Orain dela 25 urteko otsail hura
Nik 16 urte nituen, BUPeko 3. maila ikasten, letretan, Beasaingo Institutuan. Gizarte-arazo nahiz politika-kontuetan axolagabe samarra nintzela esango nuke, baina hilabete hartako gertakariak egundoko zartada izan ziren nire kontzientzian: bata bestearen atzetik etorri ziren Juan Carlos Borboikoaren bisita istilutsua Gernikara, Lemoizko ingeniari-buru Jose Maria Ryan-en bahiketa eta hilketa ETA militarraren eskutik; erakunde bereko Joseba Arregi heriotzaraino torturatzea Madrilen; Tejero eta abarren estatu-kolpe saioa...
Ni nintzen gaztetxo hura inarrosteko ez ezik, Euskal Herriko politikagintzarentzat ere mugarria izan zen hura, orduan finkatutako eskemek luzaroan iraun baitzuten: sendotasun osoz ia dozena bat urtean, eta geroztik kili-kolo, oraintsu arte. Kontu hauek analisi xeheagoa merezi dutela uste dut ordea, eta datorren astean segituko dut.
Ba nik 12-13 bat urte izango nituen, baina ederki asko gogoratzen dut kolejioko lagunen artean honen haritik izan genituen eztabaida eta debateak. Ezinezkoa iruditzen zait edade horretan molde honetako solasaldiak ekudi izana, baina oso ondo gogoratzen dut. Ezin dut imajinatu orain 13 urteko mutiko batek saltsa honi buruz iritzia ematen, baina hala egiten genuen. Zalantzarik gabe, cebolleta aitona bezala ari naiz idazten.