Joseba Arregi heriotzaraino torturatzea Madrilen; Tejero eta abarren estatu-kolpe saioa...
Ni nintzen gaztetxo hura inarrosteko ez ezik, Euskal Herriko politikagintzarentzat ere mugarria izan zen hura, orduan finkatutako eskemek luzaroan iraun baitzuten: sendotasun osoz ia dozena bat urtean, eta geroztik kili-kolo, oraintsu arte. Kontu hauek analisi xeheagoa merezi dutela uste dut ordea, eta datorren astean segituko dut.
Norberaren lardaskeriak eta besterenak
Neure buruarekin haserre egoteko bi arrazoi izan ditut egunotan.
Ipuin bidez azalduko dut lehena.
Eman dezagun ni zinema-produktorea naizela, eta film labur bat gauzatu nahian ari naizela, egiazko pertsona baten bizitzako pasarte batean oinarritua. Maritxu deituko diogu balizko pertsona horri. Maritxu bera ez da agertuko filmean, aktore batek egingo du haren rola: Mirenek. Baina Maritxuk nahiko luke filmaketan egon, Miren nolakoa den ikusi, beharbada aholkuren bat eman ere bai. Hitz egin dut zuzendariarekin (Pello deituko diot), azaldu diot Maritxuren nahia, eta baietz erantzun du. Abisatuko didala filmatzen hasten direnean, nik Maritxuri deitu diezaiodan, gainerakoan ni ez bainaiz filmatze horretan egotekoa, beste zeregin batzuk ditudalako edo.
Halako batean, beste zerbaitengatik deitu diot Pellori, eta pozik esan dit filmaketa bukatu dutela ia. "Eta Maritxu?" galdetu diot. Guztiz ahaztuta Maritxurekin. "Esan nizun ba...". Alferrik ordea.
Zer egin? Egina dago lana. Berriz egiteak kostu handia izango luke. Maritxu bertan egon balitz ere berdintsu joango zen dena seguru asko, baina hari emandako hitza ez dudala bete ohartzen naiz. Ez da inoren gaiztakeria izan. Utzikeria, izatekotan, eta ez nirea, baina ni nintzen erantzule, eta horrek gaizki sentiarazten nau. Neure buruarekin haserre.
Horrenbestez amaitu da zine-produktorearen ipuina. Konta dezadan orain bestea, labur-labur eta ilun samar izanda ere.
Halako batean esan nuen zerbait oker esan nuela aurpegiratu dit norbaitek duela gutxi, eta haserre agertu zait hori dela-eta. Arrazoi osoarekin gainera. Arinkeriaz jokatu nuen. Aitzakiak asma nitzake, eta zuribideak izan nitzake; alferrik baina, egindako kaltea hor geratzen baita.
Haserretzea bera ere alferrik da noski: konponbiderik baldin badu, hobe konpontzen saiatu; eta erremediorik ez badu, zertan arranguratu? Hala eta guztiz, hor gelditzen da atsekabea.
Gutxiengo bateko kide
Hartu gogoan une batez Estatu Batuetako politikariak: senatari, lehendakari, kongresista... Berdintsu dio demokratak diren edo errepublikanoak. Nolakoak dira?
Hasteko eta bat, zuriak. Rice anderea bezalako salbuespenak ez dira inongo kuota betetzera iristen.
Jarraitzeko eta bi, gizonezkoak. (Rice andereak kuota bikoitza betetzen duela esan liteke; ez dakit soldata bikoitza ordainduko dioten).
Segitzeko eta hiru, anglosaxoiak: ez hispanorik, ez latinorik, ez eslaviarrik, greziarrik, turkiarrik, arabiarrik...
Amaitzeko eta lau, protestanteak, irlandar jatorriko salbuespen kennedytar apaingarriarekin.
Besterik bururatzen al zaizue? Beharbada heterosexualak esan genezake, eta bestelako joera sexuala baldin badute ederki ezkutatua dute armairuko giltzapean. Politikan gora egiteko, gizon ezkondu eta seme-alabadunak izan behar, ezinbestean.
Beste ezaugarri bat ere etorri zait gaur gogora egunkaria irakurtzen ari nintzela. Berria-ko 19. orrian AEBko Erreserba Federaleko lehendakari ohi Alan Greenspan eta lehendakari berri Ben Bernanke ageri dira argazki batean: biak ere burusoilak. Ba al da beste politikari burusoilik herrialde handi hartan? Ekonomista prestigiodunak izan arren, kargu teknikoak dira biak ere, hateskundeetara aurkezten ez direnak. Izan ere, nork emango lieke botoa beren kasko pelatuarekin aurkeztuz gero?
